Desberdintasunetik berdin

2016-01-07

‘Aniztasuna’, hitz preziatua da, baina zein puntutaraino heltzen da praktikara? “Normalak” indar handia du oraindik, eta umeren bat normatik ateratzen denean, zer? Gizartean, usu, albo batera uzten diren haur horiei eta haien familiei tokia egin diegu aldizkari honetan, normatik ateratzen diren haurrak asko eta askotarikoak direla erakusteko eta gizartean dagoekien lekua aldarrikatzeko.

 
 
Desberdintasunetik berdin

Haur bakoitza bat eta bakarra da. Haur bakoitzak ditu bere ezaugarriak, bere gaitasunak eta bere zailtasunak. Eta haur guztiek, berdin izanik zein ezaugarri dituzten, euren buruak ahalik eta hobekien garatzeko aukera izan behar dute. Teoriak hala dio, baina praktikan, ezarritako arau orokorrean sartzen ez diren umeak onartzen al ditugu? Bakoitza den bezala izanik errespetatzen al dugu? Haur bakoitzaren bakantasuna aitortzen al dugu? Edota gure seme-alaba arau orokorraren artaldean bat gehiago izatea nahi dugu?

“Aniztasuna”, hitz preziatua da, asko erabilia, oso baloratua. Baina zein puntutaraino heltzen da praktikara? “Diskurtso mailan urrats sendoak ari dira ematen. Aniztasunarekiko estimua eta trataera egokia da haietariko bat. Beste horrenbeste gertatzen da ‘inklusibitate’, ‘kulturartekotasun’ edota ‘hezkidetza’ bezalako hitzekin ere. Baina gure kezka da eguneroko bizitzan noraino eramaten ditugun gero kontzeptu horiek praktikara. Iruditzen zait kontzeptu batzuen ulermen biguna edo arina daukagula. Azalean geratzeko arriskua dugu. Apur bat hazka eginez gero, sarri, ez dago askoz gehiago kontzeptu horien atzean”, dio Amelia Barquín Mondragon Unibertsitateko HUHEZI fakultateko irakasleak, eta pare bat adibide jartzen ditu: “Zein gurasok esango luke bera homofoboa dela eta homosexualitatearen aurka dagoela? Baina gero gerta daiteke guraso hori bera futboleko partida bat ikustera joan eta arbitroari ‘marikoi’ deitzea. Edota, zein guraso ez da dago kulturarteko hezkuntzaren alde? Baina, gero, maiz, ahalik eta etorkinen seme-alaba gutxien dauden eskolak aukeratzen ditugu”.

Edonola ere, guraso guztiak ezin dira zaku berean sartu, pertsonak adina jokabide egon baitaitezke aniztasuna jorratzeko orduan. Batzuek askoz ere jarrera inklusiboagoa izaten dute haien seme-alabekiko beste ba-tzuek baino. Baina edozein kasutan, normak, estandarrak, “normalak” indar handia du oraindik. Eta, umeren bat normatik ateratzen denean, zer? Barquínen esanetan, diskurtsoa eta begirada irekiagoa izan ohi dugu besteen seme-alabez ari garenean, baina norbere familian gertatzen denean hasten dira arazoak, “normalak” ez baitio lekurik uzten aniztasunari.

Sarri, familien edota eskolaren gain uzten da aniztasunaren kudeaketa, haiei eskatzen zaie inklusiboak izateko, kulturartekotasuna edota hezkidetza lantzeko, haur guztien aukera berdintasuna bermatzeko… Eta askotan prozesu neketsua izaten bada ere, familiak nahiz eskolak ongi har dezakete umea, den bezala, eta duen aniztasunean errespetatu. Baina, gero, umeak gizartearekin egiten du topo, eta Barquínek gogorarazten duen moduan, gizartea ez da oraindik inklusiboa, ez parekidea, ez kulturartekoa. “Edonork daki mugikortasun murriztua duen haur batek oztopoak topatuko dituela gizartean. Edota genero malgua duen ume batek etxean errespetuzko giroa lortu arren, kalean arazoak izango dituela. Berdin gertatzen da gaixotasun arraroak dituzten haurrekin, gorrak direnekin, zenbait kulturatako haurrekin, itsuekin… Gizarteak oraindik oztopoak jartzen dizkie ume horiei guztiei”.

Inguruneak umearekiko duen jarrera, gakoa

Hain zuzen ere, gizartean eragitea dute xede Atzegin, adimen urritasunen bat duten pertsonen Gipuzkoako elkartean, argi baitute aniztasuna egoki kudeatzeko eta inklusioa lortzeko haurraregan inguruneak sekulako garrantzia duela. Izan ere, arazoa ez dago umearen aniztasunean, haurra desberdin-tzen duen horri begiratzeko moduan baizik. Edozein aniztasun funtzional duen umearen kasuan, inguruneak pertsona horrekiko duen jarreran dago gakoa. Pertsona bakoitzak bere gaitasunak eta bere zailtasunak izan ohi ditu, baina ingurune jator bat baldin badauka, laguntza behar duenean laguntza eskaintzen diona eta gaitasunak dituela onartzen duena, pertsona horrek askoz hobeto funtzionatuko du, baztertzen duen ingurune batean baino.

Pertsona guztiak diferenteak izan arren, denek oso behar antzekoak dituztela dio Aloña Agirre Atzegiko teknikariak. Gertatzen da, ordea, batzuek errazago asetzen dituztela premia horiek eta beste batzuek zailtasun handiagoak izaten dituztela. Baina inklusioari erreferentzia eginaz, teknikariak dioen bezala, helburua da pertsona guztiak —bakoitza bere ezaugarriekin— gizarteko eremu desberdinetan egotera eta horietan parte hartzera iristea. “Ez gara ezer berezirik eskatzen ari: geure buruarentzat nahi duguna besteentzat ere nahi izatea soilik. Eta zer nahi dut nik niretzat? Naizen bezala onartuko nauen jendea alboan edukitzea, ingurukoak konturatzea gauza batzuk nire kabuz egin ditzakedala eta ezinean nabilenean laguntza jasotzea. Ez dauka misteriorik. Horixe da denontzat eskatzen duguna”.

Oraindik, ordea, normatik ateratzen diren haur asko desprestigiatuak dira Barquínen arabera. “Adibidez, eskolan potoloa izatea arazo bat da. ‘Marikoia, moroa edota subnormala’ eskolan asko etzuten diren hitzak dira uneotan. Eta gure umeek eskolan horrela jokatzen badute, jarrera hori nonbaitetik ikasi duten seinale da”.

Gizartearen jarrera horren aurrean, maiz, familiek ezina eta amorrua sentitzen dute. Izan ere, aniztasunaren gaineko diskurtsoa positiboa izan arren, ezin da ahaztu aniztasun horri erantzuna emateko baliabideak behar izaten direla, eta, batzuetan, ume horiek eta haien familiek ez dituztela baliabide horiek aurkitzen. Hala dio Barquínek: “Hori egonezinaren iturri da. Ezaugarri konkretu batzuk dituzten umeen gurasoek izugarrizko ardura eta kezka sentitzen dute, euren umea den bezala onartu arren, badakitelako gaurko gizartean ume horrek zailtasunak aurkituko dituela”.

Informazioa eta formazioa

Edozein kasutan, zailtasunak gainditu ahal izateko, “gu eta haiek” bereizketa gainditzea klabea da Agirreren irudiko, adimen urritasuna eduki edo ez, hemen jaioak izan edo ez, ikusi edo ez, gurpildun aulkian ibili edo ez… beste ezeren aurretik denok garelako pertsonak. Edonola ere, kolektibo bat izendatzen dugunean guztiak berdinak balira bezala tratatzeko joera dagoela salatzen du Atzegiko teknikariak. “Gure elkartea bera adibidez, askok down sindromearekin lotzen dute. Baina herena soilik izango dira sindrome hori dutenak. Era askotako sindromeak dituzten pertsonak daude eta diagnostikorik ez dutenak ere badaude. Mutur batean leudeke laguntza behar handia dutenak, eta beste muturrean ia batere laguntzarik gabe moldatzen direnak. Haiei buruz hitz egiterakoan talde homogeneo bat balitz bezala mintza-tzen gara, baina gizarteko beste edozein kolektibotan gertatzen den legez, ez dute zerikusirik batzuk besteekin”.

Zailtasunak eta bazterketak, sarri, ezezagunari edota desberdinari zaion mesfidantzatik eta beldurretik sortzen direla uste dute adituek. Hala dio Agirrek: “Desberdintasunak batzuetan beldurtu egiten gaitu, batez ere desberdintasun hori ezezaguna bazaigu. Desberdina izan arren, ezagutzen badugu, beste era bateko jarrera hartzen dugu. Ni ez bezalakoa den hori ezagutzeak hesi asko apur ditzake”. Normalizaziorako gakoetako bat bestearen ezagutzan dagoela iruditzen zaio Agirreri. Horrexegatik, Atzegin sentsibilizazioari eta informazioari sekulako garrantzia ematen diote, uste baitute informazioa edukiz gero eta aldamenekoa ezagutuz gero, jendea lasaitu egiten dela eta beste modu bateko jarrera hartzen duela: “Ezagutzak traba asko erauzten ditu. Zenbat eta informazio gehiago eduki, orduan eta hobea izango da jarrera”.

Gurasoek, hezitzaileek nahiz erakundeetako langileek duten formazio-premia gehitzen dio Barquínek informazioa zabaltzeak duen garrantziari: “Batzuek uste dute gai hauek kudeatzeko diskurtsoaren aparretan geratzea nahikoa dela, ez dira konturatzen hori izebergaren punta baino ez dela eta askoz ere gehiago jakin behar dela aniztasuna egoki tratatzeko”. Eta horrekin batera norberak bere buruarekin autoanalisi zintzoa eta sakona egiteak duen inportantzia azpimarratzen du: “Nik diskurtso positibo bat baldin badaukat aniztasunarekin, gero nire praktikara begiratu behar dut. Eta horretarako nire egunerokotasunera jaitsi behar dut. Nik zer nahi nuke? Zergatik? Eta horrela jokatzen ari naiz, benetan? Zerbait aldatu nahi dut nire jokaeran?”.

Gizartean, usu, albo batera uzten diren haur horiei eta haien familiei tokia egin nahi izan diegu HAZI HEZI honetan, hitza emateko eta normatik ateratzen diren haurrak asko eta askotarikoak direla erakusteko, eta gorra izanagatik, ijito familia batean jaioagatik, down sindromea edukiagatik, transexualitate egoeran biziagatik nahiz gaixotasun arraro bat izanagatik haur horiek eta haien familiek gizartean dagokien tokia hartu behar dutela aldarrikatzeko.

 

BIZIPENAK ETA TESTIGANTZAK 

 

"Indartsuago egin gara, pertsona hobeak gara"

Haurdunaldi arrunta izan zuen Maria Galzacortak. Lehen semea zetorren Gorka Txapartegirekin osaturiko familiara, eta espero zuten “osasuntsu, potolo eta zoragarri etorriko zela”. Baina erditu eta berehala ohartu ziren “zerbait ez zegoela ondo”. Izan ere, Jakesek ezaugarri fisiko ezberdinak zituen. Hurrengo egunean, medikuetako batek esan zien unibertsitatean ikasiriko ezohiko sindrome baten ezugarri propioak zituela Jakesek: Hallerman Streiff sindromea diagnostikatu zioten; munduan dauden 200 kasuetako bat da berea. Oraindik ezustekoari buelta ematen ari zirela, sindromeak Jakesi “agian, akaso, beharbada”, sortuko zizkion ondorioak zerrendatu zizkioten: ikusmen-arazoak, arnasketa-sisteman nahiz bihotz-sisteman arazoak, atzerapen kognitiboa... Horietako gehienak ez dira bete, haur osasuntsua baita Jakes, ez da Jon edo Margot anaia-arrebak baino gehiago gaixotzen, eta ume bizkorra da; 6 urteko haur batengan ohikoa ez den hiztegia eta adierazmena du, bai gazteleraz bai euskaraz. Baina, ikusmenari dagokionez bai, horretan bete-betean asmatu zuten medikuek: Jakes itsua da jaiotzatik. Diagnostikoa jakitean “bakardade handiarekin, eta izugarrizko sustoarekin” gelditu ziren Maria eta Gorka; ospitalean ez zizkieten “ezta jarraibide batzuk ere eman”. Bide luzea hasi zuten orduan, beren kasa. Estimulazio-goiztiarra lantzen zuen pertsona batekin harremanetan jarri ziren, eta Jakesekin “lan handia” egin zuten hasiera hartan. Hala ere, lehen hilabeteetan ez zekiten Jakes itsua zenik: “Hori izan zen kolperik latzena. Asumitzen ari ginen Jakes ume desberdina izango zela, baina horri buelta emateko gai sentitzen ginen. Hortik itsutasuna onartzera... oso gogorra izan zen. Ez nekien zer egin nire minarekin, nola kudeatu. Hain zen handia nire pena!”, dio Mariak. Baina, psikologo eta terapeuten lagun-tzarekin, eta zaurientzat denbora den sendagaiarekin, aurrera egiten dute. “Indartsu egin gara, normalizatu egin dugu egoera, eta berriz ere barre egiteko eta dibertitzeko gai gara. Eta, inportanteena: orain pertsona hobeak gara”. Ados dago horretan Gorka, “orain sentsibilitate handiagoa” dutela uste baitu. Gainera, behin eskolan hasita, gauzak erraztu egin dira, hasieran beldur baziren ere. Jakesek ONCEren aldetik laguntza jaso du: materiala Braille-ra egokitu diote eta hizkuntza horretan ikasi du idazten eta irakurtzen. Dena dela, ikusmen-arazoak tarteko, badakite Jakesek “inguruan gertatzen ari denetik asko galdu egiten duela”, dio Gorkak. Irudien faltan, soinuek berebiziko garrantzia dute Jakesen bizitzan: ederki jotzen du pianoa, berak bakarrik ikasita, eta bere aisialdian musikak garrantzia handi du. Soinu-grabagailua da bere altxorrik preziatuena. “Leku guztietara eramaten du, baita oporretara ere. Dena grabatzen du, eta gero entzuten egoten da. Oporretako argazki-albuma bezala da grabagailua beretzat”, dio Mariak. Zaila izan da jendearen jarrerei, esanei eta begiradei aurre egitea. “Oro har jende positiboarekin” egin dute topo, baina batzuetan etxera lur jota ere iritsi izan dira, “begirada txar batek egin dezakeen minagatik”, dio Mariak. Horregatik, uste dute gizarteak aniztasuna onartzeko “gakoa dela informazioa ematea; informazioa eta heziketa, jendeak normaltasunez ikusteko aniztasuna”, uste du Gorkak.

 

"Ezagutu ahala, ni naizen hori izateko aukera eman zidaten" 

Ijito-herriaren jatorria misterioa da oraindik ere, baina herri nomada honek mendeak daramatza Euskal Herrian, gure artean bizitzen. Gure artean bai, baina gurekin? Europako gutxiengo etnikoen artean talde handiena osatzen dute, baina ijitoen kultura eta ohiturei buruz ezjakintasuna da nagusi, estereotipo eta aurreiritziekin batera. Irundarrak dira Trinidad Jimenez eta bere 12 urteko alaba Nazaret Soto. Irundarra da beraien lagun Palmira Dual ere, 19 urtekoa. Bai Nazaretek bai Palmirak euskaraz ikasi dute eskolan, payo artean. Biak, zoritxarrez, oraingoz salbuespena dira ijitoen artean: Palmirak Bigarren Hezkuntzako ikasketak amaitu zituen eta egun Gizarte Laguntzaile izateko ikasketak egiten ari da; Nazaretek ere aurrera darrai ikasketekin, aurten institutuan hasi baita, DBH ikasten. Bizipenak, ordea, ez dira berdinak. Nazaretek normaltasun osoz bizi du payo artean desberdina izate hori; ondo sentitzen da eskolan, eta 3 urtetatik lagun izan dituenekin partekatzen du ikasgela. Palmiraren kasuan, bidean oztoporen bat egon zela gogoan du: “Txikia nintzenean ez nuen arazorik izan, haurrek ez dute desberdintasuna nabaritzen. Hazten joan ahala konturatu nintzen ni ijitoa nintzela eta beraiek payoak, hasi bainitzen aurpegi txarrak, errezeloak sumatzen. Eskolan, adibidez, batzuk saiatzen ziren ni agerian uzten gela guztiaren aurrean, ijito bezala gure egoera ekonomikoa txarragoa zelako. Ni horren kontra errebelatu nintzen: ez banauzu ezagutzen, zergatik epaitzen nauzu modu horretan? Zergatik merezi dut zure mespretxua ijito izateagatik?”. Baina, denborarekin, eta ijitoen baloreen parte den guztiekiko errespetua mantzeko jarrerarekin, gauzak aldatuz joan ziren: “Ezagutu ninduten ahala, harrituta gelditu ziren. Ni naizen bezala izateko aukera eman zidaten”. Auzoan ere ez dute arazorik; Palmiraren ustez, “ez gara bat gehiago, desberdinak gara, bai; izan ere, gehiegi maite gaituzte! 25 urte daramatzagu auzoan bizitzen eta jendeak konfiantza handia du gugan”. Gaur egun ere Palmiraren eta Nazareten lagun gehienak payoak dira, eta “jakin egin behar da oreka mantentzen. Payoen inguruan antolatzen baduzu zure bizitza soziala, zaila izan daiteke etxeko ohiturak mantentzea; eta etxeko ohiturei eutsita, zaila payoen bizi-tza soziala egitea”. Alde horretatik, “etxeko baloreei helduta beti ere”, baina Trinidadek uste du gazteena dela ijito-herriaren etorkizuna, “eta guk ulertu egin behar dugu eta lagundu egin behar diegu etorkizun hori egiten”. Palmirarentzat, esaterako, oso inportantea izan da gurasoen aldetik jasotako bultzada ikasketekin jarraitzeko. Orain berak hartu du erreleboa. Kale dor Kayiko Euskal Herriko Ijitoen Kultur Elkartearen bidez, eskoletara joaten da, Nazaret bezalako ijito gazteagoei ikasketa-prozesuan laguntzera. “Erreferenteak behar dituzte, eta ikusi ikasketak amaitu ditzaketela”.

 

"Hodei ere herriko parte izatea nahi dugu" 

“Lortuko dugu ume hau aurrera ateratzea? Kapaz izango gara?”. Horixe galdetzen zioten behin eta berriz Goreti Etxeberriak eta Aitor Barandiaranek Hodei euren seme zaharrena down sindromearekin jaio zenean. “Besteek hazten dituzte umeak, baina horrelako baldintzekin haur gutxi jaiotzen dira”, argitzen du Etxeberriak. Errealitate horren aurrean, bi bide baino ez zituzten ikusi: “Egoera onartu eta aurrera egiten duzu edo putzu sakonean sartzen zara”. Dagoeneko 11 urte ditu Hodeik. Adimen urritasuna du, baina bizitza normala egiten du. Hala dio berak: “Nire lagunak ditut, etxera bila etortzen zaizkit eta haiekin joaten naiz eskolara, kenpo egiten dut, pistinara joaten naiz eta mendia izugarri gustatzen zait. Aurreko udan kanpamentuan izan nintzen 10 egunez eta oso ondo pasa nuen”. Inklusibitatean sinesten dute Hodeik eta familiak eta horren alde egiten dute borroka: “Guretzat eguneroko bizimodua bera da borroka txiki bat” aitortzen du Etxeberriak. Familian eta eskolan egoera nahiko normalizatua bada ere, gizartean asko aurreratu den arren, esaten dena baino gutxiago lortu dela uste du. Izan ere, adimen urritasuna duten haurrak beste ume asko baino zaurgarriagoak dira gizartearen aurrean: “Gu adimen urritasuna duten beste ume batzuen familiekin elkartzen gara askotan, eta han garbi azaltzen dira gure arazoak. Bullying-a izan daiteke horietako bat edo dituzten berezitasunengatik haietaz aprobetxatzea, burla egitea…”. Ekain seme gazteenarentzat nahi duten gauza berbera nahi dute Hodeirentzat ere gurasoek: herrian eta lagunartean txertatuta egotea eta ingurune horretako parte izatea. “Iruditzen zait, seme-alabek ezaugarri batzuk edo beste batzuk izan, guraso guztiok desio dugula haiek gizartean integratuta egotea. Kontua da, ordea, baldintza batzuk tokatu zaizkigunok borroka gehiago egin behar dugula horretarako”. Hain zuzen ere, erronka nagusi bat dute uneotan: pertsona bakoitza bere berezitasunekin hartu behar dela gizarteari sinetsaraztea, aniztasun funtzionala duten pertsonak gauzak egiteko gai direla ikusaraztea eta haiek ere duintasunez bizitzeko duten eskubidea defendatzea. “Adibidez, euren baldintzetan lan egin eta kobratu ahal izatea da gure xedeetako bat. Horrekin batera, garrantzitsua iruditzen zaigu haiek ere euren harreman-sarea edukitzeko lan egitea”. Hodeirekin egunerokotasuna baloratzen eta gauza txikiekin pozik bizitzen ikasi du familiak. “Gogoan dut Hodei lepoa bakarrik mugitzen hasi zenekoa, bi urterekin oinez bakarrik ibiltzea lortu zuenekoa edota etorri eta esaldi oso bat esan zidanekoa. Beste batzuentzat hutsaren hurrengoak izango dira, baina guretzat sekulako lorpenak dira. Gauza txiki horiek baloratzeak bizitza beste era batera ikustera eramaten zaitu”.

 

"Inori ez zaio gustatzen normatik kanpo bizitzea, baina lortu behar dugu gure bidea egitea" 

Atsekabetuta hartu gaitu Abi Labainek elkarrizketa egitera joatean. Transexualitate egoeran dago 5 urteko alaba Lucia, eta jakin berri du bere alaba erregistro ofizialean izena aldatzearen aurka agertu dela fiskala. Oztopo berri bat duela pare bat urte hasi zuten bidean, eta, “berriro ere, pertsona baten sineskera, bizipen eta ideologien mende gaude”. Seme zaharrena jaiotzean, Asteasura bizitzera joan ziren Abi eta Agus senarra. Harrezkero, beste hiru ume etorri ziren familiara. “Uste genuen 4 seme genituela. Lau pitilin, lau mutil. Eztabaidaezina zirudien”. Baina 3 urte bete zituenetik, hirrugarrenak, ordu arte Luken deituak, bestela adierazi zien. “Beti gustatu izan zitzaizkion sozialki nesken gauzatzat hartzen direnak. Guk ez genuen arazorik horrekin”. Baina 3 urte betetzean, “komentario arraroak” egiten hasi zen umea. Abiren esanetan, aukera bat zatekeen komentario horiek aintzat ez hartzea, baina “benetan entzun egiten badiozu, konturatzen zara zerbait gertatzen dela”. Hurrengo ikasturtean zehar, egunero, goizean esnatzean, negarrez aurkitzen zuten Lucia. Gabonen atarian lehertu zen egoera. Gabon-eskean Luciak “Mari Domingiz janztea” eskatu zuen. “Ez nion ezezkorik esan, baina beste estrategia bat erabili nuen: proposatu nion Olentzero elegante janztea, eta ez zuen ezezkorik esan. Pentsatu nuen konpondu genuela kontua”. Eskolatik laster jakinarazi zioten ez zela horrela: “Iraskaleak deitu zidan esanez haurra oso triste zegoela. Ez nuen uste horrelako sufrimendua zeukanik”. Beraz, gona bat erosi presaka eta “Mari Domingi jantzia” prestatu zuen. “Pozik ez, hurrena” zegoen Lucia eta egun horretan kalean ere “jendearen begirada aldatzen” hasi zen. Hortik aurrera, bata bestearen atzetik etorri ziren Luken atzean utzi eta Lucia ekarriko zuten gertaerak; “oso konbultsoak” izan ziren Gabonak, eta Lucia bere identitatea definitzen hasi zen. “Bereizketa behar zuen, eta eskatu zigun gaztelaniaz hitz egiteko etxean, modu horretan berari ‘guapa’ deitu ahal izateko”. Edo, “pitilina eduki arren, neska izan” al zitekeen galdetzeko indarra atera zuen. “Jokoz kanpo” harrapatu zituen gurasoak. Chrysallis, transexualitate egoeran dauden adin txikikoen elkartearekin harremanetan jarri ziren, eta han eman zieten erantzuna: agian zakila zuen alaba bat zuten etxean. Familian bertan aurkitu zituen lehen mugak Luciak. Izan ere, anaiei kosta egin zitzaien hasieran ulertzea eta onartzea gertatzen ari zena: “Guri kosta egiten bazaigu horrelako egoerak kudeatzea, pentsa umeei. Hitz egin genuen, eta azaldu genien nola badiren zakila duten neskak, neska edo mutil izatea bihotzean dagoela, eta gure begirada dela gaizki dagoena”, dio Abik. “Inori ez zaio gustatzen ezberdin izan edo normatik kanpo bizitzea, baina lortu behar dugu gure bide egin eta gustura bizitzea. Lucia horrela pozik dago, eta ez dio inori kalterik egiten”. Urak baretu ahala, anaiek lagundu zioten Lucia izena aukeratzen. “Egun batean esan zidan aurrerantzean Lucia deitzeko. ‘Orain prest nago burlari aurre egiteko’, esan zidan”. Alde horretatik, gustura daude jaso duten harreragatik, bai eskolan bai herrian. “Sekulako zortea” izan dute. Izan ere, ezagutzen dituzte bestelako egoerak bizi izan dituzten lagunak. “Guraso gisa erakutsi diegu seme-alabei aniztasuna maitatzea oso inportantea dela bere zentzu guztietan: arrazak, erlijioak, horientazio sexuala... Hori da irakasten saiatu garena, baina beti ere eremu seguru batetik. Hau zaplasteko bat izan da. Askotan esaten dugu gure artean, ‘a ze izorramendua!’, berarentzat askoz errazagoa izango litzateke bizitza ezarritako arauaren baitan. Baina, era berean, ze polita zorte hau izatea ikasteko eta irakasteko!“

 

"Unean unekoaz arduratzen ikasi dugu" 

Hiru hilabete zituenerako Nerea Virtok eta Joseba Iturbe-Ormaetxeak bazekiten haien alaba Laura gorra zela. “Beldurra eta ziurgabetasuna”. Hitz horiekin definitzen dute hasiera hartako sentipena: “Zer gertatuko zaio haurrari? Zer-nolako etorkizuna izango du? Gorra bada, ezingo du hitz egin? Zentro bereziren batera eraman beharko dugu?”. Urte eta hiru hilabete zituela kokleko inplantea egin zioten neskatoari belarri batean; bestean, berriz, zertxobait aditzen zuenez —nahiz eta hegazkin bat lur hartzen ere ez zukeen entzungo— audifono bat jarri zioten. Uneotan, logopedia eta ikasketa-prozesu luze baten ondotik, Laurak entzuten ikasi du, baina ez da gai aditzen duen hotsa nondik datorren jakiteko, ezta soinuak desberdintzeko ere: “Ez da gauza kotxearen zarata, txakurraren zaunka eta amaren ahotsa bereizteko. Ez dakigu nola entzuten duen gure alabak”. Bi hizkuntza ezingo zituela ikasi esan zieten Lauraren gurasoei eta hoberena gaztelanian soilik treba-tzea izango zela. “Horrek etxeko hizkuntza aldatzea esan nahi zuen guretzat, nik Sara alaba zaharrenarekin euskaraz hitz egiten bainuen. Eta nire familia eta ingurunea ere euskaldunak dira”, dio Virtok. Bestalde, berriz, gaztelania soilik ikastea hautatuz gero, ezingo zuketen alaba Etxebarrin eskolatu, bertan D eredua bakarrik baitago, eta horrek haurra bere ingurune naturaletik urrunduko zuen beldur ziren gurasoak: “Guk Laurak bizitza herrian egitea nahi genuen, Etxebarriko lagunartea edukitzea”. Zalantza handiekin, baina haurrari bi hizkuntzak irakasteko apustua egin zuten eta alaba herrian eskolatzea erabaki zuten. Apustuak merezi izan du. Gaztelania eta euskara, biak primeran hitz egiten ditu orain Laurak. “Ondo atera da dena, baina gaizki atera izan balitz, zer?”. Laurak ez zuela inoiz abestuko ere esan zieten gurasoei, baina oso ongi kantatzen du. Berdin gertatu zaie ingelesarekin ere. Ez dakite noraino iritsiko den, baina uneotan 3. hizkun-tza ikasten dihardu Laurak. Haurra den bezala onartzeak eta gorreria naturaltasunez hartzeak bizitzan aurrera egiten lagundu dio Lauraren familiari. “Batzuek ez dute ikusi nahi euren haurra gorra dela eta gailua tapatzen diote haurrari eta ez diote inori esaten zer duen. Baina nire ustez onena gertatzen zaiona onartzea eta errespeta-tzea da. Umea horrelakoa da eta horrelakoa izango da bizitza osoan zehar”. Etxebarrin herritar guztiek dakite Laura gorra dela, naturaltasunez bizi dute, bai familiakideek bai bizilagunek. “Badakite aurpegira begiratu behar diotela hitz egiten diotenean, badakite gailua itzaltzen badu ez duela ezer entzuten, eta, momentuz behintzat, den bezala onartzen dute”. Etorkizunean zer izango den? “Batek daki”. Hainbat urte gorreriari aurre egiten igaro ostean, momentua bizitzen eta unean unekoaz arduratzen ikasi dute Laurak eta familiak. “Ez du merezi gero gertatuko denaz kezkatzeak. Ez da produktiboa, ezta errealista ere, ez baitakigu zer ekarriko digun etorkizunak”.