Jostailu arrosa eta urdinetatik harago
Rol bereizketatik urruntzea eta aukera neutroa egitea zaila den arren, jostailuak hautatzerakoan kontuan izan beharreko ideia nagusi bat aipatzen du Izaskun Guarrotxena hezitzaileak: jostailua neskek zein mutilek jolasteko modukoa izatea.
Panpinak, ume-kotxeak, sukaldetxoak, ilea apain-tzeko tresnak, printzesak… egon ohi dira alde batean; bestean berriz, kamioiak, pilotak, eraikuntzak egitekoak, ezpatak, superheroiak… Arrosak izan ohi dira lehenak; urdinak bigarrenak. Emakumeak batetik eta gizonak bestetik, gizartea bitan bereizita dagoen bezalaxe, jostailuak ere halaxe daude: neskentzakoak egon ohi dira alde batean; eta mutilentzakoak bestean.
Erakusleihoetan, katalogoetan, dendetako apaletan, sareko saltokietan… apur bat erreparatuz gero, erraz nabaritzen da banaketa. Eta ez da erraza eredu horretatik alde egitea.
Iragarkietatik hasita, jostailuak sexu bati edo besteari zuzenduta egoten dira gehienetan. Neskei zuzendutako iragarkietan kolore gozoak, musika lasaia, haur ahotsak eta etxean egokitutako mundu fantastikoa agertu ohi dira. Mutilen kasuan, berriz, kolore biziak, musika alaia, erritmo militarra eta etxetik kanpoko eremua. Iragarki berberen bidez, jostailu horiekin jolasteko jarrerak ere azpimarratzen dira: nesken jarrera kontrolatua, ordenatua, arduratsua, laguntzailea, pasiboa, zintzoa...; eta mutilena, protagonista, aktiboa, maltzurra, kontrolatzailea, indartsua, garailea…
Iragarkietan transmititu ohi den ereduarekin bat, gaur egungo jostailu asko ere oso estereotipatuta egon ohi dira, eta rol jakin batzuk birproduzitzera bideratzen dira. Batzuek emakumetasun eredu zehatz bat landu ohi dute; besteek, berriz, gizontasun eredu jakin bat. Horietako bakoitzak izan dezakeen zama guztiarekin: “Neskatoei jostailuen bidez transmititzen zaizkien balioak zaintzarekin edo etxeko lanekin lotuak izan ohi dira; mutikoei transmititzen zaizkienak, aldiz, lehiakortasunarekin edota agresibitatearekin. Batean denak dira arrosak; bestean, denak urdinak”, argitzen du Izaskun Guarrotxena Bizkaiko Urtxintxako hezitzaileak.
Badira mutil zein neska, biek erabiltzen dituzten jostailuak ere. Horren adibide izan daiteke bizikleta. Garai batean, ohikoa zen anai-arrebek bizikleta berbera erabiltzea, edota neska nagusiagoek erabiliak mutil gazteagoei pasatzea. Baina lehen ez bezala, orain, biek erabiltzen dituzten jostailu horiek ere estereotipatu egin dituzte: neskentzat pentsatutako bizikletak arrosak izan ohi dira, loretxodunak, sakitxoarekin… Mutilentzeko pentsatutakoek, berriz, karrerak egiteko sortuak dirudite, zurrunagoak dira…
Guarrotxenak ohartarazten duenez, beste horrenbeste gertatu da orain dela gutxira arte mutilentzat soilik diseinatzen ziren hainbat jostailurekin; hala nola, playmobilekin edota legoarekin: “Horiek beti mutilentzat izan dira. Orain, berriz, neskentzat prestatu dituzte. Noski, arrosak dira eta neskentzat pentsatutako diseinua jarri diete. Mezua zera da: ‘Ados. Zu neska zara, baina posible duzu jostailu horiekin jolastea. Hala ere, nik propio neskentzat prestatuta emango dizut’. Eta berriz ere jostailua estereotipatzen eta rolak birproduzitzen ari gara. Garai batean jostailu batzuk berberak ziren guztientzat. Orain, ordea, aukera askoz ere handiagoa da eta produktu guztietan daude neskentzakoak eta mutilentzakoak”.
Erdibidea, nekeza
Zaila izaten da rol bereizketatik alde egitea eta aukera neutro bat topatzea. Izan ere, umeei barruraino sartzen diete neskei arrosa dagokiela eta mutilei urdina, horrek esan nahi duen guztiarekin. Gizartean txertatuta dagoen zerbait da genero desberdinkeriarena, baina horrez gain, bereziki Gabon garaian, marketin kanpaina bortitzak egin ohi dira neska-mutikoak erakartzeko, eta, batzuetan, gurasoentzat saihestezina ere izaten da eredu dikotomiko horretatik urruntzea: “Telebistaren, kaleko giroaren, lagunarteko mezuen, erakusleihoen, katalogoen, iragarkien… bidez, barruraino sartuta daukate umeek gaur egungo eredua eta argi dute eurei zein jostailu dagokien”.
Badira normatik aterata euren bidea egiten duten umeak ere, baina gehienean arau jakin baten barruan mantentzen dira: mutilei dagokien arauaren barruan edo neskei dagokien arauaren barruan. Mutil ba-tzuek oso gustuko dute panpinekin ibiltzea edota neskek kotxe-karreran aritzea, baina Guarrotxenaren ustez, oso zaila da erdibide bat aurkitzea. “Jendartea oso bereizita dago eta erdibidea hautatzen dutenei egurra ematen zaie. Neska sentitzen den pertsona bat denbora guztian baloiarekin jolasean ari bada esaten zaio mutil ohiturak dituela eta ea noiz izango den neskagoa”. Egokiena bakoitzak bere bidea egitea izango litzatekeen arren, hori ia ezinezkoa dela gaineratzen du hezitzaileak. “Aukera askerik ez da existitzen”. Eta uste du berdintasun faltsuak ere gaur egungo egoerari ez diola inolako mesederik egiten: “Jendeak pentsatzen du nahiz eta jostailu arrosak oparitu ez diola axola, berdintasunean bizi garenez, horrek ez diola aukera askatasunik eragotziko bere alabari”.
Behin eta berriz errepikatzen den moduan, haurrak jolasa du ikasbide nagusi eta jostailua du horretarako bitartekari. Jostailua era sexistan erabiltzen badu, ordea, edota jolas sexistak sortzen baditu, ezinbestean, balio hori ariko da barneratzen haurra. Guarrotxenari garrantzitsua iruditzen zaio, gutxienez, horretaz kontziente izatea: “Era batera edo bestera, umea jaiotzen denetik estereotipo edo rol batzuk ari gatzaizkio transmititzen. Gauza asko oharkabean egiten ditugu, inertziaz joka-tzen dugu. Adibidez, neskato bati panpin bat erosten diogunean, ez da zaintzari sekulako garrantzia ematen diogulako, gainontzean mutilei ere panpinak oparituko genizkieke-eta, kontuan izanik guztiek jakin behar dutela zaintzen. Baina neskari erosten diogu, eta mutilari ez, eta beraz neskari transmititzen diogu zaintza bere betebeharra dela”.
Guztientzako moduko jostailuak
Asmo parekideagoak izanez gero, errealitate horren aurrean rolak apurtzen edo behintzat rolak ez bermatzen laguntzen duten jostailuak erostea gomendatzen du Guarrotxenak, eta jostailuak hauta-tzerakoan kontuan izan beharreko ideia nagusi bat aipatzen du: jostailua neskek zein mutilek jolasteko modukoa izatea. Ezer erosi aurretik hausnarketa egiteko proposatzen die gurasoei, eta gauzak ez erosteko lehen bulkadan, haurrek hori eskatu dutelako edota zer edo zer erosi behar zaielako. Beraz, haur bakoitzaren aniztasunari erantzuten dioten eta bere gaitasun guztiak garatzeko aukera ematen duten jostailuak aukeratzea litzateke komenigarriena, hezitzailearen aburuz.
Haurrei ohikotasunetik ateratzen diren jolas moldeak ere eskaini behar zaizkiela uste du hezitzaileak, ezagutzen ez duten hori ezingo baitute eskatu. Eta beste ezeren gainetik, helduek haurrekin batera jolasteak duen garrantzia azpimarratzen du. “Jolasteko modu asko daudela erakutsi behar diegu gure haurrei”. Eta baloiaren adibidea jartzen du: “Baloi bat mutilei ematen badiegu, zer egingo dute? Segur aski segituan futbolean hasiko dira. Aldiz, neskak ziur asko baloia albo batean utzi eta eseri egingo dira. Baina guk baloiarekin ibiltzeko moduko hamaika jolas erakusten badizkiegu, oso litekeena izango da, guztiak batera, elkarrekin pozik jolasean ibiltzea”.