TELEBISTA: Zer ikusi hura ikasi?
Haurrek denbora gehiago pasatzen dute telebistaren aurrean eskolan baino, eta zenbait kasutan, baita gurasoekin baino gehiago ere. Gaurko “hezitzaile” nagusia pantaila bidezko kontsumoa dela esan daiteke. Baina kontziente ote gara telebistak balioen transmisioan duen eraginaz? Eta asmatzen ote dugu gure etxeetako pantailak egoki kudeatzen?
Telebista etxean sartu bai, baina ez dugula etxekotu, Salvador Cardús soziologoak esana da. Telebistari, gainera, azken urteetan, bestelako gailuak ere gehitu zaizkio: ordenagailua, tableta, mugikorra… Gaur egun ikus-entzunezkoen kontsumoa ez baita telebistarekin bakarrik egiten, eta egunetik egunera gehiago erabiltzen baitira bestelako pantailak ere. Pantaila anitzen gizartean bizi gara, eta beraz, Antxon Alfaro Lezo Herri Eskolako aholkulariak dioen moduan, telebistaz baino egokiagoa da, akaso, etxeko pantailez hitz egitea.
Edozein kasutan, artikulu honetan, bereziki, telebistaren inguruan zentratu nahi izan dugu eztabaidagaia. Izan ere, kontsumo bideak aldatzen ari diren arren, ikerketek erakusten dute telebista dela euskal herritarrek gehien erabiltzen duten komunikabidea. Lau eta hemezortzi urte bitarteko haur eta gazteek egunean hiru ordu eta erdi ematen dituzte, batez beste, telebistari begira. Horrek esan nahi du denbora gehiago pasatzen dutela pantailaren aurrean eskolan baino, eta zenbait kasutan, baita gurasoekin baino gehiago ere. Lau eta hamabi urte arteko haurrak urtean 1.500 ordu inguru egoten dira telebista ikusten; ikasgelan, berriz, 900 ordu ematen dituzte —asteburuak eta oporrak tarteko—. Eusko Jaurlaritzak, EHIGEk eta Euskaltel Fundazioak argitaratutako txostenean agertzen diren datuak dira.
Haurren heziketan telebistak eta, oro har, pantaila bidezko kontsumoak eragin handia du, adituek diotenez. Kasu askotan, gurasoek edota irakasleek baino handiagoa. Izan ere, Amelia Barquín Mondragon Unibertsitateko irakasleak azaldu bezala, telebista ez da burmuinetik sartzen, baizik eta zuzenean sedukziotik; pantailen aurrean ez ditugu pentsa-tzeko tresnak martxan jartzen, baizik eta gozatzekoak; eta haurrek ez daukate pantailen bidez jasotzen dutena intelektualizatzeko eta kritika-tzeko aukerarik, baizik eta zuzenean hartu eta integratu egiten dute.
Gaur egungo “hezitzaile” nagusia pantaila bidezko kontsumoa dela esan daiteke, beraz. Baina, benetan, jabetzen ote gara horretaz? Kontziente ote gara telebistak eta beste pantailek balioen transmisioan nahiz sozializazio-ereduetan umeengan duten eraginaz? Eta horren aurrean, asmatzen ote dugu gure etxeetako pantailak egoki kudeatzen?
Entretenimendu ez ezik, hezitzaile
Gaur egun pantailek betetzen duten funtzio nagusia ludikoa da, adituen iritziz. Entretenimendurako familien iturri nagusietariko bat telebista da. Baina denbora pasarako izateaz gain, heziketarako gailu ere bada. Are gehiago, balioen transmisore nagusi bilakatu da, eta une honetan, haurren sozializaziorako tresna garrantzitsuenetariko bat da.
Bizitzeko estiloak, modak, ohiturak, ideiak, usteak… igortzen dira telebistaren bidez. Jarrera eta jokabide ugari barneratzen dira ikus-en-tzunezkoen kontsumotik: nolakoak izan behar dugun, zer egin behar dugun, gure ideiek eta pentsamenduek nolakoak izan behar duten, zer dagoen ondo eta zer gaizki… Normalizatzailea eta uniformizatzailea da telebista. Barquínek dioen moduan, gizartearen partaide izateko ideiak, usteak, jarrerak, jokabideak… ez ditugu lezio esplizituen bidez ikasten, baizik eta ikusten dugunaren bidez; eta elementu horiek ez ditugu familian, eskolan, kalean edota lagunartean soilik jasotzen, baita pantaila bidezko kontsumotik ere. Eta guztietan, telebista da nagusi.
Nor dago noren mendean?
“Umeei entregatzen diegu telebista, edo umeak entregatzen dizkiogu telebistari?”. Pantailen aurrean haur eta gazteek igarotzen duten ordu kopuruari erreparatuta Barquínek planteatzen duen galdera da. Telebistaren bidez transmiti-tzen diren usteei, balioei, sinesmenei… begiratuta —patriarkatua edota mugarik gabeko kontsumo grina, kasu—, kezkaturik mintzo da irakaslea: “Batzuetan, badirudi, gure haurrak telebistari, patriarkatuari, kon-tsumoari… entregatzen dizkiogula, inolako babesik gabe”.
Izan ere, Barquínek gaineratzen duenez, kasu askotan, haurrek telebistaren bitartez jasotzen dituzten mezuetatik babesteko erremintarik ez dute garatu. Poliziek tortura era- biltzen duten detektibeen pelikula bateko adibidea jartzen du hori azaltzeko: “Filmetan etengabe ari gara ikusten atxilotuak torturatzen dituztela informazioa lortzeko. Helduok dugun adinarekin eta formazioarekin disfrutatu dezakegu telesail horretaz, baina aldi berean ez dugu zertan bat etorri bertan transmititzen zenbait baliorekin. Umeek, ordea, ez daukate tresnarik ikusitakoa kudeatzeko”. Gauza bera gerta daiteke jatorrian helduentzat sortu, baina haurrek kontsumitzen dituzten zenbait marrazki bizidun edota telesailekin. Nahiz eta marrazki bizidunak izan, nahiz eta umorezkoak izan, nahiz eta dibertigarriak izan, nagusientzat diren programa batzuk “oso desegokiak” izan baitaitezke umeentzat.
Haurra telebistan ikusten ari den edozein programa, telesail edota marrazki bizidunen aurrean geure buruari galdera bat egitea proposa-tzen du HUHEZIko irakasleak: “Zer ari da ikasten umea ikusten ari den horren bitartez?”.
Kantitatea baino inportanteagoa kalitatea
Familia batzuetan, ia egun osoan telebista jarrita egoten da. Etxera iritsi eta telebista piztea errutinaren parte bihurtu da zenbaitentzat. Haurrek, gazteek zein helduek ordu asko pasatzen dituzte pantailen aurrean, baina igarotzen duten denborari baino garrantzia handiagoa ematen dio Alfarok telebista kontsumitzeko duten moduari. “Ordu horietan gauza desegokiak kontsumitzen ari direla? Akaso bai, baina iruditzen zait gehiago dela denbora pasatzeko modu bat eta ez dut uste hori denik arazo nagusia”.
Kualitatiboki, telebistaren aurrean haurrek zein helduek hartzen duten jarrera iruditzen zaio inportanteena Alfarori, eta adibide bat jartzen du: “Esate baterako, arazoa da goizean ordu-erdiz telebista ikustea? Nire ustez, gakoa ez dago ordu-erdi horretan. Baizik eta begiratu behar da zentzurik ba ote duen heziketa-prozesu egoki baten baitan, goizean jaiki eta telebista pizteak, horrek dakarrenarekin: zarata, gaizki gosaldu, guraso eta haurren arteko haserrea, eskolara berandu… Ez zait gauza bera iruditzen gauean familian, sofan, gozo-gozo elkarrekin ordubetez telebista ikusten aritzea, edota ohean sartzea eta lo hartzeko telebista jartzea, eta gero kentzea, eta berriz piztea ezin delako lo hartu… Bi kasuetan telebistaren aurrean ordubete igarotzeaz ari gaitezke hizketan, baina ez da gauza bera”.
Tesia egina du Alfarok gurasoek eta irakasleek telebistarekiko duten jarrerek haurrek telebista ikusten duten moduan zer-nolako eragina duten ikertzeko. Bere azterketan oinarrituz dio, haurrek ez dutela telebista hautatzen beste alternatibarik izanez gero, eta kasu batzuetan, gurasoekin egotearren esertzen direla telebistaren aurrean. “Familia estilo hori telebistaren aurrean egon ohi da, beraz, zein da gurasoekin egoteko eta hurbiltasun hori bilatzeko haurrek duten modu bakarra? Telebista aurrean esertzea, gurasoen ondoan”.
Alfarok eransten duenez, gainera, ikerketek erakutsi dute, haurrek bestelako gauzak egiteko aukera izanez gero, orokorrean ez dutela telebista hautatzen. Telebista ikustea ez da haurrentzat lehentasuna. Zein da, hortaz, arazoa? Alfarok argi dio: aukera falta. “Zenbait familiatan aukera gutxi daude: gurasoek etxetik kanpo lan egin behar dutelako, edo eskolaz kanpoko zerbitzuek kostu bat dutelako eta denek ezin dutelako hori ordaindu, edo ez direlako jabetzen haurrak alternatibak behar dituenik. Telebistaren aurrean ‘ondo’ dagoenez, pentsatzen dute ‘gustura’ dagoela. Horri gehitu hirietan jolasteko toki publikoak urriak direla”.
Eredua, kritiko izateko gako
Haurrak eta gazteak pantailen bidez kontsumitzen dituzten produktuak kritikoki aztertzeko gai izatea jarri ohi du aditu askok helburutzat. Horretarako, baina, txiki-txikitatik erremintak eskuratuz joan behar du umeak. Alfarok azpimarratzen duen moduan, jarrera kritikoa ez da soilik informazioa emanaz lortzen, baizik eta bizi egin behar da, hau da, norberak esperimentatu behar du.
Hortaz, pantailen aurrean kritiko izan daitezen hezteko gakoa gurasoek ematen duten eredua dela dio, zer ikusi, hura ikasi leloa iruditzen bai-tzaio heziketaren arloan presentziarik handiena duena: “Helduok esaten dugu kontsumo kritikoaren premia dagoela, baina gero guk ez dugu ezer egiten eredu hori transmititzeko. Nik ezin diot seme-alabari telebistarik ez ikusteko esan, nik bi ordu futboleko partida bat ikusten pasa baditut”. Izan ere, Alfarori iruditzen zaio heziketa arloan fokua haurrengan jarri beharrean helduengan jarri behar litzatekeela. Erraza izan liteke haurrek telebista asko ikusten dutelako kexatzen aritzea, baina azken batean, irakasleak nabarmentzen duen gisan, “helduek markatzen dutena” ikusiko dute haiek ere.
Askatasuna eman edo mugak jarri?
Etxe askotan, umeek erabateko askatasuna dute nahi adina denbora telebistaren aurrean egoteko eta gura duten guztia ikusteko; beste batzuetan, aldiz, mugak jartzen dizkiete: ordutegi jakin bat, eduki batzuk bai eta besteak ez… Azken batean, gurasoek kontrolatu egiten dute haurrek pantailen bidez kontsumitzen dutena.
Umeak aske utzi telebistaren aurrean edota kontrolatu? Hortxe dago gakoa. Barquín zein Alfaro, mugak jartzearen aldekoak dira. Horren aurka erabili ohi den argudioa haurren askatasunarekiko errespetua da. Gaia, ordea, askatasuna vs. mugak eztabaida baino konplexuagoa iruditzen zaie bi adituei, eta kontzeptuon inguruko hausnarketa egitea beharrezko ikusten dute.
Askatasuna kontzeptua, maiz, modu arinean ulertzen dugula uste du Barquínek, eta hori oso arriskutsua izan litekeela dio. Bere irudiko, askatasuna umeak adierazten duen nahia lehenbailehen asetzearekin lotzen da, hau da, berehalakotasunarekin eta ahaleginik ezarekin, baina benetako askatasunaren eraikuntza haratago doa. Hain zuzen, “benetako askatasuna” eraiki ahal izateko bestelako produktuak ere ezagutu behar lituzkete haurrek, alegia, aukera aniztasuna behar lukete, eta gauza berriekin gozatzera iristeko denbora ere bai. “Beste produktu batzuekin kontaktua edukitzeko, telebistarekiko esposizioa mugatu egin behar da. Haurrek liburuekin, komikiekin, lagunekin, kalearekin…. esperimenta dezaten nahi badugu, errazena zaien kontsumoa —alegia, telebistarena— mugatzea irizpide on bat iruditzen zait. Telebistak jaten badu gure aisialdi gehiena, nondik aterako dugu beste gauza batzuk egiteko eta beste aisialdi mota bat eraiki ahal izateko denbora?”.
Kontsumo errazeko gailua da telebista, ahalegin handirik eskatzen ez duena. Beraz, sarritan gertatzen da bestelako aukerak eskura dituztenean ere, ume askok nahiago duela telebistaren aurrean geratu. Guraso ugari saiatu ohi da umeari behin eta berriz bestelako eskaintzak egiten. Irakurtzera gonbidatzen, adibidez. Baina Barquínek dioen moduan, haurrek telebistarako sarbide osoa baldin badaukate, nekez irakurriko dute ezer. “Irakurtzea, ez da hain kontsumo errazeko zerbait; nahiz eta gustagarria izan, beste esfortzu mota bat eskatzen du. Denborarekin merezi izan duela kontura zaitezke, baina hasieran ez. Eta momentu honetan nagusi den kontsumo mota da plazera ahalik eta lasterren eta arinen ematen duena. Horri guk ez badizkiogu mugak jartzen, ume gehienak, eurak bakarrik, ez dira gai izango”.
Hain justu, ereduetan oinarritutako mugak iruditzen zaizkio Alfarori egokienak. Mugen alde dago irakaslea, baina haren iritziz, garrantzitsuenak ez dira mugak, baizik eta muga horiek nola jartzen diren. Mugez baino gehiago haurrari ematen zaizkion sostenguez ari da, eta sostengu horiek gurasoak eredu izanik ematen badira, are hobeto. “Mugak jartzerakoan ez dizkiegu soilik haurrei jarri behar, baita geure buruari ere. Eta bestela azaldu egin behar diegu haurrentzat desegokia dena guretzat zergatik ez den desegokia”.
Osasun fisikoa vs. buru osasuna
Oro har, umeen osasun fisikoari dagokionez, helduek zenbait irizpide izan ohi dituzte; hala nola, hainbat orduz lo egin behar duela, makarroiez gain beste elikagai batzuk jan behar dituela, zorriak kendu egin behar direla nahiz eta horretarako produktua gustatu ez… Zenbait arlotan, umearen interesak eta gustuak kontuan izan arren, beste aukera batzuk ere eman egiten zaizkie, eta askotan, behin eta berriz errepikatzen zaie: “Nola, ez duzula frutarik jan nahi? Bada, noizbehinka probatu egin behar da. Guk ere hala egiten dugu…”
Zer gertatzen da, ordea, buru-osasunarekin? Irizpiderik ba ote dugu? Zergatik arlo batean askatasuna aldarrikatzen da eta bestean ez? Adituen irudiko, askatasuna oso hitz polita da, baina kontuz ibili behar da haren erabilerarekin: “Askatasunaren izenean gure seme-alabek ezin dute edozein zabor irentsi”.