Mahaian, helduak bezala

2016-01-26

Plastikozko edalontzi, plater eta mahai-tresnak beharrean, txikitatik hasita, haurrek ere helduenak bezalakoak erabiltzea gomendatzen du Juanjo Quintela psikologoak, haurraren gaitasunetan konfiantza izatea esan nahiko baitu horrek.

 
 
Mahaian, helduak bezala

Haurrei jaten emateko asko erabili ohi dira plastikozko edalontziak, platerak nahiz mahai-tresnak. Haurrentzako egokienak horiexek direla uste izaten da, lurrera erorita ere ez baitira apurtzen. Sarri, gainera, edateko edo jateko soilik izan arren, tramankulu sofistikatuak diseinatzen dituzte, haurrentzako pentsatutako estetikarekin: kolore biziak, marrazki deigarriak, argitxoak… Hamaika katalogo, erakusleiho edota webgunetan ikus daitezke haurrentzat eginiko edalontzi, plater eta mahai-tresna ponpoxoak, helduek erabiltzen dituzten kristalezkoekin, portzelanazkoekin edota metalezkoekin zerikusirik ez dutenak.

Guraso batek bidalitako kezka bati erantzun nahian heldu dio gaiari Hazi Hezik: “Umeentzako orain arte plastikozko basoak eta platerak erabili izan ditugu, erorita ere ez puskatzeko. Baina entzun dugu hobe dela guk erabiltzen ditugun bezalakoak erabiltzea haurrek ere. Hori ala da? Zergatik?”

Lehen begiratuan bata edo bestea erabiltzea antzeko dela eman badezake ere, adituen esanetan, gogoeta eskatzen duen kontua da, haziera bera ulertzeko modua ere jokoan egon baitaiteke gisa horretako gaien atzean. Izan ere, edalontziak, goilarak, sardeskak eta platerak jatorduekin dute zerikusia, elikadurarekin, hain zuzen. Eta Mária Vincze Budapesteko Lockzy zentroko pediatra ohiak zioen bezala, haurraren sozializazio-prozesuko etaparik garrantzitsuenetariko bat norberak bere burua modu independentean elikatzeko gaitasuna da. Eta erabil-tzen diren tresnek ere zerikusia dute horretan.

Ildo berean, Juanjo Quintela psikologoak, haurraren ongizateaz eta elikaduraz ari garenean gogoan izan beharreko bi premisa nabarmentzen ditu: batetik, haurrak bere ekintzen ondorioen ardura hartzeko modua izan behar du; eta bestetik, haurraren alde helduak egin dezakeen gauzarik onena da haurrak bere gaitasunak gara ditzan laguntzea. “Horrek esan nahi du umearengan konfiantza izan behar dugula eta haurrak hazteko duen grinari bidea eman behar diogula. Umea hainbat erronka txiki gainditzeko gai da, baita egunerokoan agertzen zaizkion zenbait zailtasuni aurre egiteko ere”.

Ideia horiek kontuan izanik, ahal dela, haurrek ere, txikitatik hasita, helduek erabiltzen dituztenen antzeko edalontzi, plater nahiz mahai-tresnak erabiltzea gomendatzen dute adituek. Eta aldi berean, merkatuko hainbat elikadura-tresna kritikatzen dituzte.

- Edalontziak: haurrentzako diseinaturiko plastikozko edalontziek bi helduleku izan ohi dituzte, baina adituek zalantzan jartzen dute beroien erabilera. Quintelaren arabera, haurrek esku txikiak badituzte ere, trebezia handia izan ohi dute euren eskura dituzten era guztietako objektuak manipulatzeko.

Era berean, edalontzi mota horietatik edan ahal izateko tetina moduko bat zurrupatu behar izaten dute haurrek, eta psikologoak azaltzen duen moduan, horrek haurra “zurrupatzeko” ekintzan mantentzen du, “edateko” ekintzara igaro ordez. “Txikitatik haurrak edaten ikastea garrantzitsua da. Kontuan izan behar da, gainera, edan ahal izateko ahoaren eta ezpainen posizioa eta mugimenduak aldatu egiten direla, eta zurrupatzen jarraitzeak ez du horretan laguntzen”.

Edalontzi mota horien tetina askok, bestalde, ura ez isurtzeko sistemak izan ohi dituzte, eta, ondorioz, haurrak ez dauka arduratu beharrik haren erabileraz. “Berdin da lurrean arrastaka badarama ere, ura ez da isuriko”, salatzen du Quintelak. Izan ere, haurrari ez dio uzten jabetzen bere ekintzek zein ondorio izan ditzaketen.

Azkenik, edalontzi horietako asko opakuak izan ohi dira, eta, ondorioz, haurrek ezin dute barruan zer dagoen ikusi, ez noraino dagoen beteta neurtu eta ezta okertzean ura nola mugitzen den behatu ere. “Garrantzitsua da haurrari zer edatera doan konturatzeko aukera ematea”.

Tresna egokiak al dira, hortaz, edalontzi horiek? Quintelak argi dio: “Haurrari eskuetara eman diezaiokegu eta lasai utzi ibiltzen, arduratu gabe. Ez da puskatuko, ez da urik isuriko eta haurra ez da bustiko… Baina hori al da kontua? Nik pertsonalki miretsi egiten dut haurra kristalezko baso normal batetik serio eta kontzentratuta edaten ari denean. Izatekotan, edalontziaren tamaina egokitu behar genuke, haurraren eskuen pareko eginaz, baina gehiagorik ez. Egia da kristalezkoa dela eta puskatu egin daitekeela. Baina helduoi ere apurtzen zaizkigu basoak. Eta horrexegatik dakigu kristala kontu handiarekin erabili behar dela”.

- Mahai-tresnak: edalontzien kasuan bezalaxe, adituek uste dute ez litzatekeela inolako diferentziarik egon behar —tamaina salbu— helduek erabiltzen dituzten eta haur txikiek erabiltzen dituzten mahai-tresnen artean. “Merkatuan gure haurrentzat sortutako koilara sofistikatu andana dago. Ez dakit nork erabaki duen umeek jateko horrelako koilarak behar dituztela, plastikozkoak, sekulako kirtena dutenak, kolorinez beteak, marrazkitxodunak… horrela hobeto jango balute bezala. Postrerako erabiltzen dugun metalezko koilara da behar dugun guztia”. Izan ere, metalezko mahai-tresnekin jaten duen haurraren baitan helduek bezala jateko gogoa, nahia eta irrika dago txertatuta, Quintelaren hitzetan, umeak haiek zaintzen dituzten helduekin identifikatzen baitira uneoro eta haurren garapen prozesurako hori oso inportantea da.

- Platera: edalontziaren nahiz koilara eta tenedorearen kasuak irakurrita, erraza da plateren kasuan Quintelak zer gomendatuko lukeen irudikatzea: helduek erabiltzen dituzten bezalako portzelanazko platerak erabiltzea, hain zuzen. Nahi izanez gero, postreko platerak erabiltzeko dio, baina kasu honetan, edalontzien eta mahai-tresnen kasuan ez bezala, ez du uste plateren tamainak berebiziko garrantzirik duenik.

Haurrak bere elikadura-prozesuko elementuak ezagutzea xede

Haurrak titia edo biberoia hartzen badu ere, hasieratik likidoak (ura, zukua…) edalontzian edo koilaraz ematea gomendatzen dute adituek, haurrak pixkanaka bere elikadura prozesuko elementuak ezagutu ahalko baititu hala: “2,5-3 hilabeteko adinean edalontzia edo mahai-tresnak pixkanaka ezagutzen joateko aukera baldin badu haurrak, haren elikaduran lekaleak edo barazkiak sartzen ditugunean, soilik gustu berrira ohitu beharko du, eta ez koilara erabiltzera, lehenagotik ezagutzen baitu”, argitzen du Mária Vinczek.

Koilararen kasuan, hasieran kafe-koilara erabiltzea proposatzen du Vinczek, eta haurrak ahalmen handiagoa duenean, postreko koilara. Edalontziari dagokionez, berriz, ertza zorrotza ez izatea garrantzi- tsua iruditzen zaio, eta uste du hobe dela ertz potoloa duen edalontzia erabiltzea: “Bestalde, zenbat eta txikiagoa izan edalontzia, orduan eta errazagoa izango da likidoaren irteera neurtzea”.

Edozein kasutan ere, edalontzia, platera nahiz mahai-tresnak erabiltzeko orduan, haurrek parte-hartze aktiboa izan behar dutela diote adituek, eta otordu osoan zehar bi besoak libre izatea ahalbidetu behar zaiela. Haurrari pixkanaka zerekin eta nola jan behar duen erakustea litzateke egokiena, betiere haurraren behar eta mugimenduetara egokitzeko gaitasuna izanaz: “Horretarako, beharrezkoa da haurraren mugimendu eta erritmora egokitzea, zenbaterainoko ahalmena izan behar duten jakin behar dugu zehatz mehatz, nola okertu edalontzia, nolako lastertasuna eman otorduari, etab.”