Continuumean dago gakoa
Haurraren garapen fisiko, mental eta emozional onena lortzeko ‘continuum’-aren ideia kontuan izan behar dela diote hainbat adituk, ‘continuum’-ak haurraren heltze-prozesu osoari egiten diolako erreferentzia: “Prozesu hori haurra izateko proiektua dagoenean hasten da, eta erditu ostean jarraitzen du”.
Erditzea igarobide bat da. Izan ere, aditu zenbaiten arabera, haurrak ez dira erditzean jaiotzen, haurdun geratzeko proiektua dagoen unean baizik. Gero haurdunaldia etorriko da eta ondoren erdi-tzea, baina amaren sabeletik kanpo ere prozesu horrek jarraitu egingo du, umea erabat heldugabe sortzen baita mundura. “Horrek guztiz zen-tzuzkoa dirudi horrela esanda, baina erditzea pasabide bat besterik ez dela jabetzea aurkikuntza izugarria izan da”, azaldu zuen Cristina Aznar ginekologoak Haurraren garapen afektiboa 0tik 3 urtera izenburupean Miren Camison, Joxe Ramon Mauduit, eta Anna Uriosterekin batera maiatzean Donostiako Gros auzoan emandako hitzaldian.
Emakumea haurdun geratzen denetik umeak 3-4 urte betetzen dituen arteko prozesuan familiei laguntzen jarduten dira laurak, eta hain zuzen ere, cotinuum-aren ideiaz mintzatu ziren hitzaldian. Beroien esanetan, continuumaren kontzeptuak haurraren heltze-prozesu osoari egiten dio erreferentzia, sarri, arreta handiena erditzean jartzen bada ere, prozesu hori erditzea baino lehen hasten delako eta erditzearen ondotik jarrai-tzen duelako.
Aznarren arabera, haurdunaldiaren hasiera-hasieratik berebiziko garrantzia hartzen du amak umetokian duen haurrarekin lotura egiteak, “bai baitakigu zeinen inportantea den umeak bere amaren presentzia sentitzea bai garapen fisikorako eta bai psikikorako”. Beste alde batetik, ginekologoaren esanetan, garrantzitsua da argi uztea erditzearen pasabide hori gogorra izan bada ere edota haurrak estres fisiologikoren bat izan badu ere —adibidez, haurra goiztiar jaio delako eta inkubagai-luan egon behar izan duelako—, egoera horiek konpentsatzeko moduak badaudela: “Mundua ez da hor bukatzen eta hori gurasoei garbi esatea komeni da; bestela asko errudun sentitzen dira. Horregatik diot, niretzat gaur egun, continuumaren inguruko lana egitea garrantzitsuagoa dela erditzearen inguruko lan isolatua egitea baino”.
Continuumaren teoria horretan, Aznarrek adierazitako eran, haurdunaldia edota erditzea bezain garrantzitsua da, esaterako, atxikimenduaren teoria kontuan hartzea, ume jaioberria heldugabe sortzen delako mundura eta normaltasunez gara dadin premia zehatz batzuk dituelako: “Jaio aurrean bezala, jaio ondoan ere amaren gorputza behar du haurrak. Espazio horretan seguru eta lasai sentituko da, erlaxatuta eta babesturik. Azala azalaren kontra jartzeko premia du, amaren begirada sentitzekoa, amaren bihotz taupadak entzutekoa… Aldiz, haur jaioberri hori amarengandik bereizten bada eta haren gorputzik topatzen ez badu, estresa sentituko du”.
Estresaren aurrean, erlaxazioa
Erditzean bezalaxe, umearen bizitzako lehen ordu eta egunetan ere, giro lasaia, goxoa, segurua eta intimoa beharrezkoa izango da, baldin eta haurrarekin konektatu nahi bada. Aznarren ideiari jarraiki Camisonek aipatzen duen moduan, haurra izaki fusionala da eta gurasoaren gorputzari lotuta egoteko premia du bizitzako lehen etapan. “Askotan uste izan denaren kontra, haur txikiarentzat bizirauteko eta fisikoki nahiz psikikoki garatzeko garrantzitsuena ez da elikadura, baizik eta inportanteena maitasuna da, lotura, harremana, atxikimendua eta komunikazioa”. Adituak gaineratzen duenez, gizakiok animalia garen heinean, hasieran harreman hori gorputzezkoa izango da nagusiki, haurrak bizitzako lehen etapa horretan ez baitu bereizten bere gorputzaren eta amaren gorputzaren artean.
Edoskitzearen balio nagusia ere ildo horretan hautematen dute Aznarrek eta Camisonek: bularra ez alimentu bezala ulertuta, fusio emozionalerako bide gisa baizik. “Eta biberoia ematen zaion kasuetan ere filosofia berberarekin ulertzen dugu: izan dadila plazer emailea. Eman diezaiola gurasoak, begietara begira, eta landu dezala bien arteko lotura hori”, argitzen du Aznarrek.
Sarri, baina, ez da erraza izaten giro goxo, lasai eta intimoa eraikitzea. Estresa da gaur egungo bizimoduaren ikur nagusietako bat eta guraso askori eragiten dio. Haurrarekiko harremana lantzeko ere oztopo izan daiteke bai haurdunaldian, bai erditzean nahiz edoskitzaroan. Maiz kosta egiten bada ere, lasaitasunerako deia egiten dute adituek: “Erlaxatu egin behar dugu. Motelago joan. Haurraren erritmoak guri ere geldoago joateko eskatzen digu. Beraz, geuk ere umearen denbora horretan sartzeko saiakera egin behar dugu. Batzuetan haurrak kaosa ekartzen du gurasoen bizitzetara. Baina ohartu behar dugu gurasook ere izan gaitezkeela kaosa umearentzat. Haurrak giro goxoa, lasaia, eta intimoa behar du, eta beste ezeren gainetik guraso erlaxatuak. Eta batzuetan burua hamaika gauzatan dugula aurkitzen gaituzte, gelditu ezinik. Kasu horietan bata bestearentzat kaos hutsa izateko arriskua dugu”.
Haurrarekin fusionatzeko, baina, zer behar da? Camisonek argi dio: “Oso gauza sinple bat eta aldi berean oso konplexua”, alegia, batetik presentzia eta bestetik disponibilitate emozionala. “Presentziak esan nahi du ni hemen nagoela haurrarekin eta haurrarentzat, eta ez nagoela hemen bularra edo biberoia ematen diodan bitartean mobilarekin, telebistarekin edo ordenagailuarekin atzera eta aurrera. Disponibilitate emozionalak, berriz, adierazten du afektuz nola gauden, txikitan ondo gizendu ote gintuzten orain eman ahal izateko. Alderdi emozional hori lantzeko, sarri, lan pertsonala egin behar izaten da eta izan ginen haur horrekin konektatu”. Azken batean, Camisonen iritziz, presentzia eta disponibilitate emozionala egunez egun lantzen dira eta hori ez da haurrak hiru urte betetzen dituenean amaitzen, baizik eta etengabeko erronka da.
Banaketa, umearen erritmoari jarraituz
Continuum horrek haurra eta helduaren arteko loturatik banaketarako prozesua kudeatzea eskatzen du. Gaur egun, oro har, nola egiten da bereizketa hori? Nork egiten du bereizketa? Umeak? Helduak? Biek? Uriostek esplikatu bezala, hasierako hilabeteetan umea amaren gorputzean erabat txertatuta dago, ez du bereizten bere burua helduarenetik, baina prozesu ebolutiboan zehar, lurrean jarri eta katuka hasten denean, jauzi nabarmena ematen du: dagoeneko helduaren gorputzetik bereiztu da, nahiz eta erreferentzi-azko helduak oraindik alboan beharko dituen, ez delako gai bakarrik egoteko, oraindik uste baitu heldu horiek desagertuz gero, existitzeari utziko diotela. Pixkanaka, ordea, atxikimenduzko helduak alboan ez izatearen ideia barneratuz joaten da eta jabetzen da, desagertu arren, nonbait badaudela eta momenturen batean agertuko direla.
Prozesu hori, ordea, oso motela izan ohi da. Oro har, bi urterekin artean haurrek ez dute izaten banaketaren nozio argirik, umeak oraindik denboraren ideia barneratu gabe daukalako. “Hori horrela dela jakinik, eskolatzea bi urtera aurreratu izanak arduratu egiten nau, eta horrekin batera baita egokitzapenak egiteko moduak ere. Kasu askotan, egokitzapenak ez dira adin horretan umearen burmuinak nola funtzionatzen duen kontuan hartuta egiten. Sarri, tenporizatuak izaten dira eta ez dira haurraren erritmoak errespetatzen. Denboraren araberako egokitzapena (gaur bost minutu bakarrik, bihar hamar, etzi hamabost…) egiteak ez du inolako zentzurik, adin horretan haurrak denboraren nozioa oraindik barneratu gabe duelako. Egokitzapena egitekotan, erreferentziazko helduekin egin behar da, urruntzea progresiboki landuz eta beti haurraren erritmoa errespetatuz”.
Nahi gabeko banaketen aurrean, zer?
Zesarea, inkubagailuak, operazioak... Sarri, haurra amaren gorputzetik bereizi behar izaten da. Egoera asko “gogorrak” eta “estres maila handikoak” izan ohi dira nola haurrentzat hala gurasoentzat. Baina haurraren heltze-prozesuak dituen premiez kontziente izanez gero, egoera horiek konpentsatzen lagun dezakete gurasoek. Haurrarekiko harremana berreskuratzea da gakoa; besteak beste, azala azalarekin egitez, haur-masajea erabiliz, gertutasuna landuz edota ukipenen bidez haurraren gaitasunak aktibatuz.