Alvaro Beñaran: "Haurra zaintzea bere gaitasunetara egokitzea da, horiek errespetatzea"

2016-04-07

Psikomotrizitatea izanik abiapuntu, beste hamaika kontuz mintzo da: automonia, mugak eta ezetza, gurasoen bakardadea, perfekzio nahia... ekimena nahiz erreferentziak emateko beharra nabarmendu ditu, eta, batez ere, beldurrik gabeko eta errespetuzko heziketaren garrantzia.

 
 
Alvaro Beñaran: "Haurra zaintzea bere gaitasunetara egokitzea da, horiek errespetatzea"

Pedagogia terapeutikoan eta psikomotrizitatean aditua ez ezik, aritua ere bada Alvaro Beñaran. Izan ere, urte luzetako esperientzia du haur txikiekin lanean, psikomotrizitatearen bidez arazoak dituzten umeei lagun-tzen, besteak beste. Zeregin horretan hainbat eskolatan aholkulari gisa ere aritzen da. Eta, haurrekin ez ezik, hezitzaileekin ere egiten du lan: Europako Psikomotrizitate Praktiketako Eskolen Elkarteko formatzailea da, Bergarako Psikomotrizitate Eskolan aritzen da, eta Hik Hasi egitasmo pedagogikoaren 0-3 urte arteko hezitzaileen formaziozikloko koordinatzaileetako bat da.

Zer ematen dio psikomotrizitatea lantzeak umeari?

Bere gaitasunetan sentitzeko espazioa eta denbora ematen dio haurrari. Psikomotrizitate-gelan aurkitzen duena —lekua, espazioa nahiz materialak—, bere gaitasunak garatzeko benetan egokia dela sentitzen du, baita bere mugak ezagutzeko ere. Bera dagoen bezala agertzeko lekua eskaintzen zaio; ez dela beste modu batekoa izan behar sentituko du, ez dela egongo juiziorik. Azken finean, konfiantzazko espazio bat eskaintzen zaio.

Konfiantzazko espazio hori lagungarria izan daiteke umeak autonomia garatzeko ere, ezta?

Bai, hori izango litzateke psikomotrizitatearen helburu orokorretako bat, besteren artean. Izan ere, psikomotrizitatearen eremuan hainbat helburu ditugu. Batetik, sormena lantzea, haurra sortzaile izatea. Horrekin ez dugu esan nahi artista izan behar duenik, baizik eta berak bere iniziatibaz egin behar dituela gauzak: berak nahi duelako egitea salto edo korrika, ez helduak agintzen diolako; bere gogoan oinarrituriko ekintza izan behar da. Bigarrenik, haurra komunikazioan jarri nahi dugu: bere burua adierazteko gai izatea, baina baita besteena entzuteko ere. Hirugarrenik, haurra pentsamendu-mailan funtzionatzen hastea nahi dugu.

Horrekin guztiarekin batera, autonomia lantzearena litzateke beste helburu bat, aipatu bezala. Oso kon-tzeptu zabala da, baina gure ustez autonomiak esan nahi du haurra gai dela iniziatiba hartzeko. Oso inportantea da probatzen, esperimentatzen, eragiten, egiten… ausartzea. Horretarako, funtsezkoa da beldurrik gabeko heziketa izatea. Autonomiak esan nahi du haurrak ez duela beldurrik egiteko eta eragiteko. Badakigu 6-7 urte arte nola edo hala helduarekiko dependentzia daukala. Baina oso inportantea da haurrak berak egin dezakeena egitea, eta helduak ez inbaditzea edo ordezkatzea berak egin dezakeena.

Sortzaile izate horretan, non kokatzen da zuen lana? Ez diozu agintzen zer egin baizik eta bideratu egiten duzue…

Bi mugimendu nagusi agertzen dira horretan. Batetik, haurrarengan egiteko gogoa sortzeko inguru bat eraiki behar dugu; haurrak sentitzea ez dagoela arriskurik eta adierazi dezakeela bere burua. Bestetik, egite hori errealitatera egokitzen joan beharko da, eta horretan frustrazioaren elementua ager-tzen da. Hasieran egite omnipotentea da haurrarena, baina pixkanaka konturatuko da dena ezin duela egin. Alegia, gaitasunak dituela, baina ez dela omnipotentea; gaitasun horiek aukerak ekartzen dituztela, baina baita mugak ere. Hor kokatu behar da haurra.

Bere sozializazio bidean egiten duena bideratzen laguntzen diogu guk. Kontua da bere burua adierazteko moduak edo egiteko moduak aukera eman behar diola gizarteratzeko; hau da, besteek onar dezaketen modu batean adierazi behar du bere burua. Bere indarra adierazi dezake kuxinak bul-tzatuz, korrika eginez, garrasi eginez… baina ez besteak joaz, adibidez. Gure lana izango da haurrari erakustea bere indarra ez dagoela gaizki, baina hori bideratzea lortu behar duela.

Omnipotentea ez dela jabetzeak frustazioa eragingo dio, alegia.

Noski. Heziketan, eta bizitzan, beti daude bi mugimendu, kontrakoak ematen dutenak, baina nire ustez osagarri direnak. Batetik, haurrarengan egiteko eta eragiteko grina sortu behar dugu, baina, horrekin batera, zenbaitetan gogo hori frustratu egin behar dugu. Beraz, bi indar horiekin jolastea dagokigu. Oreka hori beharrezkoa da: ‘egin dezakezu, baina…’, ‘bai, baina ez’. Ez dugu gustuko eze- tzean bakarrik gelditzea: ezezko garbia adierazten diogu, baina, horrekin batera, esaten diogu nola bete dezakeen gogo hori beste modu batera, edo beste momentu batean, edo beste espazio batean. Haurrari baliabide ebolutiboagoak eta sinbolikoagoak garatzen erakusteko moduak aurkitzen saia-tzen gara.

Psikomotrizista gisa, zer iritzi duzu taka-taka, hamaka eta abarrez?

Emmi Piklerren ikerketek lasaitasuna eman digute, ikusi dugulako egia dela baldintza egokietan haurrak berak hartzen duela bere mugimendua garatzeko iniziatiba. Ez dugu mugituarazi behar, ez dugu behartu behar; gure jarrerak eta bere ingurua zaindu behar ditugu, bere buruarengan konfiantza izan dezan, eta, nolabait, mugitzeko estimulatua senti dadin. Horrekin batera, oso inportantea da haurrari esperimentatzeko denbora ematea. Batzutan ikusten duzu zerbaitekin jolasean dabilela, ezin lorturik nahi duena, eta halako batean utzi eta beste zerbaiten bila joaten dela; baina denbora batera berriro bueltatuko da lehenengo objektuarengana eta berriz saiatuko da manipulatzen, nahi zuena lortu arte. Beraz, denbora ematea oso inportantea da; denbora esperimentatzeko, nekatzeko, frustrazioa bizitzeko, berriro saiatzeko… Eta helduak jakin behar du horretan gehiegi ez sartzen, haurraren dinamika ez apurtzeko.

Beraz, taka-taka eta abarrek, zeinen beharrari erantzuten diote? Haurrarenari ez, izatekotan gurasoenari, uneren batean erosoak izan daitezkeelako gurasoentzat. Alde horretatik, gogoeta bat etortzen zait: guraso askok zergatik izaten dituzte umeak? Izan behar direlako, unea iritsi delako? Baina ume bat edukitzea ondo pentsatu beharreko kontua da: nire haurrei esperimentaziorako eta aukerak egiteko behar duten denbora hori eskaintzeko egiturarik izango al dut? Horretarako zeure burua prestatu behar duzu, eta jakin denbora eta jarrera batzuk eskaini beharko dizkiozula; eta, batez ere, jakin saiatu beharko duzula ez proiekta-tzen umearengan zure arazoak. Izan ere, batzuetan umeak lana ematen du, gogoko ez ditugun gauzak egiten ditu, eta errua botatzen diogu: ‘Nekatuta nator lanetik eta gainera hau negarrez hasten da, zer nahi du?’. Beno, umeak ez daki zertan ari garen gu, zer arazo ditugun! Gainera, kontuan hartu behar dugu haurrak errealitatetik babestu behar ditugula, batez ere txikiak direnean, bizitzaren lehen 2-3 urteetan.

Bestalde, umea lotuta eduki badugu taka-taka eta abarretan, ondoren askatzen dugunean geldiezina izango da, ez duelako aukerarik izan autokontrolerako mekanismoak garatzeko. Haurrak prozesuak bizi behar ditu bere burua ezagutzeko, mugimendua garatzeko, baina baita bere gorputza eta mugimendua kontrolpean jartzeko ere. Beraz, denbora pila bat pasatzen badu lotuta edo eserita, askatzen dugun momentuan bi bide hartuko ditu: edo inhibizio mailan geldituko da, edo ezingo da geldirik egon. Bi muturrak ager daitezke: batzuk beldurra diote mugimenduari, eta beste batzuk ezin dute kontrolatu mugimendua. Eta, bi kasuetan, haurrarengan segurtasun-gabezia sentsazio handia sortzen da. Bere gorputza eta bere mugimendua kontrolatzen dituela sentitzen duen haurra, segurua izango da, bere gorputzak berak nahi duena egiten baitu. Horrek sentsazio polita sortzen du haur batengan, gero horren gainean identitate seguru bat garatzeko.

Psikomotrizitatea lagungarri izan daiteke terapia gisa ere. Zertan laguntzen dio arazoak dituen haurrari?

Helburua da haurrak esperientzia atseginak bizitzea bere gorputzaren eta ekintzaren bidez, konfiantzazko heldu batekin harremanetan. Izan ere, normalean terapiara iristen diren haurrek beraien bizitzan esperientzia desatseginak izan dituzte, eta horiek marka uzten dute haurraren gorpu-tzean, haurraren organismoan; izan ere, hasieran ez dago psikismorik, hori gero sortuko da. Gure helburua da plazerezko markak uztea, besteak konpentsatzeko, eta horrela haurra pixkanaka bestelako dinamika batean sartzea: blokeo dinamika batetik atera eta ireki egingo den, garatuko den dinamika batean sartzea. Gure hipotesia honakoa da: gehiegizko zailtasunen aurrean, haurrak ezin ditu horiek gainditzeko baliabideak sortu; beraz, gutxitu egin behar ditugu zailtasun horiek haurrak baliabide berriak sortu ahal izateko, eta bizi duen egoera gainditzeko. Azken finean, bere gaitasunak azaleratu, gai izan dadin dinamika ebolutibo batean sartzeko.

Ikusi al duzu bilakaerarik gaur egungo haurrek dituzten arazoen eta duela belaunaldi batzuetakoen artean?

Mugarik ez duten haurren kopurua handitu egin da, beraien haurrak nola bideratu ez dakiten gurasoen kopurua hazi egin da. Gurasoek esaten dizute ‘ezin dugu berarekin, nolako aiurria daukan! Nahi duena egiten du’ eta, begiratzen duzu, eta ez dira ari 14 urteko nerabe batez, baizik eta urte eta erdiko kakanarru batez. Eta gurasoak inteligenteak, eta estrukturatuak... izan daitezke. Egoera horretan, zerbaitek ez du behar bezala funtzionatzen. Halako kasuetan beti gurasoekin egin behar da lan: ea egoera horretatik atera nahi duten, ea ohartzen diren agian jarrera batzuk aldatu behar dituztela haur horri mugarik gabeko dinamika horretatik ateratzen languntzeko. Gurasoak ados badaude, lan egin daiteke. Beti behar da gurasoen elkarlana, baina kasu hauetan ezinbestekoa da.

Azken finean, haurrek egunerokoan bizi dituzten egoeretara moldatzeko era bateko edo besteko baliabideak edo jarrerak sortzen dituzte. Orduan, izatez jarrera horiek egokiak dira bizi duten egoerarako. Beraz, egunerokoan bizi duten hori ez bada aldatzen, zertarako aldatuko da haurra? Bizi duenak esaten dio egiten ari dena egokia dela.

Haurraren mugimenduaren garapenarekin lotuta dago jolasa, baina ez al dira murrizten ari umeek libreki jolasteko aukerak? Lehen ohikoa izan zitekeen haurrak lera hartu eta maldan behera botatzea, edo zuhaitz batera igotzea, baina orain maiz gurasoei beldurra ematen die horrek...

Jolasean beti arrisku portzentaje bat egon behar da, bizitzan ezin da dena zeharo ziurtatu. Hezitzaile bezala asko zaindu behar dugu hori, noski. Dena dela, kuriosoa da, baina, estatistiken arabera, haurrak familiekin daudenean gertatzen dira istripu gehienak, nahiz eta gurasoak sarri profesionalez kexa-tzen diren. Horrelakoak gara, oraingo gizartean asko exijitzen zaio besteari, baina ez zaigu gustatzen besteek guri exijitzea; desoreka hori dago. Hain zuzen hori da, besteak beste, psikomotrizitatearen bitartez garatu nahi dugun baloreetako bat: deszentrazioa, gai izatea bestearen lekuan jartzeko. Hau da, ni exijentea banaiz bestearekin, onartu behar dut bestea ere exijentea izatea nirekin. Psikomotrizitate saioetan ikusten dira haurrak, adibidez, besteek eraikitako etxe bat puskatzen dutenak, baina gero beraiena ezin da puskatu. Haur horrek konturatu behar du hori ez dela posible, balio hori garatu behar du.

Zer egiten duzue horrelakoetan?

Itxaron. Beste umearen erreakzioa bada erasotu duen umearen etxea puskatzea, esango diet biei desegoki egin dutela, baina utzi behar zaio besteari ere erantzuten! Interesgarria da egoera nola kudeatzen duten ikustea, uztea. Horregatik diot heziketak beldurrik gabekoa izan behar duela, baina, aldi berean, errespetuzkoa. Errespetatu batak besteari: haurrak haurrari, helduak haurrari, eta haurrak helduari. Errespetuzko heziketa eta harremanak sortu behar ditugu.

Arriskua kudeatzen ikastea lagungarria izan daiteke haur horrek autonomia garatzeko?

Noski. Psikomotrizitate geletan, mugimenduarentzat espazio segurua eraikitzen dugu, haurrak bere burua modu lasaian bizitzeko. Baina, era berean, eremu gogor bat dago, eta hor haurrak bere burua kontrolatzen ikasi behar du: botatzen bada edozein modutara, min hartuko du. Gure babesa pixkanaka-pixkanaka gutxitzen joan behar da, haurrak bere burua babesteko gaitasuna garatu dezan. Eta, hori garatzeko, arrisku puntu bat behar du; neurtua, baina arriskua egon behar da. Gainbabes edo gehiegizko protekzioaz hitz egiten da, baina, gehiegizkoa bada, jada ez da babesa, kontrakoa baizik: haurrarentzat eraso bat bihurtzen da. Alegia, edo babesa egokia da, hau da, egokitzen da haurraren gaitasunetara eta adinera, edo kontrakoa da: erasoa.

Psikomotrizista gisa, hezitzaileak trebatzen aritzen zara. Zer izan behar dute kontuan hezitzaileek?

Haur eskolako hezitzaile bati eskatu behar zaion lehen gauza da gustukoa izatea umeekin lan egitea. Ezagutu ditut adineko hezitzaile batzuk, garai bateko moldeetakoak, baina zoragarriak, maite zituztelako haurrak. Agian beraien pedagogia ez zen hain landua, baina bazegoen zerbait hor, goxotasun bat, haurra berarekin gustura sentiarazten zuena, seguru. Beraz, lehen gauza da gustukoa izatea lana, hori oinarrizkoa da.

Eta, gero, kontuan hartu behar dugu haur txikiek ez dutela guk bezala pentsatzen. Hozka egiten dutenak, jotzen dutenak... egiten dituzten gauzak ez dituzte egiten gu izorratzeko; ez dute pentsatzen, beraiek egin egiten dute, bizi duten egoeraren eta dituzten tentsioen arabera. Beraz, jakin behar dugu egiten badute guretzat edo gure kontra, ez dela gu garelako, baizik eta gu gaudelako hor, helduaren rolean. Beraz, hezitzaileek oso eskura egon behar dute: umeek erabili egingo dituzte. Jakin behar dute funtsezkoak direla haurraren segurtasunerako eta jaso egin behar dutela, baina ezin dutela bueltan bota hori; bueltatu behar diete harrera, kontentzioa, lasaitasuna... Horrek autokontrol handia eskatzen du. Horregatik da hain zaila haur txikien heziketa.

Gainera, ume txikiek gure bizitzaren hasieraz hitz egiten digute, gutaz, eta egiten dutenak asko ukitzen gaitu, gure historia ukitzen duelako. Hezi-tzaileek ezagutu egin behar dute beren burua, esateko ‘emozio hori nirea da, ez da umearena’. Nik esango nieke kontuz ibiltzeko: hurbil egon jasotzeko haurrarena, baina, era berean, zure burua ongi egituratu; maila pertsonala kontuan izanik, aldi berean, profesionala izan. Zeren eta zure buruak iraun behar du, zuregatik eta haurrengatik.

Etor gaitezen gurasoetara. Oinarri-oinarrizko zer kontu izan behar dituzte kontuan seme-alabak hezterakoan?

Hainbeste aholku daude, eta hainbeste ikuspegi! Batzuetan kontrakoak gainera, eta gai guztietarako: lo egiteko, jateko, besoetan eramateko... Eromena da. Hori da arazoa, hainbeste pentsatzen dugu dena! Detaile horien inguruan eduki ditzaket nire iritziak, baina orokorrean hitz egingo dut haurraren heziketaz, eta adinaren arabera beti ere, funtsezkoa baita adina. Haurraren hazieran etapak daude, eta horietako bakoitzean jarrera desberdinak eduki ditzakete gurasoek.

Bizitzaren hasieran, lehen hilabeteetan, umeari ia-ia dena eman behar zaio, inportantea baita umea seguru egotea. Premiak dituen organismo bat da, eta horiek bete egin behar dira. Horretan bai % 100ean seguru nagoela. Gurasoek ez dezatela pentsa hasiera horretan dena ematen badiote umea kapritxoso edo apetatsu bihurtuko denik; ez da posible, umeak ezin du manipulatu bestea, ez delako besteaz jabetu, batik bat lehen 5-6 hilabeteetan. Alderantziz, behar duena ematen bazaio, orduan organismo lasai bat eraikitzen ari da, segurua, ez duena bizitzan esperientzia desatseginik, edo erasorik bere organismoan, tentsiorik... Esperientzia atseginak ditu eta hori erantsi egiten da organoetan; burmuinean egiten diren konexioek zerikusia dute. Oinarri ona eraikitzen ari da. Horregatik, garai horretan gurasoa umearentzat egon behar da.

Gero, pixkanaka ohartzen zara umea hasi dela inguratzen duenaz jabetzen, eta orduan zu ere has zintezke umeari itxaronarazten, engainatzen gauzatxo batekin... Aurrez esan bezala, frustrazioa lantzen. Jan nahi badu eta zu beste zerbaitetan ari bazara, itxaron dezake pixka bat. Izan ere, umeak bere baliabideak garatzeko espazioak irekitzen hasten dira: behin 6-7 hilabetetatik aurrera, dena berehalaxe ematen badiozu, ez ditu bere baliabideak garatuko. Horregatik, pixkanaka-pixkanaka haurrari bere gaitasunak martxan jartzeko aukera eman behar diogu. Horrek esan nahi du konfiantza dugula haurrarengan, bere gaitasunetan. Batzuk uste dute dena ematea dela zaintzea, baina kontrakoa da: zaintzea bere gaitasunetara egokitzea da, bere gaitasunak errespetatzea.

Pixkanaka-pixkanaka umeak ikusi behar du badagoela presentzia-ausentzia dinamika bat, gauzak ez direla berehalaxe lortzen, eta frustrazioaren munduan sartzen hasten da. Beldurrik gabe, eta haurra beldurtu gabe, baina lasai-lasai esan egin behar zaio ‘itxaron’, edo ‘hori ez’.

Lehen azaldu duzun ‘bai-ez’ dinamika horretan.

Hori da, eskaini beste zerbait. Kontua ez da ‘ez’ esatea, baizik eta ‘hori ez, baina hau bai’. 15 hilabeterekin-edo, hasten denean pixkanaka ibiltzen nahiz sinbolizatzen, posible da haurrari esatea ‘ez, kaxoi hori utzi, nahi baduzu goazen zure kaxoira’. Eta jarri kaxoi bat berarentzako, hustu dezakeena; azkenean berak hustu-bete jolasa egin nahi du. Haurra konturatu behar da den-dena ez dela posible, baina, era berean, eskaini behar diozu aukera esperientzia hori beste modu batera bizitzeko.

Mugitzen hasten denean, lau hanketan nahiz ibiltzen, espazioa ireki egiten zaio haurrari. Etapa horretan adi egon behar dugu premia hori ez murrizteko, pentsatu behar dugu nola eman aukera haurrari hori bizitzeko, segurtasunez. Kontuan hartu behar dugu zer objektu erabili, nora eraman haurra, zenbat denbora pasa bera mugitu daitekeen lekuetan... Mugitzeko premia hori asetzen baduzu, jada 18 hilaberekin edo bi urterekin frustratu dezakezu eta momentu batean esan diezaiokezu umeari, adibidez bazkalorduan korrika egin nahi duela eta, ‘orain ez, eduki duzu horretarako denbora eta orain eseri egingo zara. Bazkaltzen bukatzen duzunean egin dezakezu berriro’. Baina, noski, hori exijitzeko, aurretik izan behar du bestea. Frustrazioa bakarrik etor daiteke aurretik bere premia asetzeko aukera egon bada, bestela ez. Frustrazioak esan nahi du aukera dagoela premia hori bizitzeko, baina agian ez orain, ez hemen, ez horrela; baina bai gero, bai han, eta bai beste modu batetara. Hori da ziurtatu behar dutena gurasoek, batez ere 1-3 urte tartean: eguneroko bizitzan nire umeak badu denbora jolasteko, esperimentatzeko, adierazteko, botatzeko, kolpatzeko? Baina frustrazioa bakarrik badago, hori jada errepresioa da.

Badira bizitzaren energia ekartzen duten haurrak, eta hori ez da zapaldu behar, nahiz eta batzuetan gehiegizkoa izan. Pixkanaka bideratu egin behar dugu hori: kolpatzeko edo botatzeko jostailuen bidez egin daiteke, edo joan mendira eta bota ditzala harriak, edo... Baina botatzeko, bultzatzeko gustu hori ziurtatu egin behar zaio, bidea eman. Aldiz, hasten bada etxean gauza gogorrak botatzen, esan behar zaio ‘ez, aterako dizkizut botatzeko jostailuak’. Eta kitto, ez gara haserretu behar, ez dugu erantzun behar agresio batekin; helduak bulkada horri eutsi egin behar dio. Noski, arrazoi logiko bat dago beti arau horren atzean, eta haurrari azaldu egin behar zaio. Nahiz eta ez ulertu erabat, jasotzen du. Lasaitasunean, mugatu egin daitezke haurraren ekintzak, baina ez murriztu. Beraz, gurasoek aztertu behar dute ea astean zehar bere umearen bizitzan jolasteko denborarik ba al dagoen. Hala bada, gero lasai-lasai landu ditzakete ohiturak, egiturak... Baina horiek beti egon behar dira aukerekin batera, ezin da ezezkoa edo egitura bakarrik egon.

Guraso batzuk egituran bakarrik zentratzen dira, haurrari gauzak ondo egiten irakastean. Nik horri adiestramientoa deitzen diot. Eta bai, haurra moldatzen da horretara ere, ikasten du, egiten du... baina galtzen du bere iniziatiba, sormena. Inhibitu egiten da, berarengandik ateratzen den bizitzaren energia hori gorde egiten du, eta helduak esaten duen horrekin ordezkatzen du.

Aipatu dituzu zein diren haurraren beharrak hazieraren etapa bakoitzean. Gurasoek ezagutzen al dituzte behar horiek? Lehen gehiago hazten ziren umeak tribuan, familia zabalean, nahiz kalean, baina gaur egun gurasoak bakartuago daude. Tribua galduta, nola transmititzen da jakintza hori?

Gizakia pentsamendua garatzen joan da, eta gero eta gehiago urrundu gara naturatik, noski. Hori da gizaki egiten gaituena, hain zuzen naturaren petik atera garela. Horrek ekarri du jada ez dagola ezer berezkoa dena, eta horregatik daude hainbeste teoria umearen heziketaren inguruan, eta denok pentsatzen dugu egia gurea dela. Baina, nola egongo dira ba ehunka egia? Hori da azkenean gurasoen gaur egungo bakardadea. Gainera hainbeste erabaki hartu behar dira! Azken batean norberak erabaki behar du, eta inportantea da ez planteatzea borroka bat balitz bezala; hau da, ez pentsa-tzea ‘hau erabaki dut oso ona delako, eta bestea oso txarra’. Hartu zure erabakia, eta kitto, ondokoak beste bat hartuko du; hori da aniztasuna, azkenean. Norberak hartzen ditu bere erabakiak, ez inoren kontra, baizik eta norberaren alde. Kontua da zentzuzkoa izatea: eman espazioa, eman aukerak, ez zapaldu zure umea, eta, momentua iristen denean, esan ‘ez’ eta esan ‘bai’, dena modu lasai batean. Pixka bat autoritarioa edo pixka bat uzten duenetarikoa izango zara, eta biak ere ez daude gaizki; bi muturretan sartzen gara zailtasunetan.

Batzuetan gurasoak sentitzen dira erabaki bakoitzarekin beraien umea markatu egingo balute bezala, bere hazieran erabaki traszendental bat hartzen ariko balira bezala...

Gurasoek ez diote eduki behar beldurra haurrari; ez eman beldurra eta ez izan beldurra umeari. Eta guraso batzuek beldurra diote haurrari: ikara aurpegia jartzen badu, edo negarrez hastear badago, larritu egiten dira: ‘zer nahi ote du? Gaizki ari ote naiz?’. Ez da ezer gertatzen, pentsatu behar dugu ‘egiten ari naizen hau zentzuzkoa al da?’. Horrela bada, egin aurrera, agian umeari zeharo gustatu ez arren; eraiki harreman natural bat haurrarekin. Baina batzuk haurra haserretzen bada edo malkotxo bat ateratzen badu, blokeatuta gelditzen dira. Eta, noski, haurra are blokeatuago! Eta pentsatzen du ‘hara, protesta egiten badut, nahi dudana ematen didate’. Noski, haur horiek deskontrolatu egiten dira. Horrelako haurrak ezagutzen ari naiz eta beldurrez beterik daude, sintoma asko adierazten dute: segurtasun-gabeak dira, oso zurrunak, sozializazio mailan oso blokeatuta daude... Helduak ez du nortasunik erakutsi, eta haurrek behar dute hori: nortasun ez agresiboa, baina finkoa, gai dena esateko ‘e! Hori horrela ez!’ edo ‘Hau nire denbora da, bukatu da zurea’.

Eta haurrei ezin diegu galtzen utzi. Bihurtu daitezke oso segurtasun-gabeak, beldurtiak, ez dakite non dauden, ez dituzte erreferentziak, oso berekoiak dira, ez dute ikasi moldatzen. Eta noski, gero hasten dira jolasten lagunekin, eta nahi dute denek jolastea beraiek nahi duten bezala, ez dakite zer den egokitzea, ez dute malgutasunik. Horregatik mundu guztia arriskutsua iruditzen zaie, kontrolatzen ez dutena arriskutsua da. Distortsionatu egiten da asko beraien bizitza. Ezezko naturala, agresiorik gabea, lagungarria da. Arazoa dator haurra erasotu egiten dugunean, edo erreprimitu.

Eta zigorrak zer leku du horretan?

Zigorra baino gehiago, ondorioak egon behar dira. Haurrak egiten duenak izan behar du ondorio bat; batzuetan positiboa izango da eta besteetan negatiboa. Baliagarria izango da berarentzat egiten duena neurtzeko, egokitzeko. Konturatzeko ‘hau egiten dudanean beste hori gertatzen da’.

Adibidez, jatorduetan. Ez badu jan nahi, eman 5 minutu amaitzeko; erakutsi erlojuan orratzak nora iritsi behar duen, eta esan ondoren platera gorde egingo duzula. Baina haserretu gabe, hori inportantea da. Behin denbora pasa denean jan ez badu, tokatzen da hortzak garbitu, ipuina irakurri eta lokartzea. Eta ez zigortu ipuinik gabe, ondorioa izan behar da pack bat bezala: ekintza bere ondorioarekin, ez du jan nahi izan eta platera gorde dugu. Ez dago ondorio gehiago, gelditu da afaldu gabe, baina gustura eta lasai jarraitzen dugu berarekin. Badakit jarrera gogorra eman dezakeela, baina, finko ikusten bagaitu, behin bakarrik gertatuko da. Horretarako lasai ikusi behar zaitu, ohartu behar du ez zaudela bere kontra, baizik eta esanez ‘nik ere sentitzen dut, zeren nik nahi dut zuk ondo afaltzea, ez pentsatu gustura gelditu naizenik’. Beno, hau egin behar da ikusten duzunean haur batek bide hori hartu duela, noski ez lehenengoan. Gauza hauek egin behar dira haurra jada galtzen hasi denean, eta geldiarazi behar dugu zeren eta bestela joan egingo zaigu. Muturreko neurriak dira.

Dena dela, gauza hauek harremanetan beste zerbait gertatzen ari delako agertzen dira. Horiek sintomak bakarrik dira. Kontua da zer-nolako harremana sortzen ari den; eta, zerbaitegatik, dependentziazko harreman bat sortzen ari da. Arazoren bat dago harreman horietan, familia horretan, eta sintoma horien bidez azaleratzen da. Gure haurra horrelako jokabideak sor-tzen hasteko familian zer gertatzen ari den hausnartzeko unea da: tentsioren bat al dago gure artean, edo berarekin? Zuzendu ditzakegu portaera horiek, baina azken finean beste zerbaiten adierazpenak dira; arazoa berez ez da portaera hori.

Guraso perfektuak izateko presioa dago zenbaitetan, norberarena nahiz soziala. Perfekzio horrek zer muga ditu? Eta zer ekar dezake?

Nik hau hezitzaile perfektuarekin ere lotuko nuke. Jarrera hezitzaile egokien inguruan hainbeste mezu ari gara transmititzen orain, nolabait halako perfekzio bat egon daitekeela sinestarazten ari garela. Badirudi ez baduzu modu zehatz batean egiten, gaizki egiten ari zarela. Horrek arrisku bat dakar: blokeatzea, bai gurasoak bai hezitzaileak. Hau da, nola ez dudan ondo egingo, ez dut egiten. Orduan, norberaren iniziatiba eta espontaneitatea, naturaltasuna, eten egiten dira. Egia da guraso bezala arduratu behar dugula, eta hezitzaile bezala formatu egin behar garela, baina, era berean, erabakiak hartzeko espazio bat eduki behar dugu. Perfekzio horren bila bagabiltza, azkenean antsietatea agertuko da, pentsatuz ez garela zeharo ondo egiten ari. Eta, batez ere gurasoek, ez dute lan egin behar beraien haurrekin: gozatu egin behar dute eta ahaztu behar dute zer helburu betetzen ari diren. Kontua ez da hainbeste egiten duguna, baizik eta nola egiten dugun, eta zergatik egiten dugun. Gakoa da zer transmititzen dugun egiten dugun horren bitartez. Adibidez, ‘hori ez’ esatean, proiektatu dezakegu gure biolentzia, edo besterik gabe transmititu konfiantza eta segurtasuna. Ez da ekintza bera, baizik eta jarrera.

Nola ikusten dituzu gaur egungo umeak? Zoriontsu eta osasuntsu al daude, oro har?

Zoriontsu hitzarekin badaukat konflikto bat, egia esan, baina, tira, nik ez ditut gaizki ikusten, orokorrean. Dena dela, gizarteari begira, une hauetan baloreen kontuak kezkatzen nau. Gaitasun aldetik, aukera aldetik... uste dut haurrak orokorrean ondo daudela, arduratu egiten diren guraso asko daude orain; beti egongo da gehiegi delega-tzen dutenen mutur hori ere, baina gutxiengo bat dira. Arazoa, ordea, baloreetan dago. Batez ere bestea kontuan hartzean; kezkatzen nau ez ote dugun soilik ‘ni’ eta ‘nirean’ pentsatzen. Landu dugu hainbeste haurrak bere burua baloratzearena, azkenean bi kontzeptu nahastu direla: indibidualtasuna eta indibidualismoa. Batzuetan nahi gabe muturrekora pasatzen gara: hau da, identitatea edukitzeaz hitz egiten dugu, baina oso berekoi bihurtzen gara. Horretan badago marra bat, eta, gainditzen denean, horren gainean garatzen diren baloreak ez dira politak. Besteak, besteen gauzak, besteen gogoak kontuan hartzen ez dituzten haurrak agertzen dira. Ez dute bestea nahikoa errespetatzen. Gauzak ez badira beraiek nahi duten bezala gerta- tzen, itxi egiten dira, ez dute parte har-tzen, haserretu egiten dira, ez dute hitz egiten... Gizarte honetan indibidualismoaren kutsu hori badago, eta ez bakarrik haurrengan. Kuriosoa da, alde batetik gero eta komunikazio handiagoa dago denon artean, baina azken finean ‘ni’-ak gero eta garrantzia handiago dauka. Eta, gainera, orain behar dut besteen begirada, ez banaute baloratzen ez naiz inor. Horren aurrean, oso inportantea da norberak bere barruko egitura eraikitzea.

Beraz, niretzat baloreen kontua kezkagarria da. Inportantea da hausnartzea zer jarrera behar dituzten haurrek balore sozialak garatzeko. Horretarako, jarrera zurrunegiak izateak ez du balio, hori jasotzen duten haurrak daudelako beldurrez, tentsioan, eta agresiboak itxiak, zorrotzegiak direlako. Baina haurrei nahi dutena egiten uztea ere ez da ona, zeren eta bilakatzen dira berekoiak, beldurtiak, segurtasun-gabeak, errespetu gabekoak... Oreka hori lortu behar da: iniziatiba utzi, baina erreferentziak eman. Eta, batez ere, beldurrik gabeko heziketa, errespetuz betetako heziketa, hori da gakoa.