LEO PAHKIN: “Eskolek izugarrizko askatasuna dute Finlandian; eskolaren gain uzten dugu erabakitzeko eta ekiteko ahalmen guztia"

2015-06-09
Hik Hasi-k antolatutako  "Herri hezitzailea, eskola herritarra" jardunaldietan parte hartu zuen 
Leo Pahkin Finlandiako Hezkuntza Nazionaleko aholkulariak (Juuka, Finlandia, 1966), Finlandiako hezkuntza-sistema azaltzeko. Gertuko kudeaketa, eskolen autonomia, irakasleen prestakuntza altua eta ikasle zein gurasoek profesionalengan jartzen duten konfiantza dira, besteak beste, hango ereduaren arrakastarako giltza. Baina bada, sistemari sostengua ematen dion beste gako bat ere: adostasun politiko erabatekoa dute; "bakoitzaren ideologiaren gainetik, alderdi politiko guztiek garbi daukate Finlandiak aurrera egiteko ezinbestekoa duela hezkuntza-sistema kalitatezkoa izatea".
 
 
LEO PAHKIN: “Eskolek izugarrizko askatasuna dute Finlandian; eskolaren gain uzten dugu erabakitzeko eta ekiteko ahalmen guztia"
Munduan, daturik onenetarikoak ematen ditu Finlandiako hezkuntza-sistemak. Heziketa modu arrakastatsu horrek non du jatorria? 
 
60 urte inguru dauzka gaur egun ezagutzen dugun Finlandiako hezkuntza-ereduak. Aurrez, elizaren egitekoak ziren pertsonen alfabetatzea eta heziketa. Gero, pixkanaka, eskolek hartu zuten eginkizun hori, eta, 1950eko hamarraldian, lehen herri-eskolak sortu ziren, hiru oinarri nagusirekin: eskolak eduki eta ezagutza ­akademikoak eskaini behar ditu; eskulanak eta bestelako sorkuntza-lanak egiteko tokia izan behar du, eta pertsona osoak hezi behar ditu, ikasleen barne-bizitzari garrantzia emanez. Hiru ezaugarri horiek eskolaren zutabe nagusi izaten jarraitzen dute gaur egun ere. 
 
Orain 60 urte jarritako zimenduak ari dira fruituak ematen.
 
Bai, PISA eta horrelako probek argi erakusten dute Finlandiako hezkuntzaren arrakasta. Oro har, herritarren hezkuntza-maila eta eskolatze-tasa altua da. Helduen artean, gutxienez herenak unibertsitateko maila gainditu du. Europa osoko tasarik ­altuena da. Zailtasunak dituzten ikasleei laguntzeko, estrategia zehatzak diseinatu ditugu, eta, horren ondorioz, ikasturtea errepikatzen duten ­ikasleak % 2 dira soilik. Europako ehunekorik baxuena da. Gainera, ia-ia ikasle guztiek amaitzen dute Oinarrizko Hezkuntza: porrota % 0,3koa soilik da. Eta Oinarrizko Hezkuntza ­amaitutakoan, % 96k jarraitzen du ­ikasten.
 
Nolakoa da Finlandiako hezkuntza-sistemaren eskema orokorra?
 
Finlandiarrak sinpleak gara, eta sinpletasuna gustatzen zaigu. Hezkuntza-sistemaren egitura ere halakoxea da, sinplea. Eskolatzea, berez, ez da nahitaezkoa; nahitaezkoa ikastea da. Oso gutxi, baina badira etxean ikasten duten ikasleak ere. Orain arte, 6 edo 7 urterekin hasten ziren eskolan haurrak, nahieran. Izan ere, Haur Hezkuntzako maila bat zegoen 6 urtekoentzat, aukerakoa. Hurrengo ­udazkenetik aurrera, berriz, nahitaezkoa izango da. Ikasturte horren ondoren, haurrak 7 urte betetzen dituen urtean, Oinarrizko Hezkuntzari ekiten diote. Baina adin hori atzeratzeko aukera ere badago, garrantzitsuena eskolan hasterako haurra heldutasun-puntu batera iristea baita.
 
Oinarrizko Hezkuntzak bederatzi urte irauten du, eta, hori amaitzean, ­ikasleak hautu bat egin behar du Lanbide Heziketaren eta institutuaren artean. Hala ere, bederatzi urteak igarota, ikasleak nahi izanez gero, beste urtebete egin dezake Oinarrizko Hezkuntzan. Oraindik zer egin nahi duten ez dakiten ikasleei zuzentzen zaie bereziki. Nota hobetu nahi duten ­ikasleek ere tarteko ikasturte hori ­egin ohi dute.
 
Aukeratzen dituzten ikasketa motei dagokienez, zein dira datuak?
 
Gaur egun, gutxi gorabehera ikasleen erdiek Lanbide Heziketa hautatzen dute, eta beste erdiek hemengo Batxilergoaren baliokide diren ikasketak. Baina, azkenaldian, gora doa Lanbide Heziketa aukeratzen dutenen kopurua. Gurasoek nahiago dute seme-alabak Batxilergora joatea eta goi-mailako ikasketekin jarraitzea, baina ikasleek eurek ez, haiek nahiago dute Lanbide Heziketa. Eta, gainera, Lanbide Heziketa hautatzeak ez du esan nahi ­ikasketak horrekin amaituko direnik; Lanbide Heziketa amaitutakoan, ­ikasleak aukera dauka bai unibertsitatera eta bai goi-mailako eskola teknikoetara joateko. Izan ere, Finlandiako hezkuntza-sistema osoak malgutasun handia du edozein unetan hautatutakoa aldatzeko eta ikasleak bere interesen ­arabera jokatzeko.
 
Eskola bat sortzeko orduan, zer izaten duzue kontuan?
 
Betidanik, gure helburuetako bat eskola herritarrengandik hurbil egotea izan da. Eskolak ezin du ikasleengandik urrun egon. Adibidez, egin diren azterketek diotenez, familiek euren bizilekua aukeratzean kontuan ­izaten duten faktoreetako bat haurtzaindegia eta eskola hurbil izatea da. Gainerakoan, Finlandian udalek ­erabakitzen dute zenbat eskola jarri eta non. Udalean erabakitzen da haur bakoitza zein eskolatara joango den ere. Egia da familiek ere eskola hauta dezaketela, baina gurasoek gertuen duten eskola hautatzen dute ia beti, eskola gehienak antzekoak direlako, hau da, desberdintasun txikiak daudelako eskolen artean eta ia guztietan bermatzen delako kalitatezko hezi­keta.
 
Eskola guztiak publikoak, kalitatezkoak eta doakoak dira Finlandian?
 
Finlandian dauden 2.800 eskoletatik 50 dira pribatuak. Komunitate erlijiosoekin edo pedagogia-eredu zehatzekin dute zerikusia. Baina, proiektua aurkezten badute eta onartzen bazaie, eskola publikoen antzeko baldintzak izaten dituzte haiek ere.
 
Gobernua eta udala arduratzen dira eskola guztiei kalitatezko hezkuntza eskaini ahal izateko baliabideak emateaz. Arazoak dituzten eskolak edota hain emaitza onak ematen ez dituztenak baztertu edo ezabatu beharrean, hezkuntzaren kalitatea hobetu ahal izateko laguntza eskaintzen zaie.
 
Horrenbestez, ikasleentzat nahiz haien familientzat heziketa doakoa da. Eskola ez dute ordaintzen, ezta eskolarako materiala, jangela eta garraioa ere. Hala ere, ikasle bakoitzeko gastatzen den diru-kopurua baxuagoa da Europako beste herrialde batzuetan baino.
 
Hortaz, ikasle guztien aukera-berdintasuna bermatzen duzue, beste herrialde batzuek baino diru gutxiago gastatuz.
 
Guk argi dugu dirua ezin dela oztopo izan inorentzat, eta Finlandiako hezkuntza-sisteman dabiltzan haur guztiek aukera berberak izan behar dituztela euren ikaskuntza-prozesuan aurrera egiteko. Horretarako beharrezko baliabide ekonomikoak bideratzen ditugun arren, argi erakutsi dugu hezkuntzan inbertitzen den diruak ez daukala zerikusi zuzenik ­emaitzekin. Hor dauzkagu PISAren ­emaitzak: bidezkoak dira, ikasle gehienek lortzen dituzte goi-mailako puntuazioak, eta oso ikasle gutxik ­emaitza kaxkarrak. Argi dago gehienek baino emaitza hobeak lortzen dituela Finlandiak, ikasle bakoitzeko beste herrialde askok baino diru gutxiago inbertitzen duen arren. Gakoa da nola inbertitzen den diru hori.
 
Erreferentziazko pertsona eta kideen taldea dira Finlandian irakaskuntzaren erdigunean jartzen dituzuen elementuetako bi. 
 
Bai, guk uste dugu pertsonak, aurrera egingo badu, funtsean, bi oinarri sendo eduki behar dituela. Batetik, aldamenean harengan konfiantza eta uste ona izango duen pertsona bat behar du; normalki, helduren bat izaten da, izan daiteke gurasoetako bat, irakaslea edota kiroleko entrenatzailea nahiz astialdiko begiralea. Bestetik, ­ikasleak talde bateko partaide izateko eta sentitzeko beharra du. Horregatik, garrantzi handia ematen zaio eskolan ikaslea taldekide sentitzeko moduko jarduerak antolatzeari. Adibidez, ikasle talde batek norbaiti kalte egiten badio eta baztertzen hasten bada, argi dugu arazoa ez dela bazterketa egiten edota jasaten ari diren horiena bakarrik, guztiona baizik. Hori da kontuan izaten dugun lehen printzipioa. Horrexegatik, gure ustez, eskola da era horretako gizarte-arazoei aurre egiteko gune aproposena. 
 
Zertan oinarritzen da finlandiar eskoletako didaktika?
 
Ikasteko modurik egokiena aurkitzeko orduan, guk bi ezaugarri izaten ditugu kontuan: batetik, ikasleak dagoeneko zer dakien; eta, bestetik,­ ikasleari egiten zaion proposamena orekatua ote den. Izan ere, ikasleari ­eginkizun zailegia ematen bazaio, estutu egiten da, eta, aldiz, eginkizuna errazegia baldin bada, aspergarria ere gerta liteke. Beraz, irakaslearen eginkizuna da zailtasun-maila egokiko ­eginkizunak eskaintzea, ez zailegiak, ez errazegiak. Eta, jakina, ikasle bakoitzari egokituak izatea, ikasle guztiak desberdinak baitira. Gainditzeko moduko erronkak proposatzea da ­egokiena. Ikasleak zailtasuna probatzen du, baina gainditzen duenean ­eta emaitza ona lortzen duenean sentitzen duen asebetetzea ikaragarria da, eta horrek ikaslea motibatu egiten du. Hurrengoan, segur aski, erronka berriei aurre egiteko gogoz egongo da. Horrek sentsazio ona eragingo dio. Ikasleak egunero horrelako dosi egoki bat jasotzen badu eta hori ohitura bihurtzen bada, esan dezakegu ­ikasketa-prozesua ondo doala.
 
Zer jokabide hartu duzue teknologia berrien aurrean?
 
Gurean, adibidez, telefono mugikorren erabilera aspaldi hasi zen eztabaidagai bihurtzen, eta, horren aurrean, zer egin erabaki behar izan genuen. Gaur egun, esan daiteke telefono adimentsuak ez direla soilik tresna edo jostailu gazteentzat; aitzitik, haien lagun bihurtu dira. Horrexegatik, eskolatik telefonoak erabat kenduko bagenitu, segur aski akats bat ­egiten ariko ginateke. Hori baino ­egokiagoa da, ziur asko, ikasketa-prozesurako nola aprobetxatu pentsatzea.
 
Mugikor adimentsua eskolan nola erabili adierazteko adibiderik eman dezakezu?
 
Adibidez, gorputz-hezkuntzan, naturan orientatzeko jarduerak egiterakoan. Ikasleak basora joaten dira, ­eta, basoan, “altxorraren bila” jolasean egiten den antzera, puntu batzuk aurkitu behar dituzte, eta dokumentazio-lana egin behar dute. Gero, ­ikasleek proba fisikoak jaso beharrean, nahikoa dute aurkitu beharreko puntuen argazkiak ateratzea eta proban zehar nola ibili diren mugikor bidez dokumentatzea.
 
Ikaslearen autonomia ere oso kontuan izaten duzue.
 
Badira autonomia-gaitasun ikaragarria daukaten ikasleak, eta badira ­oso autonomia maila txikia dutenak. Autonomia maila txikia daukanak ­etengabe eskatzen du irakaslearen ­edo norbaiten presentzia eta laguntza. Ikasle mota horientzat, egokia ­izan daiteke irakaslearengan zentratutako ikasketa metodoa. Baina, jakina, autonomia maila altua daukaten ­ikasleentzat, irakaslea zentroan egotea kaltegarria ere izan daiteke. Horientzat, bestelako moduak bilatu behar dira, askatasun handia utziz eta bakarka nahiz talde-lanean aritzeko bideak irekiz. 70eko hamarralditik hona, azterketa asko egin dira, eta argi geratu da zeinen garrantzitsua den ikasle bakoitzaren autonomia maila horretara egokitzea.
 
Eta, horretarako guztirako, zentro bakoitzari autonomia eta boterea ematen dizkiozue.
 
Eskolek izugarrizko askatasuna dute Finlandian. Eskolaren gain uzten dugu erabakitzeko eta ekiteko ­ahalmen guztia. Batetik, eskola bakoitzak bere hezkuntza-proiektua ­egiten du; bestetik, eskola bakoitzak aukeratzen ditu bere zentroko irakasleak. Hala ere, gidalerro batzuk ematen ditu administrazioak. Nik lan egiten dudan tokian, Hezkuntza Kontseilu Nazionalean, zuzendaritzaren lana da eskolei esparru orientagarri bat eskaintzea. Kontseilu horretan, alde batetik, helburu eta eduki nagusiak finkatzen ditugu; eta, bestetik, ­ikasleei eman beharreko laguntzaren inguruko jarraibide batzuk eskaintzen ditugu, bai eta ebaluaziorako ­irizpideak ere. Izan ere, ez daukagu azterketa orokorrik, kanpotik eskolak kontrolatu ahal izateko.
 
Ebaluazio jarraituan eta ikasketa-prozesuan jartzen duzue arreta, hortaz, emaitzetan baino gehiago.
 
Finlandiako hezkuntza-sisteman, garrantzia ematen diogu ebaluazio jarraituari, bestela, irakaskuntza guztia azterketa bakarrera bideratzen baita. Azken batean, guretzat garrantzitsuena ez da zer ikasi duten, hau da, edukia, baizik eta ikasketa-prozesua bera. Beste era batera esanda, fokua ez dugu “zer” irakastean jartzen, baizik eta “nola” irakastean. Ikasleak motibatuta dagoenean ikasten du, eta azterketek ikasle batzuengan motibazio apur bat eragiten dute; baina, ikasle gehienen kasuan, motibazioa beste nonbaitetik dator. Beraz, esan daiteke Finlandiako hezkuntza-sistemaren bereizgarrietako bat prozesuan zentratzea dela, eta ez edukietan eta emaitzetan.
 
Irakasleak zentroak aukeratzen dituela diozu; baina, era berean, irakasleek ere askatasun handia dute, ezta? Haiengan sinesten da?
 
 Bai, eta horren erakusle da, adibidez, guk inolako ikuskaritzarik ez izatea. Ez daukagu ikuskaririk eskoletara joateko eta irakasleen lana ikuskatzeko. Konfiantza handia, ia erabatekoa, jartzen dugu irakasleengan. Horrek ez du esan nahi irakasleak edozer gauza egin dezakeenik. Askatasuna ematen diegun moduan, erantzukizuna ere eskatzen diegu. Izan ere, ­ikasgela bakoitzean 20 “ikuskari” edo gehiago daude, eta, gustura ez badaude, esan egingo dute, etxean gurasoei edo eskolan bertan irakasleei esango digute. 
 
Guretzat, oso garrantzitsua da irakasleez fidatzea. Ez aritzea atzetik presioa egiten eta eskua gehiegi sartzen. Eta konfiantzarena ez da hezkuntza-arloan soilik gertatzen; aitzitik, finlandiar kulturan oso errotuta dagoen ezaugarri bat da.
 
Irakasleen puntako prestakuntzaren ondorioz ere ezaguna da Finlandia.
 
Irakasleen prestakuntza unibertsitatean egiten da, eta 5 urte irauten du oinarrizkoak; irakasle espezializatuenak (irakasgaietakoak), 6 urte. ­Ateratzen direnean, gutxienez masterra egina izaten dute. 1979tik dago ­ezarrita irakasleen prestakuntza mailak altua izan behar duela. Beraz, duela 30 urtetik baino gehiagotik ari dira Finlandiako unibertsitateetan irakasleak goi mailako prestakuntza jasotzen. Eta, orain, erabaki egokia izan zela ikusi da, gaur egun oraindik ere maisu-maistrena estatus eta prestigio handia duen lanbidea baita Finlandian. Ikasleek ere konfiantza handia jartzen dute irakasleengan. Konfiantza daukate irakasleek hezkuntza ­egokia eta ona emango dietela. Horrek gobernutik irakasleei askatasuna ematea errazten du. Badakigu lana ondo egiten dutela eta hezkuntza kalitatezkoa izango dela.
 
Finlandiarren % 6ren lehen hizkuntza suediera denez, finlandiera nahiz suediera, biak hartzen dituzue ama-hizkuntzatzat, eta ikasleek eskoletan biak ikasten dituzte.
 
Suediera ama-hizkuntza dutenak gutxiengoa izan arren, eskubide guztiak dauzkate bermatuta Haur Hezkuntzatik hasi eta unibertsitate mailaraino. Suomiera edo finlandiera ikasten dute, bigarren ama-hizkuntza modura. Baina alderantziz ere berdin gertatzen da, suomieradun finlandiar guztiek ikasten dute suediera bigarren hizkuntza modura, guretzat funtsezkoa baita suediera jakitea, eskandinaviar herrialdeen komunitateko parte izateko. Azken batean, Finlandia herrialde elebiduna da; baina, bi hizkuntza horiez gain, hirugarren hizkuntza ere ikasten dute ikasleek. Normalean ingelesa izan ohi da, baina ­izan liteke besteren bat ere. 
 
Hizkuntzen ikaskuntzari ez ezik, elebitasunari ere garrantzia handia ematen diozue, beraz.
 
Ikerketa askok erakutsi dute irakaskuntza elebidunak —eta ez elebitasunaz, baizik eta hirueletasunaz hitz egin beharko litzateke gure kasuan— ikaskuntza-prozesua eta maila hobetzen dituela. Guretzat, hizkuntzak ikastea oso-oso garrantzitsua da. Suomiera da gure identitatearen oinarri. Baina gu hiztun gutxi gara, eta, gainera, ingurukoekin zerikusi gutxi duen hizkuntza da gurea. Horrexegatik, beste herrialdeekin harremanean egoteko, ezinbestekoa zaigu beste hizkuntzak ikastea.
 
Eskolak beste erronka bat ere badu Finlandian: lan-arloa.
 
Mundua azkar ari da aldatzen, eta lehen balio zuten gaitasunek orain ez dute balio beharbada. Beraz, eskolak aldaketa horietara egokitzen asmatu behar du. Horrek esan nahi du batzuetan kristalezko bola batekin bezala lan egin behar dugula: etorkizuneko lan-ildo berri horiek nondik joan daitezkeen asmatzen saiatu behar dugu, eta horren arabera moldatu ­behar dugu eskolaren norabidea. Gero lanposturik egongo ez bada, ez du merezi ildo horretan indar gehiegi jartzea.
 
Eskola gizarteko premietara egokitzearen aldekoa zara, beraz.
 
Eskola ez bada gizartearen aldaketetara egokitzen, eskola errealitatetik bereizita geratzeko arriskua dago. Hori oso kaltegarria izan liteke, eskolan bizi dutena eta kalean bizi dutena bi gauza desberdin direla konturatzen baitira ikasleak.
 
Eskola barruko antolamendura jauzi eginez, espazioari eta denborari garrantzia handia ematen diezue.
 
Bai, izan ere, sormenaren gainean ikerketak egiten dituzten adituek diote sormena bultzatzeko bi oinarri behar direla: batetik, lekua, eta, bestetik, denbora. Espazioari dagokionez, sormenari lekua egingo badiogu, horrek esan nahi du ezin dugula elkarren gainean egon. Denborari dagokionez, berriz, kontuan izan behar da ikasle bakoitza desberdina dela, eta, beraz, denbora-tarte desberdina behar duela gauza bera egiteko. Hortaz, eskolaren helburua zein den galdetu behar genuke: elkarren berdinak diren pertsonak lortzea, edo desberdintasuna eta aniztasuna bultzatuko dituen hezkuntza-sistema egitea. Eta, gizarte hobea lortu nahi badugu, iruditzen zait bigarren aukeraren alde egin behar dugula.
 
Gaur egungo gizartearen ezaugarrietako bat ziurgabetasuna da, eta horrek ere zaildu egiten du eskolaren egitekoa. Nola kudeatzen duzue hori Finlandian?
 
Hainbat faktorek zailtasunak sortzen dituzte eskolaren eta gizartearen arteko harremanean. Horietako bat ­ikasleek bizi duten ziurgabetasuna da: etorkizuna nolakoa izango den ez badakit, zer ikasiko dut? Zer egingo dut? Beste faktore bat gaur egungo ­ikasleen denbora-falta da, eskolaz gain, denbora eskatzen duten beste zeregin asko baitituzte: kirola, denbora librea, sareko jolasak… Eta, azkenik, norbanakoaren eta taldearen arteko harreman horretan, gero eta gehiago jotzen dugu indibidualismora, eta horrek ere arazoak sortzen ditu. “Zer naiz ni?” edo “zer presio jasaten dut gizartetik?”; horrelako auziek ere zaildu egiten dute egoera; edo, gutxienez, duela 10-15 urte baino gaitzagoa da gazteen egoera gaur egun. Horren erakusleetako bat gazteen ­egonezina da. Eta, jakina, pertsona barrutik ondo ez badago, bakean ez badago, ia alferrik da hezkuntzaz edo edukiez hitz egitea. Horregatik, kanpoko faktore horiek guztiek ikaslearengan duten eragina ere kontuan ­izaten dugu.
 
Beraz, eskolaz kanpoko ikasleen bizitzak pisua du ikasgelan.
 
Batetik, konturatu gara eskola ez dela haurrentzako ikasleku nagusia. Beste toki horietan, agian ez dute ikasiko guk eskolan irakasten dieguna, baina oso gauza garrantzitsuak dira haiek bizitzan aurrera egin dezaten. Hortaz, eskolaz kanpoko jardun horretatik, eskolara eramateko jarraibideak har ditzakegu, garrantzitsua ­izan baitaiteke hori ere, ikasleek euren gaitasunak garatzeko.
 
Finlandian, haurrek eta gazteek ordu asko ematen dituzte helduen presentziarik gabe beren artean jolasean, hizketan edo ekinean, eta elkarrengandik ikasten dute. Hortaz, gure erronkak zera izan behar luke: zer ­egin dezakegu ikasketa modu hori eskolara ekartzeko? Ateratzen dugun ondorioetako bat zera da: ez da komeni gelan ikasleak mailaren eta adinaren arabera sailkatzea; hobe da denak batera interakzioan aritzea. Adinaren edo mailaren araberako sailkatze mota hori desagerraraztea litzateke helburua. Adinen araberako segregazio hori jadanik zaharkituta geratzen ari da, eta iraganeko sistematzat jo dezakegu.
 
Zer egin daiteke eskolan giro egokia sortzeko?
 
Gure ustez, oso garrantzitsua da ­ikas­leak bera ere taldeko kide onartua dela sentitzea, eta, era berean, garrantzitsua da norbera ere gai izatea besteak onartzeko. Zentzu horretan, ikasleek benetako pertsona direla sentitu behar dute. Ezin ditugu gauzak balira bezala tratatu, ezta bezero modura ere. Hein batean, sinplea da: ­etxean bezala sentitu behar dute.
 
Eskolan etxean bezala sentitzea…, ez du samurra ematen.
 
Goazen Finlandiako etxeetara, ­eta begira dezagun zer dagoen han: landareak daude, alfonbrak daude, lanparak daude, apaingarriak daude… Finlandian, oinetakoak atarian uzten ditugu etxera sartu aurretik, eta berdin egiten dugu eskoletan ere. Baina, aldi berean, eskolaren forma eta estetika tradizionaletatik urruntzea eta berriak sortzea ere bada helburua.
 
Espazio fisikoaren antolaketari begira, egia da herrixken antza dutela Finlandiako eskolek?
 
Bai, herri txikien gisara daude antolatuta. Areto handiak eta txikiak uztartzen dira. Erdialdean, guztiek partekatzen dituzten espazioak daude: jantokia, denbora librerako guneak… Herriko plazaren funtzioa betetzen du. Helburua adin guztietako ­ikasleen topaleku izatea da, nagusien eta txikienen arteko topaleku. Kasu askotan, gainera, beirazko pareta gardenak daude espazio horien artean, geletatik plaza ikusteko eta alderantziz.
 
Horrez gain, eskola bada auzoko edo herriko biztanleen topaleku ere. Zenbait zentro berritan, ikasgelez gain, jatetxea, liburutegia, kiroldegia, antzokia… ere eraiki dituzte. Ikasleez gain, beste herritarrek ere erabiltzen dituzte horiek. Komunitatera irekia dago eskola, eta komunitateak eskolan parte hartzen du. Nolabaiteko gizarte-zentroen funtzioa betetzen dute, eta eskolako ordutegiaz kanpo ere erabili egiten dira.
 
Aipatu duzun guztia posible izan dadin, adostasun politikoa ere beharrezkoa izango da.
 
1979an, hezkuntza Finlandiako funtzionamenduaren erdigunean jartzea hitzartu zen, eta erabaki hark indarrean dirau oraindik. Gure sistema politikoa oso zabala da. Hauteskundeak dira laster; baina, orain arte, gobernua sei alderdik osatu dute; legebiltzarra, berriz, bederatzi alderdik. Jakina da bakoitzak bere ideologia duela, baina hezkuntza-gaietan adostasun-maila handia daukagu. Alderdi politiko guztiek garbi daukate Finlandiak aurrera egiteko ezinbestekoa duela hezkuntza-sistema kalitatezkoa izatea. Finlandian, eskola ez dago beste erakundeen gainetik, ez azpitik, guztien erdian dago.•