Richard Gerver: "Ikaslea ahalduntzeko ideia izan behar dugu oinarri eskoletan, eta ez kontrolarena"

2015-12-22

Erresuma Batuko Grange eskolaren zuzendari izanik, hezkuntza-eredua irauli zuelako, eta berritzaile izateagatik, nazioartean erreferente bilakatu da Gerver. Erresuma Batuko Gobernuaren Hezkuntza aholkularia izan zen Tony Blair-en garaian. Gaur egun, berriz, munduko hamaika bazterretan ibiltzen da heziketaren inguruko hitzaldiak ematen. ‘Creating tomorrow’s schools today’ liburua idatzi duelako ere lortu du ospea irakasleak. Joan den ikasturtean Saviak BECen antolatutako jardunaldian haren hitzaldia entzun ondoren, Internet bidez egin dio elkarrizketa ‘hik hasi’-k. Ikasleengan arreta osoa jarri behar dela dio eta eskola uztean bizitzan aurrera egiteko beharreko gaitasunak izango dituztela bermatu behar duela eskolak.

 
 
Richard Gerver: "Ikaslea ahalduntzeko ideia izan behar dugu oinarri eskoletan, eta ez kontrolarena"

Ezaguna zara mundu osoan, Grange eskolan zuzendari zinela egindako proiektuagatik eta lortutako emai-tzengatik. Erresuma Batuko eskolen artean % 10 txarrenen artean egotetik % 5 onenen artean egotera igaro zarete urte gutxiren buruan. Zein izan da horren guztiaren gako nagusia?

Egiaz, gure arreta osoa amaigabeko politika eta ideietan jarri beharrean ikasleengan jartzen hasi ginenean hasi zen guztia. Askotan, presiopean aritzen dira eskolak, gobernuaren edota eskola-elkartearen presiopean, ikuskaritzaren edo gurasoen presiopean; eta horrek esan nahi du xede edo euskarri nagusia, ikaslea, ahaztu egiten dela askotan. Horrixe heldu genion zuzenean, eta ikasleengan eta haien beharretan jarri genuen gure arreta osoa; eskola uzten zutenean bizirik irauteko ez ezik, aurrera egiteko ere behar izango zituzten trebetasun eta gaitasunak eskura zitzaten ahalegindu ginen. Haientzat garrantzitsua izango zen curriculum baten garapenari eman genion lehentasuna; testuinguru eta esperientzia ugari bildu behar zituen curriculum horrek, eta ikaslearen adimena ez ezik, ikaslea bere osotasunean ere garatu behar zuen. Gogor lan egin genuen, gure ikasle guztien asmo, balio eta helburuak beren zentzu osoan garatzeko konpromisoa hartuko zuen eskola bat eraikitzeko.

Eskola goitik behera aldatu beharra zegoela ikusi zenuten. Zein izan zen inflexio-puntua?

Eskola “porrot” egiten ari zen; azterketen emaitzak oso eskasak ziren, eta tokiko gobernuak eta gobernu horretako adituek etengabe esku hartzen zuten, arrakastarik gabe gehienetan. Eskola-elkartean, konfiantza maila urria zen; irakasleak haserretuta eta eszeptiko zebiltzan, sindikatuetan buru-belarri batzuk, eta estresatuta beste batzuk. Huts egiten ari zen erakunde bat zen, langileak ez baitziren ahaldun eta profesional sentitzen; haiek eta ikasle zein gurasoek autoestimu txikia zuten. Esperan-tzarik gabe zeuden guztiak. Horrek esan nahi zuen ezelango sistemarik eta egiturarik antolatzen hasi aurretik jendeak eraikitzeko duen gaitasunean jarri behar genuela arreta. Eta horretan hasi ginen.

“Creating tomorrow’s schools today” liburuan diozu aldatzeko ezinbestekoa dela konfiantzan oinarritutako kultura izatea eskolaren esparruan.

Erakunde batean kultura berritzaile eta dinamiko bat sortzeko, alde batera utzi behar dituzu goitik beherako zuzendaritza- eta lidergo-ereduak; langile guztiek profesional direla sentitu behar dute, eta badutela ekarpenen bat egiteko. Baina hori gerta dadin, hau da, ikerketak, lankidetzak eta sormenak aurrera egin dezaten, segurtasunezko inguru eraikitzaile bat izatea ezinbestekoa da, konfian-tzan oinarritutako ingurune bat eska-tzen du horrek. Eta hori ez da inolako mantra leun eta liberala. Nik bikaintasuna eskatzen nien denei etengabe, bikaintasuna barnean hartzen zuen kultura bat eraiki nahi nuen. Baina, horretarako, premisa batetik abiatu nintzen: ingurune seguru eta konfiantzazko batean jendeak bikaintasunez lan egiten duela. Horrexegatik, esperotakoa betetzen ez zenean soilik esku hartuko zen.

Eskola askotan kontrakoa gertatzen da. Halako bikaintasun bat onartzen zaie sistemei; eta kultura horietan, zuzendaritzak eta lidergoak uste sendo batean oinarrituta egiten dute aurrera: arrakasta lortzeko, jendeak kontrolatuta egon behar duela, hain zuzen. Baina horiek oso antzinako pentsamoldeak dira, eta pentsatzeko modu horrek ez dio uzten komunitateari garatzen eta bere burua zuzentzen.

Zer prozesuk eraman du Grange eskola Erresuma Batuko eskola onenen artean kokatzera?

Deskribatu ditudan arrazoi guztiek eraman dute toki horretara. Igurikimen handiko kultura bat garatzen baduzu eta kultura horrek bikaintasuna, profesionaltasuna eta ahalmena dituela onartzen bada, etengabe garatzeko eta berritzeko gai den komunitate iraunkor bat sortuko da. Ikasleak zure orbitaren erdigunean daudela ziur bazaude, eskola bikaina sortu ahal izango duzu benetan, haur horiek merezi duten eskola.

Zure liburuan irakur daitekeenez, aldaketa egiteko, ideia nagusi bat hartu duzue oinarri Grangen: pertsonak heztera bideratu duzue prozesua, ez ikasleak edo etorkizuneko langileak prestatzera. Hala da?

Bai, halaxe da. Gure zeregina ez da robotak edo izaki berdin-berdinak sortzea; gure zeregina gazte jendeari laguntzea da, gero eta konplexuagoa den etorkizun batean garatzeko gai izango den konfiantzazko pertsona izaten laguntzea. Haur horiek helburu eta asmo horiek beren zentzu eta sakontasun osoan garatuz heziko direla ziurtatu behar dugu, eta, aldi berean, ziur izan behar dugu tokiko komunitateko, nazioko eta mundu osoko herritar gisa duten balioaz jabetu behar dutela. Ondo zehaztu gabeko etorkizun baterako prestatzen lagundu behar diegu haurrei; mundu horretan, ekintzaile gisa pentsatzeko eta jokatzeko eskatuko zaie gure haurrei; aukerak identifikatu beharko dituzte, eta, beren trebetasun, interes eta ahalmenetan oinarrituta, onena emateko adorea izan beharko dute.

Irakasgaietan zentratutako irakaskuntza alde batera utzita, gaietan zentratutako hezkuntza hartu duzue ardatz Grangen, gaitasunen garapenean oinarrituta. Azal dezakezu hori?

Bada hor ideia nagusi bat: irakaskuntza tradizionalaren zati handi bat abstraktua da; irakasgaiak irakasten ditugu beti; bereizitako entitateak. Baina bizitza ez da horrelakoa; gaitasun handiko pertsonek gaitasun horiek eta beren ezaguera erabiltzen dituzte, diziplina batetik bestera aldatuz. Gako diren irakaskuntza motak identifikatuz planifikatu behar genuke gure irakaskuntza; eta, gero, horiek guztiak bateratu behar genituzke, partekatutako gaitasun eta esperientzietan, irakaskuntza horiek bide praktiko errealetan txertatzeko; horrela, ikasleek argiago ikusiko lukete irakasten zaien hori baliagarri zaiela, bai orain eta bai etorkizunean. Hori ondo eginez gero, gai ginateke ez soilik gure ikasleengan helburu eta asmoen zentzu sakon bat gararazteko; horrekin batera, gai izango lirateke ikasleak gaitasun eta ezaguera konplexu eta aurreratuak xurgatzeko, modu bizkorrago eta eraginkorrago batean.

Lau adar zituen zuek diseinatutako programak: komunikazioa, ekintzailetza, kultura eta ongizatea. Zergatik? Zein dira horietako adar bakoitzaren ezaugarriak?

Subjektuekin ondoen konektatuko zuen curriculum-hurbilketa bat egin nahi genuen, funtsezkoa den irakaskuntza garatzeko eta, horrela, gure ikasleei beren etorkizunerako ahalik eta abilezia onenak eskaintzeko. Izan ere, badugu uste sendo bat: etengabe aldatzen ari den mundu honetan, gure ikasleek eskolatik irteten direnean komunikatzeko gaitasun handiak, espiritu ekintzailea eta kulturen ikuspegia nahiz ezagutza badituzte eta, oro har, ongizate fisikoa eta mentala izatearen garrantzia ondo ulertzen badute, aukerarik onenak izango dituzte eskueran beren bizitzetan. Ohiko irakasgaiak lau esparru horietan multzokatu genituen, horietako bakoi-tzean irakasgai bat hartuta gunetzat: komunikazioaren bihotza irakurketa eta idazketa izango ziren; ekintzailetzarena, aritmetika; eta kulturarena, zientzia. Gai izan ginen orduan gai multzoak eraikitzeko lau arlo horietan; eta, horrela, curriculum osora iristea eta jarraikitasuna bermatu ahal izan genituen.

“Ikaskuntza partekatua” ere garrantzi handia ematen diozue Grangen. Zergatik?

Lankidetza da ziurrenik ikaskuntza eta garapenerako prozesu garrantzi-tsuena, hezkuntzan ez ezik baita haren inguruan biltzen den eremu osoan ere. Lankidetza funtsezkoa izango da etorkizunean. Sormena eta berrikun-tza ez dira bakarkako denbora-pasak, eta ezinbestekoa da guk gure ikasleak ez bakartzea eta garapena bakarkako prozesu gisa ikusten ez dutela ziurtatzea.

Bestetik, IKTak irakasgai batean landu beharrean, tresna gisa lantzen dituzue, ezta? Zer-nolako tokia egin diezue IKTei Grangen?

Bai. IKTak ez dira irakasgai bat; aitzitik, gure bizitzaren zati dira, eta, areago, gure haurren bizitzaren zati. IKTak eskolan lehenengoz agertu zirenean, ia inork ez zituen eskura teknologia berriak etxean, eta, beraz, funtsezkoa zen ikasleei ordenagailuak zer ziren eta zer egin zezaketen irakastea; baina oso aspaldiko kontuak dira horiek. Orain, gure bizitzan txertatuta dago teknologia digitala; Gooble, Twitter, Facebook edo adimendun tresnarik gabeko mundu bat inoiz ezagutu ez duen lehen belaunaldia da gure umeena. Hortaz, IKTak edozeren osagai dira, eta bada gauza bat ezin ahantz dezakeguna: gure ikasleek guk baino askoz sen handiagoa dute, teknologia hori erabiltzeko orduan. Aurrera begira ere eskolak errealak eta garrantzitsuak izatea nahi badugu, hori onartu beharra daukagu.

Ikasleek euren denbora librean egiten dutenari garrantzia eman nahi izan diozue Grangen. Nola ulertzen duzue hezkuntza ez-formala, eta nola uztar daiteke hori hezkuntza formalarekin? Zer egin duzue horretarako Grangen?

Ikasten ari gara egun osoan eta egunero, eskolan egon edo ez, eskolako adina izan edo ez. Gure bizitzako lehen bost urtean bizitza osoan ikasiko duguna baino gehiago ikasten dugu; derrigorrezko hezkuntza hasi baino lehen, alegia. Hezitzaile garen aldetik, gure zeregina, gure xede etikoa, ez da soilik gure ikasleak azterketetarako prestatzea, beren bizitzak bizitzeko prestatzen laguntzea baizik. Eta hori ez da soilik ikasgela batean egin dezakegun zerbait. Ikasleak eskolan egiten duen minutu bakoitza ikaskuntza-esperientzia bat da, ikasteko aukera bat; eta, beraz, ahalik eta gehien egin behar dugu ildo horretan, izan hezkuntza formaleko formatoan nahiz ez-formalekoan.

Heziketa emozionalak zer toki bete du aldaketa horretan?

Gure ikasleek beren munduan arrakasta izan dezaten, beste ezer baino lehen, adimentsuak izan behar dute esparru emozionalean. Gaur egungo konpainia handienek argi esango dizute: langileen arteko baliorik garrantzitsuenak pertsona arteko harremanetarako trebetasunak dira. Kontzeptu hori ardatz hartuta diseinatu genuen gure filosofia osoa. Gure ikasleek ikaskuntzan esanguratasun osoz parte hartu behar badute, beraientzat garrantzia izan behar du ikaskuntza horrek, kitzikagarria izan behar du; nor eta zer diren eta nor eta zer izan daitezkeen pentsatzen jartzen direnean, konfiantzaz jokatzen eta positiboak izaten lagundu behar die. Haurrak beren osotasunean hezi nahi ditugu, eta ez dugu soilik lepo gainean duten horretan zentratu nahi.

Grangen, ahalegin handia egin duzue ikaskuntza erreala izan dadin eta haurren munduarekin, esperientziekin eta interesekin konektatuta egon dadin. Nola lortu duzue hori?

Bizitza erreala erreproduzitzen duten esperientziak sortuz. Haur txikienek asko ikasten dute, eta neurri batean rol-jokoetan buru-belarri sartzen direlako gertatzen da hori. Oso ikaskuntza aberatsa eragiten du horrek, esperientzien eta xedeen arloan. Gure eskolara ekarri dugu filosofia hori, gure proiektuaren bihotzera. Horrela, herri baten erreplika egin genuen, mikrogizarte bat soru genuen; eta, herri horretan, guztiaz arduratzen ziren gure haurrak: sistema politikoaz, kafetegiez, dendez, museoez, telebistako estudio batez edota irrati batez. Horrela, gaitasun nagusiak irakatsi ahal izan genizkien irakurketan eta idazketan nahiz aritmetikan, eta, berehala, gure ikasleek gaitasun horiek erabili ahal izan zituzten; horiek ikasita gauzak nola aldatu ziren ikusi zuten, eta ikaskuntza errealak egin ahal izan zituzten horrela.

Grange eskola hiri bilakatu zenuten. Eta, hiri horretan, gauza guztiak ikasleek kudeatzen dituzte. Zer-nolako aldaketa ekarri dio horrek guztiak eskolari, ikasleei eta irakasleei?

Hiru dimentsioko ikasketa-ingurune bat ekarri zuen horrek, ingurune erreal bat. Ikasteko ingurune dinamikoa, zirraragarria eta ahaltsua ekarri zuen.

Grange Unibertsitatea ere sortu zenuten, hainbat lantegirekin. Zertarako?

Ikasleek esperientzia berriak probatzeko eta, horrez gain, bestela aurrez aurre izango ez zituzten eremuetan gaitasun berriak garatzeko aukera eman ahal izateko. Horrek, gainera, gure haurren heziketan buru-belarri sartuko zen komunitate oso batekin lan egiteko aukera eman zigun; besteak beste, gurasoak eta negozio-, arte- eta kirol-munduko elkarteak sartu ziren zeregin horretan. Komunitatea bateratzen lagundu zuen horrek, eta baita gure ikasleengan jarritako xede eta balioen zentzua indartzen ere.

Grangen, garrantzi handia ematen diozue familien eta komunitatearen parte-hartzeari.

Azkenean, ikasteko ingurune indartsu bat sortu behar duzu, eta horrexegatik sortu du horrenbesteko interesa Grangek mundu osoan. Zer ezaugarri ditu ikasteko ingurune edo komunitate horrek? Zentzu horretan, bada afrikar esaera zahar bat: herri oso baten zeregina da haurra heztea. Uste dut inoiz baino garrantzitsuagoa dela hori gaur egun, eta, horregatik, iruditzen zait funtsezkoa dela zure komunitateko kide bakoitza haurren hezkuntzaren arduradun egitea. Haurren garapena 24 orduko zeregina da, eta, erronka horri aurre egiteko, ezinbestekoa da elkarrekin lan egitea.

Zer leku betetzen dute azterketek Grangen? Nola ebaluatzen dituzue ikasleak?

Legeak horretara behartuta, gure ikasleek SAT azterketa nazionala egingo zutela bermatu behar genuen, gainerako eskolek bezala, eta azterketak egitea gure kulturaren zati zen. Egiaz, gure emaitzak bikainak izatera iritsi ziren, baina egin genuena ez genuen egin emaitza horiengatik. Azterketak tresna bat dira, gure ikasleen aurrerabidea eta trebetasuna ulertzeko lagungarri den tresna bat. Askotan, eskolek pentsatzen dute haurrak azterketetarako prestatzea dela heztea. Eta ez da hala! Grangen, uste osoa eskaini genuen gure prozesuaren eta ikuspegiaren lanketara, jakinik ondo egiten bagenuen azterketetan beren kabuz aurrera egingo zutela, gure ikasleak trebeak izango zirelako, motibatuta egongo zirelako, eta ikastun arrakastatsuak izango zirelako. Arrazoi genuen, gure igurikimen guztiak gainditu baitzituzten emaitzek.

Zer-nolako fruituak eman ditu Grange ereduak?

Beren bizitzarekin gustura dauden ikasleek gustuko dute ikastea ere; esperientzia guztia dibertigarria iruditzen zaie, eta horren parte izan nahi dute.

Urte gutxian, asko aldatu da gizartea, eta, beraz, asko aldatu dira hezkun-tzak ase beharreko premiak ere. Eskolak, ordea, XIX. mendean bezala lan egiten jarraitzen duela diozu zuk. Zer egin beharko luke eskolak gaur egungo gizartera egokitzeko?

Lehendik daukagun sistema hori eraginkorrago egiteko ahalegina alde batera utzi behar dugu, eta jabetu behar dugu eredu horrek aldatu beharra duela, azterketen eta nota finkoen obsesiotik urrunduz. PISA txostenaren egileak ere (OCDE) argi erakutsiko dizu: hezkuntza-sistemaren barnean benetako trebetasunetan baino kalifikazio formaletan obsesio handiagoa duen gazte jendeak zailtasun handiagoak aurkituko ditu lana aurkitzeko. Ikuspegi berri bat garatu behar dugu, pertsona bere osotasunean gararaziko duen ikuspegi berri bat, informazioa atxikitzeko gaitasunetik harago doazen trebetasun eta gaitasunak sustatuko dituena.

Lehen, jakintzaren transmisioa zen eskolaren egiteko nagusia. Baina, orain, informazio guztia eskura dute ikasleek, eta, askotan, gehiago ikasten dute eskolatik kanpo ikastetxean bertan baino. Testuinguru konplexu horretan, zer erronka ditu hezkun-tza-sistemak etorkizunari begira?

Garrantzitsua izaten jarraitu behar du eskolak. Ikaskuntzarako hornitzaile eta bitartekari izan behar du. Oso kontuan izan behar dugu hezkuntzaren xede nagusia gizakiaren garapena dela. Garapenak gizakien arteko interakzio aberatsa du oinarri, eta giza harreman oparo horiek ezingo ditu inoiz sortu teknologiak. Garatzen laguntzen dien pertsonek definitu behar dute eskola, eta ez haien azterketetatik ateratako datuek.

Hainbat adimenez, gaitasunetan oinarritutako hezkuntzaz, ikasketa kooperatiboaz edota talde-lanaz dihardute hezitzaileek; baina egiaz eskolak egiten al du ikaskuntza mota horiek sustatzeko beharrezkoa den ahalegina?

Uste dut askotan eskolek ez dutela hori guztia erabat ulertu. Uste izan dute aldaketa jada egiten duten edozeren gainean diseinatu daitekeela edota dagoeneko egiten den horren gaineko ekimen berriak direla aldaketa. Gainera, aldaketa horri dagozkion alderdi asko oso modu konplexuan erakutsi dira, eta horrek irakasle asko beldurtu egin ditu. Hezkuntzan, beste hainbat arlotan bezala, gehiegizko konplikazioak baztertu egin behar ditugu, eta gogoan izan behar dugu jendearekin ari garela lanean, eta ez teoriekin; hizketagai dugun honen guztiaren zati handi bat giza garapenarekin baitago lotuta.

Zure ustez, ikasleek zer gaitasun eskuratu behar lituzkete eskolan gaur egun? Eta bakoitzaren gaitasunak sustatzeko, zer eskaini behar luke eskolak?

Ikasleek konfiantza izan behar dute, pentsamendu kritikoa izan behar dute, eta komunikatzaile zorrotzak, kolaboratzaileak eta berritzaileak izan behar dute. Sortzaileak izan behar dute, jakin-nahia erakutsi behar dute, eta motibatuta egon behar dute. Areago, beren buruaren gidari izan behar dute. Ikaslea ahalduntzeko ideia oinarrian hartzen duten sistemak definitu eta babestu behar dituzte eskolek, eta ez kontrolaren ideian oinarritzen direnak.

Nola presta ditzakegu gure ikasleak etorkizunerako, kontuan izanda imajinatu ere ezin ditugun beharrak izango dituztela etorkizuneko errealitate horretan?

Ikasle horiek ez ditugu prestatu behar ideia edo kontzeptu finko batzuetan oinarrituta; aitzitik, ziur izan behar dugu egokitzeko gaitasuna dutela, gai direla ikasteko, desikasteko eta berriro ikasteko, aldaketa eta ziurgabetasuna onartzen dituztela eta ekintzaileak direla eta beren burua etengabe garatzeko gai. Sistema tradizionalak gure segurtasunaren bila irteteko trebatzen gaitu, baina, aurrera begira, jada ez da aukerarik izango horretarako.

Eskolek kartzelen antz handiegia dutela diozu liburuan. Nolakoak izan behar lukete, ordea?

Lotura estuagoa izan behar dute eskolek ahalduntzearekin, eta ez, horrenbeste, kontrolarekin. Jende askok beldurra die haurrei, eta zaldi basatien pare hartzen dituzte: mendean hartu eta hezi beharreko animaliak balira bezala. Beldurgarria da benetan!

Irakasleek zer rol jokatu behar lukete zuk babesten duzun eredu horretan?

Ikaskuntzarako artekari eta bideratzaile izan behar dute irakasleek, ez ikasgelaren aurrean jarrita besterik gabe jakintza transmititzeko zeregina betetzen duten adituak.

Etengabeko hezkuntza-erreformen aroan bizi gara. Zer egin dezake lurralde bakoitzeko administrazioak hezkuntza egonkortzeko?

Beren ikuspegi eta balioen gaineko kontrola izan behar dute. Erreformei beren sistemaren betaurrekoen bidez begiratu behar diete. Hezitzaile garen neurrian, ez dugu baimenaren zain egon behar. Gure eskolen kontrola geure gain hartu behar dugu, eta gure ustez egin behar dena egin behar dugu. Munduko hezkuntza-sistema eta eskolarik dinamikoenak profesionalek zuzendu dituzte, ez politikoek.

PISA azterketen aurka zaude. Esan dezakezu zergatik?

Bat-bateko argazki mugatu bat da PISA, akastuna. Txostena nahiko interesgarria da, egia esan, baina komunikabideek eta politikoek sailkapenei erreparatzen diete soilik. Hasteko, ez herrialdeak, ez haurrak ezin dira definitu azterketen bidez, testuinguruaren arabera desberdintasun handiak baitituzte herrialdeek. Finlandia, esate baterako, txikia da, eta sozialki nahiko laua; ez dauka halako gorabeherarik geografikoki, edo Estatu Batuek eta beste hainbat herrialdek besteko hedadura sozioekonomikorik. Txinan, esaterako, familiek haur bakarra dute etxeko, eta kultura bakarreko inguruneak dira nagusi. Ez dira horrelako faktoreak kontuan hartzen, soilik datu gordinak eta emaitzak aurkezten ditugunean. Futbol ligako sailkapen bat balitz bezala erabiltzen da PISA txostena, baina herrialde bakoitzak bere joko-arauak ditu.

Nolakoa izan behar luke ikasle bakoitzaren ebaluazioak?

Beren eskola-gaitasunak ez ezik, beren garapen-trebetasunak, portaerak, asmoak eta balioak ebaluatu behar genituzke. Arazoa zera da, oraingoz: aztertzeko errazenak diren alderdiak neurtzen ditugu soilik, eta ez ditugu alderdi garrantzitsuenak balioesten. Tresna sorta bat erabili behar genuke zeregin horretarako, behaketak, hizketaldiak, elkarrizketak eta lankideen arteko eztabaiak barnean hartuta; haurra osotasunean hartuko duen irudi garbi bat eraikitzen dugula ziurtatzeko tresna sorta bat.

Nondik eta nola hasi behar genuke XXI. mendeko eskola bat diseinatzen?

XXI. mendeaz pentsatzeari utzi behar diogu lehenengo! Mende horren bigarren hamarkadan aurrera goaz, eta, gainera, gaur egun jaiotzen diren haurrak XXII. mendean ere biziko dira. Hezkuntza berrikusten hasi behar dugu, eta geure buruari galdetu behar diogu zer-nolakoak izan beharko duten gure haurrek etengabe aldatzen ari den mundu horretan, ziurgabetasun horretan. Hortik abiatuta, sistema bat eraikiko dugu.

Haurren sormena, segurtasuna, gozamena, dibertsioa eta pertsonalizazioa goraipatzen dituzu ikasketa-prozesuak diseinatzerakoan. Zergatik?

Konfiantzaz jokatzen duten haur zoriontsu eta seguruak direlako ikasle onenak, eta atsegina emango dien bizitza izateko aukera gehienak ere horiexek izango dituztelako.

Zuk diozu hezkuntzak “rock and roll” berria izan behar lukeela, Disney World bezain liluragarria. Nola lor dezakete horrelakorik eskolek eta irakasleek?

Haurrak suspertuko eta zirikatuko dituen giroak sortzean jarriz arreta; toki eta espazio horietan, ahalmen handiagoa dutela sentitu behar dute, eta ez direla beren kontrolerako toki eta espazioak. Elkar errespetatuz eta elkarrekin konfiantza izanez eraiki behar lirateke eskolak. Areago, gogoan izan behar dugu haurrak direla gure lehen bezeroak, eta guk saldu nahi duguna erosten ez badute, huts egingo dugula!