Dibortzioa: bide berri bat hasten da
Bikote-harremana hausten da dibortzioarekin, baina baita familia-egitura bera ere. Familia eta bertako kideen arteko harremanak modu berri batean antolatzeko unea da. Seme-alabek gurasoekin harreman osasuntsua eta lotura-afektibo sendoak mantentzeko, gakoa izango da gurasoek bikote-arazoetatik at uztea seme-alabak.
Bi pertsona helduk askatasunez eta errespetuz erabakitzen dute beraien arteko bikote-harremana etetea; edo, hala behar luke behintzat. Printzipioz, bi pertsona helduren arteko afera da, beraz, dibortzioa edo banaketa. Biren arteko arazoei erantzuten die, biek adostutako soluzioa behar luke. Baina, bi pertsona horiek seme-alabak izan badituzte beren harremanean zehar, bestelako osagaiak hartu behar dira kontuan biren arteko zirudien ekuazio horretan.
Bi heldu horiek hartutako erabakiak bete-betean eragingo du seme-alabek ordu arte ezagutu duten bizimoduan eta familia-harremanetan. Bi helduren arteko afera horren lekuko dira, bai banaketa aurretik, bai ondoren; lehen lerroko ikusle isil batzuetan, obra azken lerrotik sumatzen urruneko testigu besteetan. Baina, beti egongo dira hor, bi heldu horien erabakiek beraien egunerokoari, bizimoduari eta familia-harremanei zuzen-zuzenean eragingo die.
Izan ere, bikote-harremanaz gain, ordu arteko familia-egitura ere hausten da dibortzioarekin. Familia, eta bertako kideen arteko harremanak modu berri batean antolatu behar dira dibortzioarekin bat. Egoera berri batera egokitu eta erlazio-bide berriak asmatzeko unea da.
Eta, aurretik zer?
Baina, haustura hori, bikote-harremanarena nahiz familia-egiturarena, noiz hasten da? Bikoteak erabakia hartzean? Seme-alabei jakinaraztean? Edo lehenagotik dator? Psikologoa da Pilar Legarra eta urte luzeetako esperientzia du bitartekari-lanak egiten dibortzio-prozesuan dauden bikoteekin. Bere esanetan, gehienetan dibortzioa ez dute gustuko seme-alabek, “ia beti da izorramendu bat haurrentzat”; baina sarri, ume horrentzat arazoak edo gorabeherak lehenago hasten dira. Izan ere, Juan Carlos Alonso haur psikologoak dioen bezala, “batzuek uste dute beraien haurrak ez direla enteratzen bikote-harremanean dauden arazoez, baina haurrak ikusi egiten ditu gure jarrerak, hitz-doinuak, gauza asko sumatzen ditu komunikazio ez-ahozko horretan eta intuitzen du zerbait gertatzen dela. Okerrena da badakitela zerbait ez dagoela ondo, baina ez dakitela zer gertatzen den”. Gainera, gurasoen arteko gatazka nabarmena denean, eta seme-alabak liskarren eta eztabaiden testigu diren kasuetan, “kontuan izan behar dugu seme-alabak eredu horretan ari direla hezten: gatazkak egoki bideratzen asmatzen ez dugun testuinguru batean ari dira beraien heziketa-prozesua gara-tzen”, dio Alonsok. Ildo horretatik, haurrek dibortzioaren aurrean duten erreakzioan, eragin zuzena izango du gurasoen hartu-emanaz zuten pertzepzioak, Legarraren ustez: haurren ustez gurasoek harreman ona zuten, edo oso giro txarra zegoen etxean?
Azken kasu horietan, bai Alonso bai Legarra bat datoz esatean haur horientzat “lasaitasuna, bakea” dakarrela banaketak. “Dudarik gabe, kasu batzuetan dibortzioa egoera onuragarria da. Imajinatu mundua haur baten altueratik ikusita: bi heldu, han goian, eguna joan eta eguna etorri borroka batean; etxera joan eta tentsioa sumatzea. Norbaitek egoera gatazkatsua bizi baldin badu etxean, azkenean biolentzia-egoera bat da, eta dibortzioak lasaitasuna ekartzen du, momentu txar batzuei amaiera ematen die. Biolentzia-egoera horiek, bizipen horiek, dibortzioa bera baino askoz mingarriagoak izan daitezke eta eragina dute seme-alaben garapen emozionalean”, dio Legarrak.
Ildo beretik mintzo da Alaitz Garmendia psikologoa ere. Honek dibortzio-prozesuen inguruko ikerketa egin du, eta dibortziatutako bikote askoren seme-alabak ekarrizketatu ditu. “Gurasoen arteko arazoak nabariak direnean, haurrek sufritu egiten dute, eta, modu batean edo bestean, eskatu ere egiten dute dibortzioa. Ekarrizketatu ditudanetako askok ‘a ze bakea!’ zioten, gurasoak bananduko zirela jakitean”, dio.
Dena dela, Alonsoren ustez, haur horiengan “anbibalentzia emozionala” sortzen da. Alde batetik lasaitasuna sentitu arren, era berean tristezia edo frustrazioa eragiten die ordu arteko familia-egitura apurtu egingo dela jakiteak.
Gurasoen arteko arazoen jakitun izan ez diren haurrengan, alegia, etxean nolabaiteko giro ona mantendu den kasuetan, tristezia edo frustrazio sentsazioa are nabarmenagoa izan ohi da. Legarraren esanetan, “ume horientzat dibortzioa bonba bat da: beraien inguruan dena mugitzen ari da, mundua gainera datorkie”.
Nola sentitzen da haurra?
Frustazioa, antsietatea eta intseguritatea. Dibortzio aurreko arazoak arazo, ondorenean sentimendu horiek oso ohikoak dira haurrarengan. “Pasa beharreko dolua” deitzen dio Alonsok, “gainditu beharreko krisia” Legarrak.
Arrisku sentsazioarekin lotura du antsietateak, eta beldur irrazionalen ernamuina izan daiteke. “Haurraren kezka nagusia da ‘zer gertatuko da orain nirekin?’ Irrazionalki beldurra du bakarrik gelditzeko, inork ez duela zainduko pentsatzen du, edo ez dutela maiteko...” Izan ere, haurrak “bere bizimoduan bermatuta behar ditu zaintza, maitasuna eta babesa”, dio Alonsok. Ildo horretatik, umeak oso kezka praktikoak agertu ohi ditu dibortzioaren aurrean. Bere kezka nagusiak izan ohi dira eguneroko errutinarekin loturikoak. “Gurasoek umeari dibortziatuko direla jakinaraztean espero dute haurrak modu dramatikoan erreakziona-tzea. Baina galdera praktikoak egiten dituzte: ‘zeinek prestatuko dit gosaria aurrerantzean?’ edo ‘zeinek jasoko nau arratsalean eskolatik ateratzean?’ Mundua haurraren altueratik ikusi behar da, eta berarentzat garrantzitsuena da zeinek zainduko duen, zeinek babestuko duen”, dio Legarrak.
Dena dela, bi psikologoek dioten moduan, “hauek ez dira matematikak”, eta, ondorioz, gerta daitezkeen balizko ondorio eta erreakzioez mintzo dira, ez gertatuko direnez. Dibortziatutako familia eta hori bizi izan duten umeak zenbat, hainbeste erreakzio izan ohi dira. Hala ere, gerta daitezkeen balizko ondorio horiek adinaren arabera sailkatzen dituzte Psikologian.
Haurra oso txikia denean, gorpu-tzaren bidez azaleratzen du bere antsietatea edo ezinegona. Horrela, loarekin edo jatearekin loturiko arazoak sor daitezke, adituen arabera. Horretaz gain, atzerapausoak egin ditzake bere garapenean, batik bat autonomiarekin lotuta: zenbaitetan eskatzen dute janzten edo jaten laguntzeko, edo esfinterren kontrola galtzen dute atzera ere.
3 urtetik 7 urterako bidean, berriz, umea fase egozentrikoa deritzon horretan murgiltzen denean -zeinetan bere burua ikusten duen guztiaren protagonista gisa- gerta daiteke umeak bere burua jartzea familian gertaturiko krisi horren erdigunean: alde batetik, uste dezake bere jokamoldean egon daitekeela gertatu denaren errua, eta, adituen esanetan, kulpa-sentimendua garatzen du horrelakoetan; baina, era berean, pentsa dezake bere jokamoldean egon daitekeela konponbiderako giltza. Horregatik, zenbaitetan uste izaten dute zintzo portatuz gero, agian gurasoek berriro helduko diotela bikote-harremanari. Izan ere, zenbaitetan gurasoak elkartzeko fantasia hori oso presente izaten dute; dibortzioa ukatzera ere irits daitezke.
Puntu honetan, bai Legarrak bai Alonsok garrantzia handia ematen diote umearekin izan beharreko komunikazioari. Erru-sentsazioari dagokionez, Legarraren esanetan “beti nabarmendu behar dugu dibortzioa helduen gaia dela, ez duela zerikusirik seme-alabekin”. Gurasoak berriz elkarrekin ikusteko fantasiari dagokionez, aldiz, “argi utzi behar zaie erabakia definitiboa dela, ez direla bueltatuko. Sekula ez eman umeari espektatiba faltsurik. Izan ere, gezurrak gauza bat dakar: mesfidantza”.
Bide horretatik, garrantzitsua da aurretik adostea zer esango dioten. Alonsoren ustez, “akordioa da hitza. Askotan galdetzen didate ea dibortzioaren zergatia azaldu behar al zaien. Kontuz horrekin, ez baita erraza gurasoak ados jartzea zergatik dibortziatzen diren esatean. Umeari seguritatea eta lasaitasuna emango dion azalpen bat adostu behar da”. Akordio horren baitan, gurasoek prest egon behar dute haurrek egin ohi dituzten galdera praktikoei erantzuteko; non biziko diren, nork jasoko dituen eskolatik, zein egunetan egongo diren gurasoetako bakoitzarekin... “Hartu dituzten erabaki horiek azaldu egin behar zaizkio umeari. Azaldu behar zaio garbi etorkizunean nolakoa izango den bere bizimodua”, dio Legarrak.
Bestalde, adostutako mezu horren baitan, oso inportantea deritzote bikote-harremanean egon daitezkeen arazoak alde batera utzi eta elkarren papera babesteari. “Adibidez, ezin diogu gertatukoaren errua gurasoetako bati bota, hori sekula ezin dezakegu egin”, dio.
Ildo horretatik bereziki azpimarra-tzen dute seme-alabei dibortzioaren albistea bi gurasoek elkarrekin ematearen garrantzia, une berean. Horretarako, momentua bera ere aukeratu egin behar da: “Asko azpimarratzen diet gurasoei: esan behar diete biek, momentu berean, eta momentu hori bilatu egin behar da. Esaterako, ez da gomendagarria albistea gauez ematea, eskolara joan bezperan, gaua traketsa izango baitute. Bilatu dezagun horretarako momentu bat.”
Era berean, eman beharreko azalpena umearen adinaren arabera egokitu behar da. Alonsoren ustez, esaterako, 7 urte arte, oraindik pentsamendu magikoa indartsu dagoenean eta alde arrazionala, aldiz, ez hainbeste, azalpenak bihotzetik bihotzera ematea oso garrantzitsua da, berak ulertuko dituen mailan. “Zer esaten diogun baino garrantzitsua da nola esaten diogun, adin batzuetan komunikazio intuitiboa oso presente baitago”. Horri lotura, Alonsoren ustez umeak gurasoak ondo, sendo, ikusteko premia izaten du, “gutxieneko kontrol emozional batekin. Ezin diogu esan dena ondo joango dela, negarrez ari garen bitartean”.
Gainera, ume askorentzat lehen esperientzia da zeinetan ohartzen diren maitatzeari utzi diezaioketela bi pertsonak, eta horrek beldurra eragiten die: ‘ni maitatzeari ere utziko ote diote?’, galdera hori sor-tzea haurrarengan ohikoa da. “Adierazi behar zaie gauza bat dela bikote baten artean dagoen maitasuna, eta hori batzuetan amaitu egiten dela, eta beste gauza bat dela gurasoek seme-alabekiko duten maitasuna.
Garbi utzi behar zaie gurasoek sekula ez diotela utziko seme-alabak maitatzeari, hori ezinezkoa dela. Segurtasun hori bermatu behar zaie”, Legarraren esanetan. Bestalde, lehen une horretan jasotako informazioa agian denborarekin ez da aski izango haurrarentzat, eta segur aski galdera gehiago sortuko zaizkio adinean aurrera egin ahala: “Jakinmin hori asetu behar da, ezin diegu ‘azaldu nizun bere momentuan’ esan”.
Eta, “maiteko ditugula bermatzen badiegu, praktikotasun aldetik erantzun baldin baditugu, eta gai bagara adinean aurrera doazen bezala gauza gehiago azaltzen joateko… hori ondo egiten badugu, haurrek ondo onartzen dute egoera. Askotan harritu egiten gaituzte”, dio Legarrak.
Fase egozentriko horretaz harago, nerabezaroan edo horren atarian, berriro ere dibortzioak sorturiko ezinegonak, haurtzaroan bezala berriro ere gorputzean izan dezake isla, adituen arabera: bakoitzaren irudi korporala onartzeko zailtasunak, arazoak sexu identitateari dagokionez… Maila emozionalean, aldiz, batzuetan gerta daiteke autoestimu falta agertzea eta leialtasun-konfliktoak sortzea nerabearengan: “Gurasoetako batekin ondo daudenean, bestearekiko desleial sentitzen dira, eta alderantziz. Emozionalki estresa sortzen die horrek”, Legarraren esanetan. Hori gainditzeko ezinbestekoa dute gurasoen laguntza: “Argi utzi behar zaie beraiek bi gurasoak maite behar dituztela, eta lasai sentitu behar dutela horrekin”.
Doluak denbora behar du
Gurasoentzat kezka eta sufrimendu erantsia da haurra triste edo gaizki ikustea, baina egoera arrunta dela onartu behar da. Haurraren dolua errespetatzea beharrezkoa da: gainditzeko espazioa eta denbora eman behar zaie. “Eta, bitartean, adi egon behar dugu ea zer adierazten duen, eta sentitzen duena azaleratzen lagundu, hitzak jarri bere emozioei”, Legarraren esanetan. Izan ere, onuragarria ere izan daiteke kanpora ateratzea dibortzioak eta familia-harremanetan izandako aldaketek eragin dieten frustrazioa. Alonsoren ustez, kezkagarriagoa litzateke haurrarengan inolako emoziorik ez balu sortuko: “Lotura afektiboen falta erakuts dezake, edo arazo baten isla izan”.
Baina helduek “ondo egiten badute beraien lana”, alegia, haurrak ez badituzte bikote-harremanaren erdian sartzen, “dena ondo joango da”, Legarraren iritziko. Dibortzioaren umeak bezala ezagutzen diren haur eta nerabe gatazkatsuak “ez dira dibortziogatik trakestu”. Horrelakorik gertatzen bada, “izan da gurasoak ez direlako gai izan bikote-harremanean nahiz guraso-harremanean dituzten arazoetatik kanpo uzteko beraien seme-alabak”.
Bikote-harremana vs. guraso harremana
Hain zuzen ere, seme-alabak bikote- eta guraso-harremanean egon daitezkeen arazoetatik kanpo uztea gakoa da haurrak garapen emozional egokia izateko eta gurasoekiko lotura afektibo osasuntsuak mantentzeko. Izan ere, zenbaitetan, bereiziki gurasoen arteko harremana gatazkatsua izan baldin bada, gertatu ohi da gurasoek bien arteko mezulari lanetarako erabiltzea haurra; edo haurrari beste gurasoari buruzko informazioa ateratzeko galderak egitea. “Horrelakoetan umea hautsi egiten da. Ia-ia matematikoa da: kasu horietan dibortzioak ondorioak sortuko ditu ume horren jarreran”. Garmendia ere bide beretik mintzo da: “Ikasi behar dute guraso rolak eta bikote rolak bereizten. Bikote-hausturaren dolua pasa egin behar dute, eta guraso rolean zentratu”.
Bestalde, bai Alonsok bai Legarrak, biek ezagutzen dituzte kasuak zeinetan seme-alabek gurasoetako bat errefusatzen duten dibortzioaren ondoren. Zenbaitetan, gurasoa arbuiatze horren jatorria haurrari dibortzioak eragindako barne-amorruan egongo da, bere bizipenekin eta gurasoekin izan dituen lotura-afektiboekin lotuta. Baina bada biek aipatzen duten beste fenomeno bat: gurasoen alienazioa delakoa. Kasu horietan “gurasoetako batekiko amorrua ez da haurrak bere bizipen eta emozio propioetatik sortua, beste gurasoak egindako lanaren ondorioa da. Segur aski bere frustrazio propioak haurrarengan islatu dituelako gertatu da”, Alonsoren esanetan.
Bide beretik mintzo da Legarra ere. Dibortzioan, bikote-harremana eteterakoan, gurasoetako bat nolabait galtzaile sentitu bada, gerta daiteke bestearekiko sentitzen duen amorru horren ondorioz “seme-alabak bestea gorrotatzera bideratzea. Bera guraso hobea dela demostratzeko, bestea aita edo ama txarra dela demostatzen saiatzen da”. Horretarako, “agian umeari ez dio jakinaraziko beste gurasoak deitu egin duela berataz galdezka, beti botako dio errua eta hark gaizki egindako guztien berri emango dio haurrari. Sortzen du umearengan beste gurasoaren irudi txarra, guraso desastrearena. Denborarekin, maite zuen guraso hori gorrotatzera irits daiteke umea. Hau ez da hilabete batean egiten, pixkanaka baizik, eta harrigarria da zer-nolako haustura afektiboa sor dezakeen haurraren eta errefusatutako gurasoaren artean”.
Egoeraren larritasuna dela eta, horrelako kasuetan adituen interbentzioa beharrezkoa dela uste dute: “Horrek haurrari azaro psikikoak sortzen dizkio eta tratu txartzat edo abusu emozionaltzat har daiteke”. Gauzak horrela, kasu horietan ezinbestekoa deritzote mezu negatiboak igortzen ari den gurasoak laguntza psikologikoa jasotzeari.
“Normalean haurrekin lan gutxi egin behar izaten dugu, eta gurasoekin, berriz, itzela”, Alonsoren esanetan. Izan ere, gurasoek “inoiz baino egonkortasun psikologiko handiago” behar dute. Bere gurasoak aurrera egiteko jarrerarekin ikustea behar du umeak. Dena dela, horrek ez du esan nahi ezin dituztenik gurasoak triste ikusi, “baina inola ere ez emozionalki txikituta”.
Zer behar dute gurasoen aldetik?
Dibortzioak aldatu egiten du familia-egitura, eta erronka berri baten aurrean uzten ditu familiako kideak: nola egokitu beraien arteko harremanak? Batik bat haurren eta gurasoen arteko harremanak osasuntsua izaten jarraitzeko eta lotura afektiboak indartsu mantentzeko, hain zuzen ere bi gurasoen arteko harremana izango da gakoa; askatasunez bikote-harremana eten dute, orain familia-harremanak estu mantentzea dagokie.
Esperientziak gauza bat nabarmenki azaldu dio Legarrari: “Dibortzio ondoren gurasoak gai baldin badira errespetuzko harremana manten-tzeko, seme-alaben hezkuntzaz eta garapenaz elkarrekin erabakitzeko, ume horiek ez dute inongo arazorik izango. Gurasoek garbi izan behar dute haustura bikotean eman dela, ez guraso mailan; hor lotuta egotera behartuak daude, eta beraien seme-alabei errespetua, heldutasuna zor diete”.
Bestalde, haurrek gurasoekin eguneroko harremana behar dute, bi gurasoak behar dituzte beraien errutinan. Baina, bibortzioaren ondorioz, seme-alabekin egunerokotasuna gal daiteke, partzialki bada ere, eta beraien errutinetatik kanpo gelditu. Legarraren ustez, seme-alabekin harreman normalizatu bat izateko, nola edo hala haurraren egunerokoan presente egotea ezinbestekoa da: astean bizpahiru alditan eskolara bila joanda, eskolaz kanpoko jardueretara eramanda edo etxerako lanak egiten lagunduz…
Garmendiak elkarrizketatu dituen dibortziatuen seme-alabek ere ildo beretik hitz egin dute: “Beraien-tzat gakoa ez zen dibortzio aurreko egoera, ezta hori oso gatazkatsua baldin bazen ere. Inportanteena beraientzat ondoren gurasoekin izan zuten harremana izan zen. Bi gurasoak presente egon baziren, banaketaren pertzepzioa askoz positiboagoa zen”.
Dena dela, Legarraren esanetan, “egoera berri baten aurrean denoi kostatzen zaigu egokitzea, gure umeei zer esanik ez. Dibortzio ondorena beti da une garratza, eta hori ere bizi behar dute, aurrera ondo egiteko. Utzi behar diegu hori bizi-tzen, eta ondoan egon laguntzeko”.
Zaintza partekatua, arau orokor
Joan den ekainaren 30ean, Zaintza Partekatuaren Legea onartu zuen Eusko Legebiltzarrak, eta, ondorioz, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan urritik aurrera zaintza partekatua izango da arau nagusia dibortzio kasuetan, seme-alaben zaintzari dagokionez. Alegia, haurren zaintzaren ardura bi gurasoek %50ean partekatuko dute, biek batera kontrakorik eskatzen ez duten bitartean. Bi gurasoak ados jarri eta horrela eskatzen duten kasuetan soilik egingo du epaileak zaintza monoparentalaren alde. Modu horretan orain arteko egoera irauli egin da; izan ere, orain arte bi gurasoek eskatzen zuten kasuetan egiten zuen epaileak zaintza partekatuaren alde.
Pilar Legarra psikologoak urte luzetako esperientzia du dibortzio-prozesuan dauden bikoteetan bitartekari-lanak egiten, eta ez du uste eredu bat bestea baino hobea denik bere horretan, baizik eta familia bakoitzaren egoeraren eta ezaugarrien arabera erabaki behar da, bere ustez, zein den aukerarik egokiena: zaintza bi gurasoek partekatzea edo zaintza osoa gurasoetako baten esku uztea. “Ikusi egin behar da kasuz kasu ea guraso horiek umeen heziketan, garapenean eta etxeko ohituretan zenbateko inplikazioa izan duten ordu arte. Oso garrantzitsua da dibortzio aurreko egoera aztertzea”, dio.
Horregatik, eredua familia bakoitzaren neurrikoa izatea denez gomendagarriena, Legarraren ustez egokiena da familiak berak erabakitzea zein zaintza-eredu nahi duen seme-alabentzat, erabaki hori epaileen eta arau orokorren esku utzi baino. Horretarako, bitartekari-tza-lanaren garrantzia azpimarratu du: “Iruditzen zait bitartekaritza dela eredu bat oso egokia, zeren gurasoei ematen die ardura: beraiek hartu behar dituzte egokiak diren erabakiak, beraiek ezagutzen baitute ondoen beren familiaren egoera”. Epaitegietara joz gero, aldiz, “familia horren bizimoduari buruz ezer ere ez dakien epaile batek erabakitzen du, eta normalean eredu orokor baten alde egiten du, baina agian ez du balio etxe horretarako. Azken finean, beste batek erabakitzen du zure bizitza”.
Gainera, epaitegietako auzi-prozesuetan gurasoen arteko harremana trakestu egin daiteke, eta, beraz, azken aukera izan beharko lukeela dio: “Bat irabazle bezala ateratzen da, eta bestea galtzaile sentitzen da. Horrek emozionalki sortzen duen haustura gainditzea oso zaila da”.
Bitartekaritza-prozesuetan, aldiz, akordio bat sinatzen dute bi bikotekideek, eta ondoren hitzarmen hori epaileak berresten du. Aurrez, fiskalak aztertzen du haurren eskubideak bermatzen dituela akordio horrek.
Ikuspegi horretatik, urritik indarrean dagoen Zaintza Partekatuaren Legeak ez du bermatzen epaileak familia bakoitzaren egoera ezagutu eta horretara egokituko duenik bere erabakia, eta, alde horretatik, legea hankamotz ikusten du Legarrak. Dena dela, “printzipioz zaintza-partekatuaren oso aldekoa” dela dio, beti ere gurasoen arteko harremana egokia den kasuetan, bestela zain-tza partekatua aurrera eramatea “oso zaila” iruditzen zaiolako.
Modu desberdinetara partekatu daiteke zaintza: umeak astebete gurasoetako baten etxean egin dezake, eta beste astebete beste gurasoaren etxean; edo, ordu arte partekatutako etxebizitzan geratzen da haurra, eta gurasoak dira, aste batean bai bestean ez, haurrarekin elkarbizitzera etortzen direnak. Edozein eredutan, Legarrak ezinbesteko bi elementu aipatzen ditu: komunikazioa eta antolakuntza. Izan ere, demagun ordu arte bizitoki izan duten etxebizitzan geldituko dela haurra, eta gurasoak mugituko direla astero: “Berriro ere guraso horiek espazio amankomun bat partekatzen dute, eta arazo asko ematen ditu. Adibidez, espazio horretan dagoen bitartean, gurasoetako batek ekar al dezake berarekin bikotekide berria?”. Horretaz gain, praktikotasunetik sortzen dira arazoak: “Batek etxea garbi utzi zuen eta zikin aurkitzen du itzultzean; edo garbigailua hondatu da gurasoetako bat zegoen bitartean, eta beste gurasoak errua harena dela uste du eta ez du berria ordaindu nahi… Tentsioak sortzen dira harremanean, eta pena da. Gainera, ekonomikoki gaitasuna izan behar dugu eredu hau mantentzeko. Izan ere, non biziko gara espazio komun horretan ez gaudenean?”. Beste ereduak ere, zeinetan umea izango baiten astero etxez aldatuko dena, antolakuntza eta komunikazioa derrigorrezko osagaiak izango dira: “non izango ditu umeak, adibidez, asteazkenetan egiten duen igeriketa-saiorako arropak? Maleta prestatu behar diogu astero, edo bi etxeetan izango ditu bere gauzak?”
Hala ere, modu egokian kudeatuz gero, eredu aproposa izan daitekeelakoan dago Legarra: “Zaintza partekatuak bi gurasoekin harreman estua mantentzeko aukera ematen du; zaintza monoparentalean, aldiz, afalordua, oheratzea… Egunerakotasun hori ia erabat galtzen du bietako batek. Asteburuetan bakarrik ikusten badu umea, harreman hori jada ez da naturala, nolabait esatearren. Guraso bat aisialdirako da, eta beste gurasoak, aldiz, izugarrizko zama darama”, dio. Izan ere, gizartean maiz haurren zaintza eskuratu duen gurasoa irabazle gisa ikusten den arren, bere egoera “gogorra” izan daiteke: “Momentu askotan erabakiak hartu behar dira eta bakarrik sentitzen dira. Gogorra da umearekin bakarrik bizitzea”. Zaintza ereduak eredu, hori partekatu edo gurasoetako batek hartu, Legarraren ustez gakoa da “elkarrekin kafe bat hartu eta gure umeen arazoetaz hitz egiteko gaitasuna izatea”.