KABI-ETXEAK. Hegoak ez ebakitzeko

2016-09-15

Haur bakoitzaren erritmoak errespetatzeko helburuarekin bere etxea kabi-etxe gisa ireki die Ione Mendizabal hezitzaileak Lukas, Izan, Libe eta Ametsi. Gipuzkoan, Araban, eta Bizkaian ez bezala, arautuak daude kabi-etxeak Nafarroan eta Iparraldean.

 
 
KABI-ETXEAK. Hegoak ez ebakitzeko

Ipuin bat kontatzen ari zaio Izan Liberi. 15 hilabete ditu Izanek eta ta-ta-ta, bere erara “hitz egiten” du. Libek 9 hilabete ditu, eta adi-adi dauka ondoan, “ulertzen” diola dirudi. Gelaren beste ertzean Lukas dago, egurrezko errinozero batekin jolasten. Ametsi pardela aldatzen ari zaio Ione, mimo artean. Izan, Libe, Lukas eta Amets ez dira neba-arrebak, eta Ione ez da euren ama; ez daude, bada, euren etxean, Ione Mendizabal hezitzailearenean baizik. Jolasgelatik logelara, logelatik sukaldera, komunera, nahieran dabiltza haurrak. Tarteka Nanuk-i laztan egiten diote, eta hark buztana ttenttetzen, gustura dagoela adieraziz. Euren etxean bezalaxe daude haurrak Mendizabal eta Marian Bernal hezitzaileekin.

Kabi-etxe bat da Mendizabalena, Txoriak txori izenekoa. 3 urte bitarteko lau haur (gehienez) zaintzeko hezi-tzailearen beraren etxea atonduriko habia da. Donostian dauden hiruretarik bat da. Gipuzkoan lau daude, baina sortzear dira berriak datorren ikasturtean. Araban eta Bizkaian bezala, lurralde honetan, gaur egun, kabi-etxeak ez daude arauturik, beraz, horrek zaildu egiten du hezkuntza-etxe hauen antolaketa. Nafarroan foru arau batek erregulatzen ditu, eta gaur-gaurkoz dirulaguntzarik gabe gelditu badira ere, kontrol eta babes ofiziala dituzte. Iparraldean estatu mailako lege batek babesturik hamarkadak daramatzate irekirik. Haur-eskoletako ohiko ratio zabalaren aldean hurbileko arreta eman dezakeen gunea da eta zaintzaile pribatuaren aldean, berriz, hezitzailearen profesionaltasuna eskaintzen duena.

Hainbat haur-eskolatan lan egin ondoren, beste giro batean lan egiteko gogoz, “haur bakoitzaren erritmoak errespetatuz, segurtasuna eskainiz, giro lasaiago eta goxoagoan” lan egin nahi zuelako ireki zuen Mendizabalek Txoriak txori, bere etxean, Gros auzoan. “Kantuan bezala, nik uste dut haurrak gaitasun handia duela eta, bere izaera onartuz, hegoak ebaki gabe, geure laguntzarekin per-tsona zoragarriak, sormen handikoak, enpatikoak, seguruak eta zentzu kritikodunak izatera iritsiko direla”. Marian Bernal, ostera, amatasunetik iritsi zen Intxaurrondon Nahieran kabi-etxea irekitzera, 20 urtez publizista gisa “erritmo zoroan” lan egin ostean: “Duela 17 urte ama izan nintzen, eta amatasunak gauza askoren inguruan hausnarketa egitera behartu ninduen, eta batez ere, errespetuzko haziera aintzat hartzera: haur guztien berezko ikas-gaitasunetan sinestera eta haien premiei arreta jartzera”. Eusko Jaurlaritzak aurreko legegin-tzaldian bultzaturiko formazioa egin zuen Bernalek Nahieran ireki aurretik, Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailak emakumeek lan-munduan sarbide parekidea izan zezaten, eta aldi berean, eta zaintzaileen lana duintzeko helburuz, kabi-etxeak abiatzeko prestatu zuen formazioa, hain zuzen ere . “Jaurlaritzaren proi-ektua bertan behera gelditu zen, baita kabi-etxeetara bideratuko ziren diru-laguntzak, formazioa eta arauak ere, baina aurrera jarraitzea erabaki nuen, nire etxean, familia-giroan Nahieran ireki nuen”. Gaur egun biek elkarrekin lan egiten dute Txoriak Txori-n.

Egun bat haurren bigarren etxean

Patxada da hitza. Patxadan daude haurrak, bakoitza berera, bere erritmora. Bakoitzak bere lekua dauka kabi-etxe honetan. Horixe bilatzen dute Mendizabalek eta Bernalek: haur bakoitzak den bezalakoa izateko aukera edukitzea. Hauxe da kabi-etxe hauen oinarri nagusietako bat: “Haur bakoitzak bere erritmoa dauka, erritmo biologikoa, kognitiboa eta emozionala, eta errespetatu egin behar da, alderaketarik egin gabe eta presiorik ezarri gabe”. Horretarako, ia bizi-filosofia ere baden errespetuzko haziera bultzatzen dute. “Errespetuzko pedagogian sinesten dugu”, azaldu du Bernalek: “Haurrek seguru eta lasai daudenean ikasten dute, ikasketa-prozesua barnetik, norberetik, kanpokoa baita. Esperimentatzen uzten diegu, aske mugitzen eta libre jolasten”. Errespetuz hitz egiten diete uneoro haurrei, errespetuz ukitzen –eta ukitu behar dituztela ere adierazten diete-, begiradak, irribarreak, ahotsaren tonua, besoetan hartzeko modua, ukitzea, laztanak, denak zaintzen dituzte hezitzaileek.

Errespetuzko hazieraz gain, mugimendu librea da kabi-etxe hauen beste oinarri bat. “Etapa honetan mugimenduak ikaragarrizko garrantzia dauka”, adierazi du Mendizabalek, hezitzaile izateaz gain, psikomotrizista ere bada, “mugimenduak izate guztiarekin dauka lotura: segurtasunarekin, autoestimuarekin, autonomiarekin, espazioaren hautematearekin, orekarekin, emozioekin... norbere gorputzaren ezagutza, gaitasunak eta mugak ezagutzeak eta guk horiek errespetatzeak oinarri sendoak ezar-tzen laguntzen die haurrei”. Emmi Pikler, Loris Malaguzzi, Waldorf edota Maria Montessoriren pedagogietan oinarritzen dira, besteak beste. Etengabeko formazioa eskatzen die lanak, baina, batez ere, haur bakoi-tzaren behaketatik ikasten dute. “Adin bereko bi haurrek ez dute zertan antzik izan, bakoitza bere ikasketa-prozesuan murgildurik baitago. Horregatik, behaketa-pautak ditugu, eta unean-unean ikusten dugu zer behar duen bakoitzak, helduaren presentzia behar duen edo libre egoteko beharra duen, esku-hartzea behar duen ala seguru dagoen bakarrik...”. Behaketak erakusten die zer behar duen haurrak une bakoitzean, zer eskatzen duen eta nola erantzun.

Egunean zehar, hezitzaileek ez dute haurren ekintza zuzentzen edo gidatzen, esperimentatzen uzten diete, erortzen eta berriro altxatzen. Haur bakoitzaren jakin-minak eta beharrak gidatzen dituzte ekintzak. “Askotan errazagoa da haurrari erori aurretik besotik heltzea, helduok esku-hartzera ohituak gaude”, azaldu du Bernalek. Errutinak egiten dituzte, haurrek kabi-etxean emango duten denbora aurreikus dezaten. “Ez dugu errutinekin zurrun jokatzen, baina jolasaren, kalera ateratzearen, siesten, bazkariaren eta agurren errutinak mantentzen ditugu”.

Kalera ateratzea da errutinetako bat. Egunero ateratzen dira osteratxoa egitera, bikientzako gurditxoan eta ume-eramailean eramaten dituzte laurak, giroaren arabera buelta handiagoa edo txikiagoa emanaz. “Oinez hasia da Izan –kontatu du Bernalek- eta batzutan abiatu eta ez gara parkera iristen, bidean hostoak, putzuak, inurriak ‘deskubritu’ nahi ditu. Gure helburua ere ez da parkera iristea, unean uneko jakin-minari eta premiei erantzutea baizik”.

Eta bueltaxkaren ondoren, baz-kaltzera. Mahaiaren inguruan bakoitzak etxetik ekarritako jakia du platerean. Elikadurari garrantzi handia ematen diote hezitzaileek, ez platerekoa bukatzeari, baizik eta otordua eta jakia plazerez onartzeari. “Esperimentazio-momentu bat da bazkaltzekoa ere”. Haur batek bestearen platerekoa nahi du, ordea, eta gatazkatxoa sortu da, baina liskarrik ez; “garrantzitsua da otorduak lasaitasunean egitea”, azaldu du Bernalek. Sarri gurasoak harritu egiten dira euren seme-alabak kabi-etxean “hain lasai” ikusirik. “Etxean beti ezin da; guraso bezala zaila da erritmo lasaia mantentzea 8 orduz lana egin behar duzunean eta hamaika gauza buruan dituzunean, baina gu hemen horretara gaude denbora guztian, haurraren beharrei erantzutera, ‘hemen eta orain’ gaude, ez daukagu garbigailua jarri beharrik, beste lanik..., eta haurrek sumatu egiten dute lasaitasuna eta segurtasuna”.

Bazkalostean lo-kuluxkatxoa egiten dute, logelan lurrean dituzten lastairatxoetan. Eta pixkanaka bigarren etxeko eguna amaitzen doa Libe, Izan, Amets eta Lukasentzat. Gurasoak bila datoz.

Familiek rol garrantzitsua betetzen dute proiektu honetan. Euren seme-alabak kabi-etxean lasai eta seguru sentitu ahal izateko beharrezkoa da, Ioneren arabera, gurasoek erabateko konfiantza edukitzea hezitzaileengan. “Zintzoak izan behar dugu elkarrekin, arazoren bat baldin badago, elkarrekin hitz egin behar da, dudak argitu eta galderak egin behar dira, eta, era berean, mugak argi ezarri behar dira. Guztion helburua haurraren ongizatea da eta hatsarre horretatik abiatzen dugu gure lana”. Lehenik gurasoen eta hezitzaileen arteko konfiantza eraikitzeko, eta ondoren, haurrekiko atxikimendua garatzeko, egokitzapen-garaiari arreta handia jartzen diote hezitzaileek. “Haur bakoitzaren erritmora, eta beti pixkanaka egiten dugu egokitzapena. Hasieratik lotura ona egiten bada, dena ondo hasten da. Haurrek helduek transmititzen dieten segurtasuna behar dute ikasteko, garatzeko, lo lasai egiteko, jateko... ez badute lasaitasun hori sentitzen, dena aztoratzen da”.

Egokitzapena etxea ezagutuz hasten dute. Etxe arrunt bat da Ionerena, sarrera, sukalde-egongela, bi gela, komun, korridore eta terraza eder batekin. Gela bat jolasteko espazio gisa atondua dauka, apalak haurren neurrira, jostailuak eskura izan ditzaten —jostailuak oro har egurrezkoak eta desegituratuak, telak, ipuinak eta puzzleak dira—. Etxea haurrentzako egokitua eta segurua izatea kabi-etxe izateko premisa ezinbestekoa da. “Lehenik etxean denboratxo bat egitera etortzen dira haurrak gurasoekin, eta pixkanaka egunen buruan, haurra etorriko da guregana, guk ez dugu bere espazioa inbadituko. Garrantzitsua da hemen dauden denbora atsegina izatea, gurasoen eta gure artean harremana ona dela ikustea eta pixkanaka denbora gehiago gelditzen joango da, gurekin bakarrik gelditzeko gai sentitu arte”.

Familiek errespetuzko hazieraren oinarriak ulertzea eta partekatzea garrantzitsua da Mendizabalen-tzat, “ulertu behar dute mugimendu libreak erortzeko arriskua duela, baina haurrak gauzak bere kabuz egiten ikasteko esperimentatu eta erori egin behar dela. Eta ulertu behar dute, librea esateak, mugimendu librea eta jolas librea esateak, ez duela esan nahi araurik ez dagoela, ez baita horrela: etxean arau argiak ditugu, oinarrizkoak eta beharrezkoak”.

Elkarte bat, arautzeko eta laguntzeko

Ione Mendizabalek eta Marian Bernalek Kabi-etxeak elkartea sortu dute Gipuzkoan (kabietxeak.eus), Idoia Bernad eta Shandra Urtadorekin batera, Eusko Jaurlaritzak proiektua bertan behera utzi zuenetik hezkuntza-gune hauek duten araudi eta babes faltari aurre egiteko asmoz. Elkartearen bidez, euren lana arautzen dute, maila fiskalean eta segurtasun aldetik bete beharreko neurriak zehazten dituzte —autonomo gisa edo Gizarte Segurantzan alta eman behar dute hezitzaileek eta Erantzukizun Zibileko Asegurua eduki behar dute—, baina, era berean, laguntza, formazioa eta esperientzia partekatzen dituzte kideek.

Elkarteko hezitzaile bakoitzak bere erara kudeatzen du bere kabi-etxea, baina gutxieneko batzuk partekatzen dituzte. Halaber, Kabi-etxeak elkarteak errespetuzko haziera du oinarri, eta halaxe jasotzen dute elkartearen estatutuek, haurra protagonista duen eta haren erritmoak errespetatzen dituen pedagogia zabaldu nahi baitute. Hezitzaile profesional hauek, haur hezitzaile, Haur Hezkuntzako, Psikologiako edo Pedagogiako titulazioaz gain, elikagaien manipulazioko ikastaroa eta lehen sorospenetakoa egin behar dituzte, eta etxea haurren beharretarako egokitua eta segurua izan behar da.

Nafarroan foru-arau batek erregulatzen ditu kabi-etxeak (Etxe-lagunak, eguneko amak, etxola... deitzen zaie, baita ere), eta ikuskapen ofizialak pasatzen dituzte. 2003an Etxe-lagunak proiektua abiarazi zuen Nafarroako Gobernuko Gaztelan fundazioak, familia eta lana kontziliatzeko irtenbide gisa planteatuz, eta 2006tik arau foralak erregulatzen ditu hiru urte bitarteko zaintzarako hezitzaileen etxean atonduriko espazio hauek. Etxe-lagun hauen helburua kontziliazioa bideratzea eta emakumeak lan mundura sartzeko aukera berdintasuna bermatzea zen, baina baita zaintzaileen profesioa duintzea, gizarte mailan aitor-tzea eta menpeko ekonomiatik ateratzea ere. 2012an Eguneko amen elkartea sortu zuten hezitzaileek, eta gaur egun eurek kudeatzen dute zerbitzua.

Iparraldean, Frantziako estatu arau batek erregulatzen eta kudeatzen ditu kabi etxe hauek, eta amak lanera sartzeko kontziliazio-bide gisa haur-eskolen aurretik lehenesten ditu gobernuak. Halaber, Alemanian (Taggesmutter deitzen zaie), Erresuma Batuan (Childminders), Amans de Jour Suitzan, espazio ezagunak eta arautuak dira kabi-etxeak. Espainian hainbat komunitatetan arautuak daude (Madrilen esate baterako), baina ez dago estatu mailako araudirik ez laguntzarik.