Joseba Tapia: "Gogoa pizteko eta belarria lantzeko tokia izan behar luke musika eskolak"
Eskolarik onena umeak dantzaldietara, festetara, kontzertuetara... eramatea izan daitekeela uste du Tapiak, hor sortzen baita musikarako grina: “Zaila da lau pareten artean, eskolako klaseetan, ezer piztea”.
Herri-musikaren esparruan musika klasikoa irakasteko pedagogia bera ezartzen ari direlako kezkaturik dabil aspalditxoan Joseba Tapia, uste baitu haur askok nerabezarora iristen direnerako musika gorrotatu egiten dutela. Horrexegatik, patroi zaharrak alboratu eta herri-musikari-autodidaktaren egiteko-erari begiratzea proposatzen du: “Klase honetako musikaria soinu tresnatik abiatzen da, eta belarria, begirada eta intuizioa erabiltzen ditu sormenerako”.
Musika irakaskuntzaren inguruan hausnartzen diharduzu azken urteetan eta horren inguruko hitzaldiak ere eman dituzu. Zerk bultzatuta?
Herri musikaren irakaskuntzan dabiltzanen kexek eta kezkek bultzaturik hasi nintzen zer edo zer zirriborra-tzen. Trikitixa elkartearen ekimena izan zen hasieran eta gero lan bat argitaratzeko proposamen bat izan nuen trikitixa mundutik. Horretan ari naiz.
Musika-eskoletan zer nolako tokia egiten zaio sormenari?
Ez dugu musika eskolen profila egin, eta beraz, ezin dut galdera zehatz erantzun. Beste herrialdeetako eskoletan ikusi ditugunak eta bertakoetan gertatzen diren hainbat kontu ekarri dugu eta konparaketa egin dugu. Ez gara mundu klasikoan sartu. Herri musiketan, eta soinu tresna popularretan zentratu dugu begirada. Orain arte nola eta non ikasten zuten, zein ziren beren koordenadak, autodidaktaren lan egiteko modua, sormena, musikaren izaera ezberdina... ikertu ditugu. Atera dugun ondorioa da musika ulertzeko, lantzeko, bizitzeko modu erabat ezberdina duela klase honetako musikariak. Soinu tresnatik abiatzen da; belarria, begirada eta intuizioa erabiltzen ditu sormenerako. Hasieran kopiatu egiten du, berrekarri ikusitakoa, entzundakoa. Horretan sakondu ahala trebetasuna lor-tzen du. Gero, entzundakoa berehala ekartzen du eta erreproduzitzen du. Azkenean, bere tresnaren mapa barneratua dauka eta doinu berriak, bira berriak, sortzeko gaitasun handiagoa hartzen du.
Autodidakta horien egiteko-eran oinarrituz landu daiteke, hortaz, haurraren sormena?
Autodidaktak etengabe sormenean jartzen du bere burua eta belarria. Ikusitakoak liluratu egiten du eta bere tresnara ekartzen saiatzen da. Galdera da liluratu nola egiten ote den ikasle bat. Hor ere kanpora egiten den begirada oso argigarria suertatzen da. Aztarna asko atera daiteke norbere esperientzian eta beste diziplinatan gertatzen dena aztertzetik. Ez naiz ausartzen haurren kasuan musika lantzeko moduak nolakoa izan beharko lukeen esaten. Zer nahi dugun zehaztu behar dugu lehenengo, horretarako zein oztopo dauzkagun, eta, azkenik, metodologia bat sortzea interesgarria litzateke. Aipatzen ari garen musika ulertzeko eta lantzeko beste modu hori ekarri nahi dugu ikastetxeetara: belarria erabiliz eta autonomiaz, autodidaktaren egiteko-era erakustea. Uste dugulako azkarragoa eta praktikoagoa dela modu “zahar-berri” hori. Eta, bide batez, frustraziotik aldentzeko bide bat izan daitekeelako.
Zein metodologia aurreikusten duzu horretarako? Oztoporik bada?
Materialik eza litzateke oztopo bat. Musika eskola askotan ezinezkoa da horrelako aldaketarik proposatzea, patroi zahar eta klasikoetan irakaskuntza astun bat hobesten dutelako. Adinaren arabera egin beharko genuke metodologia. Zer egin nerabezarora iritsi arte? Bost, sei, zazpi urterekin nola hasi? Gutxienekoa zer den zehaztu beharko genuke. Niretzat gutxienekoa nerabezarora gogoz iristea izango litzateke. Nola? Pentsatu, sortu, probatu egin beharko dugu.
Ezaugarri bereziren bat izan behar luke?
Mailaketa bat egin beharra dago, nola ez. Musika eskolen filosofia eta metodologia eskola klasikotik datorrena baldin bada, konturatu gara askotan talka egiten duela herri musikarekin, xede ezberdinak dituztelako batak eta besteak. Musika eskola klasikoak interpreteak sortzeko pentsatuta daude. Herri musikan ari direnak ez dute orkestra batean jotzeko eskaintzarik izaten. Arraroa litzateke. Ez da horretarako erabiltzen musika klase hori.
Herri-musikak entsegu lokaletatik musika eskolara egin duen bideak kezka sortzen dizu. Zein alde dago akademiako teknikaren eta herri-musika ikasteko teknikaren artean?
Batentzat partitura eta solfeoa da garrantzitsuena eta bestearentzat belarria. Belarri ona izatea ezinbestekoa da herri musikarentzat. Hori ez da irakasten musika eskoletan. Musika eskolak bere filosofiara ekartzen du: bai tresna bai estilo ezberdina. Denentzako botika bera aplikatzen du. Baina emaitzak ikusi ondoren, alferrikakoa dela esango nuke. Musika eskola hauetan musika irakasteko modu berriak eta ezberdinak landu beharko lirateke.
Modu berri eta ezberdin horien adibiderik jar dezakezu?
Adibidez, aurrez aurreko ikasketa. Lehengoek horrela egiten zuten; ikusi eta ikasi. Kontua da erraztasuna eduki behar dela horretarako. Gakoa horretan legoke, erraztasun hori nola landu, belarria nola ernarazi. Hori lortuz gero gogoa ez dago esnatu beharrik, bera pizten da.
Helduok hausnartzen al dugu umeari eskaintzen diogun musikaz? Eta musika hori emateko moduaz?
Familia bakoitzean egoera ezberdina izango da. Askotan eskolarik onena dantzaldiak, kontzertuak... ikustera joatea da. Hor sortzen da musikarako grina. Zaila da lau pareten artean, eskolako klaseetan, gogo hori piztea.
Askotan gurasoak dira haurrak musikan izena ematea erabakitzen dutenak. Sarri, baita zein instrumentu ikasiko duten ere. Zer egin horren aurrean?
Rock munduan edo trikitixa munduan zer pasatzen den ikusteak balio lezake. Hasteko adina. Noiz hasten dira rock taldeetan gazteak? Nerabezaroan. Musikari gehienek nerabezaroan hautatu dituzte beren instrumentuak, nahiz eta txikiagotan besteren batekin hasi. Datu interesgarria da. Nerabezaro aurretik zer egin? Horixe da antolatu beharko genukeena. Bat izan liteke lehen aipatu dudana; kontzertuak, festak, kantaldiak ikustera eta horietan parte hartzera eramatea geure haurrak. Eta musika eskoletan klasikoak eskain-tzeko modutik urruntzea eta beste ildo pedagogiko batzuk ekarri eta probatzea.
Nerabezaroa iruditzen zaizu musika era akademikoan ikasten hasteko adin egokia. Zergatik?
Beharbada pertsonaren garapenarekin lotua dago. Garai honetan hasten dira gazteak beren hautuak egiten. Lagunek eta lagunartean gertatzen denak garrantzi handiagoa hartzen du. Askotan familiarekin tal-kak gertatzen dira. Hemen hasten dira festak, musikak eta parrandak... Musikarekiko tratua aldatu egiten da. Akademiak hausnarketa egin beharko luke honetaz guztiaz.
Irakasle asko kexu dira musika-eskolak haurrak “aparkatzeko” toki bilakatu direla. Horren aurrean bada irtenbiderik?
Beste batzuek haurtzaindegi bilakatu direla diote. Niri ez dit kalterik egiten titulu horrek. Izan daitezela haur-tzaindegi bereziak, haurtzaindegi musikalak. Horri buelta ematea da nik proposatu nahiko nukeena. Gogoa pizteko eta belarria lantzeko tokia izan ote litekeen musika eskola. Nik horren alde egingo nuke apustu.
Oraintsu arte, musika ikastea umetatik hasitako diziplina eta konstantzia zorrotzarekin lotu izan da. Errealitatean, ordea, badira adibideak gaztetan instrumenturen bat jotzen hasi eta musikari profesional bilakatu direnenak.
Bai, kasu asko ezagutzen ditugu. Horrek esan nahi du musika eskola horietatik kanpo badagoela musika ikasteko modurik eta norberak bere kasa edo lagunekin ikasten duela. Niri esperientzia horiek interesatzen zaizkit. Izan liteke musika eskoletara ekarri genezakeen formularen bat. Autodidaktaren formulak dira azken finean. Belarriz eta arakatuz; belarritik tekladura, harira, tresnara eta alderantziz. Horretarako belarria zenbat eta erneagoa eduki, orduan eta hobe. Bere tresnaren mapa hain barneratua edukita eta belarria erne, azkar eta zehatz sortzen edo ekar-tzen du musika, horretan ari denak. Izugarria da horrek sortzen duen plazera, ziurtasuna, autonomia...
Zeure kasua ere antzekoa da. Umetan soinu handia ikasten hasi zinen, baina nahiko agudo handia utzi eta txikia hartu zenuen osaba Eleuteriorekin plazetan eta erromerietan aritzeko. Harengandik ikasi zenuen, batean eta bestean joz, esperimentatuz… Nolako prozesua izan da zurea?
Nire kasua beste askorena bezalakoa da. Oso gazterik hasi ninduten solfeo eta soinu kromatikoarekin. Asko kostatzen zitzaidan eta aldapa gora izan zen niretzat eskola hura. Ahal nuenetan nire kasa aritzen nintzen. Baina nire irakaslearentzat atzerapausoa zen hura. Paperetik nahi zuen, eta ez belarritik. Hamabost urterekin aitari ultimatuma bota nion esanaz soinu handirik ez nuela nahi eta trikitixa nahi nuela. Amore eman behar izan zuen.
Trikitixaren esperimentatzaile eta eraldatzaile nagusi izan zara Euskal Herrian. Zer-nolako tokia izan du zure ibilbidean sormenak?
Musikan gabiltzanok ondo jotako tresna guztiekin maitemintzen gara. Gainera erraztasuna izan ohi dugu beste tresnak jotzeko orduan, gure belarriari esker. Azkenean ausartu ere erraz egiten gara edozer jotzera. Musika eskoletan zailagoa izaten da hori. Bat hautatu behar da eta harekin betirako. Hor ere musika eskolak egin lezake aurrerapenik. Beste instrumentuekin esperimentatzea, norberaren instrumenturako ere, oso egokia da. Ohitu beharko genituzke gure haurrak tresna ezberdinekin zerbait jotzera, baina modu ez akademikoan, oso zorrotzak izan gabe.
Musika eskolako irakasle izana zara. Hasi zinenetik hona musika irakasteko moduan aldaketarik egon da?
Herri musiketako tresnak sartu dira musika eskoletan. Lehen ez zen ez trikitixarik, ez gitarra elektrikorik, ez albokarik irakasten. Teorian irekiagoa da gaurko musika eskola, baina gero, zalantza dut irakasleak gauza berrietara prestatuta dauden. Nolanahi ere, herri musiketan belarria behar da eta ez hainbeste solfeoa. Baina belarria lantzeko ez dago inolako eskolarik.
Behin eta berriz aipatzen duzu belarria lantzearen garrantzia. Eman dezakezu horretarako orientabiderik?
Belarria landuta edukitzeak, lehen aipatu bezala, onura handiak ekartzen dizkio tresnarekin ari denari. Ondorioa berehala ikusten delako, funtzionatzen duelako. Belarria lantzeko moduak ez dauzkagu sailkatuta eta mailakatuta. Baina errepikapena eta probak egitetik letorke lanketa hori. Hasieran errepikatu, gero bakarrik utzi. Nahasten denean eta kontura-tzen denean nahastu dela, konturatuko gara belarria esnatzen hasi zaiola. Horrela, partiturari itxaron gabe, iniziatiba propioarekin ikastera darama belarriak musikaria.
Erromeria eta dantzaldi gidatu ugari egina zara batean eta bestean. Musikak dantzarekin lotura estua du. Haurren kasuan, biak batera lantzeak logikarik baluke?
Okerrena da haurrek zuzeneko festak eta dantzaldiak ez dituztela ezagu-tzen. Horrek musika eskoletako programa barruan egon beharko luke, eta festa horietan egon beharko lukete haurrek. Musika, dantza eta kanta batera doaz. Hiru norabide horiek lotura dute eta elkar elikatzen dute. Tresna bat ikasteko garaian elkarrekin egon behar lukete. Dagokion testuinguruan errazago, motibatuago transmititzen da musika. Haurrek aurrez aurre ikusi, entzun, gozatu behar dute, bai erromerietan, kontzertuetan, festetan... Jotzen ari denaren gozamena, dan-tzan ari denaren plazera... Begira dagoena kutsatu egiten da. Baina agian gurasook ez dugu nahi gure haurrak musikarekin gehiegi kutsatzea ere!
Musika dantzarekin ez ezik, hitzekin hertsiki lotua ematen da sarri. Horretan ere baduzu zuk esperientzia. Musika eta hitzen arteko uztarketa horrek haur eta gazteen sormenari beste leihoren bat ireki diezaieke?
Dudarik gabe. Kantua ezinbestekoa da. Nerabezaroa baino lehen landu genezakeen atala da kantuarena. Ohitu behar ditugu haurrak kantatzera. Belarriarentzat ezinbestekoa da. Errepertorio tradizionala ezagutzeko balioko luke. Dibertigarria izan liteke, eta beste gauza batzuk ikasteko ere balioko luke. Kantuetan eskolako gai guztiak dauzkagu, matematika, natur zientzia, etika, geografia… Eta lotsak etorri baino lehen ikasleak ohitura hartzea aurrerapen handia litzateke. Nerabezaroan lotsak hasten dira eta gehienek uko egiten diote kantatzeari. Beraz, aurretik mugitu behar da.
Herri musika eta kontserbatorioa, dantza tradizionala eta eskolak, ahozkoa eta literatura… Zein transmisio-eredu behar lukete haurrek?
Erreforma handia eskatzen du horrek. Kezka sortu zaigu. Kanpoko ereduak ikusten ari gara. Eta metodologia bat sortu beharra dago. Baina hain konplikatua ere ez du ematen. Intuizio pixka bat, irudimena erantsi eta aurrerapen handiak egin geni-tzake. Bokazioa behar da eta modu berriak probatzeko ausardia eta ilusioa. Plazera, gozamena bilatu behar dugu. Sinplifikatu irakaskuntza. Oso konplexua bihurtu dugu azkenerako. Irudipena dut teoria asko eta praktika gutxi egiten ote dugun eskoletan. Buelta eman behar zaio horri. Zuzeneko musiketan sortzen den giroa, elektrizitatea, sormena... hori nola ekarri musika eskoletara. Horretarako orain artekoa, hori bizi dutenek nondik sortu duten, nondik elikatu diren, nola ikasi duten aztertzea bururatu zaigu. Gero horren gainean sortu beharko genuke metodologia. Egiteko dago. Guri bokazioa zuzenekotik sortu zitzaigula esango nuke. Musika eta festa horren presentzia handia eduki genuen gure inguruan suertez. Besterik ez dut ezagutzen.
Zuk zeuk botatako galdera, zeure-tzat: teknikoki ez ezik, ideologikoki ere prestatu behar ote lituzke musika-eskolak haur eta gazteak?
Eskoletara ekarri beharko genukeen beste atala, hitz egitearena, konpartitzearena litzateke. Eztabaidak piztea. Irakasle eta ikaslearen arteko distantzia txikitu. Denok ikasten dugu denokin. Ikasi baino gehiago jo egin behar dugu, gozatu eta konpartitu. Esatea errazagoa dela esango du norbaitek, baina gauza berriak probatzeak merezi duelakoan nago.