Erditzerako prestatu, edo amatasunerako?

2016-11-02

Erditzerako prestatze-saio deitzen zaio haurdunaldiaren amaieran emaginekin egindako prestaketari, baina motz gelditzen da izen hori. Izan ere, haurdunaldiak, puerperioak, jaioberriaren zaintzek, familia aldaketek ere badute tokia saioetan.

 
 
Erditzerako prestatu,  edo amatasunerako?

Erditzerako prestaketaz baino, amatasunerako heziketaz hitz egin behar genuke. Erditzerako prestaketa heziketa horren zati bat da, baina edoskitzea, jaioberriaren zaintzak, puerperioa... horiek ere landu beharrekoak dira. Saio horietan emaginon lana da emakumeei informazioa ematea hardunaldian, erditzean eta erditze ostean gertatuko diren aldaketa fisikoak, psikikoak eta sozialak uler eta onar ditzaten”, horrela azaltzen du erditzerako prestatze-saio deiturikoen muina Clara Barbero emaginak. Eibarko osasun etxean egiten du lan emagin gisa, baina Bartzelona, bere jaioterrian formatu zen erizain eta emagin gisa, errespetuzko erditzearen alde lan egiten duen Santa Caterina ospitalean. Prestatze-saioak ulertzeko filosofia horrekin bat dator Julene Legarretaetxebarria emagina ere: “Amatasunaren aldaketa horretan eragina duten aspektu desberdinak lantzen ditugu, kontua ez da erditzea bakarrik. Hori egun bat edo biko kontua da, baina datorren aldaketa hori baino sakonagoa da”. Mendaroko ospitaleko emagina da Legarretaetxebarria eta erditzen laguntzen die emakumeei. Baina horretaz gain, Amane Matronak elkarteko kide da, eta prestatze-saioak gidatzen ditu Bilbon eta Mungian.

Informazioa, aurrez aurre dituzten prozesuen inguruko ezagutza ematea dute xede saioek, beraz. Kontua da, ordea, zenbaitetan emakumeak etxean, edo lagunartean, edo sarean arakatuta... informazio andana jaso dutela emaginen eskuetara iristerako. Beraz, informatzeko prozesuaren parte izango da desinformatzea ere. “Mitoak desegiten eta beraiek dakarten informazioa egiaztatzen, zuzena den ziurtatzen” saiatzen da Legarretaetxebarria.

Gauzak horrela, informazio fidagarria emateko prozesu horrek sekulako garrantzia du. Gainera, Barberoren iritziko, informazioak eta ezagutzak segurtasuna ematen dio emakumeari, lasaitasuna, eta hori lagungarria da erditzearen fisiologiari begira, baita edoskitzarorako ere. “Emakumea lasai egotea, bere buruarengan konfiantza izatea, garrantzitsua da prozesu fisiologikoa ondo joateko”. Bestalde, ondo informatutako emakumea boteretuta sentituko da prozesu horietan dagozkion erabakiak hartzeko, zer nahi duen azaltzeko.

Erditzeak ere badu bere tokia

Haurdunaldiaren amaieran, hasten dira eskaintzen Osakidetzan erditzerako prestatzeko saioak; normalean, azken bi hilabeteetan. Dena dela, ohikoa da behin seigarren hilabetetik aurrera ere heltzea saio horiei. Horrenbestez, haurdunaldiaz beraz hitz egiten hasten dira prestatze-saioetan: nola egin aurre agertzen doazen molestia eta minei, elikadura nola zaindu... Fase honetan agertzen diren gorabeherei aurre egiteko ariketa fisikoak eragina du, eta baita erditzerako gorputza sasoian jartzeko ere. Beraz, prestaketa fisikoari ere eskaintzen diote tartea: Kegel ariketak, baloiarekin egiten diren ariketak, higiene posturala, masaje perineala, erditzeko posturak... Arnasketa eta erlaxazio ariketak ere lanketaren osagai dira. Dena dela, ariketaren garrantzia azalduta, ondoren emakumeak bere aldetik ere hartu beharko du ariketa fisikoa egiteko ardura.

Erditzea bera da, dena dela, haurdunaldiaren azken fasean dagoen emakumeak jomugan duen lehen prozesua, bere kezka edo erronka nagusia. Horregatik, erditzea bera lantzeari ere eskaintzen diote denbora, noski. Noiz hasten da erditzea? Zein dira horretaz ohartarazten duten seinaleak? Noiz joan behar da ospitalera? Zein dira erditzearen faseak, eta bakoitzaren ezaugarriak? Zein aukera daude minari aurre egiteko? Zein postura izan daitezke lagungarri? Galdera horiei erantzuna ematea da emaginen egitekoa.

Eta, erditzeaz hitz egitean, bai Barberok bai Legarretaetxebarriak saio bat eskaintzen diote alde ilunari, haurdunek entzun nahi ez duten horri: eta gauzak ez badira nik espero bezala ateratzen? Alegia, zesarea bat egin behar badigute, edo erditzea instrumentalizatua bada? “Saiatzen gara negatiboak izan daitezkeen egoera horiek lantzen eta buelta ematen: prozesu horien amaieran beraien semea edo alaba ezagutuko dute, eta azkenean hori da garrantzitsuena”, dio Legarretaetxebarriak. Honetan ere, informazioa giltzarri izango da eta teknika eta egoera desberdinak deskribatzen dizkiete, “adibidez, zesarea edo erditze instrumentala bada segur aski bikotea kanpora aterako dutela eta bakarrik geldituko direla. Askok esaten dizute ‘eta orain azaldu behar didazu hau?’. Eta bai, zeren eta hau gertatzen bada, momentuan ez dizute azalpen askorik emango, lanean ariko baitira”. Horregatik, saioa gogorra izan arren, garrantzitsua deritzo tarte bat eskaintzeari.

Ildo beretik egiten du lan Barberok ere, negatiboa izan daitekeen horri ikuspegi positibo bat ematen: “Azkenean inportanteena da emakumeak oroitzapen on bat izatea. Urgentziaren bat baldin badago, profesionalak lortu behar du emakumea ahalik eta lasaien eta erosoen sentitzea, baina emakumearen ardura ere bada bizipen horretatik irakaspena ateratzea”.

Emozioen garrantzia

Izan ere, alderdi emozionala lantzearen garrantziaz jabeturik, Barberok pentsamendu positiboa sustatzen du bere saioetan. “Alderdi emozionalarekin lan egitea ezinbestekoa da, beldurrak eta antsietateak erditzeko prozesuaren kontra egin dezakete”. Adibidez, uzkurdura baten aurrean ‘laster berriz etorriko da min izugarri hau’ pentsatu beharrean, ‘kontrakzio bat gutxiago gelditzen da nire haurra ezagutzeko’ gisako pentsamenduak sortzera gonbidatzen ditu haurdunak. Horren garrantziaz jabetzeko, minak hiru alderdi dituela azaltzen die: kognitiboa, sentsoriala eta emozionala. Guztiek eragiten dute sentitzen dugun minaren mailan, eta horietakoren batean eragiteko gai izanez gero, areagotu edo gutxiagotu egingo da minaren pertzepzioa. Esaterako, sentsorialean eragin daiteke ur beroko bainera batean sartuz edo ur beroko poltsa bat sabelean jarriz. Kognitiboan, erditzeko-faseen informazioa izanez, edo erditze-minak funtzio bat duela eta lagungarria izan daitekeela jakinez. Eta emozionalean, pentsamendu positiboaren bidez. Minarekiko beldurra da, hain zuzen ere, arlo emozionalean landu behar izaten duten alderdi nagusia.

Emozioen lanketa honetan, taldeak pisu handia du. Emakumeek aukera dute beren sentipenak, beldurrak, zalantzak, kezkak beraien egoera berean dauden emakumeekin partekatzeko, eta, modu horretan, gertatzen zaiena normalizatzeko. Gainera, zenbaitetan saioetan parte hartzen duten emakumeak bigarren edo hirugarren umearen zain daude, eta horien esperientziak baliagarriak dira besteentzat. “Prestaketa saioetan gauza asko lortzen dira, baina inportanteenetarikoa hori da: emakumeen arteko komunikazioa eta sarea sortzea”, dio Legarretaetxebarriak.

Eta erditu ostean?

Arreta fokoa erditzean jarriz gero, behin hori gaindituta aurkitzen dutenak ezustean harrapatzen ditu zenbait emakume, Barberoren ustez, eta, horregatik, prestatze saioetan erditze ostean datorren prozesua ere azaldu beharrezkoa iruditzen zaio. Batik bat, haurraren zaintzarekin loturiko gaiek hartzen dute lekua saio horietan: haurraren elikadura, higienea, loa, edoskitzeko postura egokiak... baina, horrekin guztiarekin batera, lanketa emozionalak ere bere garrantzia du fase honetan ere: umearekin kontaktua izatearen garrantzia titia edo biberoia ematerakoan, atxikimendua sortzearen inportantzia... “Familian kide berri honen etorrerak ekarriko duenaz ere mintzo gara; adibidez, bisitei buruz, beraien gurasoekiko edo ama-aitaginarrebarekiko harremanaz...”, dio Legarretaetxebarriak. Zainketa gai horiek ere, negarrarekin edo loarekin lotuak, taldean elkarrekin hausnartzeko aitzakia izaten dira, “baita eztabaidarako ere”, dio Barberok.

Eta, noski, amatasuna ez denez hor bukatzen, ezta amatasunerako heziketa lana ere, bai Barbero Osakidetzatik bai Legarretaetxebarria Amane Matronak elkartean bidez, saiatzen dira erditze osteko saioak eta tailerrak antolatzen, ariketa hipopresiboaren eta haur masajearen gainean, edo gurasoen egoeraz hitz egiteko, baina, denbora faltak edo ardura berrien etorrerak eraginda, gutxiago dira saio horietan parte hartzera animatzen diren guraso berriak.