Itziar Idiazabal: “Euskara ikastea da hizkuntza gutxitu baten jabe egitea eta hizkuntza gutxitu horren ardura zure gain hartzea. Eta hori eskolan esatea ez da bekatu”
Eskoletan hizkuntza aniztasuna azaleratzearen aldekoa da Itziar Idiazabal: “Eleaniztasuna norbanakoentzat ona bada, gizartearentzat ere bai”, dio. EHUko Munduko Hizkuntza Ondarearen Unesco katedrako koordinatzailea da eta Hizkuntzalaritza eta Euskal Ikasketak saileko katedraduna. Bere esanetan, euskara irakasteaz gainera, eskolaren bitartez hizkuntza hori erabiltzeko adostasuna ere lortu behar da: “Gaur egun eskoletan hori ez da gehiegi esaten. Egia da bakoitzak erabakiko duela zein hizkuntza erabili, baina ikasle bati esan egiten badiozu zer garrantzia daukan euskararen gaineko kontzientzia hartzeak hizkuntza horren biziraupenean eta normalizazioan, beste gauza bat ere jakin egingo du”.
Gaur egungo euskal hezkuntzaren erronka nagusietako bat ikasle eleaniztunak sortzea da. Baina ikasle eleaniztunez ari garenean, zertaz ari gara? Zer esan nahi du eleaniztun izateak?
Bertako bi hizkuntzetan —euskaran eta gaztelanian edota euskaran eta frantsesean— gaitasun ona izatea, hau da, hizkuntzok ahoz nahiz idatziz egoki erabiltzeko gauza izatea, eta gutxienez atzerritar hizkuntza baten ezagutza nahikoa edukitzea, hots, hizkuntza horretan oinarria baduela erakusteko gai izatea. Europako mailak aipatzen direnean, eskatzen da bertako hizkuntzetan gutxienez B2-C1 maila edukitzea eta atzerritar hizkuntzan B1 edo antzekoa. Baina horrek ez du asko esan nahi, etiketak jartzea beti delako erraza; horren atzean zer dagoen jakitea, ordea, beste kontu bat da.
Eta euskal eskolek lortzen dute ikasleen eleaniztasuna bermatzea?
Ikasle guztiek oraindik ez dute lor-tzen, hori garbi dago. Dena dela, asko aurreratu da. Bide horretan gaudela esan daiteke, baina oraindik erronka handia daukagu aurrean. Edozein kasutan, konturatu behar dugu oso helburu zaila eta konplexua dela. Gu aspaldian helburu horren atzetik bagabiltza ere, eta gizarteak normala den zerbait bezala eskatzen badu ere, ez da arrunta eta munduan leku gutxitan lortzen da horrelako zerbait. Batetik hiru hizkuntza ikastea erraza ez delako, batez ere kontuan izanik horietarik bi gizartean ez direla asko hitz egiten. Euskara leku batzuetan bai, baina beste askotan ez. Eta arlo profesional batzuetatik at, ingelesez funtzionatzen duen eremurik apenas dagoen gure artean. Beraz, helburua lorgarria izan daiteke, eta lorgarria izan behar du, baina zaila da, eta horretaz ohartu behar dugu. Lasai ederrean esaten dugu denok eleani-tzak izan behar dugula. Eta ados nago horrekin, baina kontziente izan behar dugu hori esaten dugunean gauza oso handi bat ari garela esaten. Erronka bat da. Derrigorrezko erronka dela esango nuke gainera.
Zein baliabide ditu eskolak horretarako?
Hemen eskolari eskatzen zaiona asko da. Eskolak zuzenean izango du ardura, baina gizarteak ere laguntza eta babesa eman behar du eta bitartekoak jarri hori lorgarria izan dadin. Nagusiki, ikerketa bultzatu behar da. Formazioa ezinbestean garatzen eta eguneratzen joan behar dugun zerbait da.
Eginkizunaren zailtasunaz, eta aldi berean, ezinbestekotasunaz ohartzeak bitartekoak asko zaintzera eraman behar gaitu. Zentzu horretan, uste dut arrisku handi bat dagoela eta momentu delikatuan gaudela. Badirudi nolabaiteko erlaxazio egoera batera heldu dela eskola: oinarrizko egitura martxan dago; emaitzak, oro har, ez dira txarrak; PISAk eta gainerakoek erakusten dute hemengo eskolak batez besteko mailan daudela eta Espainiakoak baino zerbait hobeak ere badirela… Baina lasaitzeko moduko zerbait daukagula pentsatze hori oso arriskutsua dela uste dut. Zeren hizkuntza kontuan, bai euskaran, bai atzerriko hizkuntzan —ingelesean nagusiki—, eta esango nuke baita gaztelanian bertan ere, badaude ohartzen ez garen hutsuneak. Eskolak egin ditzakeen zenbait lorpen oharkabean pasatzen zaizkigulakoan nago.
Adibidez?
Uste dut euskarazko erabilera gaitasuna, eta bereziki ahozkoa ez dela behar bezala edo nahikoa lantzen eta gaitasunik ez badago ezin erabili. Bestalde, gaztelania formalean ere badaude eremu batzuk lantzen ez direnak eta erabilera arruntean geratu ezin direnak. Adibidez, ahozko erabilera formala. Idatzizko formala gehixeago lantzen dela iruditzen zait, baina ahozko formala ez. Askotan gramatikako ortografian oinarritzen gara, baina gero benetan erabileran zuloak badaude. Gaztelaniaren egoera hori bada, zer esanik ez euskararen kasuan eta beste hizkun-tzenean.
Eta egiten diren ebaluazioetan, esaterako ebaluazio diagnostikorako frogetan, ez dira gaitasun horiek neurtzen.
Edozein kasutan, oro har, mailarik onena gaztelanian edo frantsesean izango dute euskal ikasleek.
Bai, dudarik ez. Eta eskakizunen artean euskara da oraindik lan handiak ematen dizkiguna. Zeren 2005 inguruan egin ziren hizkuntzaren maila ebaluatzeko azterketa orokorrak eta D ereduan bertan ere B2 maila %50 inguruk lortu zuten. Eredu horretan oso emaitza ezberdinak dauzkagu batetik bestera eta orokorrean oraindik hobetu beharreko gauza asko dago. Dena eskolak ezin duela egin ere esango zaigu, eta hori egia da. Hizkuntza baten garapena ez da eskolan bakarrik lortzen. Baina eskolak berak irakatsi edo ziurtatu beharko lituzkeenak zeintzuk diren eta hori zenbateraino lortzen den edo ez den lortzen ere jakin beharko dugu. Eskoletan, oro har, plangintza batzuekin egiten da lan, baina oraindik asko daukagu zehaztu beharra eskakizunetan, irakasteko baliabideetan eta ebaluazio-sistemetan.
Ikasle eleanitzak lortzeko, zer-nolako eredua, metodologia, eta didaktika beharko genuke?
Gure ikasleak eleaniztasunean hezi behar baditugu, batetik, argi izan behar dugu eskolan hizkuntzak ikasteko haien bitartez edukiak ikasiz, murgilketaz, ikasten direla modurik ziurrenean; bestetik, berriz, hizkun-tza ezberdinak irakasten dituzten irakasleen artean nolabaiteko adostasun edo koordinazio bat egon behar du. Hau da, komeni da batean egiten dena ahal dela bestean aprobetxatzea. Hizkuntza batean ikasten diren zenbait gauza besteetarako ere baliagarriak ditugu, esate baterako, idatziaren metaezaguera, testu-generoen izaera eta antolakuntza diskurtsiboa, hizkuntza bakoitzeko hitzen atzean gordetzen den zentzua, kontzeptuak... edozein hizkuntzatan ikas daitezke eta denetarako baliagarriak izango dira. Eta horren jakitun izatea ona da, batean egindakoa bestean aprobetxatzeko eta gauzak errepikatzen ez aritzeko.
Baina oraindik hizkuntzen arteko elkar eraginen inguruan oso ikerketa gutxi daukagu. Egon behar da jende bat, irakaskuntzako ardura gertukorik ez duena, ikertzen ari dena. Gurean, orokorrean oso kontzientzia txikia daukagu hezkuntza arloko ikerketen premiaren inguruan. Badirudi irakaskuntzan, hizkuntza bat jakitea nahikoa dela irakasteko, eta ez dagoela beste munduko ezer jakin beharrik. Baina guk daukagun eginkizuna hain erronkatsua izanik, atzetik sostengua behar da.
Ikerketa eta formazio premia dago, beraz.
Ikerketa serioa egiten ariko den jendea behar dugu. Hizkuntzalariak ari zaizkigu esaten hizkuntzaren funtzionamendua ez dela gramatika eta hiztegira mugatzen. Hizkun-tzaren funtzionamenduan diskurtso mailako eragiketa asko gertatzen da. Testu mailako azterketan ahozko eta idatzizko adierazpena esaldiaren gramatikak erakutsi diguna baino askoz gehiago da. Maila horretan euskarazko ikerketa gutxi daukagu, eta horien jakitun izan gabe ezin irakatsi hizkuntzarik.
Hizkuntzalaritzatik harago, eta nolabait maila aplikatuan, didaktikari heldu beharko genioke eta ahalik eta fidagarritasun handiena eskain-tzen duten baliabideak erabili. Hiru hizkuntzarekin ari garenean non agertzen dira zailtasun gehiago, zer da batetik bestera pasatzen dena, zer da kutsadura sortzen duena eta zerk dakar aurrerapena, zer gertatzen da itzulpenarekin…
Orain dela 50 urte inguru bigarren hizkuntzen irakaskuntza martxan jarri zenean, metodo modernoek esaten ziguten ez zela itzuli behar, gauzak modu automatikoan ikasi edo erabili behar zirela eta itzultzea ez zela ona, hizkuntza bata bestearekin nahasten genuelako. Gaur egun ez da horrelakorik esaten. Badakigu denok etengabe itzultzen ari garela eta guretzat oso baliabide inportantea dela itzulpena, baina eskolak ez daki horrekin zer egin. Ez da aztertzen. Itzulpena egin behar da? Noraino? Zenbaterainoko kontzientzia eduki behar dugu hori egiten ari garela? Ez dakigu. Hizkuntzen irakaskuntzan, hainbat eremutan, jendeak usteekin funtzionatzen du. Hori, ordea, ez da konpontzen irakasle multzo bat urtebetean ikertu dezaten liberatuz. Horretan bakarrik pentsatzen ari den jende prestatua behar da. Irakaskuntza eleanitzak ikerkuntzarako baliabide edo egitura propioak behar ditu.
Eredu berbera behar du etxetik hizkuntza batekin edo bestearekin datorren haurrak? Edota atzerriko hizkuntzarekin heltzen denak? Eredu berbera behar da ingurune erdaldunean edota euskaldunean?
Ez. Derrigorrez egokitu egin behar dira ereduak eta eskolako plangintza. EAEn nagusi izan den hiru ereduen sistema aukerarako bitartekoa izan da. Gure gizarteak aukera bat egin du inor gehiegi derrigortu gabe eta horrek balio handia du. Hemen gurasoek haurrak D eredura ez dituzte bidaltzen behartuta daudelako, beste zerbait nahi dutelako baizik: euren seme-alabek euskara ikastea, hain zuzen. Zentzu horretan asmatu egin dugu eta hori onartu beharrekoa da. Beste kontu bat da, munduko beste edozein eskolatan bezala, daukazun eredua daukazula, hori egokitu beharra dagoela, irakaskuntzan ez dagoelako inolako eredurik, besterik gabe, automatikoki aplika daitekeenik.
Hezkuntzan, hortaz, ez dago emanda datorren eredurik?
Hezkuntza beti da anitza, ezberdina. Haur baten eta bestearen arteko diferentziak handiak dira gehienetan, eta hizkuntzen irakaskuntzaren kasuan, ezberdintasun indibidual horri lotzen zaio ezberdintasun soziolinguistikoa, hizkuntzaren erabilerak oso anitzak direlako. Hortaz, aniztasuna oinarri izanik egin behar den lan bat da irakaskuntza. Ez dago formula emanik.
Lortu genuen ikasgelan ume guztiak adin berekoak izatea, giro sozioekonomiko berekoak izatea, etab. Talde homogeneo bat edukitzea lorpena balitz bezala jokatzen dugu askotan, baina talde homogeneorik ez dago. Hori ez da existitzen. Beraz, beti egin beharko da ereduaren egokitzapen bat, eta irakasle on batek badaki hori. Portugaleten irakatsi edo Abaltzisketan irakatsi, ez da gauza bera. Eskola mailan zer egin behar dugun eta hizkuntzen irakaskuntzak zer suposatzen duen zenbat eta gehiago eta hobeto jakin, eta horretarako baliabide eraginkorragoak sortzen goazen heinean, gauzak hobetzen joango gara.
Hizkuntzen irakaskuntzak eskolaren sistema osoa goitik behera ukitzen du. Ardatza da. Gure eskola goitik behera aldatu da, ez Espainiako Gobernutik etorri zaizkigun erreformen ondorioz, baizik eta guk euskara sartu dugulako. Orain beste hizkuntza bat ere sartu nahi badugu, horrek ere aldaketa oso sakonak ekar ditzake. Zentzu horretan garrantzi-tsua da helburuak garbi edukitzea. Eta gure helburua, esan bezala, zaila eta konplexua da, erronka handi bat da. Baina horrek eskola hobetzea ekarriko digu behar bezala erantzuten badiogu.
Eta atzerriko hizkuntza nola txerta daiteke eskolan euskarari kalte egin gabe? Hirugarren hizkuntza ere txikitatik irakastea ezinbestekoa da?
Nik uste dut gai horretan nahikoa adostasun badagoela. Esate baterako, euskara txikitan sartzea ezinbestekoa da, baina ez bestela hizkuntza hori ikasteko ezintasun kognitiborik dagoelako. Alderdi fonetiko-fonologikoari dagokionez, adinak jar diezazkiguke muga batzuk, baina ez bestelakorik. Euskara txikitatik ikastea ezinbestekoa da, batez ere, motibazioari dagokionez. 10 urterekin euskaraz inoiz egin ez duen ume bat euskaraz hizketan hastea akaso ez da hain samurra izango; aldiz, hiru urterekin murgilketa-sistema batean euskara ikasten hasiz gero, giro erakargarri batean, horrek haurraren motibazioan oso eragin positiboa izan dezake.
Txikitatik euskara eskainiz haurrari beste hizkuntza bat ikasteko aukera eskaintzen diozu eta gurasoek hori aberastasun bezala ikusten dute, horrekin ez duelako gaztelania galtzen eta beste hizkuntza bat ikasten duelako.
Eta ingelesaren kasuan?
Ingelesa hasiera-hasieratik sartzearen arrazoiak batez ere alderdi kognitiboetan oinarritu izan dira: “Txikitan ez bada, gero ez da ikasten”. Baina, gaur egun nahiko argi dago hori ez dela horrela. Beharbada, txikitan hasi ezean ahoskera naturala lortzea zailagoa da, baina gainontzean, gaur egun, ingelesaren aldeko motibazioa piztea ez da hain zaila. Eta, gainera, adinean zenbat eta aurrerago, errazago dela dirudi. Badu erakargarritasuna eta, eskolak hori ondo kudeatzen badu, lor dezake ikasleek atzerritar hizkun-tzan oinarri sendo bat lortzea.
Gainera, demostratua dago 4 urterekin hasten direnak ingelesa ikasten edo 10 urterekin hasten direnak, 14 urterekin antzeko mailan dabiltzala. Beraz, ez da hain beharrezkoa 4 urterekin ingelesa irakasten hastea. Norbaitek hala nahi badu, umeari ez dio kalterik egingo. Haurra gai da txikitatik hiru hizkuntza ikasteko. Baina dauzkagun baliabideak ikusita, indarra non jarri erabaki behar dugu. Izan ere, horrek eskatzen du ingelesez oso ondo moldatzen diren irakasleak, besteak beste. Zenbait helburu euskararekin oraindik leku askotan ez baditugu lortu, ez zait iruditzen hain beharrezkoa denik txikitatik ingelesarekin hastea. Azken batean, gure helburuei begira, 10 urterekin hasita ere, 16 urte bitartean gauzak ondo egiten baldin badira, nahiko duina den maila batera iristeko aukerak egon badaude.
Zure esanetan, zenbat eta hobeto jakin hizkuntza bat orduan eta hobeto ikasten da bigarren edo hirugarren bat. Beraz, umeari txikitatik eskaintzen zaion hizkuntzaren kalitateak eragina du haur horrek hizkuntzetan eskuratuko duen mailan?
Umeek, txikitatik, konplexutasun handiko hizkuntza-egiturak ulertzeko gaitasuna dute. Joera egon da, ordea, haurrari bere mailako hizkuntza ekoizpenak eskaini behar zaizkiola pentsatzeko, bestela ez duelakoan ulertuko. Gertatzen dena da ezezagutza handiarekin funtzionatu izan dugula. Ez dakigu haurrak ulertzeko duen gaitasuna edo zailtasuna, benetan, zenbatekoa den. Dakiguna da ulermen-gaitasuna askoz ere lehenago garatzen dela ekoizpen gaitasuna baino.
Haurrak ulermen maila ezberdinak gara ditzan, eginkizun egokiak planteatu behar zaizkio. Alegia, zuk haur txiki bati gauero ipuin berbera eta modu berean kontatzen badiozu, ez dago arazorik. Horrek aurrera egiteko aukerak emango dizkio. Baina ipuin ezberdinak kontatzen badizkiozu, edo batzuetan irakurri egiten badiozu, beste batzuetan kontatu eta besteetan antzeztu… are eta hobeto izango da. Izan ere, zenbat eta aukera gehiago eskaintzen dizkiozun, orduan eta ulermenerako eta ekoizpenerako eredu gehiago izango ditu, pertsonok ez baitugu ikasten barrutik datorkigun indar ahalguztidun bati esker, ematen zaizkigun ereduak gureganatzen goazen heinean baizik.
Horregatik, haurrei konplexuak diren ereduak eta eginkizunak plantea-tzeko beldurrik ez dugu izan behar. Ez dakigu zenbateraino ulertuko dituen, baina horrek atentzioa eta arreta pizten dizkion heinean, balioko du. Ipuin konplexuak ekoizteko gauza ez da izango, baina ulermenari dagokionez, horrek aberastu egingo du bere gaitasuna eta ezagutza.
Kontuan izanik gu hizkuntza gutxitu bat duen gizarteko parte garela, eskolak zer ekarpen egin behar lioke euskarari? Eta zer pisu du eskolak hizkuntzaren normalizaziorako?
Euskal Herrian euskararen transmisioaren motor nagusia eskola da. Eta munduko beste hizkuntza gutxitu gehienetan ere hala gertatzen da. Eskola da hori ziurtatzen duen baliabide nagusia. Gurean gazte euskaldunen % 80k eskolan ikasi du euskara. Beraz, pentsa zer-nolako ardura daukagun. Euskararen transmisioa benetan ondo egiteko gai garela demostratu behar dugu eta etengabe egon behar dugu hori gainbegiratzen. Ezin da pentsatu “badauzkagu nahiko irakasle, badauzkagu nahiko eskola, ume bakoitza bere lekuan dago, kopuruak ziurtatuta dauzkagu, materiala badaukagu… Kito!” Ez, ez. Norberarena ez den hizkuntza bat irakatsi behar du eskolak eta hizkuntza hori gutxitua delako denbora guztian ahalegin berezia egiten aritu behar dugu.
Euskara irakasteaz gainera, eskolaren bitartez hizkuntza hori erabiltzeko adostasuna ere lortu behar da. Gaur egun eskoletan hori ez da gehiegi esaten. Garai batean kontzientzia handiagoa zegoen. Guk euskal eskolak martxan jarri genituenean garrantzi berbera ematen genion euskara hizkuntza bezala irakasteari eta hizkuntza horren transmisore eta normalizatzaile izateko haurrak hezteari. Eskolan hori ere erakutsi behar da. Euskara ikastea ez da ingelesa ikastea bezala. Euskara ikastea da hizkuntza gutxitu baten jabe egitea eta hizkuntza gutxitu horren ardura zure gain hartzea. Eta hori eskolan esatea ez da bekatu. Orain batzuek esaten dute ikasleak gehiegi bul-tzatzen direla euskara erabiltzera eta eurek erabakiko dutela nola hitz egin. Eta, egia da, eurek erabakiko dute, baina zuk esaten badiozu zer garrantzia daukan euskararen gaineko kontzientzia hartzeak hizkuntza horren biziraupenean eta normalizazioan, beste gauza bat ere jakin egingo du ikasle horrek.
Askotan hitz egiten da etxeko hizkuntzan eskolatua izatearen garrantziaz. Baina zuk esana da hori esatea demagogikoa dela zein hizkuntzaz ari garen jakin gabe.
Nik ez dut ezagutzen etxetik hizkun-tza handi batekin datorren inor bere hizkuntza zalantzan jartzen duenik. Bere hizkuntzaren harrotasunik ez du galtzen, adibidez, etxetik gaztelania dakien batek. Aldiz, euskara etxetik dakarrena, gero beste hizkuntza batean egitera derrigortzen badute, bere etxeko hizkuntza zalantzan jartzen du. Horregatik eskolak hizkuntza gutxituaren alde egin behar du, eta horrek ez du esan nahi beste hizkuntzen kontra ari denik.
Era berean, euskara ikastearekin euskararen indargune bihurtzen zara, zu zure baitan. Baina horrek ez du esan nahi gaztelania gaitzetsi behar duzunik. Hizkuntzarekiko identitateak eta atxikimenduak ez dauka bakarra izan beharrik. Gauza gara bi edo hiru hizkuntzekin bizitzeko, eta gainera, hobeto bizi gara bi edo hirurekin bakarrarekin baino. Hori da inportantea, hobeto bizi garela. Guretzat ona da. Gure ongizaterako, gure ekonomiarako, gure ezagutzarako… Maila guztietarako da hobea. Hori gure artean nahiko onartua dagoen arren, munduan zehar oraindik ere eredu elebakarra da nagusi, bereziki agintea dutenen artean. Eta ideia horrek beste guztia zalantzan jarrarazten du. Ama hizkuntzak derrigorrez eskolako hizkuntza izan behar du? Hizkuntza hori txikia baldin bada, bai; handiek zortea dute ez daukatela eskolaren hainbesteko beharrik euren hizkuntza garatzeko.
Gaur egun, euskara eta gaztelania-frantsesaz aparte, hizkuntza asko dugu gure inguruan. Eskolan nola txertatu beste ama-hizkuntza batekin datorren haurra?
Eskolak eta gizarteak, oro har, ezagutza behar dute, uneotan daukatena baino askoz handiagoa. Jakin egin behar dugu zer daukagun. Aberastasun bat bezala ikusi behar dugu. Hizkuntza-aniztasuna guretzat eta norbanakoentzat gauza ona bada, gizartearentzat ere hala izango da, eta beraz, gure eskoletako haurrek dakartzaten etxeko hizkuntzak errekonozitu egin behar dira. Hori balio bat da eta balio hori agerian jarri beharko litzateke, egiten dena baino askoz gehiago. Bestetik, berriz, eskolak ere ezagutu egin behar du haur horiek zein hizkuntzarekin datozen, hizkuntza horiek jatorria non duten, atzean zein kultura, zer-nolako hizkuntza-aniztasun dagoen gelan… Eta hori ez dute soilik irakasleek ezagutu behar, baita ikasleek ere. Ezagutzen ez dena ez delako baloratzen.
Gero, zer egin horrekin? Nik uste dut etxetik euskara edo gaztelania-frantsesa ez den beste hizkuntza batekin datozen haurrentzat ere eskolak denentzat dituen helburu berberak izan beharko lituzkeela. Batzuek diote horiek ez daukatela euskara ikasi beharrik, baina nire ustez hori zentzugabea da. Bertako hizkuntzak ikasi egin behar dituzte eta horretarako baliabideak jarri behar dira. Eskolak, segur aski, ez du baliabiderik izango datozen hizkuntza horietako bakoitza garatzeko, baina bai beste urrats batzuk emateko.
Eta zer egin dezake eskolak?
Lehenik ikasleek dakartzaten ama- hizkuntzak onartu, baloratu eta ezagutarazi behar ditu, eta bertako hizkuntzak irakatsi, horretarako beharrezko laguntza eta baliabideak jarriz. Baina eskolak, egitura bezala, beste zenbait baliabide ere eskain di- tzake. Orduz kanpo hezkuntza-taldeak osatzeko aukerak, adibidez, beti ere hizkuntza ezberdin horietan nolabaiteko gutxieneko masa kritikoa baldin badago eta eurek hala nahi badute. Esate baterako, eskola batzuetan larunbat eta igandeetan arabierako eskolak ematen dituzte. Era horretako edo antzeko ekimen guztiak eskolak bere gain hartu beharko lituzke, nahiz eta ordutegi arruntean ez izan.
Hori guztia gizartera aberastasuna dakarren zerbait denez, eskolak irekitasunez jokatu behar du, eta konturatu behar du berarentzat baliabide bat gehiago dela. Ez gara ari esaten hizkuntza bakoitzeko irakasle bat jarri behar denik, baina beste era bateko aukerak ere badaude. Eskolak ikastetxetik kanpo beste gauza asko bultzatzen dituen bezala, hizkuntza horiek sustatzeko aukera ere eman dezake.
Hizkuntza gutxitua duen gizarte bateko parte gara gu. Munduko hizkuntza gutxituen ikerketan ere aditua zara. Zer daukagu ikasteko?
Nik uste dut gauza asko dauzkagula ikasteko eta zerbait erakusteko ere uste dut baietz. Izan ere, zoritxarrez, Europan eta munduan ez dira asko bertako hizkuntza gutxituan oinarrituz irakaskuntza eleanitza bultzatzen duten sistemak.
Gertukoenak Katalunia, Gales eta Galizia ditugu, baita Luxenburgo edota Andorra ere. Iruditzen zait horietako kasu batzuetan Internetek eta komunikabideek askoz ere presentzia handiagoa dutela eskoletan gurean dutena baino. Uste dut gure eskoletan oraindik ez direla nahikoa sartu komunikabideak eta IKT-ak baliabide bezala, eta erantsiko nuke gure didaktikan hori oraindik ez dugula behar beste landu.
Frisian, adibidez, irakasle berezituekin landu beharrean hizkuntza, Interneteko baliabideen bitartez lantzen dute. Horrekin ez dut esan nahi eredu hori gurean kopiatu behar dugunik, baina esperientzia horien indarguneetatik ikas dezakegu.
Hizkuntza irakaskuntzari dagokionez, zein da eskolek eskuartean duten erronka nagusia?
Egiten ari garenaren konbentzimendua behar dugu. Oso eginkizun garrantzitsua dute gure eskolek eta irakasleek. Ez diot hori soilik euskaraz ari direlako irakasten, baizik eta beste maila bateko zerbait ari direlako planteatzen: formazio molde ezberdin batean ari gara murgiltzen. Hizkuntza-aniztasunari erantzun positibo bat emateko gauza garen heinean eta horretarako baliabide eguneratuak eta fidagarriak erabiltzen ditugun heinean, askoz ere hobeto ari gara prestatzen ikasleak, eta horrekin batera baita gizartea ere. Eskola askoz ere elementu biziago bihurtzen ari gara, eta jada ez da hor daukagun zerbitzu sozial bat soilik. Euskararen biziberritzean motor izateko aukera du eskolak. 1960-1990 urteen artean hala izan zen. Orain badirudi euskara kontuetan egin beharrekoa egina dagoela, baina ez da hala, eta horretaz jabetu behar dugu. Hizkuntzaren normalizazioa, alegia euskara erabiltzeko gaitasuna eta motibazioa garatzea da gure eskolak eskuartean duen erronka garrantzi-tsuenetariko bat.