Nora Salbotx: “Herri bezala LOMCEri erantzuten ari garenaren kontzientzia hartu behar dugu”

2015-01-29

Eguneroko lanean bizi du LOMCE Nora Salbotx Amaiurko (Nafarroa) eskola txikiko zuzendariak, beste irakasle askok eta askok bezala. Eta egunero erantzuten dio erreformari, aniztasunari, sormenari, pentsamendu kritikoari, inklusioari leku eginez eskolan, beste irakasle askok eta askok bezala. Erantzun horren garrantziaz kontzientzia hartzea bera, Salbotxen iduriko, erantzuna eraginkorrago egiten hasteko bide bat litzateke.

 
 
Nora Salbotx: “Herri bezala LOMCEri erantzuten ari  garenaren kontzientzia hartu behar dugu”
Lehendik aski borroka egin duzue irakasleek, ikasle eta gurasoek murrizketen aurka... Horren ondotik, nola harrapatu zaituzte LOMCEk eskolan?
 
Murrizketekin ikaragarrizko lana egin zen. Administraziotik hezkuntza-komunitatean batzuek besteen aurka jartzeko saiakerak izan ziren, gure artean liskarrak sortzeko. Baina, kontrakoa, murrizketen aferak indartu egin zuen komunitate-izaera, guraso eta 
irakasleok elkarrekin lanean aritu baikinen eta mobilizatu ginen murrizketen aurka; olatu horien harira dator LOMCE. Hor bi  une daude: iazko ikasturtea, LOMCE aplikatu aurretiko une hori guztia, batetik; eta bestetik, bat-batean LOMCE ikastetxeetan sartu zaigunekoa. Aurreko ikasturtea murrizketen aurkako dinamikaren segida izan zen. Adibidez,  gure ikastexean eragile desberdinen irakurketak jaso genituen, guraso elkarteen, Sortzen Ikasbatuazen, Ikasle Abertzaleen, sindikatuen etabarren materialen eta irakurketen konpilazioa egin genuen eta gurasoekin partekatu genuen, eta kurtso hasierako bileretan zalantzak argitzeko lana egin genuen. Inguruko beste ikastetxeetan ere aurkezpenak egin ziren. 
 
Bat-batean kurtsoa hasi denean, berriz, badirudi lan hori guztia hor gelditu dela, aurre kontzientziazioa egin ondoan, ez dugu jakin horri guztiari jarraipenik ematen. Hutsune bat dago hor.
Zergatik? Aurretik lanketa hori egin baldin bada, zergatik uste duzu ez dela jakin aurre-lanketa horri jarraipena ematen eta LOMCEren aurkako dinamikarekin jarraitzen?
 
Ez nuke jakinen argi erraten zergatik. Hasteko, gure zonaldeari eta eskola txikiei dagokienean (eta uste dut Autonomia Erkidegoan ere gauza bera gertatu dela), hasieran administraziotik esan ziguten urte bateko moratoria bat izanen genuela, beraz, aurtengo ikasturtean LOMCEk ez zuela eraginen esan ziguten. Hori arrazoi bat izan da ekimen handiagoa ez edukitzeko gure eskolei dagokienean eta pentsatzen dut Autonomia Erkidegoan ere antzekorik gertatu zitekeela, lasaitasun antzeko bat ekarri zigun moratoriaren aipamenak. Kontua da, ez guk hezkuntzako eragileok, ez sindikatuek ez dugula jakin lotzen aurreko mobilizazioen dinamika eta oraingo egoera. 
Irakasle gisa, LOMCEren zein alderdi iruditzen zaizkizu okerrenak? Azterketei buruz asko hitz egin da, beste punturen bat?
 
Delorsek abiatutako bidetik eta euskal curriculumean ere aipatzen ziren  ikuspegi konpetentzialetik —non ikuspegi humanista pertsonan fokatzen den—, bat-batean, kontzeptuen zerrendatze batera pasatu gara, ez dira, sikiera, jarrerazko edukiak kontuan hartzen. Kontrara, kontzeptu-zerrenda bat aurkezten zaigu, aski modu arbitrarioan egina. Zerrenda hori konbentzio bat da, nonbait erabaki dena eta guk irentsi behar duguna, eta  zerrenda horrek interes konkretu eta interesatu batzuei erantzuten die:  interes merkantilistei. Konbentzio hori, beraz,  gure hezkuntza- jarduera fiskalizatzera dator, eta ikaragarri kezkagarria iduritzen zait puntu hori.
 
Logika kuantitatibo bat dauka gainera curriculumak: haurrari kalifikazio numeriko bat ezartzea eskatzen zaio ikastetxeari, nahiz eta momentuz ikasleen familiek ez duten ikusiko kalifikazio hori. Ebaluazio sumatibo huts bat ezarri nahi dute, eta hori ez da ebaluazio bat, kalifikazio bat da. Lehen haurrak “taldean lan egiteko gaitasuna” zuela erraten genuen, eta orain “zatitzailea, zatikizuna eta abar” ezagutzen dituela erran behar dugu, pertsonak gisa horretan zatikatu ahal balira bezala, eta logika horren arabera hezi nahi dituzte umeak. 
 
Horrez gain, [Wert] ministroak bere garaian esan zuen LOMCEk españolizatzeko helburua zuela, eta horrez haratago, identitatez hustu nahi du hezkuntza, no world batean bilakatu nahi du hezkuntza. Adibidez, hizkuntzari begira, lehen testu tipoetaz, generoez, erabilera sozialeko testuei buruz hitz egiten zen, zentzu komunikatiboa zeukan hizkuntzak; orain, berriz, zentzu erabat gramatikala eman nahi diote hizkuntzari; kaligrafia eta gramatika balioestera itzuli gara, Finlandiako ereduaren justu kontrako norabidean. Hizkuntzaren  zentzu historikoa eta soziokritikoa  borratzera dator erreforma, eta Francoren garaiko inspektoreek  begiratzen zituzten aspektu horiek guztiak balioestera. Ebaluazioak berak curriculuma erabat baldintzatzen du. 
EAEn LOMCEren hainbat puntu apaldu nahi izan dira akordio bidez; Nafarroako Gobernuak alfonbra gorria jarri dio erreformari. Zertan nabaritu duzue LOMCEren eragina eguneroko lanean? Zer-nolako zuzentarauak jaso dituzue Hezkuntza-Kontseilaritzatik?
 
Kontseilariak garbi erran zuen a la navarra eginen genuela Nafarroan, hau da gelako ikaslerik nabarmenena izan nahi du inplantazioari dagokionez, erreformaren buruan jarriz. 
Udan, berehalako batean onartu dira dekretuak, aldez aurreko formakuntzarik edo ezartze graduaturik planteatu gabe. 
 
Egun batetik bertzera horretan gaude, eta hori da aplikatu beharreko curriculuma, lehenbiziko, hirugarren eta bosgarren mailatan. Horrek erran nahi du, eskola txikietan, non  maila guztietako ikasleak elkarrekin ditugun, baditugula LOMCE ikasleak eta ez direnak LOMCE ikasleak. Eta horrela gabiltza lanean.
 
Horrekin batera, naturalizatu egiten dira erabakiak, hau da, hartu diren erabakiak iduri du ez daudela hartuak. Adibidez, kudeaketarako programen bidez (Educa, Nafarroan) bete-betean sartu zaigu LOMCE. Programa hori zabaltzen duzu orain, eta  ebaluaziori dagozkion datuak edo kudeaketako datuak sartu behar dituzunean programak LOMCEren arabera egiteko aukera bertzerik ez dizu uzten; ebaluazioak ere LOMCE modura daude antolatuak... Ez dira eskolaren baitan gelditu diren erabakiak, baizik eta  programa hori garatzen duen informatikari taldearen esku daudenak dira orain, eta talde horri, noski, agindua eman zaio  kudeaketa-programa LOMCEren arabera moldatzekoa. Irakasleari, beraz, eskola  programa horren arabera kudeatzea beste aukerarik ez zaio gelditzen, eta badirudi hori objektiboa dela, ez dagoela atzean erabaki politiko bat, eta ez, ez da horrela. Gauza bera gertatzen da editorialekin ere: argitaletxeak buru belarri-ibili dira LOMCEra egokitzeko eta orain liburuak eskatzen dituzunean LOMCEren arabera datoz. Txikiak diruditen gauzak dira, baina gure eskuetatik atera dira ordutegiak, irakasgaiak, zenbakizko kalifikazioa ­erabakitzeko eskumenak.
 
Ikasgaien hierarkizazioa era aipatzekoa da: tronkalak eta hautazkoak iherarkizatzen  ditu LOMCEk. Beraz, araudi horren arabera, segun zein ­ikasgai diren suspenditzen edo gainditzen direnak, ikasleak errepikatuko du kurtsoa edo promozionatuko du. ­Irakasgaiak iherarkizatzeko erabaki hori ez da inondik inora neutroa: Zergatik musikak ez dauka matematikaren estatusa? Planteamendu  entziklopedistetara goaz berriro, justuki hezkuntza-zientziek diotenaren kontrako planteamenduetara goaz. Hezkuntza-zientziek, eta eredugarriak diren Finlandiakoa bezalako hezkuntza-sistemek, ikuspegi humanistiko batetik planteatzen dute hezkuntza,  ikerketa sustatzen da, ikaskuntza metaikaskuntzara doa, mundua ezagutzera, ­ikasgaien bitarteko mugak gainditzera, proiektuka lan egiten da, interesguneak indartzen dira; hemen, berriz, ­ikasgaien arteko zeharkakotasunera lijoakeen planteamenduaren aurka, ­ikaskuntza partzelaratzera goaz. 
Eskola txikietarako ez dago batere egokitua erreforma. Nola ari zarete kudeatzen ikasgela berean LOMCE ikasleak eta ez-LOMCE ikasleak edukitzea?
 
Ahal dugun moduan. Tutore batek  Lehen Hezkuntzako 1, 2  eta 3. mailako ikasleak  ditu. 1 eta 3 mailatan LOMCE ikasleak dira, eta ebaluatu beharreko ikasgai estandar batekin zehazten da curriculuma. Irakasleak zuzenean curriculum hori aplikatu behar du, horren arabera ebaluatu eta zabaltzen duenean txostena betetzeko programa, itemak LOMCEren arabera antolatuak datoz. Lehen Ingurunearen ezagutza zena, adibidez, orain Natur eta Gizarte irakasgaiak dira, lehen mailako eta 3. mailako ikasleekin Natur eta Gizarte landu behar ditu, ebaluatu eta kalifikatu beharko ditu, eta 2. mailakoei, berriz, teorian, Ingurunea ematen jarraitu beharko luke. Guk badakigu eskola txikiek ez dutela horrela funtzionatzen, denekin aldi berean egiten baitugu lan. Baina gisa horretako paradoxak ditugu egunero-egunero. Dena den, hori Hezkuntza Lege guztiekin gertatzen da, ez baitaude eskola txikietarako inondik ere pentsatuak.
Zuzendari gisa, eskola gisa, hezkuntza-komunitate gisa, zer jarrera hartu duzue LOMCEren aurrean?
 
Sinbolikoa izan daiteke, baina zuzendaritza talde askok manifestu bat sinatu dugu, orain arte bezala prozesuak modu partehartzailean izango direla bermatuko dugula esanaz, familiekin komunikazioan jarraituko dugula, eta LOMCEk puntu horiek alda daitezen agintzen duen arren, zuzendari askok gauzak ez direla aldatuko konpromisoa hartu dugu.
 
Orain arte bezala, informatzen segitzeko konpromisoa hartu dugu, kezkak argitzen joatekoa. Bistan da arlo pedagogikoari dagokionez, eskola txikietan proiektuka lan egiten dugula eta ez diogula uko eginen horri. Saiatuko gara, orain arte bezala, gure plantemendu eta komunikazioa modu horizontalean egiten, modu dialogikoan, hurbileko komunitatearekin elkarrekintzan lanean aritzen, alegia ikastetxea eta kalea continuum baten moduan ulertzen hezkuntzari dagokionean, uste dugulako komunikatzea zirkular bat ematetik harago, hartzea, ematea, gozatzea, berrestea, mundura irekitzea, sentitzea, burujabe izatea dela... elkarrizketan oinarritzea bi norabidekotasun hori bermatzea dela uste dugu. 
Hala ere, irakasle eta guraso asko erreformaren aurka egonagatik ere, legeari aurre egiteko beldur dira  eta neurriak onartzen ari dira. Zer egin liteke zure ustez?
 
Eskolaren egitura erabat bertikaltzera dator LOMCE, lehen ere guztiz horizontala ez bazen ere.  Horren aurrean beldurra eta ezjakintasuna nahasten dira, zer eta nola egin ez jakitea; garbi izan behar dugu badirela une ­oso sinboliko eta esanguratsuak, azterketak adibidez, baina hezkuntza-komunitateak argi izan behar du hainbeste eragilek sortutako Gure Gidaproposameneko puntu asko eta asko gaur egun egiten ditugula, eta egite hori bera, herri bezala erantzutea dela ikusi behar dugu. Baina nik uste dut kontzientiza falta dela: herri bezala ­erantzuten ari garenaren kontzientzia hartu behar dugu.
 
Gure Gida harturik, gure eskola askotan hezkidetzan oinarrituriko ikuspegi bat jorratzen dela ikusiko genuke, edo metodologia aktiboetan dihardugula, zentralitatea gainditzeko ahalegina egiten dugula, pentsamendu kritikoa lantzen dela, inklusiboa dela, partehartzailea dela... Hori guztia egiten dugula ikustea, herri bezala LOMCEri erantzutea dela ikusi behar dugu. Inoiz baino garrantzitsuagoa da gure indarguneei buruz hausnartzea eta kontzientzia hartzea: hezkidetzailea al da gure hezkuntza-planteamendua, pentamendu kritiko sustatzailea al da? Indargune horiek bistan jartzeko unea da, aplikatzen diren lekuetan indartzekoa eta aplikatzen ez direnetan aplikatzen hastekoa.
 
Diozun gisan eguneroko lanean LOMCErekin bat ez datozen praktikak egiten dituzte irakasle eta eskola askok, hezkuntzaren kalitatearen mesedetan. 
 
Are gehiago gisa honetako lege zentralista, uniformatzaile, segregatzaile eta atzerakoiak planteaten zaizkigunean. Gure herria epe ertain luze batean eraiki nahi badugu orduan eta garrantzitsuagoa da pentsamendu kritikoa sustatuko duten planteamenduak egitea, erantzun bakarreko plantemenduei uko eginez.  
 
Dena den, honek guztiak sukalde lan bat du atzean: planteamendu neoliberal eta kapitalista malgu hauen interesei erantzuteko eta horiei bakarrik erantzuteko legea da. Beraz, gisa horretako inposaketei erantzun egin beharko diegu, eta erantzuna nik uste dut egunero ematen dugula: gure ­ikasgeletan eta eskoletan, aniztasunari, sormenari, performanceari, pentsamendu kritikoari, inklusioari etabarri leku egiten diegunean. Emaitza erantzun bakarrekoa ezin da izan, pertsonak anitzak garen bezala, ezagutza bera eta mundua bera ere anitza da.