Ume bikien heziketa: baten esperoan, kolpean bi
Bi haurdunalditan bina seme izan dituztenak, biki-parea hezten ari den ama bakarra, beste alaba baten etorrera bikien heziketarekin uztartu dutenak, bikia izanik bikien ama bilakatu dena.... Askotariko kasuak ume-bikien etorreraren inguruan, baina baita partekarturiko bizipenak ere: ‘lan’ asko egin dute, baina asko jaso dute bueltan.
Batik bat lehen haurdunaldia denean, pozez bezainbeste arduraz bete ohi dira guraso izatear direnak; bizitza errotik aldatuko zaiela errepikatuko diete, gauak eta negarrak tarteko lehen hilabeteak gogorrak izango direla entzungo dute mantra bat bezala… Gauzak horrela, ilusioa adina kezka bizkarrean hartuta iritsi ohi dira asko lehen ekografiara. Eta, hara, erreportaje honetako protagonistentzat, ezusteko albistea zuen gordeta amaren sabelak, poz, ilusio, ardura eta kezka iturri bikoitza: ume-bikien guraso izatear ziren. Baina, benetan bikoizten ote da dena? Bikoiztu ote zen euren poza bezainbeste euren ardura?
Aritz Gorrotxategi eta Kizkitza Lucas-en kasuan, ezusteko ona izan zen, pozez hartu zuten albistea lehen haurdunaldi hartako lehen ekografian. Gainera, Kizkitzaren esanetan, nahiko modu berezian jaso zuten albistea: “Ginekologoak bat-batean esan zuen, ‘ez, 3 ez dira izango, baina 2 bai’. Eta guk pentsatuz ‘zertaz ari da hau, 2 edo 3 zer?’. Bada, ‘bi umeki direla’, bota zigun!”. Bigarren haurdunaldian, ezustekoa “handiagoa” izan zen: “Ginekologoak galdetu zidan ea espontaneoa zen edo tratamendua egin nuen... eta berehala pentsatu nuen berriz ere bi umeki zeudela”. Dena dela, ordukoan ere ez zuten aparteko larritasunik sentitu, Aritzek kontatzen duenez, baina “estresaldi handia” etorri zen haurdunaldiarekin batera: 6 kideko familia bihurtzear ziren, eta kotxea, etxea, herria, haur zaharrenen eskola... dena aldatu behar izan zuten hilabete gutxian.
Janine Vicenterentzat ere ezusteko galanta izan zen, eta, kasu honetan, hasieran baita larritasunerako arrazoia ere. Izan ere, bakarrik, edo bikoterik gabe bederen, osatzear zen familia, eta aitortzen du hasieran beldurtu ere egin zela. Gaur egun, ordea, oso pozik dago semeek senidetasunaren esperientzia ezagutu ahal izan dutelako: “Hasieran pentsatu nuen agian hobe zela bakarra, baina, beno, trauma bat ere ez zen izan. Orain askoz hobe izan dela pentsa-tzen dut, nahiz eta hasieran gogorra izan. Beraientzat babesa izango da etorkizunean elkarrekin egotea”.
Lierni Otamendi eta Jon Aranbururentzat ere ezusteko galanta izan zen. “Guk beti ‘ba!’ batekin eran-tzuten genuen umeetaz hitz egiten zigutenean, eta behin gure amak bota zigun ‘ea ba lehen takatekoan 3 etortzen zaizkizuen!’. Ia-ia asmatu zuen...” Lehen unean larritu ziren, ginekologoaren aurrean eskuak buru artean hartu eta hasperenka hasi ere bai bietako bat... baina berehala eman zioten buelta, “dramarik egin gabe”.
Oihana Aiertza eta Joxemi Carrillo dira salbuespena bikien guraso-bilduma honetan, Oihanak bere “ame-tsa bete” baitzuen bikiak izan behar zituela jakitean: “Anaia-bikia daukat eta beti oso berezia sentitu izan naiz bikia izateagatik, eta nire ametsa zen bikien ama izatea, zain-zain nengoen”. Izan ere, oso harreman estua izan du Oihanak anaia bikiarekin. Hainbeste, bestea anaia baino gehiago ere badela sentitzen duen: “Ni beti sentitu izan naiz jin eta jan bat bagina bezala, bion artean zerbait osatuko bagenu bezala; izaeraz ere oso osagarriak gara biok”. Uste du biki izateak oso gauza positiboak dituela, “adibidez beti duzu bidelagun bat. Orain nire umeak eskolara eramaterakoan ere esango nuke errazago egin dutela egokitze-prozesua, bestearen, etxeko norbaiten babesa baitute”. Gaur egun 3 urte dituzte Oihanaren eta Joxemiren umeek, Axel eta Amane anaia-arreba bikiek.
Denean batera?
Hala ere, Oihanak eta nebak sozializazio-prozesuan edo nortasun propioa osatzerakoan inoiz ez dute arazorik izan. Gaur egun Haur Hezkuntzako irakaslea da Oihana Usurbilgo Ikastolan, eta, 67 ikasletatik, 7 biki bikote dituzte bere mailan; tartean, Janineren 5 urteko semeak, Aitor eta Gorka. Horregatik, bere bizipen propioaz harago, bestelako kasuak ere ezagutu ditu: “Hezitzaile bezala ikusi dut biki identikoak izatea oztopo bat izan daitekeela, adibidez”, baita, mendetasun-harremanak sortzen direla ere. Adibidez, Janineren semeen kasuan: “Hezitzaile bezala nik nahi dut ume bakoitzak bere garapena egitea. Eta, kasu honetan, anaia bat bestearen oztopo da, neurri batean: batek lidergoa hartzen du eta bestea ez da bere kabuz aritzen”. Gauzak horrela, datorren ikasturtean bi geletan banatzea proposatu die, “biki bezala printzipioz horren erabat kontra nagoen arren. Iruditzen zait naturaz elkarrekin datorrena naturaz elkarrekin joan behar dela”.
Kizkitza eta Aritzen seme-bikiak, bi pareak, 2 urterekin banatu zituzten eskolan. Alde batetik, banaketa hori goizegi egin zela sentitzen dute, “haur eskolatik ikastetxerako aldaketa egin zuten, eta aldaketa horretan lagun bat eduki beharrean, hori haustea, beste aldaketa bat eranstea izan zen.” Hala ere, Aritzen ustetan “epe ertain eta luzera hobe da banatzea. Gaur egun bakoitza bere gelan dago, bere lagunak dauzka... Azken finean, elkarrekin daude baina, era berean, bakoitzak bere espazioa dauka”.
Lierni eta Jonen seme-bikiak, aldiz, elkarrekin daude ikasgelan, baina ez dute uste horrek mendetasun harremanik sortzen duenik. Elkarren lagun dira, sarri lagun-taldean ibili baino nahiago dute elkarrekin joatea pilotan edo futbolean jolastera, baina “denbora asko pasatzen badute biek elkarrekin, adin beretsuko beste haurrik gabe, asko aspertzen dira eta haserretzen hasten dira”. Izan ere, elkarrekin egonda ere etengabe, bata eta bestea dira: “Batzuk esaten dute komeni dela bereiztea, bakoitzak bere nortasuna osatzeko, baina, elkarrekin egon arren, nik oso diferenteak ikusten ditut”.
Elkarrekin hezi, baina desberdin izan
Aritzek ere uste du elkarrekin sortu, hazi eta hezi izangatik, oso desberdinak direla Kizkitzarekin izandako semeak. Alde horretatik, “hezkuntzarengan zuen fedea” hein batean galdu egin duela dio: “Nire esperientziaren arabera, hezkuntzak egin ahal duena uste baino mugatuagoa da. Ez dakit genetika edo zer izango den, baina argi dago zerbaitek asko determinatzen duela”.
Ildo beretik mintzo da Oihana ere. Aukera berdinak ematearekin “obsesionatua” egon da, baina ume bakoitzak bere izaera garatu du: “Irakasle bezala lehen pentsatzen nuen haurrengan ikusitako gauza asko etxetik jasotakoak zirela. Eta egia da etxetik asko transmititzen dela, baina orain nire umeekin ikusi dut dena ez dela etxetik transmititurikoa. Nire umeekin biei aukera berdinak ematearekin tematuta egon naiz, eta oso izaera desberdina garatu dute. Beraz, hor badago zerbait, eskaini zaionaz gain, berak dakarrena, bere nortasuna”.
Hala ere, bada bikiek partekatzen duten ezaugarri bat, bere ustez: “Beti daude lagunduta: bestearekin eskolaratzen dira, bestearekin doaz edonora... Eta, ondorioz, talde-izaera lehenago hartzen dute, baita enpatiarako gaitasuna ere. Txikitatik ikasten duten beraien txanda itxaroten, edo hasieratik entzuten dute helduaren aldetik ‘orain ezin dut, itxaron behar duzu’. Bestea kontuan hartzen lehenago ikasten dute”.
Besteen laguntza, ezinbesteko
Bizipenak bizipen, guztiek parteka-tzen dute hasierako hilabeteetako kaos sentsazioa. Kizkitzaren eta Aritzen kasuan, hasieratik garbi izan zuten “kontu numerikoa ere bazela: bi ume, bi guraso, biok erabat parte hartu behar genuen”. Haurrei biberoia ematea erabaki zuten, bien artean partekatzeko elikatzearen ardura, eta txandak antolatzen zituzten. “Gauean, adibidez lehena esnatzean ni jaikitzen nintzen, eta bestea esna-tzean Aritz”, dio Kizkitzak. “Koaderno batean apuntatzen genuen zer ordutan hartu zuen bakoitzak, zenbat hartu zuen, badaezpada bietakoren bat negarrez hasten bazen jakiteko. Gaua da, nekatuta zaude, eta zalantzak sortzen zaizkizu ‘Enekori eman diot, edo Julen izan ote da?’ Badaezpada hobe apuntatuta!” Aritzek ere “nebulosa bat bezala” gogoratzen ditu lehen hilabete haiek, eta askotan gauerdian esnatzen zela, beldurturik, “zerbait erortzen ari zitzaidala pentsatuz, umea oraindik esku artean banu bezala!”. Bigarrengoan dena errazagoa izan zela gogoan dute: “Bigarrena ezer apuntatu gabe egin genuen!”, dio Kizkitzak.
Oro har, jendea behar izan zuten inguruan, batik bat umeak parkera-eta eramaten hasi zirenean: “Bati jaten eman behar diozula, besteak kaka egin duela, bata alde baterantz abiatu dela, beste besterantz... Inguruan norbait izatea beharrezkoa zen”. Oihanak ere parkeko une horiek oso gogoan ditu. “Horrelakoetan asko gogoratu izan naiz nire amarekin. Ahizpa zaharragoa ere hor zegoen, gu txiki-txikiak, igogailurik gabe laugarren pisu batean bizitzen... Askotan galdetzen diot ‘ama, zuk nola egiten zenuen?’ Izugarrizko meritua ematen diot”.
Lierniren kasuan ere laguntza behar izan zuten lehen hilabeteetan, eta bikotearen nahiz bere ama etortzen ziren laguntzera. “Dena dela, laguntza une zehatz batzuetan behar izaten da, eta 2. hilabetetik aurrera bakarrik moldatuko ginela erabaki genuen. Eta beno, momentu batzuk kaotikoak ziren: bikoteak erreleboan egiten zuen lan eta arratsalde batzuetan neu bakarrik iristen nintzen etxera bi umeekin: batak lo hartu dizula autoan, biak ume-aulkira pasa behar, gero ume-aulkia desmuntatu igogailuan sartzeko, bata negarrez, bestea ere bai, afaria prestatzeko… hara zer egoera! Baina, beno, moldatzen ginen”. Alde horretatik, pazientzia eta umorea ezinbesteko osagaiak direla uste du Liernik: “Garrantzitsua da ez agobiatzea. Nik uste norberaren izaerak ere asko egiten duela; ni oso lasaia naiz eta momentu batzuetan pentsatu izan nuen ‘hau beste norbaiti gertatu eta itota ibiliko zen!”.
Aritz ere bat dator horretan: “Printzipio orokor bezala saiatu gara arazorik ez dagoen lekuan arazorik ez sortzen. Askotan ikusten dugu arduratuta jendea, kontu batekin edo bestearekin, eta horrek eragina du haurrarengan: zu estutu egiten bazara, estutu egiten duzu haurra”.
Janineren kasua berezia da horretan: lehen egunetik bakarrik egon da bikiekin etxean, eta gurasoak ere ez dira gertu bizi. “Lehen egunetan nire gurasoak etorri ziren laguntzera, baina umeak betirako dira eta ezin ziren betirako gelditu: nik hartu behar nuen egoeraren kontrola. Neure estrategiak garatu nituen bakarrik moldatzeko. Adibidez, nire haurrek oso-oso txikitatik bakarrik hartu izan dute biberoia: etzanda jartzen nituen, toalla batekin helduta biberoia!” Dena dela, lehen une haietan oso momentu gogorrak pasatu zituela gogoan du: “Izan ditut inpotentziaz negar egin dudan uneak, umeei erregutuz negar ez egiteko, ‘faborez, aski da!’ esanez… Eta gero horrek kulpa sentsazio handia sortzen zidan ‘nola esan diot hori nire semeari, gizajoa negarrez ari zelako!. Hasierako uneak gogorrak izan ziren. Eskerrak lagunen laguntza izan nuen.” Gaur egun bere anaia etorri ohi da arratsalde batzuetan tarte batez umeekin jolastera, eta Janinek lasai prestatu dezake afaria, edo dutxa bat hartu. “Orain erlaxa-tzen hasi naiz, garapen bat gertatzen ari da”. Gustura dago egun, eta ez luke ezergatik aldatuko bizipena.
Oihana ere bat dator horretan, lana bezala, “konpentsazioa ere bikoitza” delako: “Guk etxean ikusten ditugun une horiek, besarkatzen direnean edo elkarri muxu ematen diotenean… hori izugarria da!”. Liernik ere “esperientzia polita” izan dela dio, “hasieran bertigo pixka bat eman arren. Oroitzapen txarrik ez dut, eta gainera une batetik aurrera biak batera doaz”.
Alde horretatik, bikiak baino Enara alaba haztean zailtasun handiagoak izan dituela dio; izan ere, bikiek elkarrekin jolasten dute, elkarren arreta zuten; bakarrak, aldiz, bere aldetik arreta gehiago eskatu duela uste du. “Bikiek, elkarrekin zeudelako edo elkarrekin ari zirelako, ez zuten hainbeste eskatzen gure arreta. Baina Enararen kasua desberdina izan da”. Alde horretatik, pozten da bikiak koskortuta zeudenean iritsiko zelako Enara: “Alabari titia ematen ari nintzenean batzutan pentsatzen nuen ‘orain bi urteko ume bat hemen bueltaka balego...’ Ez dakit ez ote zen zailagoa izango adin desberdineko bi ume izatea. Izan ere, bikiekin dena batera zihoan; unean bertan lan gehiago, baina gero autonomoagoak izan dira”.
Abantaila den hori, Kizkitzaren eta Aritzen kasuan nekerako arrazoi ere izan da. Izan ere, egia da jolaserako lagunik ez zaiela falta, baina hor dago koska, hain zuzen ere: “Bi biki parerekin biderkatu egiten da dena. Berehala hasten dira jolasean, berehala entretenitzen dira bata bestearekin...”. Erosketa egitera joatea, esaterako, erronka bilakatu da beraienean, baita etxetik ateratzeko unea ere. Kizkitzaren esanetan, “bikiak aurrera ateratzea baino, gure kasuan erronka da 6 pertsona gaudela elkarbizitzen etxean: seiron arteko konbibentzia hori, denak errespetatzea, denon txandak itxarotea…”. Dena dela, biak bat datoz esatean esperientzia ederra izan dela. Gainera, Aritzek dioen moduan, “guk lau seme ditugu, baina ez dakigu zer den bat bakarra izatea”. Ezin egin konparaziorik, beraz!
Eta erakundeen laguntza?
Denek aipatu dute bikien gurasoen artean sortu ohi den konplizitate eta solidaritate giroa. Kaletik ume-aulki bikoitzarekin joatean, edo parkean biak gobernatu ezinik ikustean, jendea hurbildu izan zaie ‘gu ere pasa ginen hortatik!’ esanez. Orain eurek ere sentitzen dute konplizitate hori. Baina, komunitate hortaz harago, senitartekoen ezinbesteko laguntzaz gain, erakundeen babesa mugatua da. Izan ere, bi haurdunalditan bi ume izan dituen gurasoak 16 asteko baimena izango du ume bakoitzeko. Bikiak jaiotzean, ordea, 18 astekoa da guztira. Gainera, diru-laguntza berezirik ere ez dute jasotzen, nahiz eta, Aritz eta Kizkitzarenean bezala, kasu batzuetan hilabete gutxian azpiegitura guztiak aldatzea eskatzen duen bikien etorrerak, eta janari, arropa, traste... kontuetan gastua bikoitza izan. “Ez dakit baimena bikoiztu behar den, baina egia esan lana bikoitza da. Laguntza aldetik badago hutsune bat. Argi dago gaur egungoa ez dela nahikoa”, dio Oihanak.