Xabier Gantzarain: 'Lerde-zapiak'

2016-03-03

Ezin diozu errua haurrari bota, eman zidan abisu lagun batek, bizitza erabat aldatuko zitzaidala azaldu ostean, eta ezta bikoteari ere. Zenbat aldatuko zitzaidan, susmatzen nuen lehendik ere, nola aldatuko zitzaigun, zailagoa zen antzematen.

 
 
Xabier Gantzarain: 'Lerde-zapiak'

Goxo hartu gintuzten Zumarragako ospitalean, holakoetan konturatzen da bat bere lana ondo egiten duen jendeak eusten diola munduari, musika jartzen utzi ziguten, dena oso ondo joan zen, alaba ondo, ama ondo, whatsappeko mezu baterako modukoa dena. Gero oinarrizko ikasgaiak eta lehen probak, baita lehen beldurrak ere, aurretik pentsatu ere egin gabeak, entzungo ote du. Eta hango egonaldia bukatzean, despedidan, bizitza berri bati ekitera zoazela dakizunean, harridura pozgarri bat: opari bat daukagu umearentzat. Zer ote da, zer ote da: lerde-zapi bat Kutxabankeko logoarekin.

Eta hor hasten da bat dena nola aldatu zaion antzematen, bat-batean konturatzen da gauza askorekin.

Guraso izatearen alderdi intimoa zoragarria da, ikaragarri betetzen du, baina hori bezain zoratzekoa eta ikaratzekoa da, eta justu kontrako zentzuan, alderdi soziala: orain ama zara, orain aita zara mundu guztiarentzat. Eta zeure ingurukoentzat zer esanik ez. Gorroto duzun izeba horrek haurrarentzako arropak oparitzen dizkizu, etxepeko jendeak umea ikusi nahi du mundu guztitik, esnatzeko gai dira lo gozoan egon arren, kontuak egin nahi dizkiote. Kontuak egin, horixe da kontua.

Ia-ia berdin dio zer egin duzun orain arte, nolakoa zaren, zer nahi duzun, hori guztia desagertu egiten da, desagertu egin zara.

Eta lagun zahar batekin bazkaltzeko geratu eta haurraz galdetu ere egiten ez dizunean, eta zeuk ere ez diozunean aipatu, lehendabizi harritu egiten zara, zalantza sartzen zaizu gero zer sentitu beharko ote zenukeen, eta azkenean izugarri pozten zara: ez dugu biotako inork haurraren atzean ezkutatzeko beharrik sentitu.

Egunero gurutzatzen dituzun beste askorekin, gehien-gehienekin, ez duzu beste konturik, haurrak zeinen antza daukan, lo egiten uzten al digun, ondo jaten al duen, kexatzen al den haizeekin. Bestela ere badago hartzea: gizakiak oso gauza gutxi eta oinarrizkoak behar ditu bizitzeko, eta ez jaioberriak bakarrik.

Segituan ikasten da lezioa: zuk behar duzu haurra, berak ez hainbeste zu. Eta kolpean ulertzen duzu lerde-zapiarena: zuretzako zen. Lerdea dariola zaude haurrari begira, eta auskalo zer darabilzun buruan: zenbat maiteko zaituen, ez zaituela inoiz abandonatuko, betirako dela haur bat.

Jaiotzen den ume bakoitzeko, lerde-zapi bat jantzi eta kontuak egiten ditu Kutxabankeko buruak.