Bakoitzaren neurriko erditzea
Bere gorputzean egingo den guztiaren, eta egingo ez denaren, inguruan erabakitzeko eskubidea du emakume bakoitzak. Bereziki erditzean, “bizipen pertsonala baita”, David Moreno Debagoieneko ospitaleko emaginaren ustez.
Euskal Herriko ospitale gehienetan, erditu behar diren emakumeek eskuragarri dute erditze-plana osatzeko eredua; dagokion ospitalearen webgunetik deskargatu dezakete gehienetan, ospitale horretan erditzeko eskain-tzen dizkioten zerbitzu eta aukeren inguruko informazioarekin batera. Baina, zenbateraino erabiltzen dute emakumeek erditze-plana? Eta zertarako da hori?
Debagoieneko ospitalean emagina da David Moreno, eta, bere esanetan, beraien ospitalean erditzen diren emakumeen % 60 inguruk entrega-tzen du erditze-plana. Erditu behar den emakumearen eta horretan lagunduko dioten profesionalen arteko komunikazio-bide garrantzi-tsua da. “Komunikaziorako tresna bat da, eta emakume bakoitzaren lehentasunak zein diren azaltzen digu”. Alderdi klinikoak ere jaso ditzake, hala nola, minari aurre egiteko metodorik erabili nahi duen, eta izatekotan zein, zehaztu dezake bertan, “baina hori baino gehiago da: erditzearen inguruan zein filosofia duen azaldu dezake, edo aurrez izan duen bizipenen baten, ekidin nahi duena edo errepikatu nahi duena, berri eman; gu gainean egotea nahi duen, edo, alderantziz, bakean uztea eta gutxienekoa artatzea nahi duen zehaztu dezake...”.
Eskatzen duen hori azpiegitura eta baliabideekin lotuta baldin badago, ospitaleak ikusi egin beharko du ea zerbitzu hori emateko prest dagoen, eta “ez bada gai, kasu horretan erditze-planak beste funtzio bat betetzen du: emakumeen lehentasunen berri eman digu, eta agian gure zerbitzua hobetzen lagun diezaguke”. Gehienetan, ospitaleari egoera aurreikusi eta prestatzeko aukera ematen dio erditze-planak.
Dena dela, Morenoren ustez, garrantzitsuena ez da baliabideekin loturikoa: “Oinarrizkoena da, baina ez inportanteena. Eragin gehiena arreta motak du, zein filosofiarekin egiten den lan eta profesionala nola egokitzen den horretara”.
Informazioa, lehen pausoa
Baina, emakumeak bere lehentasunak zein diren adierazi ahal izateko, aurrez zein aukera dituen ezagutu behar du, eta horien artean hautatu. Oro har, informazio hori bere osasun-etxeko emaginaren eskutik jasoko du. Printzipioz honek emango dio haurdunari erditze-planaren berri. Debagoieneko kasuan, gutxi gorabehera haurdunaldiko 39. astetik aurrera mediku-kontrolak ospitalean egiten dira, eta bertan ere jakinaraziko diote erditzerakoan zein baliabide eskaini ahal dizkioten ospitalean. Hain zuzen, 29. aste horren bueltan entregatuko du haurdunak bere erditze-plana ospitalean. Ondoren, profesionalek aztertu egingo dute plangintza horretan emakumeak zer aukera hobetsi dituen, eta ospitaleak zein neurritan erantzun diezaiekeen bere eskariei. Eta, eskaeraren bat ezin bada bete, klinikoki ez delako gomendagarria, edo ospitalea ez dagoelako prestatua horri erantzuteko, haurdunarekin hitz egin eta alternatiba desberdinak eskainiko dizkiote. Beraz, Debagoieneko ospitaleko erditze-planak amaieran badu halako atal bat, Emaginaren gomendioak izenekoa, eta haurdunak eta emaginak adostutakoa jasotzen dute atal horretan.
Ospitalean jasotako informazioaz gain, ordea, emakumeak hainbat iturritatik etorritako informazioa jasoko du haurdunaldi osoan zehar; emaginak esandakoarekin batera iritsiko zaizkio familiak egindako gomendioak, edo lagunen esanak. Eta, informazio hori, askotan kontraesankorra izango da. “Izan ere, ez dago egia bakarra; erditu diren emakumeak adina erditze-eredu daude. Dena pertsona bakoitzaren lehentasunen edo gustuen araberakoa da. Horregatik iruditzen zaigu garrantzitsua, hain zuzen, emakume bakoitzak bere erditze-plana egin eta zer nahi duen adieraztea”, dio. Izan ere, “erditzean kultura-faktoreek eragin handia dute. Pentsa, hemen aldatu egiten da eskualdez eskualde ere; Gurutzetako ospitalean eta Debagoienekoan aritu naiz emagin, eta emakumeek gauza desberdinak eskatzen dituzte batean eta bestean”.
Beraz, Morenoren ustez arazoa gertatzen da “erditzeko modu bakarra dagoela pentsatzen dugunean, eta modu hori inposatzen denean; sistemak, gizarteak, erditzeko modu bakarra dagoela uste duenean”. Gauzak horrela, ospitale batean erditzeak oso homogeneoak baldin badira, Morenoren iritziko, profesionalek beren buruari galdetu behar diote ea ospitalea bera edo ingurunea baldintzak ezartzen ari ote diren hori gertatzeko. Izan ere, “estatistiketan oso emaitza onak ditugu gure inguruko ospitaleetan, baina gehiago eskatu behar zaigu. Zerbitzu arrunta eta kalitatezkoa bereizten dituena detailea da. Eta detailea loturik dago emakumearen askatasuna eta aniztasuna errespetatzearekin”.
Baina, erabaki zertan?
Haurdunak adina erditze badaude, lehentasun kontu bat baldin bada, zer eta nola erabaki dezake emakumeak? “Emakumeak eskubidea du erabakitzeko bere gorputzean egingo duten, edo ez duten, guztiaren inguruan. Eta eskubidea du alternatibak eman diezazkioten”, dio Morenok; “autonomia eskubidearekin zuzen-zuzenean dago lotuta”. Kontua da emakumeak sarri ez daukala bere erabakimenaren kontzientziarik. Izan ere, “eredu oso paternalista batetik gatoz, eta askotan profesionalak sentsatzioa du haurduna bere zereginetan sartzen ari dela nolabait”.
Profesionalaren egitekoak, ordea, “prozesuaren zati txiki batekin du lotura”. Laguntza eta segurtasuna ematea, eta sor daitezkeen konplikazioen aurrean erantzutea da, Morenoren ustez, profesionalen egitekoa. Baina “erditzea emakume bakoitzarena da. Bizipen gisa oso gauza pertsonala da; nor naiz ni nola bizi behar duen esateko?”.
Kontua da, ordea, askotan minari aurre egiteko erabili nahi dituen metodoetara mugatu izan dela haurdunaren erabakimena; alegia, epidurala nahi duen edo ez erabakitzera. “Hori faktore bat gehiago besterik ez da. Eta, gainera, gure lana da epidurala erabili nahi ez duen haurdunari alternatibak eskaintzea, egon badaude eta”.
Emakumeak, batik bat, klinikoak ez diren gorabeheren inguruan erabakitzeko aukera izango du. Alde horretatik, ohikoak izaten dira etxeko arropa eramateko aukera eskatzen duten emakumeak, eroso egoteko, edo gustuko musika jartzea nahi izaten dutenak, edo homeopatia erabili nahi dutenak laguntza gisa.
Baina, era berean, jaioberriari egin beharreko zaintza guztien berri eman behar zaio erditu berriari, eta horien gainean ere erabaki dezake, “eta askotan ez dakite hori”. Hain zuzen jaioberriaren zaintzarekin lotuta oraindik ere “inertzia asko” dituztela uste du Morenok. Izan ere, emakumeak aukera du eskatzeko azala-azalarekin egon nahi duela jaioberriarekin, eta halaxe egon nahi duela umeari lehen errebisioa egitean; baina, Morenoren ustez, ez luke eskaera bat izan behar, arau orokorra baizik: “Batzutan arrunta behar lukeen hori justifikatu behar izaten dugu. Fisiologiaren ikuspegitik, normalena behar luke jaioberria eta ama ez banatzea.”
Gauzak horrela, Debagoieneko ospitaleko erditze-planean hainbat zurigune uzten dituzte, emakumeek eurek hausnartu eta adierazi dezaten zer nahi duten, baita hori ez badago planean jasota ere. Hori bai, muga izango dute kontu klinikoetan; “horretarako gaude profesionalak, horregatik etorri dira gugana”.
Plana errespetatzeko betebeharra
Haurdunak bere erditze-planean adierazi duena errespetatzea izango da profesionalaren egitekoa. Dena dela, planak ez du izaera loteslea, eta, beraz, haurdun batek epidurala erabili nahi duela adierazi badu ere planean, “horrek ez digu baimenik ematen epidurala jartzeko. Unean unean hitz egin behar da”. Zentzu horretan, boteretzeko elementu garrantzitsua izan da erditze-plana. “Emakumeari esaten ari gara erditzea berea dela, berak duela erabakimena, beti ere kontuan izanda ospitale batera etorri dela, eta bere mugak dituela. Baina emakumeak argi izan behar luke guk funtzio bat dugula, eta gainerakoa berari dagokiola, berea dela”.