Gure haurdunaldiaren jabe
Bederatzi hilabeteko prozesuaz informatzea eta aldaketa fisiko, emozional eta sozialak ezagutzea esan nahi du haurdunaldiaren jabe egiteak, baina baita informazio hori guztia norbere iragazkitik pasatzea eta haurduna nola sentitzen den behatzea eta beharrak identifikatzea ere. Kontzientzia hartzeak bere haurdunaldiari dagozkion ardurak eta erabakiak hartzen eta erditzera eta gurasotasunera konfiantzarekin iristen lagun diezaioke andreari.
Andrea bere erditzearen jabe egin dadin gauzak asko aldatu dira urte gutxian, bai emakumeen aldetik eta baita erditzeak artatzen dituzten emaginen aldetik ere. Iragan hamarkadetako gehiegiz-ko esku-hartze, medikalizazio eta instrumentalizazioen aurrean, erditzearen humanizazioa erdigunean jartzen ari da, andrea bere erditzearen protagonista bilakatzen denean eta profesionalak esku-hartze ahalik eta urriena duen kasuetan erditzea hobea dela ikusi baita. Ebidentzia honek erditzeetako esku-hartzeen protokoloak aldarazi dizkie emagin eta ginekologoei, baina emakumeei ere euren erditzearen gaineko kontzientzia-hartze eta jabetze bat ere eskatzen die. Alabaina, erditzea ez da uzkurdurekin hasten, ezta urak apurtzean edo oxitozina bidez eragitean ere... erditzea haurdunaldiaren ondorio da. “Haurdunaldia eta erditzea gure sexualitatearen parte dira, continuum bat da; zaila da haurdunaldiaren jabe egin ez den emakumea, erditzearen jabe egitea; zaila da erditzera konfiantzarekin iristea haurdunaldiaren jabe egiten ez bagara. Eta hazierarako ere oso desberdina da umea beldurrez hartzea edo konfiantzaz hartzea”. Estitxu Fernandez komunikatzaile eta sexologoaren hitzak dira; erditzearen humanizazioa erdigunean jartzen zuen Gure erditzearen jabe liburuan, baina haurdunaldia bera humanizatzetik hasi beharko litzatekeela dio: “Sistema pixka bat humanizatzeko lana dago, fase guztietan ez soilik erditzean, baizik eta haurdunaldian eta gero erditzean eta gero pediatrian...”
Haurduna ez da gaixoa
Gaur egun Euskal Herriko osasungintza sistema publikoetan haurdunaldiaren jarraipena, protokoloz, ikuspegi biofisikotik egiten da, anbulategi eta ospitaletan. Dietaren zainketak, pisuaren kontrolak, tentsioaren azterketak, odol analisiek, glukosaren probek, ekografiek, monitoreek... kontrol edo azterketa zantzua eman diezaiokete haurdunaldiaren prozesuari. Eta kontrol eta proba horiek guztiek, medikuaren egiteko maneraren eta emakumearen izaerarekin eta egoerarekin loturik, “haurduna gaixo bezala tratatzeko eta bera ere gaixo bezala sentitzeko arriskua dakarte”, Fernandezen arabera. “Eta abiapuntua gaixoarena baldin bada, inkontzienteki emakumeari ideia hori transmititzen bazaio, erditzera ere horrela iritsiko da: eta egoera horretan zail da emakumea bere erditzearen jabe izatea, profesionalak esango du zer den ‘onena’ emakumearentzat”. Haurdunaldian zehar egiten diren probek azterketa zentzua ez baizik eta prebentzio eta onbideratze-zentzua izan behar lukete, Izaskun Zubizarreta emaginaren arabera: “Haurduna, berez, emakume osasuntsu bat da oro har, bere barnean haur bat ernaltzeko gai dena. Baina proba horiek egiten ditugu ikusteko ea zerbait gaizki dagoen, hobetzeko, bideratzeko edo esku hartzeko”. Ugaldu egin dira proba medikuak azken denboretan, osasungintza pribatuan batez ere, eta horrek patologia zantzua areagotu diezaioke berez fisiologikoa den prozesu bati: “Ez da beharrezkoa probak egitea gauzak ondo doazela ziurtatzeko, esate baterako, ekografien kasuan: Zertarako egin ekografiak hilabetero? Haurra ondo dagoela ikusteko? Ekografiak egin behar dira helburu bat dutenean: lepoko loturak ikusteko, organuak ikusteko... kontrolak bideraturik beharko luke ea zerbait gaizki dagoen ikustera —abortuak, gaixotasunak, malformazioak, heriotzak... egon baitaude—, eta ez dena ondo dagoela bermatzera, zeren bestela etengabe egin ditzakegu probak, analitikak, ekografiak... 9 hilabetetan emakumea anbulategitik atera gabe edukitzeko adina!”.
Elixabete Imaz antropologoak Hainbat alderditatik aztertu zuen haurdunaldi prozesua Convertirse en madre libururako egokitu zuen tesian, eta gaur eguneko haurdunaldi-prozesuari buruzko hainbat gako eman zituen HAZI HEZIren seigarren zenbakian, eta Fernandezek eta Zubizarretak bezala, jabetu ez den emakume haurduna gaixo sentiaraztearen arriskua nabarmentzen zuen: “Adituen eskuetan uzten da amatasun osoa, emakumea paziente bihurtzen da. Haurdunalditik hasi eta erditzera, eta gero hazieran pediatren eta psikologoen eskuetan uzten da”. Paziente bihurtze horrek, antropologoaren arabera, bi adar ditu; batetik, dependentzia bat eta autonomia galtze bat ekartzen dizkiote emakumeari: “Ukatu egiten zaio emakumeari bere amatasunarekiko autonomia: ez dakit sekula eduki duen, baina une honetan ukatu egiten zaio”, baina, era berean, paziente bihurtze horrek emakumeak prozesu horretan guztian duen ardura gutxitzea ekarri du: “Autonomia kentzen digute, baina guk ere uzten dugu autonomia hori kentzen, erosoagoa baita”.
Zubizarretak sarri ikusten ditu Elizondoko anbulategiko kontsultan Imazek aipatzen dituen gisako kasuak: “Denek ez dute jakin nahi, denek ez dute euren haurdunaldiaren —eta erditzearen eta hazieraren— jabe izan nahi. Nik ikusten dut jende batek emaginak esan diezaion nahi duela, zer hartu, zer proba egin... eta gainera, medikuak ematen badie burdina edo dena delakoa, hobeto kontrolatuak daudela iruditzen zaie, horrela bizi nahi dute haurdunaldia, eta ez dute emozioez hitz egin nahi, baina ez emaginarekin eta ez beste inorekin, ez dute jabetu nahi. Denetarik dago”. Profesional medikoen jakinduria, informazio eta laguntzaz gain, emakumearen kontzientziazioa beharrezko ikusten du Zubizarretak haurduna paziente gaixo ez bilakatzeko: “Gaur egun espezialistak esan behar digu zerk egiten digun ondo guri edo gure umeari, gaur egun ez daukagu gure buruari zerk egiten dion ondo jakiteko errekurtsorik ezta geure gorputzean konfiantzarik ere. Hori landu beharko genuke. Nik uste dut gizartean arlo askotan jakinduria handia galdu dugula, eta alde batetik ona da profesionalak eskura izatea, baina horrek ez du esan nahi ardura osoa euren esku utzi behar dugunik”.
Emakumeak berak eta osagileek haurduna gaixo gisa ikusi beharrean emakume oso gisa ikusteko gakoetako bat emakumea bere ernaldiaren jabe sentitzea da, beraz. Konfiantza hitz gakoa da, emaginaren arabera, haurdunaldiaren jabe egiteko prozesu horretan: “Gure barnean haur bat sortzen ari garen garai hori bera balia liteke, aurrez egin ez bada, emakume bakoitzak bere gorputzean konfiantza eraikitzeko, haurra sortzeko gaitasuna dugun bezala, erditzeko gaitasuna daukagula sinetsi behar dugu, eta ondoren, hazteko. Haurdunaldian zehar entzun egin behar dugu gure gorputza, eta baita erditzean ere; zer egin, zer ez egin, mugitzea, beroa, oheratzea, besakardada... bakoitzari gauza bat esango dio bere gorpu-tzak, eta entzuteak prozesua hobeto joaten lagunduko dio. Horrek ez du esan nahi haurdunaldian zehar beldurra eta kezkak izango ez ditugunik, aldaketa guztiek baitakarte urduritasuna, baina segurtasun handiagoa izango dugu gorputza ezagutzen eta beragan konfiatzen badugu.”
Estitxu Fernandezentzat, haurdunaldiaren jabe sentitzea erditzearen jabe egitea bezala da: informazioa edukitzea batetik, eta bestetik norbere burua ezagutzea. “Nik uste dut bi oinarri horiek direla garrantzitsuenak. Krisi, aldaketa eta are, iraul-tza momentu honetan informazio zientifikoa —fisiologia eta psikologiari buruzkoa— edukitzea eta geure burua informazio horretan xerkatzea garrantzitsua da. Ez da berez bizi-momentu honetan bakarrik garrantzitsua den jarrera, baina bai bereziki, haurdunaldia eta erditzea krisi momentu bat baita, garapen ebolutiboaren etapa bat gehiago emakumearen bizitzan, izaten ahal diren bezala haurtzaroko garapen-faseak edo nerabezaroa, edo menopausia... Amatasuna bertze garapen fase bat da, eta beste guztietan bezala krisi bat da, aldaketa bat dago, eta egokitu egin behar dugu; aldaketa horrek iraultza bat sortzen du gure barrenean”.
Haurdunaldiaren jabe egitea, beraz, kontzientzia hartzea da Fernandezentzat: “Jabetzeak horixe dakar: jabe egitea; ezagutzea, konfiantza izatea eta erabakitzea; eta ez delegatzea, edo behintzat kontzienteki eta nahi duzun parte hori delega-tzea; ez egitea gauzak norbaitek erran digulako edo horrela egiten direlako, edo suposatzen delako hoberena hori dela, edo zientziak frogatu duelako hori dela onena...”
Informazioa, haurdunaldi-prozesu osoa ezagutzeko
Haurdunak bere ingurunean izan dezakeen informazioaz gain, emagina edo ginekologoa eta haurdunaldiari buruzko hamaika liburu eta aldizkari eta Internet ditu informazio-iturri eskura. Izaskun Zubizarreta emaginaren irudiko, bere profesiokoei dagokie, gaur egun sistema antolaturik dagoen eran, emakumeei —edo bikoteei— haurdunaldiaren prozesuaren nondik norakoen gaineko informazioa ematea. “Proba bakoitza zer den azaldu egin behar zaio emakumeari, zergatik egiten den, proba horiek zer adieraz dezaketen, zer arrisku izan ditzakeen haurrarentzat eta zein amarentzat, eta nola kontrolatu litekeen gauza bakoitza. Oso desberdina da, azalpen horiek guztiak ematea edo besterik gabe emakumeari hau edo beste errezetatzea, proba zer den ere ez azaltzea... informazioak garrantzi handia du eta nik uste dut emagina izan litekeela emakumeari informazio hori eskura jar diezaiokeen pertsona klabea”.
Fernandezek bere elkarrizketa-liburua ontzeko egin zuen dokumentazio-lanean ikusi ahal izan zuenez, ordea, haurdunaldiari buruz ematen den informazioa ez da, sarri, emakumeak prozesuaren jabe egiteko adinakoa: “Batzutan informazio zientifikoa ez da ulergarria; emagin eta ginekologoek informazio ofiziala erabiltzen dute, eta batzuek bai azalpenak emango dituzte, baina beste batzuek, egia da, informazio mota bat edo oso ulergarri ez dena emango dizute...”. Kasu horietan argi du Fernandezek: “Galdetu egin behar da, eta galdetu eta berriz ere galdetu eta ahalik eta iturri gehienetatik edan; behin garbi duzunean, zuk erabaki dezakezu zer egin eta zer ez; zerk lasaituko zaituen eta zerk ez”.
“Nola sentitzen naiz ni?”
Fernandezen arabera, informazioak ez luke gaur egun protokoloz egiten den zainketa biofisikora mugatu behar, aldaketa fisikoa begibistakoa eta emakumearentzat nahiz ingurukoentzat nabarmenena izan arren, ez baita haurdunaldian gertatzen den aldaketa bakarra. Aldaketa hormonala ikaragarria da, baina emozionala, psikologikoa eta soziala ere bada. Haurdunaldia “krisi biopsikosozial” gisa deskribatzen du, eta eremu zabal horri buruzko informazioa behar du emakumeak, prebentzio fisiko, dietaren kontrol, analisi, ekografia eta monitoreetara mugatu gabe. Bat egiten du Zubizarretak Fernandezen ikuspegiarekin: “Bederatzi hilabetetan zehar, emakumea haur bat ernaltzen ari den eran, ama bat ari da ernaltzen lehen haurrarekin—eta kasu askotan beste guraso bat ere bai—. Horrek aldaketa fisiko nabarmenez gain aldaketa emozionalak ekartzen ditu: ume bat sortzen ari zaren momentutik, eta ama izango zaren momentutik, egon behar dute aldaketa horiek; eta ez dituenak ikusten, ez ditu ikusi nahi. Hori guztia haurdunaldiaren jarraipenean lantzea garrantzitsua da, baina protokoloz ez da lantzen”. Gure osasungintza publikoko haurdunaldiaren jarraipen protokoloetan ez sartzeak, haatik, ez du esan nahi, emaginaren arabera, garrantziarik ez dutenik: “Protokoloz tentsioa eta pisua kontrolatzen dugu, baina ez da alor emozionalaz hitz egiten, nahiz eta alderdi emozionalak, emakumea nola sentitzen den, kontent dagoen, ez dagoen, zer nolako beldurrak dituen, bigarrenaren beldurrak... eragin ikaragarria daukan haurdunaldiko eta erditzeko esperientzian. Aldaketa emozional posible horien gaineko informazioak lagundu egiten dio emakumeari”.
Informazioa edota jakinduria kognitiboa, Fernandezen irudiko, norbere iragazkitik pasa behar dira, haurdunaldiaren jabe egiteko. “Informazioarena bai, bada garrantzitsua, baina norberak norbere burua pixka bat ezagutu behar du, eta ikusi behar du nola eragiten dion prozesu honek guztiak. ‘Non nago ni?’, ‘Zer nahi dut?’. Emozionalki, psikologikoki, hormonalki ez daukagu babesik... eta nik uste dut protokoloz emakumeari sostengu emozionala emango dion jarraipen profesional hori falta dela”. Sostengu emozioanala dioenean Fernandez ez da ari terapiaz. “Prebentzio fisikoa egiten dugun bezalaxe, prebentzio emozionala egin behar da, eta hori bi bidetatik ikusten dut: batetik, emakumeak sentitzeko baduela non apoiatu —batez ere hormonengatik eta azken finean krisi momentu bat delako— eta emakume bakoitzak ikuskatzeko nondik heldu den prozesu honetara, zer historia duen atzean, nola gelditu den haurdun, nola izan den haurdun gelditzeko prozesua... Haurdunaldia aldaketa edo krisi biopsikosoziala da eta osotasun horri eman behar zaio erantzun bat; beste herrialde batzuetan ari dira horretan, baina hemen falta da.” Ginekologo eta emaginez bestelako profesional horien lana bereziki emakumeei hitza ematea izango litzateke, “sostengu emozionala hitza ematea da, emakumeak sentitzen duenari hitza jartzen dionean horrek berak antsietatea lasaitzeko eta ahalduntzeko gaitasuna ematen dio; partekatzea bertzeak entzutea, hausnartzea, hori dena lortuko litzateke figura horrekin”.
Elixabete Imazek, gaur eguneko amatasunen premiak aztertuta, osasungintzako profesionaletatik haragoko espazioak irekitzeko premia ikusten du, hazieraz eta gurasotasunaz hitz egiteko guneen beharra nabarmentzen du: “Transmisioa eten da, gure amek eta izebek esan diezaguketenak ez digu balio eta gure erreferentzia bihurtu dira prepartoko kurtsoak. Niretzat esplikaezina da zergatik erakusten diguten medikuek nola izan ama. Transmisioa behin erabat bukatu dela, zergatik ez sortu hitz egiteko espazioak? Hori da emakumeok behar duguna. Aditu medikuak etorriko lirateke, baina zergatik ez sindikalista bat, esango diguna zein eskubide laboral dituzun ama zarenean edo umearen zainketan; pedagogo bat etor liteke... Gaur eguneko amatasunak beste behar batzuk ditu”.
Erreportaje osoa irakurri nahi izanez gero, 12. Hazi Hezi aldizkarian daukazu.