Javier Monzon: "Metodologia kolokan jartzeaz gain, pentsatu behar genuke ematen duguna bizi dugun gizartean eta daukagun ikasle taldearentzat egokiena den ere"
Didaktika eta Eskola Antolakuntzako irakaslea da Javier Monzon, EHUren Donostiako Irakasle Eskolan, eta, bereziki, inklusioarekin eta laguntza-zerbitzuekin loturiko ikasgaiak ematen ditu. Horrekin lotuta, ikastetxe eta Berritzeguneetan ere aritzen da, profesionalei prestakuntza ematen. Uste du behar bereziak dituztenen egoera aztertzea guztientzako dela onuragarri: “Curriculumaren ertzetan dauden ikasleen premiak lantzea oso baliagarria da curriculum orokorra aberasteko, hobetzeko”.
"Eskola-komunitatean dagoen aniztasunari erantzun behar diogu”, diozu zure aurkezpenaren sarreran, Udako Topaketen liburuxkan. Zein da eskoletako aniztasunaren argazkia? Askotan, etorkinez bakarrik ari garela dirudi, aniztasunaz ari garenean, edo fenomeno berria dela...
Aldatu egiten da aniztasunaren argazkia toki batetik bestera, baina, azken finean, premiak eta erantzunak ez dira oso desberdinak. Adibidez, azken boladan maiztasun gutxiko gaixotasunak dituzten haurrekin egin dugun ikerketa baten harira, konturatu naiz azkenean haur horiek dituzten premiak, edo, hobeto esanda, haur horien eskolatzea dela-eta agertzen diren premiak, berdintsuak direla, beste kolektibo edo beste pertsona batzuenekin alderatuta, nahiz eta orain aniztasunaren ertz berri bat dela dirudien. Adibidez, pertsona horrek daukan mediku-agendaren antzekoa izan dezake garun-paralisia duen batek (izan ere, mediku kontsultak goizez izaten dira, eta, orduan, ikasleak egokitu behar du bere eskola-prozesua). Beraz, tutore batek ikaslearen egoera ulertzen badu, egoera horrekin eta ikasle horren malgutasun beharrarekin enpatizatzen badu eta ikasle bakoitzaren ongizatea ikasgelan guztion erantzukizuna dela ulertzen badu, beste modu batera egingo dio harrera ikasle horri. Eta berdin ikasle etorkin batekin, edo... Kontua da bestearen premiak ulertzeko sentsibilitatea izatea.
Berdin gerta daiteke proposamen didaktikoak prestatzerakoan ere. Urtero errepikatzen duen curriculumetik abiatuko da irakaslea, edo iragazki bat jarri behar du, ikasle jakin horiek dauzkaten premiak ikusteko eta curriculuma ikasle guztiak kontuan hartuz nola prestatu aztertzeko? Harrera-haurrak, gaixotasun arraroak dituztenak, LGTB ikasleak... fenomeno berriak dira eskolaren agendan sartu diren heinean, baina, nire ustez, hor dauden premiak oso berdintsuak dira, batez ere gizaki guztiak berdintsuak garelako oinarrizko premietan.
Azken finean, egoera horiek kolokan jartzen digute gure curriculuma edo gure lan egiteko modua, estandar batetik abiatzen garelako, beti goitik modu orokorrean pentsatutako zerbaitetatik, eta ez nire ikasle taldean eta horren ezaugarri propioetan pentsatuta. Are gutxiago eskola-komunitatean pentsatuta eta ea curriculum horrek gizarteari eran-tzuten dion aztertuz. Gure curriculum orokor hori gure taldera egokitzen den hausnartzera garamatza ikasgelan nolabait behar bereziak dituen ikasle bat edukitzeak.
Erantzuteko beharraz mintzo zara. Nola balioesten duzu gaur egun aniztasunari ematen zaion erantzuna?
Nahiko baikorra naiz, eta, oro har, ondo balioesten dut. Dena dela, hobetzeko aukera badago, eta handia gainera. Adibidez, curriculumari buelta bat eman behar zaio eskolaren ikuspegitik. Berrikuntzan, esaterako, indarrak jartzen ari gara metodologia-arloan, eta metodologia aktibo asko erabiltzen ari dira, batez ere Haur Hezkuntzan eta Lehen Hezkuntzan. Baikorra naiz Haur Hezkuntzan egiten den lanarekin, baina Lehen Hezkuntzan eta DBHn... Nire zalantza da ez ote ditugun metodologia berriak erabiltzen betikoa kontatzeko: betiko helburuak, betiko edukiak... Azken finean, ikasleak dituen premiei eta gizarteak dituen egoerei erantzuna eman behar die eskolak, eta asko hobetu behar du. Hau da, eskolak nola erantzuten dio ikaslearen edo auzoaren bizitzari? Adibidez, auzoan desindustrializazio-prozesua gertatzen ari bada, eskolak jartzen al du gaia mahai gainean, horrek gure bizitzetan zer eragin izango duen aztertzeko? Edo industrializazioa maila teorikoan irakasten jarraituko dugu, eta ez nire bizitzan eragina duen zerbait balitz bezala? Eskolak gertuago egon behar du gure errealitatetik, bizitzatik. Gauza asko ari dira aldatzen gure ingurunean, eta egia da eskolak ez duela erantzukizun osoa horri erantzuteko, baina ondo pentsatu beharko genuke zer eduki ematen ditugun, zer helburu ditugun gure eskolan; ea horiek aldatu diren, edo soilik gure metodologia aldatu den betikoa egiteko. Eskola inklusiboaren ikuspegitik, erronka potoloa dugu horretan. Izan ere, eskola inklusiboak lotura zuzena du komunitatearekin.
Eta irakasleen aldetik?
Aniztasunari ematen zaion erantzuna hobetzeko bidean, beste erronka bat da irakasleen eta laguntzaile profesionalen arteko kolaborazio-harremanari dagokiona. Izan ere, laguntza-irakasleak nori lagundu behar dio, behar bereziak dituen ikasleari, edo irakasleari, bere lana hobetu dezan? Irakaslearen programazioa eta haren egoera aztertzen eta hobetzen lagundu behar du, edo behar berezia duen ikasleari lagundu behar dio nagusiki ikasgelatik kanpo, noizbehinka ikasgelara etorriz? Prozesu bat garatu behar da, eta konturatu behar dugu laguntza profesionalaren egitekoa irakaslearen lankide izatea dela, haren lana hobetzeko helburuarekin. Zeren eta, tutore gisa, ikasle guztiak dira irakaslearen ardura, baita behar bereziak dituztenak ere. Beraz, laguntza nori edo zeri ematen zaio, ikasleari, tutoreari, curriculumari, eskolari...? Eskola bakoitzak bere laguntza inklusiborako plana diseinatzerakoan aztertu beharreko alderdiak dira. Adibidez, asko hobetu dira ezohiko neurriak, neurri espezifikoak, baina neurri orokorrak, ez. Hau da, prebentzio-neurriak, ikasle guztiei zuzenduta daudenak, ez dira diseinatzen ikuspegi inklusibo batetik, nahiz eta bizikidetza-planak eta halakoak izan. Programazio orokorra diseinatzerakoan, adibidez, ez da pentsatzen horrek ere ahalbidetzen duela inklusioa. Normalean, programazio orokorra diseinatzetik abiatzen gara, eta, horren ondoren, programazio hori egokitu behar da behar bereziak dituztenentzat. Behar bereziak dituztenen kopurua handitzen ari da, ordea, askotariko kolektiboak sartzen direlako kon-tzeptu horren barnean; eta badirudi gero eta egokitzapen gehiago egin behar dizkiogula programazioari, eta ez dagoela ordurik horretarako. Baina programazio orokorra ikuspegi global batetik diseinatzeak izan behar luke abiapuntua, ikasle guztiengan pentsatuz. Dena dela, uste dut bidea egiten ari garela. Oro har, irakasleek ahalegina egiten dute prestakuntzan eta beraien metodologia aldatzen, eta, beraz, hobekuntzaren bidean gaude.
Laguntza inklusiboa izan daiteke erantzun horietako bat. Zertan datza, eta zertan laguntzen du?
Esan ditudan gako batzuetan oinarrituko nuke definizio hori. Gakoetako bat komunitatea da. Baliabide bat da, baina baita helburu bat ere. Ikuspegi komunitarioa izan behar dugu, zentzu askotan, laguntza jasotzeko, baina baita laguntza emateko ere. Bigarren gakoa curriculuma da, eta, esan bezala, metodologia kolokan jartzeaz gain, pentsatu behar genuke ematen duguna bizi dugun gizartean eta daukagun ikasle taldearentzat egokia den ere. Azkenik, hirugarren gakoa irakasleen arteko elkarlana litzateke. Laguntza profesionala ematen duten espezialisten eta tutoreen edo arloetako profesionalen artekoa, DBHn. Lankidetzan aritu behar dute, zailtasunak dituzten ikasleak ere ain-tzat hartuta eguneroko elkarlana nola hobetu daitekeen pentsatuz, guztien-tzat proposamen inklusiboa sortuz.
Behar bereziak dituzten haurrak zentro edo ikasgela berezietan hartzen dituzte Finlandian, Katalunian, hein batean... Hemen, aldiz, gela arruntetan egiten dugu inklusioaren alde. Haien beharrak aseta daude horrekin? Zer laguntza berezi behar dute ikasgela arrunt horietan?
Nik uste dut gela arrunt batek haien behar guztiak bete behar dituela. Produktibitatearen ikuspegitik, ona izango da agian banatzea; emaitzei begira, alegia. Baina zer helburu du eskolak? Ez al da elkarbizitzarako herritarrak sortzea? EAEn integrazioaren lehen urratsak egin zirenean, aukera bat egin zen: goazen zentro bereziak desegitera, eta integrazioaren aldeko apustua egitera. Une honetan Arartekoak aurkezturiko txostenetan ikus daitekeenez, urritasunak dituzten ikasleen % 98 integratua dago eskola arruntetan, gela egonkorretan. Nik uste dut hori onura bat dela denontzat. Hasteko, horretarako eskubidea dutelako behar bereziak dituztenek: edozein pertsonak, bere egoera dena delakoa izanda ere, eskubidea du zerbitzu guztiak jaso-tzeko. Gainera, zergatik joan behar du beste zentro batera, maila ematen ez duelako? Baina maila hori existitzen da, edo guk ezarri dugun zerbait da? Ikasturteak aurrera doazen heinean lagunak edo ikaskideak bidean uzten dituztela ikusten dute gure ikasleek, batik bat DBHtik aurrera, ustez maila ematen ez dutelako. Nire iritziz, oso ikasketa txarra da hori biharko eguneko herritar eta profesionalentzat: sistemaren barnean, batzuk bidean gelditzen dira, ranking edo emaitza baten arabera. Nik ez dut horretan sinesten.
Arreta topaketetan jarririk, zer landu nahi zenuke topaketa horietan? Zer mezu helarazi nahi zenieke irakasleei?
Haien lanen azterketa egiten saiatuko naiz. Gako batzuk proposatuko ditut, eta, horietatik abiatuta, zer egiten dugun eta nola hobetu dezakegun aztertuko dugu. Bakoitzaren lana mahai gainean jartzea eskatzen du horrek, errespetutik; gertaera hipotetikoetatik abiatuta ere egingo dugu lan. Bai irakasleekin, bai laguntza-zerbitzuetan dabiltzanekin, lanketa bera izango da; ariketa batzuetan, elkarlanean aritu beharko dute, gainera. Ikastaroan, curriculum-laguntza aztertuko dugu, eta, horren parte den heinean, baita tutoreen eta laguntza ematen duten profesionalen arteko lankidetza ere. Beraz, jarduerak aztertuz praktika berriak eraikitzea izango da helburua.
Praktiken analisia egingo duzue. Atera duzu zuk ondoriorik horretatik?
Bai, curriculuma ukitu behar dugula. Metodologia aldatu eta hobetu dugun bezala, bestelakoak ere aztertu behar dira: zer den irakaskuntza, zer harreman dugun komunitatearekin… Horrez gain, profesionalen arteko elkarlana hobetzea da erronka. Kolaborazio hori maila askotan landu behar da: eskolak komunitateari begira duen proiektuan, baina baita irakasleen arteko kooperazioan ere, adibidez. Laguntzaile profesionalen estatusa aldatu egiten da ikastetxe batetik bestera, eta aztertu beharra dugu ea laguntzaile profesionalari estatusa ematen zaion irakaslearen lana diseinatzen laguntzeko, ea irakasleek konfiantza eta autoritatea ematen dioten, eta ea gai diren haren aurrean profesionalki biluzteko.... Bestalde, laguntza horrek ez du inbaditzailea izan behar, eta ez du epaiketa batetik abiatu behar. Bien aldetik, laguntzaileen eta irakasleen aldetik, aldaketa bat egin behar da.
Zein da arreta goiztiarraren ekarpena behar bereziak dituztenen inklusiorako?
Bai arreta goiztiarrak eta bai Haur Hezkuntzan egiten den lanak ekarpen handia egin dezakete, gero Lehen Hezkuntzan eta DBHn finkatzeko. Haur Hezkuntzan, asko errespeta-tzen dira haur bakoitzaren erritmoak, garapena… Nik uste dut asko ikasi behar dugula Haur Hezkuntzatik. Eta garrantzitsua da arreta goiztiarraren lana ere; garapenean izan daitezkeen hainbat gabezia zenbat eta lehenago detektatu, orduan eta aukera gehiago izango da lan egiteko eta hobetzeko. Orain, interesgarria iruditzen zait Eusko Jaurlaritzak arreta goiztiarraren inguruan Haur Hezkuntzarako garatu duen protokoloa. Urratsak egiten hasi gara. Gainera, arreta goiztiarrean, badaude gako batzuk oso interesgarriak direnak; adibidez, familiaren esku-hartzea; HHn barneratzen dira, baina ondo pentsatu beharko dugu LHn eta DBHn nola txertatu hori, ume edo gaztearen ingurunea lantzea, alegia.