Bizitzaren eskola: askatasunerako pedagogia

2016-09-06

UEUk antolatuta, Bizitzaren eskola: askatasunerako pedagogia. Urtean zeharreko formazio teoriko-bibentziala eskainiko da. Formakuntza OSOA burutzeko (8 saio) edo saio SOLTEAK egiteko aukera egongo da.

 
 
Bizitzaren eskola: askatasunerako pedagogia

Saioen datak: urriak 8, azaroak 5, abenduak 17, urtarrilak 28, otsailak 25, martxoak 25, apirilak 29 eta maiatzak 27 (larunbatak).

Haurren garapen prozesuan modu egokian laguntzeko eta lagun egiteko eskolaren nolakotasuna eta izaera errotik aldatu behar da. Eskolak ukan beharreko ezaugarriak sakonki aztertuko ditugu formazioan zehar, modu teorikoan eta bibentzialean. Haurren prozesuan oztopo baino bidelagun egoki izateak suposatzen duen aldaketa ez baita teorikoki bakarrik ikasten eta jakiten ahal den zerbait, oso garrantzitsu deritzogu helduaren hausnarketa prozesuari eta bere buruan arakatzeko gaitasunari. Horretan laguntzeko ariketak izanen dira hortaz teorikoagoak izanen diren saioen osagarri. Eskolak nolakoa behar lukeen atalean eskola baten sortze prozesuan kontuan hartu beharreko aldagaiak landuko ditugu banan banan, praktikotasun osoarekin. Beraz, pedagogia aktiboari buruzko saio teorikoak, arlo bibentzialarekin eta eskola bat eratzeko beharrezkoa den informazio praktikoarekin batera joanen dira. Hilean behineko maiztasunarekin, etengabeko formazio prozesuaren formatupean, hurrengo belaunaldien garapen prozesuan lagundu nahi duen orok jakin beharreko ezinbesteko edukiak aurkituko ditu ikastaro iraunkor honetan.

Irakasleak:

Ane Ablanedo Larrion (koordinatzailea). Psikoterapia eta haurren prebentzion aditua. Filologoa eta irakaslea Bigarren Hezkuntzan eta Baionako UPPA eta Nafarroako NUP-en. “Eskola libre eta demokratikoak” ikastaroko arduraduna.
Ane Otxoteko Vaquero: GOIZTIRI eskola librean koordinatzaile eta bidelagun. Haur prebentzioan aditua.
Ainhoa Iturbe Tolosa: GOIZTIRI eskola librean bidelagun. Psikologoa. Terapia sistemikoan aditua.

Helburuak

Haurren benetako beharretara egokitutako eskola baten nolakotasuna ezagutzea.
Helduen formazio prozesuan hausnarketa bibentzialak duen garrantziaz ohartaraztea.
Ikastea bezain garrantzitsua da gure heziketaren ondorio diren baldintzamenduen des-ikastearen prozesua.
Eskola on batek ukan beharreko ezaugarriak sakontasunez eta praktikotasunez jakitea.
Pedagogia aktiboaren klabeak ezagutzea eta horietan sakontzea.
Haurrekin kalitatearekin egoteko eta aritzeko trebatzea.