Mugak mugatuz
Haziera teoria guztiak bat datoz: mugak beharrezko dira haurrak aske eta seguru hazteko. Haatik, guraso askorentzat zail da mugak ezartzea, tradizio autoritarioaren bidetik mugak seme-alabei askatasuna murrizteko erabili izan baitira. Mugak kaltegarriak beharrean lagungarriak izan daitezen, hitza berdefinitu behar da.
Mugena azkura sortzen duen gaia da guraso askorentzat, urtikaria ere bai zenbaitentzat. Batzuentzat gai zaila da ez dutelako haziera murriztaile eta autoritarioa jarraitu nahi; beste batzuentzat arantzatsua da, besterik gabe, mugak ezartzeak, negoziatzeak eta errespetarazteak gatazka sor lezakeelako seme-alabekiko harremanean, eta utzikeriaz ez dituzte mugak jartzen. Badira mugak erraz jartzen dituztenak, haurrak hezteko tresna baliagarritzat dituztenak.
Bitxia da, beste hainbat puntutan aurrez aurre dauden haziera-teoriek bat egiten dute mugen gaian: beharrezkoak dira. Oro har, hiru arrazoirengandik justifikatzen dituzte mugak teoria ezberdinek: haurra seguru sentitzeko behar dituen euskarriak dira; arriskuak saihesteko beharrezko dira, baita elkarbizitza bermatzeko ere. Baina errealitatea ez da beti teoriak bezain erraza. Elkar ez jotzea edo materiala ez puskatzea elkarbizitzarako muga beharrezkoak dira, baina, esate baterako, haurrak hotzik ez daukala esaten badu ere, gurasoak berokia jantzi arazten dionean zer arrazoi dago atzean? Edo zuhaitzera igota erortzeko arrisku argia baldin badago, debekatu behar dio gurasoak haurrari? Sakelakoa etxean ez, baina autoan, entreteni dadin, utzi behar lioke? Zergatik ez euripean jolastu?
Beharrezkoak dira mugak, denak bat datoz horretan, baina, hala ere, azkura sortzen du ezarri beharrak. Zergatik ote?
Xabier Tapia psikologoari susmagarria egiten zaio hainbeste teoriatatik mugen premia aldarrikatzea: “Mugen auzian halako ideologia bat ari da zabaltzen, mugak jartzea berez balio pedagogikoa bailitzan. Urtetxo batzuk ditugunoi, batzuetan, mugen kontu hau ironia hutsa iruditzen zaigu. Nire adineko hainbat entzuten dut mugak, ordena eta autoritatea sutsuki aldarrikatzen. Zein eta gure belaunaldia! Autoritate mota guztien apurtzaile sutsua izan zena: Francorena, erlijioarena, politikarena, hezkuntzarena, ekonomiarena... Neur dezagun zertan ari garen. Mugen eta ordenaren aldarrikapenaren azpian, askotan, profesionalon amorrua, ezintasuna eta beldurra egon daiteke”.
Profesionalek diote —eta datuak erakusten dituzte— gaur egungo haur eta nerabeek gero eta arazo gehiago dituztela bere garaian mugarik jarri ez zitzaielako: gero eta haur txikiagoak artatzen dituzte “galduta”, gurasoek euren “autoritatea” erabiltzen asmatu ez dutelako. Bartzelonako Sant Joan de Deu Ospitaleko psikiatria buruak, Jose Angel Aldak, horixe azpimarratzen zuen hik hasi aldizkarian: “Gurasoarena egin beharrean koadrilakoarena egiteko joera egon da, eta hori erosoa da, baina ez da komeni dena. Nerabeak sekula ez dira gaur bezain galduta egon”. Eta bere ospitaleko datuak ematen ditu: sei urtean, psikiatriako larrialdi zerbitzuetan artatu dituzten nerabeen kopurua hiru aldiz biderkatu da. Horietatik % 30 jarrera nahasteek betetzen dute (agresibitatea, biolentzia pasarteak, nortasun gorabeherak). Kasuen % 23 antsietate krisiengatik da; eta gainerako % 15, suizidio saiakerengatik.
Muturreko egoera azaldu du Bartzelonako psikiatrak. Mugekin zailtasunak dituzten guraso guztiek ez dute arduragabekeriaz jokatu; ez dute guraso guztiek erabateko permisibitatera jo. Ez da hain sinplea; ertz gehiago ditu gaiak: euren seme-alabak enpatiaz, errespetuz eta atxikimenduz hazi nahi dituzten gurasoei ere, ardurak hartu eta erreferente izan nahi duten horietako askori ere, ez zaie erraza gertatzen mugak jartzea. Rebeca Wilden arabera, bi arrazoi nagusi daude zailtasun horien atzean: “Askotan gaizki ulertzen dugu askatasuna; kontzeptu poetikotik praktikara eramatean mugarik ez jartzearekin nahasten dugu, eta hori ez da askatasuna; eta, bestetik, beldurra dago mugak gaizki erabiltzeko, eta seme-alabak kaltetzeko”. Rebeca Wild Pesta eskola librearen sortzaile eta hezkuntza askeago bat aldarrikatu zuen pedagogo erreferenteak mugei buruzko liburu bat idatzi zuen: Freiheit und Frenzen –Liebe und Respekt (Askatasuna eta mugak —Maitasuna eta errespetua).
Mugak ezartzeko aipaturiko hiru arrazoiak —seguru sentitzeko eta arriskuak saihesteko eta elkarbizitza bermatzeko behar dira— aitzakia bilakatzeko bezain lausoak dira, guraso edo hezitzaile batek mugatu beharreko arriskua ikusten duen lekuan, besteak aukera ikus dezake, eta mugak, lagungarri beharrean kaltegarri bihur daitezke, Wildek dioen eran. Adibidez, oinez hasi berri den haurrak eskailera-maila bat igotzean erortzeko arriskuan jartzen badu bere burua, horra ez igotzen uztea muga lagungarria da ala bere gaitasunak neurtzea ukatuko dion muga murriztailea?
Nolako mugak?
Mugarik ez ezartzea, psikiatrak dioen eran, arriskutsu izan daiteke, baina haurrak gehiegi mugatzea ere bai; eta hortaz badakigu zerbait Euskal Herrian. Tradizioz muga murriztaileak jaso ditugu gure hezkuntza-kulturan. Rafael Cristobalek dioen eran, oro har, hezkuntza nahiko autoritarioa jaso izan da urtetan, Frankismoak, elizak eta hezkuntza-sistemak eraginik, nagusiki. “Sen-tsualitatea eta sexualitatea asko errepremitu dituen herri bat izan da gurea, eta hezkuntza tradizioan eragina izan du faktore horrek”. Umearen “hobebeharra” aitzakiatzat hartuta mugak eta arauak erabiltzea, Rafael Cristobalen arabera, tradizioz umea “susmopean” izan dugulako da, kultura judeokristauan haurra “manipulatzaile txiki bat” bezala ikusia izan da, mugatu eta bideratu beharrekoa: “Umea susmopean egon da historikoki. Hasteko, bekatu originalagatik, baina baita beste arrazoi askorengatik ere. Umea susmopean egonik, ezinezkoa da konfiantzazko harreman bat eraikitzea, eta hor akats bat dago”. Bada, hortxe dago mugen gaiaren ertzetako bat: konfiantzazko harreman bat eraiki daiteke guraso eta seme-alaben artean, mugak obeditzeko erabiltzen baldin badira? Cristobalek argi dauka ezetz.
Zein dira, beraz, euskarriak, muga lagungarriak? Eta zein, murriztaileak? Bene-benetan beharrezkoak ez direnak, horiexek dira, Rebeca Wilden arabera, muga kaltegarriak: “Mugak ez badira benetan beharrezkoak eta helduak nahi duen emaitza bat lortzeko erabiltzen badira edo haurrarengan obedientzia ezartzeko baliatzen baldin badira, orduan benetako muga izateari uzten diote”. Mugak, bere horretan, ez dira hezigarriak edo irakasgarriak, Wilden arabera, “mugak haurrari orientatzen laguntzen dioten euskarriak dira. Eta horiek mesedegarriak ez eze, beharrezkoak dira”.
Mugak beharrezkoak soilik ez, gizakiari atxikiriko ezaugarri direla esanaz hasten du Wildek Askatasuna eta mugak —Maitasuna eta errespetua liburua: “Bizitza organikoa mugaturik dago; bizitzeak mugaturik egotea esan nahi du, eta ez da, inolaz ere, baldintza bat; ezta murrizketa negatibo bat ere, baizik eta bizitzari antonomasiaz atxikia dagoen egoera bat da mugatua izatearena; mugei esker bereizten dugu kanpokoa eta barrukoa”.
Mugen gaiak guraso arduratsuengan sortzen duen “azkura” ulertzen du Wildek: “Guretzat –sarri mugen bidez heziak eta mugatuak izan garen helduontzat– zaila da ulertzea mugek, benetan, independentziaz eta askatasunez jokatzeko eremua zehazteko funtzioa izan dezaketela, non benetako giza garapena aurrera eraman daitekeen”. Mugen definizioan dago, pedagogoaren arabera, gakoa: “Mugei buruz ari garenean, ez gara, beraz, gutariko askok sufritu izan dituen muga horiei buruz ari, hau da, haurra zerbait egitera edo ez egitera behartzeko tresnei buruz”. Beraz, haziera errespetuzko baten barruan mugak ezartzeko, Wildek gomendatzen du lehenik eta behin berdefinitu egin behar dela hitza: “Ahal den neurrian gure tradizioan eta gure historian mugek izan duten esanahia ahazten saiatu behar dugu: debekuak, zigorrak, mehatxuak eta exijentziak ez dira ezarri nahi ditugun mugak”.
Wildek zioenaren ildotik, Miren Camison haziera gaietan aditu eta irakasleak ere mugen benetako premiaz hausnartzeko beharra ikusten zuen guraso eta hezitzaileen artean HAZI HEZI-ren 10. zenbakian; mugek haurrak barrutik dakarren indarra baimendu behar dutela zioen: “Muga batzuk zentzudunak dira haurraren beharrei eta autoerregulazioari begira, adibidez, arrisku bat dagoenean muga bat jarriko dugu; muga sozial batzuk elkarbizitzarako beharrezkoak dira; baina beste muga batzuk errepresiboak dira, eta horiek ez daukate zerikusirik haurraren beharrekin”. Lausoa izan daiteke, ordea, arrazoiaren eta aitzakiaren arteko tartea, beharrezko muga sozialen eta errepresio sozialen arteko tartea. “Arau sozial bat izan daiteke ez dugula elkar jotzen. Baina 6 urteko mutiko batek zer jantzi behar duen oso erabaki pertsonala da. Garapen fasearen arabera, haurrek eta nerabeek beraien erabakiak hartzea eta ardurak beren gain hartzea ezinbestekoa da, autonomian aurrera egiteko. Barrutik kanporako indarra baimenduz beti. Kanpoko exigentziak edo harreman errepresiboak gailentzen badira, nola izan daitezke gero arduratsuak, ziurrak edo adeitsuak?”.
Helduak muga bat jarri nahi duenean bere buruari honako hau galdetzeak lagunduko lioke Camisonen aburuz: “Muga hori haurraren beharrekin doa ala ez doa?”. Guztion ongizatea eta elkarbizitza bermatzen duten muga sozialak eta haurrak “normalizatzeko” edo “norman sartzeko” ezartzen diren mugak bereizi behar dira: “Norman sartze nahi horretan, niretzat, errepresio puntu bat dago, haurraren edo nerabearen beharrak ez dituena kontuan hartzen”.
Mugak haurren beharrengatik edo helduen beharrengatik jartzen dira?
Mugak ezartzean helduak bere gabezia emozionalak kontuan izan behar dituela dio Nerea Mendizabal komunikazio ez bortitzean aditua den psikopedagogoak, eta argi eduki behar dugula mugak, beharrezkoak direnean ere, helduarenak direla, “norbere nortasunarekin edo gabezia emozionalekin doan muga ezartzen diedanean seme-alabei ni lasai egoteko egiten diedan eskari bat da, badakit ez dela haurraren beharra. Sarritan ez gara ohartzen zenbat aldiz ukatzen ditugun haurraren sentimendu eta beharrak”. Psikopedagogoak dio, garrantzitsua dela haurrarentzat helduak edo gizarteak nondik norako marjinak dituen jakitea eta zentzu horretan beharrezkoa dela helduen mugak ezagutzea. “Umeak erreferentzia horiek behar ditu, baina aldi berean esan behar zaio muga horiek helduarenak direla”. Camisonek ohartarazten du helduak adi ibili behar duela “bere beharrengatik” haurrari ezartzen dizkion mugekin: “Gurasook kontziente izan behar dugu hau ez dela on egiten dion muga bat eta agian errebeletau egingo dela arau horren aurrean”.
Autoritarismoa, batetik, eta permisibitatea, bestetik, baztertuz eta autoritate positibo edo erreferente arduratsu gisa jokatu nahi duenean helduak, ideala, mugak benetan beharrezkoak direnean soilik ezartzea/negoziatzea bada ere —adinaren eta arriskuaren arabera, batzuetan gurasoak aginduko du, besteetan haur eta nerabeekin adostuko dira—, ez da beti posible, poliedrikoa baita errealitatea eta zail egunerokotasuna. Egoera horietan oreka gomenda-tzen du Mendizabalek, gurasoen ezintasunek haurrari muga desegokiak jartzeaz gainera eta hegalak mozteaz gainera, ardurak hartzea galaraz baitiezaieke.
Zein muga ezarri? Zein negoziatu?
Wildek bere liburuan dio guraso askok eta askok galdetu izan diotela zein diren ezarri beharreko mugak, garai bakoitzean zein bai eta zein ez, eta berak erantzuten du hori norberak dakiela. Xabier Tapiak zehaztapen batzuk ematen ditu benetan beharrezko diren mugen inguruan: “Ume txikiez ari garelarik, 0tik 3ra adibidez, mugak ahalik eta gutxien behar direla uste dut, hau da, errealitateak inposatzen dituenak baino ez, eta ez dira gutxi”. Adibide bi ipintzen ditu psikologoak HAZI HEZIren 10. zenbakiko elkarrizketa nagusian: “Umea negarrez hasten bada goseak dagoelako eta ama edo aita utzi ezin duen beste zerbaitetan ari bada, umeak frustratu beharra dauka eta 5 minutu itxaroteko esaten dio eskuartean daukana bukatu arte. Hor jada muga bat dago. Helduak muga jarriko dio, baina ezinbestekoa duelako. Beste adibide bat: haur bat 2 urterekin espaloi batetik bestera pasatzen hasten bada semaforoa gorri dagoenean eta kotxea badator, heldua ez da dialogatzen hasiko, lepahezurretik heldu eta “kieto hemen!” esango dio; hara beste muga erradikal bat baina ezinbestekoa hau ere”.
Tapiak dio lehen haurtzaroan, 0-3 urte tarte horretan, errealitateak ezartzen dizkion mugak nahikoa dituela haurrak: “0-3 urte artean, umeari bere bidea egiten utzi behar zaio: mugimendu autonomoa sustatu, grinak bideratzen lagundu, espazioak proposatu, objektuak eskaini... Hortxe sendotuko du haurrak pixkanaka bere nortasuna eta halaxe hasiko da bere buruarekiko konfiantza irabazten: bere lorpenek ematen dioten gozamenez batetik eta bestearen begiradapean eta gozamenean bestetik”. Hurrengo etapan, 3 urtetik 6ra bitartean, haurrak oro har eskolatuak direnean, beste muga batzuk barneratuko ditu, sozialagoak: txandak, borobilak, material eta denbora banaketa... “Baina helburua elkarbizitza da eta mugak elkarbizitzaren ezinbesteko bitarteko dira, baina ez helburu. Helburua elkarren errespetua eta elkarrekin bizi ahal izatea da”.
Mugak ez errespetatzeak zein ondorio dauka?
Autoritarismoak zigorrekin arautu du mugak ez errespetatzea. Erabateko permisibitateak, berriz, ez duenez mugarik ezarri, ez du ondoriorik ekarri. Autoritate positiboaren kasuan, zer ondorio dauka mugak ez errespetatzeak? Mendizabalek argi dauka zigorrek ez diotela mesede egiten familia-harreman sano bati, zigorrek ez baitute laguntzen haurrak “arduratsuago, zoriontsuago eta errespetudunak bihurtzen”. Orain arte erabili izan diren mehatxu, zigor eta xantaien ereduak, Mendizabalen arabera, funtziona dezake soilik haurrak obeditzea baldin bada helburua, baina epe luzera, helduen eta haurren arteko harremanean zauriak eragin ditzakeela ohartarazten du. Mugak ez betetzeak ondorio natural bat izan behar lukeela dio psikopedagogoak, esate baterako, afaldu nahi ez duen haurra telebistarik gabe uzten denean haurrak ez du kausa eta ondorioaren arteko harremanik egingo; bai, ordea, goseak baldin badago.
Mugak hor daude, giza izateari atxikiriko ezaugarri baitira, Wilden arabera. “Baina baita helduentzat ere”, zehazten du. Mugak errespetarazteko, eredu izan behar du helduak. Eredu izateko, umearen askatasuna errespetatu behar du helduak. “Mugek askatasun pertsonala mugatzen dutenean, benetako errespetua eta zentzu komuna sustatu beharrean kontrako efektua lortzen dute, ingurunearekiko kontsiderazio falta ekartzen dute”.
Etengabe mugatu beharrean, egokitu
Haurraren garapen benetakoa errespetatu eta lagunduko duen haziera- eta hezkuntza-eredu batean beharrezko dira mugak, Rebeca Wilden arabera, baina horren aurretik, beharrezkoago du haurrak bere premiak aseko eta aukerak ugalduko dituen ingurune egoki bat. Hortxe dago, Wilden arabera, errespetuzko haziera baten paradigma berria, ez alferrik, Wilden liburuak mugak askatasunarekin, maitasunarekin eta errespetuarekin lotzen ditu. Etengabe mugatzen aritu beharrean, etengabe ezetz esaten aritu beharrean, “ez ukitu hau, ez bota hori, ez joan horra, ez sartu hara...” Wildek gomendatzen du haurrak eurentzat egokituak dauden ingurunean haztea gako garrantzitsu bat dela, segurua eta lasaia izango den ingurune egokitua edukiz gero, debekuak eta ukoak saihesten baitira. Baina hortxe dago, pedagogoaren arabera, arazo handi bat: “Gaur egun gero eta ingurune gutxiago daude hazten ari den haur batentzat egokiak direnak, eta horiek “aurrerapenagatik” gero eta mugatuagoak daude”. Kaleak, auzoak, hiriak, haurrentzako hain desegoki diren garai hauetan, berariaz egokitu behar dira lekuak haurrentzat. Lehenik Pesta esperimentazio-eskolan eta ondoren El Leon Dormidon, ingurune osoa egokituak zituzten haurren beharretara, eta berauetan erraz betetzeko moduko muga argiak ezarri zituzten; adibidez, gela barruan ezin da oihu egin, ez korrika egin; kanpoan ordea bai. Beraz, haurrak badaki, korrika ibili nahi badu kanpora atera behar duela, eta barruan egon nahi badu ezin duela garrasi egin. Wilden arabera, abiapuntua haurraren beharrak ezagutzea da, ondoren inguruneak premia horiek asetzeko aukerak eskaintzeko egokitzea, eta hirugarrenik, norbera seguru eta aske eta ondokoekin elkarbizitza adeitsuan bizitzeko mugak ezartzea.