Oinez, haur bakoitza bere erritmora
Helduaren esku-hartzea edo oinez irakasteko gailuak lagungarri ez eta oztopo izan daitezke haurrak oinez ikasteko prozesuan, mugimendu autonomo librearen ikuspuntutik. Emmi Pikler pediatrak zioen haur bat gara dadin, konfiantza eta aukerak eskainiko dizkion heldu bat behar duela, ez esku-hartzerik.
Ohiko irudia da: haurra tentetzen hasten denean gurasoak bi eskuetatik heldu eta oinez ibiltzen laguntzen dio. Betidanik ikusi dugun argazkia da, eta erreproduzitzen duguna da, haurrari oinez ikasten laguntzeko. Baina haurrak, uzten baldin bazaio, bere kabuz ikasten du oinez, mugitzen, herrestan, lau hankan eta ondoren korrika ikasiko duen bezalaxe. Are gehiago, Emmi Pikler pediatra eta pedagogoak frogatu zuen bezalaxe, helduak esku hartzen ez duenean, laguntzen ez dionean, bere erritmora ikasten duenean, segurtasun handiagoarekin egiten du.
Baina ohituak gaude gauzak bestela egitera, haurrari oinez ibiltzen irakastera. Mirtha Chokler psikomotrizista errekonozitua eta Piklerren jarraitzaile denak dio gure kulturetan oso goiz ezartzen ditugula haurrak zutik, gurasoak presa balu bezala bere haurrak lehenbailehen ikas dezan, azkena izan ez dadin: “Buruari eutsi ezin diotenean ere bertikalean ezartzen ditugu, beren kabuz eseri ezin duenean, eserita; edo artean bere kabuz zutitu ezin den haur bat zutik jartzen dugu, gorputz enborrak oraindik nahiko indar ez duenean. Baina kontuan izan behar dugu postura bakoitzaren esperientzia eta bizipenetik sortzen zaiola haurrari hurrengo mugimendua egiteko iniziatiba”. Eusteko oinarria gorputz osoa izatetik, etzanda egotetik, bi oinen gainean eustera iritsiko da, oinez ibiltzera, bere kabuz, libre mugitzen uzten baldin bazaio.
Mugimendu autonomo librearen kontzeptua Emmi Piklerri zor zaio. Gerra eta okupazio garaian Budapesteko erietxe eta umezurztegietan lan egitean, eta behaketari esker, ohartu zen haurrek euren kabuz, euren gaitasunetan konfiantza duen heldua ondoan dutela eta ingurune egoki batean, euren garapenaren maila gorena iristen dutela, inork deus irakatsi gabe. Hona mugimendu autonomo libreari buruz idatzirik utzi zuen printzipioetako bat: “Haurrari mugimendu autonomo librean garatzeko behar dituen baldintzak eskaini behar zaizkio. Eta bere gaitasunetan eta garapenean konfian-tza izan: bere ekimenak errespetatuz eta ulertuz, mugimenduak eta posturak bereganatzeko prozesuan helduak esku hartu gabe”.
Gorputzak aski sendotasun eduki gabe, hau da, haurra bere kabuz jartzen ez den arte, ez da beraz zutik jartzea komeni, laguntza baino gehiago oztopo izango da oinez ikasteko bidean. Haur guztiek —elbarritasunen bat ez badute, behinik behin— garapen motorraren etapa guztiak bizitzeko gaitasuna dute: lehenik ahoz gora daudela besoak eta oinak mugituko dituzte, begirada bi alboetara luzatu, eskuekin oinak ukitu… ondoren ahoz gora egotetik ahuspez egotera pasako dira, segidan buelta osoa emateko; eskuen gainean bermatuz zutitzen hasi eta berehala prest izango dira herrestan ibiltzeko, bizkarra zuzen duela bere kabuz esertzeko, eta laster lau hankatan mugituko dira. Hortik aurrera, mugimenduak perfekzionatuko dituzte, belauniko, heldulekurik gabe zutik jarriko dira, erori eta zutitu… eta euren kabuz oinez hasiko dira aski seguru sentitzen direnean. Eta garapenak jarraitu egingo du, korrika, oin baten gainean etabar ibiltzen ikasiko du haurrak, bere kabuz. Etapa bakoitzak hurrengoa dakar, eta oinez hasten denerako oreka dinamika osoa menderatzen duela esan nahi du.
Mugimendua pentsamendua da
Haur txikiarentzat mugimendua bere izatearen adierazpide osoa da. Mugimenduarekin adierazten da, eta areago, mugimenduarekin da. Henri Wallon psikomotrizitatearen aitak honela azaldu zuen: “Psikomotrizitateak erakusten du garapen motorra garapen mentalaren ondorio dela. Beraz, haurra mugitzen, eskailera igotzen, jaisten, ari denean buru-ariketa bat egiten ari da, eta aldi berean bere gorputza lantzen, ezagutzen, frogan jartzen, saiatzen, huts egiten eta asmatzen.
Garapen motorra, beraz, ez dago soilik garapen mentalarekin loturik, baita emozionalarekin ere. Haurtxo baten aurpegia ikusi besterik ez dago gelaren beste aldean zegoen pilota bere kabuz hartzea lortzen duenean nola argitzen den. Ez du pilota nahi, pilota berak hartu nahi du. Lorpenak segurtasun emozionala ematen dio. Mugimenduak, gorputz espresioak, garapen motorrak norbere buruarekiko konfiantzan eta autoestimuan zeresana du, beraz”.
Taka-taka, eskorga eta hamaka
Gurasoek bi eskuekin helduta oinez ibiltzen irakastea ez bada lagungarri, zer esan merkatuan dauden takataka, eskorga, ibiltari, arnes eta antzekoez? Piklerrek dio, haur bat gara dadin, libre mugitu dadin eta bere gaitasunen erritmora gara dadin, konfiantza eta aukerak eskainiko dizkion heldu bat behar duela. Beraz, baieztapen horren arabera, merkatuan aurki daitezkeen taka-taka, arnes, eta antzeko ibilgailu gehienak lagungarri ez eta oztopo izango dira. Ikuspegi honen arabera, oro har, gailu horiek ez dute haurraren mugimendu librea ahalbidetzen, eta haurrak bere soinaren gainean zut mantentzeko gaitasunik ez duen artean, lagundu beharrean oztopo egingo diote.
Baina haurrak, normalki, gustura ibiltzen dira taka-takan, eta hara-hona mugitzeko aukera daukate. Horrek sarri gurasoak nahas ditzake, haurra hain gustura ikusirik ezin duela txarra izan harentzat pentsaraz baitezake. Eta bestetik, haurrak leku batera iristeko irrika asetzen duenez ez du bere kabuz egiteko ahalegina bultzatzen. Ibilgailuak ez du oinez ikasten laguntzen eta ezta irakasten ere. Haurra ez bada gauza bere kabuz bertikalean egoteko, Chocklerren genesiaren arabera, lurrean egoteko denbora behar duenaren seinale da, buelta emateko, herrestan ibiltzeko edo lau hankan hasteko fasean egon liteke; bere kabuz ez bada zutik mantentzen, prest ez dagoelako izango da, “gailu batek ez dio mesede egingo, ez baitio lagunduko bere gorputza, oinak besoak, hankak, eskuak ezagutzen eta erabiltzen ikasteko aukerarik emango”.
Merkatuko ibilgailu batzuetan haurra eseri egin daiteke, beste batzuetan zutik, eskorgari eutsita ibiltzen da. Euren kabuz zutitu aurretik erabiltzen baldin badira halakoak, aldakak eta soina bera prest eduki aurretik bertikaltzen dituzte bada gailuek umeak. Horrez gain, haurrari une horretan bere garapen faseari dagokion etapa ez bizitzeko oztopoa dakarte, eta esperientzia hori ez bizitzeak segurtasun gabezia eta trebetasun falta ekar dezakete. Gainera, haurrak bere kabuz hartu ezin duen abiada ekar diezaieke taka-taka hauek, eta horrekin istriputxoak izateko aukera.
Gailu hauek ibiltzen irakasteko tresna baino gehiago jostailu bezala hartuak izatea gomendatzen dute psikomotrizistek, jostailuzko haurgurditxoen antzera, arrastaka edo bultzaka ibiltzeko, behin oinez euren kabuz ibiltzen direnetik aurrera.
Merkatuko beste gailu bat ere zalantzan jartzen du mugimendu autonomo askearen filosofiak: hamaka. Berez hamaken funtzioa bestelakoa da, ez dira haurrei oinez ibiltzen erakusteko erabiltzen, baina Piklerren ikusmoldearen arabera, ohexka hauek ez dute garapen motorra ahalbidetzen, umeari ez baitiote mugitzeko aukera handirik uzten. Mugimendu autonomoaren ildoari begira, hamaka batean baino egokiago legoke haurtxoa lurrean haren mugimendu autonomoa ahalbidetu nahi bada, espazio seguru eta goxo batean, lastaira fin batean edo alfonbra batean, adibidez.
3 arrazoi ez esku hartzeko:
Emmi Piklerrek hiru puntutan laburbildu zituen (Moverse en libertad liburuan) helduek haurren garapen motorrean ez esku hartzeko arrazoiak:
1. Haurra bere kabuz lortu ezin duen postura batean jartzen badugu ez diogu aukerarik ematen bere kabuz mugitzeko, ezin baitu berarentzat naturala ez den postura hori aldatu. Adibidez, haur txiki bat ahuspez uzten badugu ahoz gora utzi beharrean —non mugi daitekeen, bere oinak uki ditzakeen, bi alboetara eta sabaira begira dezakeen…— mugitzeko gaitasuna oztopatzen ari gara.
2. Helduak aukeratzen dituen posturak askotan ez dira haurrarentzat naturalak, eta ondorioz, giharrak ere postura ez naturalean egotera behartzen ditugu.
3. Bere kabuz iritsi ezin duen posturan jartzen dugun haurrak helduaren beharra izango du mugitzeko, lasai posturaz aldatzeko, eta ondorioz, helduarekiko mendekotasuna bultza-tzen ariko gara, bere garapen autonomoa bultzatu beharrean.