Haurrak nola, nerabeak halatsu
Berdinak ez izan arren, zenbait aspektutan gazteek eta haur txikiek antzeko erronkak dituztela uste du Xabier Tapia psikologoak. Bi kasuetan gorputzak, ingurukoen begiradak eta autonomiak sekulako garrantzia hartzen dutela dio.

Ez jokatu haur txikiak bezala” edota “14 urte dituzu, baina ume mokoa dirudizu”. Guraso batek baino gehiagok esango zieten inoiz horrelakorik edo antzekorik euren seme-alaba nerabeei. Haiek mintzeraino eta pipertzeraino, ba-tzuetan. Makulu-esaldi gisa erabili ohi dira sarri, baina ba ote dute ezer egiatik hitz horiek? Izan ote dezakete zerikusirik haur txikiek eta nerabeek? Ba ote dago bizitzako bi etapotan errepikatzen den ezaugarririk?
Hainbat helduk sarri esan ohi duten moduan berdinak ez izan arren, zenbait aspektutan gazteak eta haur txikiak oso alderagarriak iruditzen zaizkio Xabier Tapia psikologo klinikoari eta, hainbat arlotan antzeko erronkak dituztela dio. Hori probatzeko ume txikiak eta nerabeak elkarrengandik hain urrun ez daudela erakusten duten hiru puntu aipatzen ditu: gorputzaren protagonismoa, bestearen begiradaren garrantzia eta mendekotasunaren kudeaketa.
Gorputzaren protagonismoa
Aditu ugarik esan ohi duten moduan, haur txikia dena da gorputza, eta gorputzaren bidez bizitzen eta esperimentatzen duen horren bidez garatzen da. Antzeratsu gertatzen da nerabezaroan ere. Gorputza nerabeen bizitzan protagonista nagusi bilakatzen da eta nortasunaren garapenean ezinbesteko elementu.
Psikologiako teorien arabera, pubertaroak ematen dio hasiera nerabezaroari. Nerabezaroaren hasieran gertatzen diren aldaketa fisikoei deitzen zaie pubertaroa. Baina aldaketa fisikoekin batera psikologikoak ere gertatzen dira. Aldaketoi pubertario izena ematen die Tapiak, nahiz eta hitz hori ez existitu eta berak asmatutakoa izan. Batetik aldaketa fisikoak eta bestetik horrek dakartzan aldaketa psikikoak bereizteko darabil kontzeptu hori.
Aldaketa fisikoak eta aldaketa psikikoak, ordea, ez dira beti bat etortzen, psikologoaren esanetan. Batzuetan pubertarioak aurre hartzen dio pubertaroari eta alderantziz ere gertatzen da. Edozein kasutan, bataren eta bestearen arteko desfase hori arazo-iturri izan daitekeela uste du. “Nesken artean pubertaroa 11 urterekin hasten dela esaten da, eta mutilen artean 12rekin. Baina gauzak ez daude hain garbi. Eta nerabezaroa noiz hasten den garbi ez badago, are gutxiago noiz amai-tzen den”.
Edonola ere, pubertaroko aldaketa fisikoek eragindako presio psikologikoaren ondorioz alde batetik, eta ingurunearen presioaren eraginez bestetik, gorputzak nerabeen bizitzan sekulako garrantzia hartzen du, Tapiaren arabera. Aldaketa fisikoei dagokienez, sexualitatearen eta agresibitatearen barruko pultsioen indarra nabarmentzen du: “Bulkada horiek ez dira ez berriak, ezta ezezagunak ere, bai, ordea, ezberdinak, nola intentsitatearen aldetik hala fantasia eta irudikapenei dagokienez”. Psikologoak eransten duenez, barrutik ez ezik, kanpotik ere presio handia jasaten dute nerabeek gorputzari dagokionez. Horren adibide izan daitezke fisikoki zaindu beharra; lehiakorra eta trebea izan beharra (kirol arloan, adibidez); sexualki erakargarria izan beharra; gorputz irudi on bat eman beharra...
Tapiak dioenari jarraiki, pubertarora arte gorputza haurrentzat babesa izan ohi da. Hortik aurrera, ordea, barne sekretuak —bereziki sexualak— kanporatu egiten dira: “Lehen beren fantasiak eta desioak barnean gordetzen bazituzten, orain beren exitazioa nabarmendu eta agerian uzten dute. Barruko intimitatea kanporako erakusleiho bilakatzen da. Babestu ordez, traizioa egingo balio bezala sentitzen du nerabeak bere gorputza, sarri”. Are gehiago, adituak azpimarratzen duenez, gorputza bilakatzen da nortasunaren ageriko definizio —gorputza nolakoa, nortasuna halakoa—, eta gorputza denez besteekiko harremanetarako bidea, harremanak ere gorputzaren nolakoaren neurrikoak izan ohi dira: “gorputz gorrotagarria, nortasun gorrotagarria; gorputz gustagarria, harreman gustagarriak”. Era horretako egoerak ia nerabe guztiek bizitzen dituztela dio psikologoak, nahiz eta gehientsuenek gainditu, nolabaiteko oreka topatuz.
Bestearen begiradaren garrantzia
“Ezkutatzea gozamena izaten da, baina aurkitua eta begiratua ez izatea katastrofe bat”, hala deskriba-tzen du Tapiak besteen begiradak bai haur txikientzat bai nerabeentzat izan dezakeen garrantzia. Horren adibide da haur txikiek behin eta berriz errepikatu ohi duten “aitatxo begira” edo “amona begira”, baina nerabezaroan ez da gutxiagorako izaten. Pubertaro ostean gazteek batak besteari eginiko begiradak nola sentitzen dituzten izan daiteke horren argibide. Psikologoak azaltzen duen eran, nerabezaroan begirada barruko intimitatearen inbaditzaile suertatu ohi da sarri: “Agresiboa eta ezinegon eragilea izan ohi da, baina Ai! begiradarik ez balego… Nerabeek begiradari beldurra diote, baina begiradarik gabe ezin bizi”.
Mendekotasunaren ataka
Autonomiaren mesedetan mendekotasuna nola kudeatu izaten da nerabeen zein ume txikien beste erronketariko bat. Tapiak adierazitako eran, besteekin bat egin eta harremanetan egoteko bezainbesteko gogoa izaten dute haur txikiek nahiz nerabeek besteengandik bereizteko. Beste hitz batzutan esanda, gurasoekin eta gainontzeko helduekin duten harremanaren mendeko dira haur txikiak zein nerabeak, baina aldi berean autonomo izateko gogoa eta beharra sentitzen dute.
Nola kudeatu, baina, elkarrekin hain kontrajarriak diruditen bi ardatz horiek? Hau da, alde batetik lotura eta mendekotasuna; eta bestetik, bereizketa eta autonomia. Psikologoaren iritziz, irtenbidea bi ardatzak elkarren osagarri bihurtzean dago. “Autonomo izateko aurrena besteen mende egon behar da. Eta mendekotasunaren eta autonomiaren arteko zikloa behin eta berriz errepikatu beharko da nerabea auzi horretaz jabetu dadin”. Hala ere, hein batean gurasoen mende daudela, beren bizitzan gurasoek zerikusi handia izan dutela, eta zordun ez badira ere, diren bezalakoak badira haiei esker ere badirela onartzen hasi ahala, neraberik gehienek pixkana-pixkana eta urratsez urrats autonomian aurrera egiten dute, barruko autonomia lortze eta sendotze aldera.
Izan ere, Tapiak esplikatu bezala, autonomiak barne askatasuna esan nahi du, beldur eta kulpa gehiegirik gabe norberaren usteak, iritziak eta erabakiak hartzeko askatasuna. Askotan, baina, hainbat nerabe kulparen amaraunean kateatuta sentitu ohi da. Ikasketa-bidea aukeratzerakoan, adibidez, gurasoek nahi dutena ez dutelako aukeratu, edo antzekoak. Gurasoekiko mendetasun-autonomia auziari irtenbidea topatu ezinik sentitzen direlako gertatu ohi da hori Tapiaren aburuz. “Oraindik gaztetxo izateak suposatzen duen mendetasuna jasan ezinik sentitzen dira, baina era berean, kezkaz eta beldurrez beren autonomiarako lehen urratsak emateko. Horretan ere badute antzik eta parekotasunik haur txikiek eta nerabeek”.
‘Ez’ diotenean, ‘ni neu’ ari dira esaten
Umeen autonomia-grinaren lehen ageriko jokabideak, nerabezaroan bezalaxe, ezekoaren eta kontra egitearen eskutik etorri ohi dira ia beti, Tapiaren hitzetan. “Umeak eta nerabeak ezetz esaten edo kontra egiten ari zaizkigunean, helduengandik bereizteko, desmarkatzeko, urruntzeko gogoaz eta grinaz ari zaizkigu, eta, bere autonomiaren lehen pausoak ematearekin batera, bere nortasun osoa ari dira plazaratzen”. Hala, haurrek zein nerabeek ‘ez’ diotenean, ‘ni neu’ esan nahi izaten dute, ez baitago autonomo bilakatzerik, helduekin konfliktorik izan gabe, ez haur-tzaroan eta ez nerabezaroan.