“Nola lagundu matematiketan, logaritmoak zer diren ez badakit?”
Eskolak agindu baina etxean egin behar dira etxerako lanak, eta sarri gai estresagarri bilakatzen dira familietan. Gurasoek, irakasgaietan sartu gabe, ikasten ikasteko prozesuan lagundu dezakete; eskolek, aldiz, etxerako lanen inguruko diseinu bat eginez eta hori gurasoei komunikatuz lagundu dezakete.
“Badaukazu etxerako lanik?”, sarritan agurraren aurretik galdera hori egiten zaie haurrei, “Zer etxerako lan dituzu?”, “Egin al dituzu etxerako lanak?”... Joxe Amiama EHUko irakasleak etxerako lanen inguruan egin zuen doktore tesian ondorioztatu zuenez, familientzako euren seme-alabekiko harremanean gairik estresagarriena da etxerako lanena: “Familientzat, garrantzi handia dute etxerako lanek. Alde batetik, ikusi besterik ez dago guraso eta seme-alaben arteko elkarrizketetan zenbat tarte hartzen duten etxerako lanek, eta bestetik, ardura handia sortzen duen gaia ere bada, eskola-porrotaren arrazoiak ikertzerakoan, familiak parte hartu ez izana porrotaren lehen arrazoia dela esaten da, eta horrek errudun-sentimendu ikaragarria sortzen du”.
Gai estresagarria izan beharrean, ahulgunea lirudikeena indargune bihurtuz, Amiamak etxerako lanak familiaren eta eskolaren arteko harremanak indartzeko baliabide gisa planteatzen ditu, bi guneak ukitzen dituen gaia baita. Familia familia dela argi izanik, eta gurasoek ez dutela irakasle lanik egin behar, familiak etxerako lanetan laguntzeak mesede egiten dio seme-alaben eskola-errendimenduari, guraso eta seme-alaben arteko komunikazioari eta eskolaren eta familiaren arteko harremanari ere.
Seme-alaben ikasketa-prozesuari familia etxerako lanetan presente egoteak egiten dizkion onurei dagokienez, akademikoak, ohiturazkoak eta afektiboak aipatzen ditu Amiamaren tesiak, edukiak barneratzeko errefortzu izan bailiteke, ikastetxearekiko jarrera hobetzen lagundu dezake, lanarekiko jarrera baikortzen, lanak atseginago hartzen... Inplikazio horrek familia barruan ere eragin positiboak dituela jasotzen du tesiak hainbat ikerketatan oinarriturik, honako onura hauek aipatzen ditu, besteak beste: seme-alabek behar dutenean haiei laguntzeak poztasuna eragiten du; seme-alabekiko espektatiben inguruko hausnarketa eta etxerako ikasketen gaineko hausnarketa bultzatzen du; etab. Eskolaren eta familiaren arteko komunikazioari begira, informazioa gune batetik bestera transmititzeko baliabide egoki bilaka litezke etxerako lanak.
Ikasten ikasten lagundu
Logaritmoak, preterito pluscuamperfecto-a, third conditional-a, Uzbekistango hiriburua, etab. gogoratu ez arren, guraso eta aitona-amonek etxerako lanetan asko lagundu dezaketela dio Amiamak bere tesian. Izan ere, eduki akademikoekin ez ezik, ikasten ikasten lagun dezakete familiek, autoerregulazioan eta metakognitiboak diren alorretan lagun dezakete. Etxerako lanak egiteko ohitura onak hartzen lagundu dezakete, hala nola, haurrek ordutegia eta leku aproposean egin ditzatela etxerako lanak, eta ohitu daitezela ahal dela beti leku eta ordu berean egiten. Ardurak hartzen ikastea da etxerako lanen funtzioetako bat —legeak ere hala jasotzen du— eta funtzio horretan lagun dezake familiak, etxerako lanak antolatzen lagundu dezakete guraso nahiz aitona amonek, zenbat eta zer nolako lanak dituzten haurrekin ikusi, adibidez, eta lan horiek zenbat denbora hartuko duten aurreikusiz eta antolatuz, eta etxerako lanen aurreko eta ondorengo denbora antolatu dezakete elkarrekin. Ordutegi hori bete dadin, arreta galaraziko dieten iturriak —telebista, sakelakoa, ordenagailua...— inguruan izan ez ditzaten zaindu dezakete familiek.
Ohiturei loturiko gomendioez gain, alderdi emozionalari begirako aholkuak ere ematen dizkie familiei ikerlariak: seme-alabak etxerako lanak egitera motiba ditzatela, adibidez, eta baita arrakasta- edo porrot-emozioak kudeatzen lagundu dezatela ere; aurrerapenak balioestea, ikastetxean ikasten ari diren gaiari buruzko interesa eta jakin-mina azaltzea, egindako ahalegina balioestea...
Amiamak –eta tesian aipatzen dituen ikerlariek– laguntza eta motibazioa kontrolarekin eta presioarekin ez nahastea gomendatzen du, bereziki DBHko ikasleekin. “Familiak presio egiten diola eta kontrolatu egiten duela sumatzen badu nerabeak, tentsioa eta estresa eragin ditzake gaztetxoarengan eta familia barruan”. Horren aurrean, euren seme-alabek ikasteko eta ikasteko ohiturak hobetzeko duten gaitasunean sinesten dutela eta konfiantza dutela adieraztea gomendatzen du ikerlariak. Seme-alaben autonomiari bide egitea gomendatzen du, bereziki nerabezaroan, autoestimuarentzat, independentzia pertsonalarentzat eta egokitzapen sozialarentzat garrantzi handia baitu autonomiak.
Familia asko, alabaina, ez dira gai sentitzen euren seme-alabei etxerako lanekin laguntzeko, eta, Amiamaren ustez, zerikusi handia du horrek gurasoen ikasketa-mailarekin. “Ikasketa-maila altuak badituzte, pentsatzen dute, oro har, gai direla beren seme-alabei etxerako lanetan laguntzeko; aldiz, ikasketa maila baxuak edo oinarrizkoak dauzkatenek pentsatzen dute ez direla gai”. Horrek erakusten du gurasoek euren burua edukietan laguntzeko gai ikusi nahi dutela, baina Amiamak dio pentsamendu hori irauli egin behar dugula: “Zertan lagundu dezaketen zehaztu behar du eskolak, eta azaldu, baita ere, zeinen baliagarria den etxerako lanetan laguntzea”.
Eskolei begira familiak etxerako lanetan inplikatzeko hainbat proposamen egiten ditu Amiamak, batetik, gaia gurasoekin egiten den gelako bileran aztertzea proposatzen du, kurtso hasieran gela osoarekin, nahiz banakako bileretan, kurtsoan zehar: “Etxerako lanen inguruko diseinu bat egitea egokia litzateke: nola, zergatik, zertarako... gurasoei gustatuko litzaieke irakasleak etxerako lanei buruz daukan planteamendua ezagutzea”. Alta, gurasoen eta irakasleen funtzioak ondo bereizteko premia behin eta berriz errepikatzen du irakasleak, eskolak familiaren espazioa eta denbora inbaditzeko arriskua ikusten baitu tesiaren egileak, azken batean sistema batek agindu (eskolak) eta beste sistemaren (familiaren) espazio eta denboran egin behar baitira: “Eztabaidatu eta adostu egin beharko da bi eragileen artean, laguntza-erlazio eta eraginaren eta mendekotasun eta inbasioaren arteko mugak ez gainditzeko. Irakasle bati baino gehiagori tentagarria irudi dakioke gurasoak laguntza-irakasle bilakatzea; eta, era berean, familiaren funtzioak eskolaren esku uzten diren kasuak izan daitezke”.
“Etxerako lanak bai ala ez”, izan ohi da komunikabideetara atera ohi den eztabaida —iaz Frantziako Gurasoen Kontseiluen Federazioak etxerako lanen kontrako hamabost egunerako deitu zuen greba albiste izan zen berripaper guztietan—, baina Joxe Amiamaren arabera, hor ez legoke eztabaidaren muina, DBHko esparruan —berak aztertu duen esparruan— bederen. Nolakoak, zenbat, zertarako? Galderak leudeke, Amiamaren aburuz, benetako eztabaidaren abiapuntuan. “Zertarako, noiz, nolakoak eta zenbat agindu jakin behar dugu. Beharrezkoa da koherentzia”.
Gaur egun, batez ere, gelan bukatzen ez dena etxean bukatzeko agintzen dituzte irakasleek etxerako lanak, eta horiek dira, ikerlarien arabera, ikasleei gutxien gustatzen zaizkienak, eta gainera ikasteko gutxien balio dutenak. Eskolan landutako gauzak modu konplexuagoan lantzeko aukera ematen duten etxera lanak dira ikasleek ondoen balioesten dituztenak, adibidez, matematikak egunerokotasunean aplika- tzea edo gizarte zientziak gertuko jendearekin aplikatzea eskatzen dutenak.
Aldiz, Haur Hezkuntzan eta Lehen Hezkuntzan bestelakoa da egoera eta eztabaida. Amiamak marko teorikoan jaso duenez, etxean egiteko ariketak goizegi agintzeak ez du ikasketa-prozesuan batere laguntzen. “Haur Hezkuntzako umeek ez dute gaitasunik ikasten ikasteko prozesua egiteko, eta ezta etxerako lanei eurek bakarrik aurre egiteko ere; beraz, ezin zaie etxerako lanik agindu”. LHko lehen zikloan indargarri modura eta irakasleak familiarekin adostutako etxerako lanak, “pixkanaka eta oso neurtuta” agintzea proposatzen du, irakurketa eta idazketa lantzeko lanak. Edukiak LH3tik aurrera sartu beharko liratekeela uste du. Baina DBHn ez esparru teorikoan eta ezta oro har ikasleek, ez ikastetxeek ezta familiek ere ez dituzte gaur zalan-tzan jartzen etxerako lanak. Kontua da nola egin behar den; nolako etxerako lanak bidaltzen diren, zenbat, zertarako, noiz eta nolakoak agindu; denbora kontrolatzen ote den. Asko erabiltzen den estrategia den arren, irakasleek gaiaz gutxi hausnartzen dutela ikusi baitu EHUko irakasleak.