NEREA REDONDO: "Norberaren esku dago ilusioz bizitzea"

2015-09-01
Motibatzeko era eta ideia desberdinak ezagutu eta praktikara eramateko aukera ematen du Nerea Redondo coach-ak ematen duen “Ilusioa mantenduz, motibatu!” ikastaroak. Motibazioa barne indarra da, zerbait egin eta lortzeko gogoa. Eta hori, adituaren esanetan, ikasi egin daiteke: “Bakoitzak bere burua ezaugutuz eta modu iraunkorrean praktikatuz eta praktikatuz”.
 
 
NEREA REDONDO: "Norberaren esku dago ilusioz bizitzea"
Nola manten daiteke ilusioa? Zer da motibazioa? Eta automotibazioa? Nola landu daitezke? Eta ba al da inguruko pertsonak motibatzeko modurik? Zer erreminta daude horretarako? Galdera horien inguruan gogoeta egiten eta erantzunak ematen saiatzen da Nerea Redondo Otamendi ­coach eta prestatzailea. 
 
Hainbat ikerketak diote pertsonek nahiz taldeek gauzak egiteko ­hiru motibo izan ohi dituztela: zigor ­edo mehatxuak, sariak edota automotibazioa. Eta, Redondoren ustez, hirugarren bide hori da, zalantzarik gabe, eraginkorrena, baliagarriena ­eta pertsona gehien asebetetzen dituena. Horrexegatik, norbera nahiz ingurukoak motibatzeko, kontuan ­izan beharreko hainbat gako ematen ditu Redondok. Haren esanetan, motibazioak edo automotibazioak zerbait egiteko gogoa esan nahi du. Barne-indarra da, inon saltzen ez dena ­eta inon erosi ezin daitekeena: “Ez dago makilatxo magikorik, baina barne-indar hori pitz dezakegu, eta baita landu ere, guztiok baitaukagu. Motibatuta bizitzen eta motibazioa erabiltzen ­ikas dezakegu. Nola? Berori identi­fikatuz eta iraunkortasunez prakti­katuz”.
 
Pertsonen motibazioaz mintzatu baino lehen, ordea, beste elementu bat izan behar da kontuan, adituaren arabera: gizakiaren funtzionatzeko modua, hain zuzen. Redondok azaldu duenez, pertsonak lau multzotan antolatzen dira: batetik, ez dakitenak eta ez dutenak jakin nahi; bigarrenik, ez dakitenak, baina jakin nahi dutenak; hirugarrenik, dakitenak, baina ez dutenak jakin nahi; laugarrenik, dakitenak eta jakin nahi dutenak. Baina, hark dioenez, pertsonak ez daude une oro multzo horietako batean, baizik eta, unearen nahiz egoeraren arabera, multzo batean zein bestean ­egon daitezke. “Pertsonok desberdinak gara, eta, gainera, Koldo Saratxagak esan ohi duen moduan, egunero gara desberdinak. Horregatik diot pertsonak ez garela era batekoak edo bestekoak, baizik eta, lau egoera horiek daudela jakinik, une bakoitzean multzo batean edo bestean kokatzen garela”.
 
Bakoitzak bere burua motibatzerakoan nahiz besteak motibatzerakoan, garrantzi handikoa da pertsona hori non dagoen konturatzea, horren arabera erabili beharreko estrategiak era batekoak edo bestekoak izango baitira. Esate baterako, lehen multzokoekin, hau da, ez dakitenekin eta jakin nahi ez dutenekin, bi aukera izan daitezke: albo batera uztea eta haiek inplikarazten ez saiatzea, edota “ez dakite, baina jakin nahi dute” multzora igaro daitezen ahalegintzea. Eta nola egiten da hori? Redondok argi dio: “Pertsona horiek multzo horretan egoteko benetako arrazoiei arreta jarriz, haien baldintzapenak zeintzuk diren ulertzen saiatuz, egiazko tresnak emanaz, ezagutza haiekin partekatuz, pertsona horien jarraipena eginez… Eta benetan ikusiz ‘ez daki, baina jakin nahi du’ multzora pasa ote daitezkeen”. 
 
Aldiz, bigarren multzokoekin, hau da, jakin ez baina nahi dutenekin, errazagoa da motibazioa lantzea. ­Izan ere, “jarrera irekiagoa daukate; beraz, horiekin nahikoa izan liteke prestakuntza ematea, baliabideak eskaintzea, ezagutza partekatzea, parte sentiaraztea…”.
 
Hirugarren multzoan dauden pertsonak izan daitezke zailenak motibazioa sustatzeko orduan, jakin bai baitakite, baina ez baitute nahi. Redondok azaldu duenez, pertsona horiek nahi ez izateko dituzten arrazoiak ­ikertzen saiatzea komeni da kasu horietan, une horretan zerk arduratzen dituen ikertzea, pertsona horien barne-indarretan sakontzea.
 
Azkenik, dakitenen eta jakin nahi dutenen multzoa dago. Lehen begiratuan, errazenak dirudite, baina, coacharen iritziz, horiekin ere garrantzi handikoa da motibaziorako bideak jorratzea. Izan ere, une horretan laugarren multzoan egon arren, barne-indar hori elikatu ezean, baliteke denborarekin beste multzo batera igarotzea.
 
Redondoren irudiko, garrantzitsua da pertsona bat une edo egoera bakoitzaren aurrean zein multzotan dagoen jabetzea. Horrek pertsona horrekin zer tresna erabili jakiten lagundu baitezake. “Ez du guztientzat gauza berak balio, bakoitza egoera batean dagoelako. Baina, normalean, denei gauza berbera eskaintzen diegu. Une horretan, nahi duenak eta dakienak edo nahi duenak eta ez dakienak erantzungo du, baina besteek ez; eta, orduan, frustratu eta desmotibatu egingo gara, eta ilusioa galduko dugu”. 
 
Alferrak vs. langileak
 
Pertsonak lau multzo horietan antolatzen dituen teoriaz gain, pertsonen izaera deskribatzeko bi modu sendo daude, Redondoren esanetan. Bataren arabera, pertsona, oro har, ­alferra da, eta ahalik eta gutxien egiteko joera dauka, zama guztia besteen gain uztekoa. Beraz, pertsonekin ­edota pertsonez osatutako taldeekin, kontrol-ikuspegi batekin jokatu behar da. Beste ikuspegiaren arabera, berriz, pertsonak lanerako jarrera ­izan ohi du, ekintzarakoa, parte hartzekoa. Bigarren uste horren alde egiten du Redondok, eta, zentzu horretan, galdera bati erantzuten saiatzen da: zer egin dezakegu, pertsona horien automotibazioa eta motibazioa bultzatzeko? Ikastaroan landuko dituen lau gako aipatzen ditu Redondok: talde-lana, komunikazioa, proaktibitatea eta planifikazioa.
 
Talde-lana eta komunikazioa  estuki lotuta hautematen ditu adituak. Batetik, hark dio taldean lan egitea eta multzoan lan egitea ez dela gauza bera, eta horren kontzientzia hartzea garrantzitsua dela. “Leku batean lau pertsona egonagatik, ez du esan nahi taldean lanean ari direnik”. Bestetik, berriz, talde-lan horretan komunikazioak berebiziko garrantzia hartzen duela gaineratzen du: “Nola entzuten dugun, nola ematen ditugun iritziak, nola egiten kritikak, nola banatzen ditugun lanak, nola esaten dugun zer dagoen ondo eta zer gaizki…”. Talde-lana eta komunikazioa gakoak iruditzen zaizkio coachari, automotibazioa eta motibazioa lantzeko. Izan ere, taldeko kide sentitzen denak barne-indar hori askoz errazago identifikatu eta landu ahal izango du. Era berean, aintzat hartua sentitzen dena, estimatua sentitzen dena eta bere iritzia emateko aske sentitzen dena talde-lanean gusturago ariko da, eta, beraz, automotibatuagoa eta moti­batuagoa egongo da.
 
Proaktibitatea pertsonek funtziona­tzeko duten jarrerari esaten dio Redondok. Haren hitzetan, pertsona baten jarrera proaktiboa edo erreaktiboa izan daiteke. “Jarrera erreaktiboarekin funtzionatzen dugunean, geure burua baldintza­tzen dugu. Sinesmen izan daitez­keenak benetako egia balira bezala hartzen ditugu, eta horrek zuzenean eragiten digu, ekiteko edo urratsak egiteko unean. Aldiz, jarrera proaktiboarekin jokatuz gero, emaitzak askoz ere eraginkorragoak izango dira, eta zure esku egongo dira”. Adituaren ustez, pertsonek arduragunearen baitan (erreakti­boki) edota eragingunearen baitan (proaktiboki) funtziona dezakete. Eta pertsona bakoitzak erabakitzen du, bere kasuan, gune bakoitzaren tamaina zer-nolakoa izango den. Horrexegatik da garrantzitsua jabetzea une bakoitzean pertsona zer guneren baitan —kezkarenean edo erabakitasunarenean— ari den jokatzen, eta erremintak izatea eremu batetik bestera igarotzeko, hau da, erreaktibotasunetik proak­tibotasunera pausoa emateko.
 
Azkenik, planifikazioa dago. “Bizitzan egiten ditugun gauza guztietan funtsezkoa da jakitea nora goazen”, zehaztu du Redondok. Izan ere, haren hitzetan, argi eduki behar da zein den helburua, edozein gauza planifikatzeko orduan. “Motibatuta egoteko, oso garrantzitsua da nora noan jakitea. Hala, beti edukiko baitut horra iristeko xedea, indarra, gogoa, nahia, ametsa, desira…”. Baina helburu handi horretara iristeko, helburu txikiak zehazteak duen garrantzia ere azpimarratzen du, helburu txiki horiek izango baitira pertsona pixkanaka moti­barazten dutenak. Planifikazio horren baitan, helburuak —handiak nahiz txikiak— konkretuak, neurgarriak eta era baikor batean idatziak izan behar dutela dio adituak. Eta, azkenik, helburuak lortu ahala, erdiespen horiek ospatzeko gomendatzen du, bes­tela, askotan “ez baitugu gauzak lortzen ditugulako kontzientziarik izango”.
 
Motibazioa lantzeko balio duten tresnak
 
- Hizkuntza.  Hitz egiteko moduak pertsona erabat aktibatu edota erabat baldintzatu dezake, Redondoren esanetan, eta adibide bat jartzen du: “Demagun lanerakoan autobusak alde egiten digula eta kexuka hasten garela, ‘kaka zaharra, zergatik gertatu behar izan zait hau niri, berandu iritsiko naiz lanera, hau desgrazia bat da…’. Horrelako hizketa moduak energia negatiboa ematen digu, umorea aldatzen digu, gauzak egiten jarraitzeko gure gogoa aldatu egiten du, desmotibatu egiten gaitu. Gauza batzuk ezin dira aldatu: autobusak alde egin digu, eta horrek ez du atzera bueltarik; baina, horren aurrean, era bateko edota besteko jarrera har dezakegu. Kanpoko faktoreak ez daude gure esku, baina jarrera bai”.
 
- Jarrera sortzailea.   Pertsona bat arazo baten aurrean korapilatu egin daiteke, edota konponbidea bilatzen saia daiteke, modu sortzaile batean. Hortaz, Redondoren gomendioa argia da: ez zentratu arazoan, baizik eta soluzioan.
 
- Besteen ideiak edo iritziak onartu eta balioestea. Jarrera hau oso aberasgarria dela eta motibazioa indartu egiten duela dio Redondok. “Pertsona batzuek besteen iritzi eta ideiei hasieratik ‘ezetz’ esaten diete. Etengabe ezetzean bizi gaitezke, ‘ez, ez, ez…’, baina zergatik ez? Des­berdina izango da, ez da zure ideia izango, baina zure ikuspegia osa dezake. Pertsona batek lortzen duenean esatea ‘bai, aurrera, egin, eta egin nik egingo nukeenaren desberdin’, izugarri irabazten du”.
 
- Norberak bere buruari eta besteei galdera interesgarriak egitea. Zerbait berria ezagutzera bideratutako galderei esaten die Redondok “galdera interesgarriak”. Haren esanetan, adibidez “zergatik” galdera egiteak ez dio aterik irekitzen ezer berriari; aldiz, “zertarako” galdetzeak gauza berriak aurkitzeko bidea eman dezake. Eta, hori argitzeko, alde egin duen autobusaren adibideari heltzen dio: “Neure buruari galde diezaioket ea zergatik egin didan alde autobusak, baina horrek gurpil gaizto batean sarraraziko nau: ‘zergatik ez naiz azkarrago ibili? Zergatik ez naiz lehenago jaiki? Zergatik ezin izan dut haurra bizkorrago eraman haur-eskolara?...’ Aldiz, ‘zertarako egin dit alde autobusak?’ galdetzen badiogu geure buruari, soluzioaren bidean jarriko gara agian: ‘hurrengoan lehenago aterako naiz etxetik, aurreko egunean telebista ikusten geratu beharrean ohera joango naiz…’ eta horrelakoen bidean”. Bestetik, galdera interesgarria izan dadin, erantzun irekia izan behar duela dio Redondok, “bai” edo “ez” motako galderek ez baitute ezer berririk erakusten.
 
- Inguruko ohiturak zalantzan jartzea.   Redondok dioenez, beti horrela egin izana ez da nahiko argudio hemendik aurrera ere horrela egiten jarraitzeko. “Norabait ideia berri batekin joatea eta ‘ez, hemen beti horrela egin da, eta horrela jarraituko dugu’ erantzuna jasotzea baino ezer gutxi dago desmotibagarriagorik”. 
 
- Ekarpen guztiak kontuan hartzea.  “Pertsona helduek, esperientzia handia dutenek, beti arrazoi dutela pentsatu ohi dugu”, dio Redondok, eta sineskera hori deseraikitzeko proposamena egiten du. Izan ere, haren esanetan, gerta liteke esperientziadun pertsona horrek denbora luzez “jokabide desego­kiarekin” jardutea; aldiz, ikuspegi desberdina duen esperientziarik gabeko pertsona batek ekarpen interesgarriak egin ditzake. Horreta­rako, irakurtzea, beste kultura eta herrialdeen berri izatea, kanpoko ikuspegiak ezagutzea… oso aberas­garria iruditzen zaio Redondori. 
 
- Isiltasun edo bakardade uneak aprobetxatzea.  Redondoren irudiko, pertsonak bakardadean edo isilta­sunean dauden une horiek ere oso boteretsuak izan ohi dira, eta norbe­raren mesedetan erabiltzea komeni da. “Adibidez, kontura gaitezke gaur taldean ikasle bat isilik egon dela. Horren aurrean, esan dezakegu: ‘alfer hutsa da, ez du inoiz parte hartzen’. Baina arreta jar diezaioket, eta isilik egoteko arrazoiak bilatzen saia naiteke;eta, segur aski, begirada aldatuko dut kasu horretan, eta askoz ondorio baliagarriagoak aterako ditut”.
 
- Gauzak norberaren plazerarengatik egitea. Sarri, gauzak besteak ondo sentiarazteko edota onarpen baten bila egiten ditugula dio Redondok, eta, horren ordez, gauzak norbera­gatik, norberaren  plazererako eta norberaren  barne-indar horrengatik egiteko proposatzen du. “Gauzak besteek emango diguten erantzuna­gatik egiten ditugunean, beste horiek gure ekimena balioesten ez badute, frustratuta eta desmotibatuta senti gaitezke; aldiz, nahi dugulako eta geure buruaren gozamenerako egiten baditugu, besteen erantzunak ez digu horrenbeste axolako, eta motibatuago eta ilusio handiagoz biziko gara”.