Eta haurrei entzungo bagenie?
Haurra bada, hemen eta orain, haurra pertsona da. Iritzia eta ekimena dituen pertsona da. Premisa horren inguruan hainbat talde batu dira Oinherri izenpean, aisia eta hezkuntza beste era batera egiteko gogoz eta herriak hezitzaile bihurtzeko helburuz. Teoria eta praktika uztartzen dituen ekimena da eta hamaika herritan ari dira haurren parte-hartze prozesuak bultzatzen.
Eta haurrei galdetuko bagenie? Haurrei galdetuko bagenie nolako parkea nahi duten? Nolako jolaslekua, zer egin nahi duten, kalera atera ala barruan gelditu nahi duten? Haurrei galdetuko bagenie zer egin nahi duten? Eta eurentzat beharrean, eurekin egingo bagenu? Denontzat? Halaxe bota zuen behin norbaitek: “eta haurrei entzungo bagenie?” Galdera sinplea da, inozoa izateraino, hainbeste, askotan ez dugula planteatu ere egiten, eta haurrentzat, haurren hobebeharrez baina haurrekin kontatu gabe, haurrei entzun gabe, haurrek parte hartu gabe, haurren iritzia kontuan izan gabe egiten ditugula gauzak, parkeak, ekimenak, eskola, aisialdia eta familia bizitza. Dena haurrentzat, baina haurrak kontuan izan gabe.
2010ean gauzak beste era batera egiten hasi ziren Oarsoaldean, haurren, aisiaren eta euskararen inguruan. Oarsoaldeko Garapen Agentzia, Irrien Lagunak Kluba eta Mondragon Unibertsitatearen Huhezi fakultateko Sorguneak ikertegia haurrekin, familiekin eta herritarrekin bestelako aisialdi-eredu euskaldun bat lan-tzen hasi ziren. Gutxira, Oarsoaldeko ekimenarekin bat egin zuten beste hainbat eragilek –Lizarrako eta Iruñeko Udal Haur Eskola Taldea, Txatxilipurdi Aisialdi elkartea eta HAZI HEZI aldizkaria argitaratzen duen Hik Hasi egitasmo pedagogikoa— eta Martin Ugalde Kultur Parkean biltzen hasi ziren. Adar desberdinetatik zetozen, aisialdia, euskara, haur hezkuntza, eskola… baina giltzarri batek batzen zituen: haurren hezkuntza eta aisia (eta familia-bizitzako gauza asko, dena ez bada) beste modu batean egin zitezkeela amesten zuten sei eragileek. Finean, haurrak ere kontuan izango zituen herri hezitzailea nahi zuten. Eta bideari ekin zioten. Teoria eta praktika uztartuz, herrigintzatik, herriak hezitzaile izatera iritsi nahi duen bide bati. Ibilian-ibilian, beste hainbat talde batu zaizkie eta hainbat herritara eraman dute ekimena. Gaur Oinherri izenpean egituratzen da haurren aisialdi parte-hartzaile euskaldun hezitzaile eta herritarra garatu nahi duen proiektua.
Herri hezitzaileena bizi-ikuspegi bat da eta, aldi berean, formulazio politiko bat.
Haurra gaur eta hemen ekimena eta iritzia dituen pertsona da.
Horixe da herri hezitzailearen mugimendua batu zuen maxima nagusia. “Haurra ‘etorkizuneko pertsona’ kontsideratu izan da, etorkizuneko langilea izateko ikasten du, etorkizuneko guraso izateko hezten, etorkizuneko agintari, etorkizuneko... baina haurra bada izan, haurra bada pertsona, herritar/hiritar. Haurra ez da proiektu bat, osotasun bat da, helduak garen bezala”. Lorea Agirre kazetari eta antropologoaren hitzak dira, bera da Oinherriren filosofia ardaztu duena. “Hori da, gure intentzio on guztiarekin ume batengan proiektatzen dugun irudia: Zu izango zaren norbait zara, baina zu ez zara, oraindik ez zara”. Haurra nor badela onartzeak mundu ikuskera oso bat aldatzea esan nahi du, eta bereziki harremanak aldatzea esan nahi du, haurra pareko gisa tratatzea eskatzen baitu, eta hori da Oinherrik planteatzen duen funtsezko ideia. “Haurra pertsona dela esaten dugunean paradigma aldatzen dugu, eta horrek ume bati gauza asko onartu behar dizkiogula esan nahi du, batzuetan guretzat oso deserosoak diren gauzak ere bai. Pertsona osoa da, beraz, herritar eskubideduna eta betebeharduna da, eta, horrenbestez, iritzi eta proposamenen egilea”. Horra hor bigarren premisa: Haurra herritarra da. “Haurra pertsona dela esateak desboteretua boteretzea esan nahi du. Haurrak iritzia du, haurrak pentsamendua du, haurrak negoziatzeko gaitasuna du, haurrak erabakiak hartzeko gaitasuna du, haurrek elkarrekin gauzak egiteko gaitasuna dute”. Honek guztiak esan nahi du haurrak baduela kultura.
Zazpi giltzarritan oinarritzen den filosofia:
Haurren kultura, horixe da Oinherriren lehen hitz giltzarria. Haurren kultura existitzen dela aldarrikatzen du herri hezitzaileen mugimenduak, haurtzaroak kultura propioa duela: “Haurrek, jaiotzen diren momentutik, oso txikitatik munduaren aurrean hipotesiak egiteko gaitasuna dute, gauzak zergatik diren, nola diren, nola gertatzen diren hausnartzeko gaitasuna dute; beraien gogoeta poetikoak, zientifikoak, humanistak egin ditzakete munduaren aurrean, familiaren aurrean, arazoen aurrean. Bizitzaren hipotesiak egiteko gaitasun izugarria daukate, eta hori da pertsonaren oinarrietako bat, horregatik egiten diote existentziari aurre, egoera erraz eta zailetan, guk egiten diogun bezala”.
Haurrak ez dira helduak bete behar dituen pertsonagaiak. Francesco Tonucciren hitzak bere egiten ditu Oinherrik, pedagogo italiarra da herri hezitzaileen praktika eta teoria mamitu dituen ideologo nagusia: “Haurra ez da orri zuri bat, hezkuntza- ren bitartez, orrian idatziz, jakintza bereganatzen duena. Egia justu kontrakoa da. Umea, bada, ez doa eskolara sakelak hutsik, izan ere, umearen garapenean garai funtsezkoena jaio eta eskolara joan aurrekoa da, hor izaten ditu irakaspen handienak, ondoren guztiaren oinarri izango direnak.... Haurra jaiotzetik ikasten, esperimentatzen eta formulak proposatzen ari da”. Oinherriren barruan Alfredo Hoyuelos Iruñeko Udal haur-eskoletako tailerista da, —Tonuccirengandik oso gertu dagoen beste pedagogo italiar baten eskutik—, Loris Malaguzziren eskutik, haurren kulturaren kontzeptua gehien aztertu duena, eta honela dio: “Bizitza, mundua, errealitatea modu propioan ikusten dute haurrek, helduekin alderatuz, beste era batera. Haurtzaroaren kultura kontuan izateak esan nahi du, haurrek mundua desberdin ikusten dutela, pentsatzeko euren modua dutela, iruditeria diferentea dutela, harremanak egiteko beste era bat dutela. horretaz guztiaz jabetu behar dugu haurren kultura errespetatu nahi badugu”. Adibide batekin azaltzen du Hoyuelosek zer den haurren kultura: “Guk [helduok] mahai gainean boligrafo bat ikusten dugunean, idazteko dela pentsatzen dugu. Haur batek, aldiz, bultza egin eta lurrera botako du. Zuk lurretik jaso eta atzera mahai gainean uzten baduzu, haurrak berriz ere gauza bera egingo du. Berarentzat boligrafoa botatzeko eta hotsa ateratzeko balio duen objektu bat delako, eta ea erortzen den baieztatzeko erabili nahi duelako”.
Haurren kulturaren garrantzia errespetatzea eta azpimarratzea ezinbestekoa da Oinherrirentzat. Eta haurtzaroaren kultura errespeta-tzeak haurtzaroaren gaitasunak eta ahalmenak aitortzea ere esan nahi du. “Haurrak gaitasunak ditu, erabakitzeko gaitasuna du, ekimena du, harreman afektiboak gauzatzeko gai da, ezagutza eraikitzen du eta nortasuna eta kultura ere garatzen ditu. Haurra gai da bere bilakaeraren bidea jorratzeko; autonomia, ekimena eta erantzukizuna izateko, solidarioa da, aktiboa, parte-hartzailea eta bere bizitzaren zentzua emateko gai da. Ume bakoitza gizaki berezi, konplexu eta bakarra da”. Malaguzziren hitzak ekarriz, “gaitasunetan aberats, indartsu eta boteretsu” izaten lagun-tzea da kontua Oinherrirentzat.
Haurrek kultura dutela esatean, haurrek iritzia eta ekimena dutela diogu. Bada, Oinherrirentzat funtsezkoa da iritzi —eta ekimen hori— entzutea eta errespetatzea, Agirrek azaltzen duen eran: “Orain arte heziketaren munduan aritu garenok, oro har, despotismo ilustratuaren bertsio gaurkotu bat besterik ez dugu jarri mahaiaren gainean, salbuespenak salbuespen: dena haurrentzat baina haurrak kontuan hartu gabe”. Haurrei entzuteko, parte hartzen utzi behar zaie —honatx bigarren hitz giltzarria—.
Parte-hartzea, ordea, ez da iritzia galdetze hutsa: “Zuk zer duzu nahiago, pareta gorria ala berdea? Zuk berdea uste duzu, oso ondo, orain beltza pintatuko dugu”. Parte-hartzea, Agirrek dioen gisan, iritzia entzutea, “proiektuak azaltzea, eztabaidara eramatea, eta erabakiak kolektiboki hartzea da”. Oinherrik parte-hartzearen inguruan hitz egiten duenean, norberari eta komunitateari eragiten dioten erabakiak adierazteko eta horiek gizarteak onartzeko gaitasunari buruz ari da. Benetako parte-hartzea aldarrikatzen du Oinherrik. “Entzun eta apunta. Entzutea da makurtu, eseri, entzun. Baina ez entzun bakarrik, entzungo duzun hori onartzea eta entzungo duzun horren alde egiteko konpromisoa hartzea. Beraz, lehenik entzuten ere desikasi egin behar da, haurra esaten ari den horretan zer esan nahi digun entzun behar diogu. Hori da desikastea eta ikastea, eta batik bat konpromisoa hartzea da. Komunikazioa argia eta zintzoa izan behar da”.
Parte-hartzea haurren identitatearen garapenarekin loturik egon behar duela uste du Oinherrik, gure egunerokotasunean barneratua. “Parte-hartzeak ekintza puntual bat edo aparteko ekintza puntual bat izateari utzi behar dio, eta gizartea eraikitzeko eta bere identitatea definitzeko tresna dela ulertu behar du”. Herri hezitzaileen sarearen barruan egin diren proiektuetan funtsezkoa izan da haurren parte-hartzea, mahai gainean jarri diren proiektuen aukeraketan, diseinuan eta antolaketan ahots propioa izan dute. Parte-hartzeak protagonistak —kasu honetan haurrak, baina oro har komunitatea osoa— aberasten ditu, norbanakoa jendartean gaitasun handiagoz eta bere buruarekiko segurtasun handiagoz garatzea ahalbidetzen baitu, baina komunitateen antolaketan eta funtzionamenduan ere onurak dakartza.
Hau, demokrazia ariketa bat da Oinherrik landuriko proposamen parte-hartzailea aisialdian hasten da, baina aisiatik plazara, herrira eskualdera... zabaltzea da ideia, etxetik pasata, eskolatik pasata. Baina aisia zer den zehaztea ere garrantzitsua da. Eskolaz kanpoko jarduera guztiak ez baitira aisia, bereziki haurrak beharturik egiten dituenean. Oinherrik aisialdi hezitzailea du jomugan. Eta horixe da hirugarren giltzarria.
Aisia hezitzailea haurrak jolasaren eta sormenaren bidez prate hartuz garatzeko testuinguru bat da, eremu ez hain kutsatua. Aisialdia, berez, gogoz eta borondate propioz egiten den zerbait baita, norberaren denbora librean. “Aisiaz gozatzeko, ezinbestean, denbora librea behar da —dio Agirrek—, eta horren ondoren, denbora libre horretaz egiten den erabilerak askatasuna —norberak nahi duelako egiten du edo aukeratzen du— eta gozamena —nahiz eta sarri esfortzua ere adierazten duen, dibertimendu eta plazer iturri delako— aurreikusi behar ditu. Aisia da segi belaze batera, plazara, segi herrira eta segi eta ibili”. Aisiaren berezko balioa aldarrikatzen du herri hezitzaileen mugimenduak: “Denbora galtzea munduko gauza probetxugarriena da”.
Aisia jolas librea da, espazio askeak, humanoki askeak, helduen interbentziorik gabe ibiliko direnak eta arau sinple batzuk egongo direnak (ezin zaio inori min eman, ezin da inor behartu) beraiek autogestionatu ditzaten beraien ekimenak eta espazioak, itxitura gune harresi gabekoak”.
Aisia hezitzailea izan behar du Oinherrirentzat balio eta ekimen partekatuak bilatzen dituelako, “guztiontzat onak izango direnak, oraintxe bertan nahiz etorkizun jasangarriago bati begira. Mundu justuago, osasungarriago eta bizigarriago baten beharra dugulako; eta behar hori asetzeko bidea, urratsak, lekuak, espazioak, arnasa hartzeko tokiak ireki behar dira”.
Eta balio horiei loturikoak dira beste hitz giltzarriak ere: feminismoaren balioak bere egiten ditu Oinherrik, aniztasunean berdin eta parekide den gizartea bilatzen baitu, eta naturarekiko errespetua ulertzen du iraunkortasunaren oinarri gisa. “Ez digu edozein aisia moduk balio. Haur eta gaztetxoentzako aisiak, eta berdin helduentzakoak ere, balio hezitzaileak ekarri behar ditu berekin bai edukietan eta baita egiteko moduetan ere”. Aniztasunaren errespetua, parekidetasuna eta aukera-berdintasuna dira horietako hiru, eta laugarrena bestearen onarpena, inklusibotasuna.
Eta hori guztia euskaratik —euskara, seigarren hitz giltzarria—. “Xedea pertsona autonomo eta aske bilakatzea da; eta tokian tokiko behar, nahi eta asmoei erantzutea, hurbileko komunitatea hobetzea, herrigintza praktikatzea, eta ezinbestean euskaldun eta euskal hiztun komunitateko kidea izatea”. Oinherriren-tzat euskara normalizatzea, euskara gutxiegitasunetik ateratzea edota euskara boteretzea mundu justuago bat eraikitzea da. “Eta haurrei, pertsonei, alegia, desboteretuen metafora diren horiei aitortu nahi dizkiegun eskubide sozial eta politiko guztiak —herritar izatea, parte-hartzearen eremuetan, erabakietan eta konpromisoetan leku izatea— euskarari ere aitortu behar zaizkio —dio Agirrek—. Euskal hiztun izatea da herritar izateko gure modua. Euskarari, haurrari bezala, bideak ireki behar zaizkio, herrigintza benetakoa bada”.
Eta, auzolanean —zazpigarren giltzarria da auzolana—. Haurrekin eta denontzat. Herri hezitzailea izango da haurrekin eta denontzat egiten bada, bestela ez da izango. Herri bat hezitzaile izango bada, tokian tokiko eragileen, herri mugimenduaren, hezkuntza-komunitatearen eta administrazioaren inplikazioa ezinbestekoa da Oinherrirentzat. Eta horrela doa garatzen herri hezitzaileen sarea Ipar eta Hego, herri bakoitzeko beharren eta indarren arabera, talde eragilearen laguntzarekin.
Izan ere, hau guzti hau ez da paper gaineko beltza, teoria hutsa. Herririk herri, auzorik auzo, Diman, Otxandion, Arrasaten, Zestoan, Oarsoaldean, Baztanen, Agurainen eta abarretan haurrak ari dira hitza hartzen, eta helduak entzuten ikasten, eta denak parte-hartzen. Otxandion, kasurako, haurren eta nerabeen asanbladak martxan jarri ziren, eta horietan agertu zuten herrian hainbat behar ikusten zituztela, besteren artean bestelako jolas-parke bat. Egun alkatearekin aurrekontuetaz hitz egiteko bildu ostean, ura, area eta egurrarekin jolasteko aukera emango dien parkea gauzatzeko lanetan hastear daude. Lekarozen haurren herri batzarrak egiten hasi dira, umeek eurek antola dezaten jaietako haurren eguna; Amaiurren gazteak hasi dira gazteen lokala kudeatzen; Elizondon haur parke bat zaharberritzeko lanak egin behar dituzte eta prest dute haurrak eta arkitektoak bilduko dituen mahaia...
Honela bada, Oinherrik zazpi giltzarri horietan oinarriturik, gisa honetan laburbiltzen du bere izateko helburua: “Jolasa eta sormena ikasteko eta garatzeko berariazko tresnatzat dituen haurren kultura aitortzea: hori oinarri hartuta, haurrei benetan parte hartzeko eta erabakitzeko ahalmena ematea; eurek eraikitako aisia hezitzaile eta euskaldunaren bitartez, aniztasunean berdin eta parekide izanez eta ingurumen naturala eta kulturala zainduz, komunitate-sarea eta auzolana indartzea; eta pertsonen arteko harreman osasuntsu, justu eta asegarriak jostea”.
Jolasa, garapenaren motorra
Umeak bere kultura elikatzeko, jolasa eta sormena ditu tresna. Baina jolasa letra larriz, benetako jolasa, jolas liluragarria. “Ume eta gaztetxoen jarduera nagusia jolastea da, eta hori da haurtzaroaren kulturaren funtsa —Agirrek azaltzen duenez—. Francesco Tonuccik dioen bezala, jolasak berebiziko garrantzia du, ikerketa zientifikoaren pare da herri hezitzaileen ideologoarentzat: “Munduaren konplexutasunaren aurrean jartzen du haurra. Askatasun osoa du jolasean, egin ezin duena asmatu egingo duelako. Jolasa munduari behatzeko eta mundua eraikitzeko bidea da. Jolastea esperientziak bizitzea da. Haurrak jolasean, helduarentzako oso ezohikoa den esperientzia bizi izaten du: bere kabuz munduaren konplexutasunari aurre egin diezaioke; haurra, bere jakin-min etengabearekin, dakien guztiarekin eta egiten dakien guztiarekin, ez dakien guztiarekin eta jakin nahi duen guztiarekin, munduaren aurrean jartzen du jolasak, bere estimulu, berritasun eta lilura guztiarekin. Eta jolasteak, aldiko, mundu horri detaile bat moztea esan nahi du: lagun bat ulertzen lagunduko duen detaile bat, objektuak, arauak ulertaraziko dizkiona; okupatu behar den espazio bat, administratu beharreko denbora, aurre egin beharreko arriskuak.”
Baina jolas guztiak ez dira jolas, ohartarazten du Oinherrik. Françoise Dolto psikoanalistaren definizioarekin bat egiten du mugimenduak: “Jolasa askatasunez arriskatzeko gozamena da. Jolasak jolas izateko, bada, askea behar du izan eta berekin behar du arriskua hartu eta bizitzeko aukera. Izan ere, jolasa, arriskurik gabe, oso arriskutsua da”.
Herri hezitzaileez bi gogoeta
“Haurrak eta helduak bilduko dituzten elkarguneak sortzea proposatzen da, kultura eta jakintza lankidetzan sor ditzaten. Hori posible izango bada, onartu beharra dago haurrak ahots propioa duela, eragile soziala dela eta bere bizitzaren eraikitzailea dela, baina aldi berean, bere inguruan bizi direnen eta, oro har, bizi den gizartearen eraikitzaile ere badela onartu behar da” (Loris Malaguzzi)
“Jakina, haur eta gaztetxoentzat proposatzen dugun horrek hiritar guztientzat balio du, hirugarren adinekoentzat, gutxiegitasun fisiko edo psikikoak dituztenentzat, gazteentzat, beste komunitateetako jendearentzat; berriro ere, haur eta gaztetxoek erakusten digute bidea egiten, eta guztiontzat bermea da haur eta gaztetxoak kontuan har- tzea. Izan ere, haurren parte-hartzea bultzatzea planteamendu politiko integrala da, gure jendartean bazterturik diren hainbat kolektiboren egoera ikusarazten lagundu dezakeena. Haurren begirada txerta- tzean, herri-egitasmo, egitura eta izaera inklusiboak bultzatzen ari gara, edo behintzat eztabaida horiek mahaiaren gainean jartzen”. (Francesco Tonucci)
"Haurrak diogunean, denok diogu"
Oinherrik azpimarratzen du gizarte honetan haurra dela botere gutxien duena, eta haurrarentzat egokia den gizarte eredu batean guztiok –adinekoak, dibertsitate funtzionalak dituztenak, etorkinak, emakumeak, langabeak... – kabituko garela. Hona Lorea Agirreren hitzak: “Gizartea helduzentrista da, funtsean. Helduei begira dago antolatua, eta umeak aparte daude. Eta helduzentrismo hori, gainera, oso patriarkala da: gizartea gizonaren neurrira egina dago, gizon heldua da, zuria, langilea, eta herri honen aginte guneetan zeresana du. Begirada horretatik hartzen dira erabaki inportanteak, publikoak eta benetan garrantzia dutenak. Gizon horren kontraposizioan emakumea dago generotik begiratuz gero, eta haurra dago. Eta guk denok badakigu helduzentrismo patriarkal horrek ze gatazka sortzen dituen eta zenbat asimetria sortzen dituen eskubideetan. Hori denok bizi izan dugu eskoletan, etxeetan, familietan kaleetan, koadriletan... eta, hala ere, mantentzen segitzen dugu. Espazioak ireki behar ditugu. Haurren begiradatik ikusteko momentua da; helduzentrismoarekin eta patriarkaltasunarekin bukatu behar da, egunero-egunero harreman asimetriko eta gatazkatsuak sortzen direlako, ehunka eta ehunka. Eta ez, ez da egoera justua.”
Oinherri, herririk herri egiten ari den herri hezitzaileen sarea
Herri hezitzaileen ekimena sei eragilerekin hasi bazen ere, gaur egun dozenatik gora eragilek osatzen dute Oinherri izenpean egituratu den taldea. Sortzetikoez gain — Oarsoaldeko Garapen Agentzia, Irrien Lagunak Kluba, Sorguneak, Lizarrako eta Iruñeko Udal Haur Eskola Taldea, Txatxilipurdi eta Hik Hasi—, Ikastolen Elkarteko Aisialdi Taldea, Tabakalerako hezkuntza-atala, Amarauna sarea, Pil-pilean Euskara Elkartea, Kukumixo Aisialdi taldea, Urtxintxa Bizkaia Eskola eta Ttakun kultur elkartea batu ziren 2015ean. Ordutik, herri hezitzaileen praktika eta teoria Euskal Herri osora zabaldu da, Baigorritik Mañarira, Otxandio, Baztan, Soraluze, Agurain, Dima edota Zestoara. Oinherrik hiru ardatzetan egituratu du bere lana: Teoriari begira, formazioa izan da herri hezitzaileen dinamika sustatu duen adar bat, eta hainbat jardunaldi egin dira Donostian. Lehena 2013an, Francesco Tonucci herri hezi-tzaileen teoriagile nagusietakoa den pedagogoarekin, besteak beste; eta bigarrena, 2015ean aniztasunaren inguruan, Finlandiako eskola eredua ezagutaraziz. Oinherriren bigarren lan ildoa prestakuntza izan da, 2014an 5 liburuxka argitaratu ziren eta 2016an beste batzuk. Eta hirugarren ildoa herri hezi-tzaileen sarea osatzea izan da. Eta bitartean, herri hezitzaileen filosofia zabaltzen joan da, eta haurren aisialdi parte hartzaile, euskaldun, hezitzaile eta herritarra tokian tokiko haur, familia eta hezkuntza eta udal eragileekin.