Episiotomiarik gabe, hobe
Duela gutxira arte lehenerdi guztiei episiotomia egiten zitzaien, haurraren jaiotza errazten zuela uste zelako. Azken urteotako ikerketek, ordea, erakutsi dute ez dela beharrezkoa, eta aitzitik, kaltegarria ere izan daitekeela.
Baginaren sarrera handitzeko egiten den ebaketa kirurgikoa da episiotomia. Haurrak burua atera behar duenean egiten da ebakia perineoan. Duela gutxira arte, ohiko praktika zen edozein erdi-tzetan. Lehenerdi guztiei episiotomia egin behar zitzaiela uste zen. Batetik, haurraren jaiotza errazten zuela pentsatzen zelako; eta bestetik, txizari hobeto eusten laguntzen zuela, eta uteroa erortzea edota ipurtestean urradura handiagoak egitea saihesten. Azken urteotako ikerketek eta ebidentziek, ordea, erakutsi dute episiotomia ez dela beharrezkoa, eta aitzitik, kaltegarria ere izan daitekeela: txiza edo eginkariari ezin eustea nahiz gasen inkontinentzia eragin ditzakeelako, eta bizitza sexuala kaltetu. Munduko Osasun Erakundeak argi esana du: “Ez da komeni episiotomia erabiltzea urradurak ekiditeko”.
Episiotomiaren erabilerak, erditzea ospitaletan artatzen hastearekin eta erdi-urren dagoen emakumearen postura aldatzearekin du zerikusia, zenbait adituren arabera. Beroien esanetan, medikuak —ia denak gizonak— erditzeak artatzen hasi zirenean, emakumea etzanarazi egin zuten, profesionala esku hartzeko posizio egokian egon zedin, eta horrek hainbat praktikaren erabilera ekarri zuen. “Emakumea bizkarrez etzaniko posturak ez dio umeari ateratzen laguntzen, eta horren ondorioz, episiotomia erabili izan da, haurrari irteten laguntzeko”, argitzen du Monica Blas Euskadiko Emaginen Elkarteko lehendakariak. Ikerketa bat egina du episiotomiari buruz beste hainbat emaginekin batera.
Orain dela gutxira arte —hamar urte inguru gehienera ere—, episiotomia sistematikoki erabiltzen zen, horixe ikasten baitzen erizaintzako eta medikuntzako ikasketetan eta obstetriziako liburu gehienek ere gauza bera aholkatzen baitzuten. “Nik ere episiotomiak egin ditut, eta neronek ere lehen erditzeko episiotomia bat daukat. Hobe beharrez egiten genuen”. Gaur egungo emaginak, ordea, alderantziz ari dira ikasten: ohikoa episiotomiarik gabe erditzea dela, eta salbuespena dela episiotomia egitea. “Oraintxe bertan ez dut gogoan nik azkeneko aldiz noiz egin nuen episiotomia bat. Urteak izango dira”. Euskal Herriko daturik ez daukan arren, berak lan egiten duen Basurtuko ospitalean nabarmen jaitsi da episiotomien erabilera, nahiz eta oraindik % 26koa den.
Munduko Osasun Erakundeak beharrezkoa ez bada, episiotomia ez erabiltzeko aholkatu duenetik hasi da Euskal Herrian praktika hori gutxitzen. Hain zuzen ere, episiotomia erditzeen %10-20-etan baino gehiagotan ez litzatekeela erabili behar dio. Euro Peristat-ek 2008an egindako “European Perinetal Health Report” txostenaren arabera, episiotomiaren erabilera daturik baxuena Danimarkan dute: kasuen %9,7tan erabiltzen dute han; Norvegian % 15,8koa da erabilera; Erresuma Batuan %17, 3koa; Alemanian % 30,8koa… Espainiaren kasuan, Valentziako datuak kontuan izanik, episiotomiaren erabilera % 82,3koa da, Europa osoko altuena. Frantziako daturik, berriz, ez du ematen txostenak. Europako beste herrialde batzuetako informazioa ere falta da. Horrexegatik, hainbat erakundetatik ikerketa eta datu gehiagoren beharra aldarrikatzen dute.
Hego Euskal Herriko ospitaletan indarrean den erditze arruntari buruzko gidaren arabera ere, episiotomia, ahal dela ez litzateke egin behar. Hainbat jarduera ohikotasunez ez erabiltzeko aholkatzen du gidak. Horietako bat da episiotomia. Eta episiotomiarekin batera beste hainbat aipatzen ditu: amnioskopia eta kardiotokografia, hasierako balorazioan; perineoko ilea kentzea; enema erabiltzea; ur-poltsa artifizialki haustea; dilatazioan oxitozina erabiltzea; eta kanporaketan zehar, perineoan masajeak ematea.
Noiz da beharrezkoa?
Episiotomia egin behar bada, erabilera justifikatua izan behar dela erakusten dute ikerketek: haurra arriskuan dagoenean eta egozpen-fasea laburtu behar denean; edota erditze instrumentala erabili behar denean soilik egin behar da. Hala dio erditze arrunterako gidak: “Hainbat azterketak erakusten dute hobe dela episiotomia ez egitea; izan ere, ez du gernu-inkontinentzia prebenitzen eta ez du perineoa babesten, urradura handiak osatzea errazten du, odolustea eragiten du, josi egin behar da, erditze osteko mina eragiten du eta epe luzerako ondorioak izan ditzake”.
Izan ere, episiotomia egitean, baginan ebakia egiteaz gain, pelbis-zoruko muskuluak ere eten egiten dira, eta ondorioz, emakumearen pelbis-zoruko masa muskular guztia kaltetzen da. Arriskurik handiena da, erditze ostean, pelbis-zoruak aurrez zuen funtzionalitate guztia ez berreskuratzea eta kaltetuta geratzea. Horrek txiza- edo gorotz- inkontinentzia eragin dezake, emakumearen bizitza sexuala kaltetu dezake eta orbaintze-eremuan mina eta arazoak sorrarazi diezazkioke andreari. “Eremu hori orbaindu egiten da eta ehundura ez da aurrez zen bezalakoa izatera itzultzen. Arazoak eman ditzake, batez ere episiotomia handiak egiten direnean eta erdi-tzeak instrumentalak direnean, nahiz eta emakume askok hori guztia isilean eramaten duten”, argitzen du Blasek.
Episiotomiarik egin ez arren ere, erditzean urradurak izatea ohikoa da, eta baita gero horiek josi beharra ere. Adituek diotenez, gehienetan episiotomia bat naturalki egiten den urradura jostea baino errazagoa da, baina modu naturalean egiten den urradura hori, episiotomia bat baino txikiagoa izan ohi da. Gainera, Blasek azaldutako eran, urradura emakumearen gorputzak eskatzen duen tokian egingo da, hau da, “irekidura umeak irteteko behar duen tokian egiten da eta giharreko zuntzek agintzen dute urradura non egin”.
Episiotomiak saihesteko bi eremutan lan egin daitekeela uste du Blasek: profesionalen arloan eta haurdun dauden emakumeekin. Batzuen zein besteen kasuan, kontzientziazioa oso garrantzitsua iruditzen zaio. “Batetik, profesionalok oso argi izan behar dugu episiotomiarik gabe artatu ditzakegula erditzeak. Eta bestetik, emakumeak ere jakin behar du zer den episiotomia, zein kasutan egiten den eta bere eskubideak zeintzuk diren. Emakumeak ospitaleko profesionalari jakinarazi diezaioke, beharrezkoa ez bada, ez duela episiotomiarik nahi”. Erditze aurrean perineoa prestatzeak ere episiotomia saihesten edo urradurak txikiagoak izaten lagun dezakeela irizten du Blasek, “nahiz eta ez dagoen %100 probatuta”. Esperientziatik mintzatuz, haurdunaldian zehar perineoko masajea emateak ehunduraren distentsioan laguntzen duela dio. Blasek, ordea, gaineratzen du, askotan, emakumea oso informatuta eta ondo prestatuta joan arren erditzera, profesionalek ez dietela merezi duten erantzuna ematen: “Maiz, profesionalok ez dugu erabateko konfiantzarik jar-tzen emakumearengan. Horregatik, iruditzen zait, episiotomiak saihesteko edo kopurua gutxitzeko, lanik garrantzitsuena guk geuk daukagula egiteko”.
Erditze fisiologikoa izaten duten andreen kasuan, ez da episiotomiarik egiten; erditzeko posturak ez baitie profesionalei horretarako aukerarik ematen. Hala ere, Blasek argi uzten du episiotomiak ez duela zerikusirik epidurala erabiltzearekin. “Anestesiarekin erditu arren, behar-beharrezkoa ez bada, episiotomiarik ez da egiten”. Datuek baieztatzen dute Blasen azalpena. Izan ere, adibide moduan Basurtoko ospitalea hartuta, emakumeen %95 baino gehiago epiduralarekin erditzen dira; episiotomiak, ordea, ez dira erdi-tzeen laurdenetan ere egiten.
ANDREEN BIZITZA-SEXUALEAN IZAN DEZAKEEN ERAGINAZ
Erditu eta urtebetera, episiotomiak emazteen bizitza sexualean izan ditzakeen ondorioak aztertzeko ikerketa egin dute Monica Blasek eta beste hainbat emaginek. Izan ere, oso garrantzitsua izan arren, emakumeen sexualitatearen inguruan oso ikerketa gutxi daudela iruditzen zaie: “Ongizate sexuala garrantzitsua da ugalketarako, baina ez horretarako bakarrik, baita andrearen ongizate fisikorako, emozionalerako, mentalerako eta sozialerako ere. Eta perineoa minbera izateak emakumearen osasuna kaltetu eta bere ongizatea baldin-tza dezake”. Txostenaren arabera, emakumeen artean arazo sexualen prebalentzia altua bada ere, oso ahalegin gutxi egin da arazo horien oinarri fisiologikoa zein psikologikoa aztertzeko eta oso konponbide eraginkor gutxi garatu dira nahasmen mota horiei aurre egiteko.
Amatasunarekin emakumearen eta bikotekidearen sexualitateari eragiten dioten aldaketa asko gertatzen dira: aldaketa fisikoak (pelbis-zoruari eta genitalei dagozkienak; gehienean erditzetik eratorriak izan ohi dira); aldaketa psikoemozionalak (bikotearen arteko harreman afektiboak aldatu direlako, emakumearen gorputz-eskema aldatu delako, segurtasun faltagatik…); eta aldaketa sozialak (guraso-rol berrira egokitu beharra, betebehar eta ardura berriak, familia-nukleoan izandako aldaketak…).
Testuinguru horretan, emakumearen historia obstetrikoa (urradurak, episiotomiak edo perineoko traumak) gakoa da erditze ondoreneko sexu-harremanetan izaten diren minak eta ondoezak ulertzeko. Hala, erditu eta urtebetera konpondu gabe dauden sexu-arazoak garrantzi handikotzat jotzen ditu txostenak. Bi arrazoi tarteko erabaki du ikerketa egitea taldeak: batetik, emakumezkoen arazo sexualen eta erditzean episiotomia erabiltzearen arteko erlazioari buruzko edozelako ikerketa falta zegoelako; bestetik, berriz, nahasmendu sexualek duten garrantziagatik (maiz gertatzen direlako, eta emakumearengan sekulako ondorioak dituelako).
2008ko urtarrilaren eta urriaren artean egin zuten ikerketa, Basurtoko ospitalean. Horretarako, 136 emakume hartu eta bi multzotan banatu zituzten: multzo batean, perineo osatuarekin edo 1. graduko urradurekin erditze arruntak izandako emakumeak sartu zituzten; beste multzoan, ostera, episiotomiarekin edo 2. graduko urradurarekin erditze arruntak izandako emakumeak. Eta erditu eta urtebetera, emakume haiek zeukaten perineoko mina eta harreman sexualetarako zailtasunak neurtu zituzten.
Ondorioztatu zuten, erditu eta urtebetera, sexu-harremanak izateko zailtasun gehiago zituztela bigarren multzoko andreek lehenengokoek baino. Hain zuzen ere, episiotomiarik ez zuten emakumeek sexu-harremanetan asebetetasun hobea eta lubrifikatzeko, eszitatzeko eta orgasmora iristeko erraztasun handiagoa erakusten zuten episiotomia zutenek baino. Koito bidezko sexu-harremanetan, urradurarik izan ez zuten emakumeen % 2,6k sentitzen zuten mina; aldiz, episiotomia zuten emakumeen artean % 6,3k. Erditze instrumentalen kasuan, eragina are nabarmenagoa zen: emakumeen % 9,0k zuten mina.
Azken ondorio gisa, txostenak dio erditzean perineoan zenbat eta lesio arinagoa izan, orduan eta perineoko min txikiagoa izaten dutela emakumeek handik urtebetera eta sexu-harremanetarako zailtasun gutxiago izaten dituztela episiotomiadunek baino. Hori hala, ikerketa honek, episiotomiaren erabilera “indiskriminatua edo arduragabea” zalantzan jartzen du. Ondorioz, txostenaren egileek hainbat hobekuntza plan txertatzeko beharra aldarrikatzen dute, erditzeak artatzeari loturiko eguneroko praktika guztietan. Eta hainbat ikerketa ildo irekitzearen premiaz ohartarazten dute, hori bai, beti ebidentzia zientifikoetan oinarrituta.