Zer da eta zertarako da Mindfulness-a?
David: Ikuspuntu desberdinetatik uler daiteke Mindfulness kontzeptua: batetik, praktika bat da; bestetik, gogamenaren egoera bat; eta, azkenik, zientziaren ikuspegitik konstruktu bat da, besteak beste. Alderdi dibulgatibotik, oro har gogamenaren egoera bezala uler dezakegu.
Arreta Osoa litzateke Mindfulness kontzeptuaren euskarazko itzulpena. Izenak adierazi nahi du arreta orainera ekartzea, beti ere baldintza batzuetan: hain zuzen, onarpen eta irekiera barne-jarrera izan behar da orainean gertatzen den guztiarekiko, baita kuriositatea ere. Hori guztia entrenatu egiten da.
Gaur egun bogan dago gaia, batez ere alor akademikoak orain dela 15 urte serio hartu zuelako, ikerketa asko egin dituelako eta ikusi duelako erabilgarria dela hainbat testuingurutan. Ikerketaren eremuan, gaur egun 600-700 argitalpen agertzen dira urtero gaiaren inguruan; hori soilik aldizkari zientifikoak aintzat hartuta, liburuak eta liburuen kapituluak kontatu gabe. Ikerketaren erritmoa, beraz, izugarria da. Eta, horrekin, erabilgarritasuna erabat hedatu da, hamaika gauzetan erabiltzen da.
Normalean, Mindfulness ikastaroek 8 edo 10 asteko protokolo bati erantzuten diote. Hezkuntzara etorrita, protokolo hori aplikatzen ari dira irakasleen estresa kudeatzeko, baina ikasleekin ere erabiltzen da, baita hezkuntza komunitatean ere, familiekin landuz.
Zuen ikastarora etorrita, aipatzen duzue irakasleen “lan esparruko erronkak kudeatzeko tresnak” emango dituzuela, estresari aipamen berezia eginez. Ohikoak dira estres egoera horiek irakasleen artean?
Pello: Bizitza erritmoa azkartu egin da, eta hori eskoletan ere nabaritu
egiten da. Gainera, irakasleari gero eta gehiago eskatzen zaio. Lehen gehiago partekatzen zen heziketaren ardura, familiarekin eta komunitatearekin; esaten da lehen tribuak hezitzen zituela haurrak. Gaur egun ardura hori eskolaren eta irakasleen gain uzten da.
Horrez gain, administraziotik ere eskaerak gero eta handiagoak dira: berrikuntza egin behar da, formazioa ezinbestekoa da...
Bestalde, talde-ezaugarriak asko aldatu dira eta irakasleak ikusten du bere burua oso egoera desberdinetara moldatu beharrean. Irakasle batek esaten zidan moduan, “jakingo bazenu egun batean zehar zenbat erabaki hartu behar ditudan unean unean eta bat-batean!”. Agian aurrez planifikatu duzu zure lana, baina unean bertan ohartzen zara aldatu egin behar duzula egin beharrekoa; estresa sortzen duen faktoreetako bat da. Aldaketa horri jarrera egoki batetik erantzuten badiozu, agian hobeto kudeatu dezakezu egoera.
David: Uste dut badagoela beste aldagai bat ere, eta inportantea da: irakasleek autoritatea galdu dute, eta hori sozialki onartua dago gainera. Ondorioz, irakasleak denbora asko inbertitu behar du talde kudeaketan. Eta, tresna egokiak ez baditu, taldea kudeatzea oso zaila izaten da.
Zein tresna emango dizkiezue irakasleei?
David: Asko ikertzen dugu Bigarren Hezkuntzako irakasleen estresa,
eta, irakasle horiek adierazten digutenez, beraien lanak gehiago du taldearen kudeaketatik, jakintzaren transmisiotik baino; isiltasuna lortzea, adibidez, taldearen kudeaketarekin loturiko zeregina da.
Eman dezagun gaztelerazko gramatika irakatsi behar diezula ikasleei. Motibazio maila ikasleen aldetik 2 edo 3koa izan daiteke, 0tik 10erako tartean. Badituzu, beraz, motibaturik ez dauden 27 ikasle, beste barne motibazio batzuk dituztenak: bat bestearekin maiteminduta dagoela, besteak futbol taldean egon nahi duela… horiek dira beraien benetako motibazioak. Horren aurrean,
ikasleen arreta ikasgelara ekarri behar du irakasleak. Bada, ikastaro honetan erakutsiko dugu, hain zuzen, taldearen animo egoera nola kudeatu behar den.
Bestalde, esperientziatik ikasi dugunaren arabera, irakasleek beraientzat nahi dute teknika hau, beraien gogamena eta beraien nerbio-sistema kudeatzeko; alegia, ez taldea kudeatzeko soilik. Irakasleek, protagonista diren heinean, nahi dute sistema bat egunerokoan beraien erritmo altu hori kudeatzeko. Askok esaten dute: ikasgelarako oso erabilgarria da, baina batez ere guretzat”.
Gainera, optimizazio altuena eta merkeena irakasleak formatuz lortzen da, Linda Lantierik dioen moduan. Abiapuntua, beraz, irakasleak formatzea da: irakasleak berak bere arreta kudeatzen ikastea, eta, erabilgarritasuna ikusten duenean, ikasleei, gainerako irakasleei eta familiei
irakastea. Ez bada oinarri horretatik abiatzen, denbora-galtze bat da, ez dago hazirik eskola horretan Mindfulness-a lantzeko; bide zuzenena da irakasleria konprometitua egotea Mindfulness praktikarekin.
Formazio-saioan bi alderdiak landuko al dituzue? Alegia, batetik, irakasleei beraiei arreta osoko jarrera eraikitzen irakatsiko diezue, eta, bestetik, ikasgelan arreta osoa nola sortu, ezta?
David: Hori da. Saioan erakusten dugu bide desberdinetatik aplikatu daitekeela Mindfulness hezkuntzan: batetik, irakasleek beraientzat nola aplikatu ikasiko dute; eta, bestetik, Mindfulness praktikaren irakaskuntza-ikaskuntza prozesua ikasleen artean nola garatu irakatsiko diegu; Mindfulness-aren pedagogia edo.
Pello: Hezkuntzarekin lotuta antolatzen diren jardunaldietan gai asko egoten dira kudeaketa emozionalarekin lotuta: nola errekonozitu ikasleen emozioak, zein estrategia erabili ikasgelan emozioak lantzeko… Ia dena interakzioarekin lotuta egoten da. Falta da, ordea, barne-prozesua lantzea. Mindfulness-ek, hain zuzen, ematen du aukera barne-prozesu hori sendotzeko, zeuk errekonozitzeko zeure emozioak: irakasle bezala lanketa egin zuk zeuk, ondoren ikasleekin aplikatu ahal izateko. Hori oso ekarpen polita eta beharrezkoa da.
David: Psikoterapian, adibidez, teknika pila bat daude, baina ikerketetan ikusten den bezala, oinarrizkoena harreman terapeutikoa da: pazienteak psikoterapeutarekin sortzen duen konfiantzazko erlazioa, alegia. Hezkuntzan gauza bera gertatzen da: gakoa ez da gailua edo estrategia egokia erabiltzen jakitea; irakaslea desoreka emozionalarekin joaten bada ikasgaia ematera, ikasleek nabaritu egiten dute.
Beraz, galdetzen didatenean ‘zer egin behar dut egoki irakasteko?’, nire erantzuna izaten da ‘baliteke inbertsio onena izatea ordu laurden lehenago iristea eskolara, lasai asko jartzea leku diskreto batean, intimoago izateko, eta arreta jartzea arnasketan, besterik gabe’. Izan ere, 15 minutu horietan nerbio-sistema erregulatu egiten da eta gelara eramango duzun gogomen posizioa ez da berdina izango. Hori da ulertu behar dutena irakasleek: beraiek egiten duten barne-lanak besteengan ere inpaktu zuzena duela. Hori, edozein irakasgaitan: historia ikasgaia askoz kalitate handiagokoa izango da, irakasleak ariketa hori egin badu. Zer esanik ez 3 minutu badago ikasgela guztiak arnasean jartzen badu arreta, adibidez.
Nafarroako Villatuertan, adibidez, 3 urte daramatzate Mindfulness-a lantzen eskolan. Lehenengo urtean klaustroa formatu zuten; hauek, adibidez, bileren aurretik 10 minutu ematen dituzte isiltasunean arreta arnasean jarrita. Bigarren urtean, ikasle guztiak formatu dituzte. Hirugarrenik, aurten hasi dira hezkuntza komunitateari, gurasoei eta ingurukoei, Mindfulness-a eskaintzen. Gurasoek beraiek eskatu dute, ikusirik seme-alabek Mindfulness-arekin izan dituzten onurak. Proiektu oso interesgarria egiten ari dira, eta Mindfulness-a hiru eremutara zabaldu dute, zuzendaritzak serio hartu duelako gaia ikasketa proiektu gisa.
Nolakoa izango da ikastaroaren metodologia?
David: Batetik, gutxieneko oinarri teoriko batzuk emango ditugu Mindfulness-ari buruz, baita Mindfulness-a hezkuntzan aplikatzearen inguruan ere, nola landu eta sustatu daitekeen azalduz. Bestetik, hiru egunetan zertzelada moduan integratuko ditugu Mindfulness-arekin loturiko hainbat praktika: arreta mugimenduan, arreta osoa arnasketan, arreta gorputzean... Erakutsiko diegu nola egiten den, eta pautak emango dizkiegu nola irakasten den jakiteko, beraiek ere ikasleei edo beste irakasle batzuei irakasteko.
Ikasleekin aplikatzean, zein dira ikasgelan antzematen diren emaitzak, bai ikasleengan bai irakasleengan?
David: Praktikatzen duten irakasleen artean nabaritzen da estresa murriztu egiten dela eta ikasleekin hobeto konektatzen dutela. Horrekin batera, burn out-aren sintomak murriztu egiten dira, hala nola despertsonalizazioa, alegia, pertsonak objektu gisa ikustea, baita neke-emozionala ere. Lanarekiko motibazioa, aldiz, igo egiten da.
Ikasleengan duen eraginari dagokienez, ikerketa interesgarriak egiten ari dira. AEBetan, Pensilvaniako Unibertsitatean eginiko ikerketa batean ikusi zuten Mindfulness-a erabilgarria zela gela pro-sozialago bat sortzeko. Irakasleak 8 astez formatu zituzten, eta horrekin lortu zuten ikasleekin zuten erlazioa hobetzea eta konfiantza maila handitzea. Aldaketa handia egon zen,
era berean, ikasleen errendimendu akademikoan, honek gora egin baitzuen. Ikasleek beraiek Mindfulness formaziorik egin ez arren, emaitza horretaraino iritsi ziren. Ikerketek erakutsi dute adimen emozionalean eta sozialean askoz funtzionalagoa izan zela irakaskuntza-ikaskuntza prozesua beste taldeekin alderatuta.
Gela pro-sozialagoa lortzeaz harago, baditu bestelako onurak ikasleengan: batez ere, arreta hobetzen da, emozio zailak (haserrea, antsietatea, beldurra...) kudeatzeko orduan erraztasun handiagoa izaten dute, lasaitasun handiagoa, depresio maila baxuagoa...
Ikasleekin ari garenean, adin tartearen arabera egokitu egin behar al da metodoa? Izan ere, ez da berdina izango haur txikiekin edo nerabeekin aplikatu Mindfulness-a.
David: Nerabeekin gehiago luzatu ditzakezu arreta teknikak edo meditaziorako ariketak. Adin txikiagoko ikasleekin, gehiago erabili beharko duzu meditazio dinamikoa. Ikuspegi metakognitibotik, 9-10 urte baino lehenago ez da komenigarria pentsamenduarekin arreta osoa lantzea; nerabeek, aldiz, beraien pentsamenduak ikusteko gaitasuna dute, eta horrek lasaitasuna sortzen du: adibidez, pentsamendu zailak edo konfliktiboak gogamenean agertu egiten dira, unetxo batez gelditzen dira eta gero joan egiten dira, batez ere ez baditugu elikatzen.
Mindfulness-aren oinarri zientifikoak aipatu dituzue. Neurozientziak zein balio ematen dio Mindfulness-ari?
David: Ikerketa asko egin da, hala nola jakiteko Mindfulness-a egiten duten pertsonen nerbio-sisteman zer-nolako eragina duen. Neuroirudi teknika ezberdinen bidez ikusi da gertatzen diren aldaketak funtzionalak direla, hau da, fisiologikoki aldaketa bat dagoela, neurgarria dena. Adibidez, cortex-aren lodiera areagotu egiten da landu diren zonaldeetan. Eta hori, kontuan izanda Mindfulness programa gehienak 8 astekoak direla. Hori bai, azpimarratu nahi dut Mindfulness-a praktikatzen bada, egunero egin behar dela, bestela ez baitu eraginik; eraldaketa praktikaren bidez dator.
Pello: Askotan determinismotik hitz egiten dugu, ‘zure izaera holakoa da’ esaten dugu. Baina, badirudi, teknika desberdinen bidez egindako neurketen arabera, garunaren plastizitateak aukera ematen duela gauzak aldatzeko.
David: Laburbilduz, Mindfulness-ak nerbio-sistema erregulatzen du. Emozio positiboak sustatzen ditu, eta emozio zailak hobeto kudeatzen laguntzen du.
Adibidez, haserre bazaude ikasle batekin gatazka izan duzulako, haserre hori zure nerbio-sisteman eta zure gogamenean bakarrik existitzen da, hortik kanpo ez dago. Horren aurrean, Mindfulness-ak honakoa dio: gelditu, eraman arreta arnasketara eta gorputzera, eta saiatu sentitzen haserre hori non dagoen. Ez metaforikoki, baizik eta fisikoki zure gorputzean ze aktibatuta duen haserreak: tentsioa bularraldean, edo sorbaldan... Kendu pentsamendua erdigunetik, arreta bakarrik utzi, gorputzean jarrita. Horrela egonik, ikusten da nola nerbio-sistemak eta gogamenak bere kabuz kudeatu eta prozesatu egiten duen egoera.
Askotan ez diogu aukerarik ematen nerbio-sistemari autoerregulatzeko. Nerbio-sistemak badaki nola erregulatu gure emozioak, zauri bat azalean daukagunean gorputzak erregulatzen duen bezala. Izan ere, askotan arazoari buruz pentsatzen hasten gara, eta hori da egin dezakegun gauzarik txarrena; pentsatzea, bueltak eman eta eman, pentsamendu negatiboen kate bat eginez. Eztabaida batekin segi eta segi jarraitzen badugu, lortzen dugun bakarra da eztabaida edo gatazka luzatzea; aldiz, eztabaida prozesatu nahi baduzu, erabilgarria da besterik gabe pixka bat aldentzea eta arreta gorputzean jartzea, besterik gabe. Hori guztia irakasleei erakutsiko diegu.