XABIER AIERDI: “Beldurra ematen du immigrazioak, baina immigrariak ez”

2016-11-14

Eskolak immigrazioaren argazki bat erakusten du, eta, ondorioz, irakasleek beste edozein sektoretako profesionalek baino gertuago dute immigrazioa. Migrazio-fenomenoak ulertzeko pedagogia-lana egiteko eskatu diogu Xabier Aierdi soziologoari (Zeberio, Bizkaia, 1957). Optimista da: “Kristauek esaten dute Jainkoak lerro okerrekin zuzen idazten duela, bada, nik esango nuke, gizarteak, eta gure gizarteak ere, uste oso gaiztoekin ere ondo portatzen direla. Egunerokotasunean gatazka eta diskriminazioa ez dira hain handiak, eta hemen bizi gara ahal dugun moduan.” Baliabideak behar direla dio, eta programak, baina baita borondatea ere. Eta epe luzera begiratzea. “Prozesu baten hasieran gaude, eta denborak ekarriko du immigrazioaren normaltze bat”.

 
 
XABIER AIERDI: “Beldurra ematen du immigrazioak, baina immigrariak ez”

Bazirudien Gibraltarko itsasarteko etorrera handi haiekin immigrazioak goia jo zuela. Gaur egun beste pasabide batzuetatik, Libiatik Italiarako kostara adibidez, jendeak etortzen jarraitzen du, saldoka. Une honetan hona etortzen ari den immigrazioaren erradiografia nolakoa da?

Gure erkidegora datorren jendearen erradiografia oso lotua dago zain-tzaren eremuarekin, eta zaintzaren eremua, halabeharrez baina emakumearekin dago lotuta, eta ahal izanez gero, emakume latinoamerikarrarekin eta zuriarekin. Zailago da magrebtar bat, edo txinatar bat edo emakume pakistandar bat, edo Afrika beltzeko emakume bat norberaren etxean sartzea. Gure erradiografia, izan hori da. Eta neurri batean bertako klase ertainak konfiantza daukan bitartean, eta ikusten badu ez dagoela arriskuan bere posizio ekonomikoa eta kontratatu dezakeela norbait, ba orduan emakumeren bat kontratatuko du gurasoak edo seme-alabak zaintzeko edo etxeko lanak egiteko.

Hor badaude hainbat gauza lotuta: familia txikiak ditugu, alde batetik; beste alde batetik, zaharkitzen ari den gizartea dugu, zaintza-premiak gero eta handiagoak dituena, eta horrek publikoki edukiko lukeen kostua jasanezina da gaur egun. Horrek guztiak zer eragiten du? Bide merkeena bilatzea: mendekotasun-legeak ematen dizu zati bat pertsona bat kontratatzeko, eta gainontzekoa familiakook ipintzen dugu.

Horrez aparte, badago immigrazioari eragiten dion beste fenomeno bat: Afrikako biztanleria oso gaztea dela -magrebtarren estatuetan biztanleriaren % 30ak 15 urte baino gutxiago dauka-, eta hor badagoela presiozko egoera bat. Bertako sistema produktiboak ezin du jende hori irentsi, beraz, horrek kanporanzko mugimendu bat bultzatuko du, seguruenik guk behar ez duguna, baina nolabait kuota bat iritsiko zaiguna.

Zergatik esaten duzu “behar ez duguna”? Nola funtzionatzen dute migrazio-mugimenduek?

Ba gauza sinple batengatik: normalean gizarte hartzailea da selekzionatzen duena ze jende iritsiko zaion. Migrazioak mugimendu kaotikoak direla dirudi, eta inolako logikarik gabe disparatzen direla, baina ez da hala. Banan-banan funtzionatzen duen sistema da, oso sinplea: pertsona bat ekartzen baduzu zuk zure etxean lan egiteko, ondokoak ikusi egiten du. Duela 40 urte gizonak behar ziren fabriketan lan egiteko. Gaur egun fabrika edo kontratista familia bat da, edo zerbitzuen sektorea. Lehenengo jendea Burgosetik heldu zen, Burgos hustu zenean Palentziatik etorri zen; Palentzia hustu zenean Leonetik, eta gero Galiziara heldu zen uholdea, eta beranduago Salamancara, Ruta de la Platatik Extremadurara... Horrek zer adierazten du? Tanta batek beste tanta bat deitzen duela. Mekanismo horrek, batetik, fluxuak eta kopuruak kontrolatzen ditu, ze momentu batean gelditu egiten da migrazioa: “Zer, joan naiteke?” “ez, ez etorri, gauzak hemen gorri daude”. Aldiz bertako jendeak eskatzen duenean, eskaera azkartu egiten da eta jende gehiago ekartzen da. Prozesua pentsatzen duguna baino askoz kontrolatuagoa da. Eta bigarrenik, kontrolatzeaz aparte, gu selekzionatzen ari gara zer publiko nahi dugun: nik behar badut emakume bat neure ama zaintzeko, ba, euskara jakingo ez duen moduan, gutxienez gaztelera jakin dezala bilatuko dut. Garai batean, euskaraz zekitenak eta ikasteko aukerarik ez zutenak, zerbitzatzera joaten ziren Donostiara. Hau da, neurri batean, ordezkatzen ari gara aldez aurretik egon diren mugimendu berdin-berdinak baina orain urrutiko jende batekin eta ditugun premien arabera.

Immigrazioaz hitz egitean, ordea, iruditeria kolektiboan telebistan ikusten dugun emigrazioa da nagusi, gerretatik ihesi Lampedusara iritsi nahian doazenak, adibidez... Alabaina zuk diozunez, hori ez da hona iristen den immigrazioa.

Ez, hori ez da hona heltzen den immigrazio nagusia.

Iritzi publikoari ez zaio gustatzen immigrazioa, hortik abiatu behar dugu. Bakoitzak gai honi –eta besteei– dauzkan jarreren arabera begiratzen die, esate baterako: Orain ikusten badugu hor kalean doan mutiko hori euskaraz hitz egiten, euskaltzale bat pozik egongo da, euskaldun bat beltza izan daitekeela, edo beltzak euskaldundu daitezkeela pentsatuko baitu. Aldiz, hemen baldin badago emigrarien kontrako norbait, Txinara deslokalizatu dutelako bere enpresa, ba horrek ikuspegi horretatik ikusiko du migrazioa. Dauzkagun jarrera pertsonaletatik gehi bizi ditugun egitura edo koiunturetatik ikusten dugu emigrazioa, eta horrez gain hedabideak ditugu. Eta hedabideek zer ematen digute? Irudi sinplifikatu bat.

Eta prozesu konplexu eta global bat sinplifikatzeak zer ondorio du?

Estereotipoak sortzea. Garbi izan behar dugu desenfoke bat dagoela, beste gai guztietan bezala, baina desenfoke horrek sortzen dituen estereotipoak kontrolatu egin behar ditugu, horrek jende hori txarto tratatzeko nolabaiteko aukeraren bat ematen badigu. Baina estereotipoak hor daude, eta estereotipoekin funtzionatu behar dugu, horrek ez gaitu kezkatu behar. Errealitatea sinplifikatzeak diskriminazioa dakarrenean bai, orduan egon behar dugu adi, ez dadila bata izan bestearentzako zubi.

Klixeak gainditzeko, estereotipoak eta aurreiritziak gainditzeko kristoren lana egin behar dugu, baina hori zirimiri bat da, ez da uholde bidez egingo den erregadioa. Astiro-astiro egin behar da, denboraren dimentsioak garrantzi handia baitu immigrazio-prozesuetan. Nork pentsatuko zukeen Athleticen beltz batek jokatuko zuela? Eta hortxe dago Williams. Bada hor doan neska magrebtar horrek hemen bizitza arrunta egingo du eta edukiko ditu sufrimenduak eta lorpenak mundu guztiaren modukoak, egunen batean ezkonduko da eta seme-alabak edukiko ditu, eta seme-alaba horiek euskaraz egingo dute... denborak ekarriko digu horren guztiaren normaltze bat. Niri asko gustatzen zait Marguerite Yourcenarren liburu baten titulua, gaztelaniaz da El tiempo, ese gran escultor. Nik uste dut egia dela, denborak ematen digu patxada gauzei begiratzeko normaltasun gehiagogaz. Bitartean gertatuko dira gauza gordinak eta lasaiagoak. Eta egokitzapena izango da izango den modukoa. Bitartean estereotipoak egongo dira. Errealitate-datuen eta usteen artean, beti irabazten dute usteek.

Eta zergatik izan ohi dira immigrazio-gaiei buruz zabalduriko uste gehienak txarrak? Zergatik ez da jokatzen enpatia gehiagoz gu baino egoera okerragoan datorren jendearekin?

Usteak beti erdi ustelak dira, errefrauak dioen bezala. Pentsatu behar duguna da usterik gabe oso zaila dela munduan egotea, errealitatearen konplexutasuna azken muturreraino ezagutzea oso konplexua da eta seguruenik ezinezkoa baita. Gizakiok behar dugu eta asko eskertzen dugu sinplifikazioa. Gizakiaren osagai bat usteak eta estereotipoak dira. Jendeari esan behar zaiona da usteak eta zurrumurruak edukitzeko eskubidea baduela, baina okerrak direnez ez daukala eskubiderik gaizki jokatzeko. Kontuz! Ezin dugu irudi oker, estereotipo, ustezko zurrumurru horietan oinarriturik inpunitate eremurik sortu. Horrek argi geratu behar du. Zuk nahi duzuna pentsa dezakezu, baina ezin duzu pasatu usteetatik ekintzetara, eta normalean ez da pasatzen. Kristauek esaten dute Jainkoak lerro okerrekin zuzen idazten duela, bada, nik esango nuke, gizarteak, eta gure gizarteak ere, uste oso gaiztoekin ere ondo portatzen direla. Egunerokotasunean gatazka eta diskriminazioa ez dira hain handiak, eta hemen bizi gara ahal dugun moduan. Ni horretan optimista naiz.

Enpatia, enpatia faktikoa edo enpirikoa, seguruenik uste duguna baino gehiago dago. Ze bestela honek lehertu egingo luke. Problema zein da? problema da norbaitek bide ematen dionean inpunitateari. Hau da, Brexit-ak arrakasta izan dezan politikaren eremuan etorkinak erabiltzen badituzu, Ingalaterra guztia izurratzen ari direla esaten baduzu, bidea irekitzen ari zatzaizkio inpuntitateari. Jarreraz immigrariak gustuko ez dituen sektore bati, gainera, jarreraz biolentoa izan daitekeenari, eta gainera egoera ekonomiko batek bizitza izurratzen dionari, adibidez bera lanean dagoela eta beste batzuk lanean egon barik protekzio soziala dutela ikusten duenari, horrelako eremu abonatu batean politikariak halako mezu bat botatzen badu, norbaitek txarto ekitea gerta daiteke, konportaera txarra baimendurik baitago. Marotok esaten ditu esaten dituenak Gasteizen, eta egun batean autobus txofer gizajo bat baimendua sentitzen da emakume bati igotzen ez uzteko zapia daramalako; hori da arriskutsua. Arriskutsua da erakundeetatik, eremu publikoetatik, elizatik, eremu legitimatu batetik heltzen zaizunean mezu bat esanaz, nahi duzuna egin dezakezula. Hori da arriskutsua. Bitartean, bitartean bizi gara, hobeto edo txarrago.

Enpatia beharrezkoa da, bai, baina enpatia gabe ere bizitza oso lasaia izan daiteke, eta bizikidetza seguruenik ez, baina koexistentzia oso atsegin bat eduki dezakegu. Igual ez dugu konbibentziaraino heldu behar, baina koexistentzia arrazoizko bat ere baloratu egin behar dugu. Zenbat aldiz pentsatu dugu ez dugula ezer jakin nahi familiako batekin, kristorena muntatzen duelako elkartzen garenean?

Zer egin daiteke immigrazioari buruz zabalduriko sinesmen horiek aipatzen duzun koexistentzia baten mesedetan egon daitezen?

Zurrumurruen aurkako sarea oso inportantea da. Prest dagoen jendeari eta nolabaiteko enpatia eta tolerantzia dituen jendeari argumentuak erakutsi behar zaizkio zirimiriarena egin dezan astiro. Alde batean izango ditugu uzkurrak, immigrazioaren kontra daudenak; beste alde batetik toleranteak ditugu; baina, normalean, gizarte oreka eta bakea erdian jokatzen dira, anbibalenteekin. Anbibalenteei eman behar zaizkie argumentu positibo batzuk beste aldera joan ez daitezen. Eta hor jokatu behar dugu. Pentsatzen dugu erdian dagoen jende horrek berez aldatuko duela iritzia, baina ez, errealitate-datuek ez dituzte sekula sinesmenak eta usteak indargab-tzen. Pertsonak, azken finean, pertsona gara taldeetan gaudelako eta talde-sinesmenak ditugulako. Eta talde-sinesmen horiekin, beste per-tsona batzuekin, osatzen ditugu giza taldeak, giza talde erosoak. Eta zu non zaude gustura? Zu bezala pentsatzen dutenekin. Jendearentzako oso inportantea da bere usteak taldeko kideen aldetik konfirmatuta dauden testuinguru batean egotea. Hori ezin da aldatu, hori bideratu egin behar da: gizakiak gizaki gara eta bihar ere gizaki izango gara, hori ezingo dugu sekula aldatu. Baina bidera dezakegu: uste oker bat, tentazio txar bat, jokaera maltzur bat portaera on batera bideratu behar dugu.

Genero biolentziarekin egin dena egin behar da, nolabait, immigrazioaren gaiarekin. Alde batetik legedi bat muntatu behar da, kontestu instituzional bat esanaz, “kontuz!”. Eta, beste alde batetik, sozialki eskaera bat behar da. Eta lortu behar da sozialki dagoen eskaera eta goitik datorren presio instituzionalak bat egin dezatela. Duela 20-25 urte inork ez zuen salatzen 116an alboko gizona emakumea jipoitzen ari bazen, gaur kontestu bat zabaldu da non hori posible den. Astiro-astiro kontestu bat sortu behar dugu, ze gero, gauzak bere kabuz sortuko dira. Ikaratu egin behar dugu? Bai, baina lasaitasuna ere inportantea da. Pentsa dezagun, zenbat diskriminazio erreal dago? Zenbat eraso daude? Zenbat? Hori ere baloratu egin behar dugu. Ze bestela, geu ere kontrazurrumurru bat sortzen ari gara, oso minoritarioa denari garrantzia emanaz. Dena den, hau guztia gaitza da, oso konplexua da.

Faktore asko nahasten dira, askotariko sinesmenak eta usteak, alde batetik, egitateak bestetik, faktore koiunturalak... Immigrazioaren gaia hain konplexua izanik, helburu lehena elkarbizitza beharrean elkarren arteko koexistentzia jartzea lagungarri izan daiteke?

Bai. Immigrazioaren paktua erredaktatzen ibili ginenean oso jende desberdina batu ginen, eta debate oso inportante bat izan zen: ea aniztasunaren edo immigrazioaren paktua izan behar zuen. Ni immigrazioaren aldeko paktu baten alde azaldu nintzen, zergatik? Nik uste dut askotan pentsatzen dugula etapak erre egiten ditugula promulgatzen ditugulako, horietaz hitz egiten dugulako. “Hemen behar duguna da konbibentzia” esaten dugu, eta bai, eta normatiboki horrek izan behar du helburua, eta helburu horretara abiatu behar dugu, baina hasi gaitezen oinarrizko pausoekin. Lehenengo eta behin kuriositatea sortu behar dugu, “joño! Ze jende ezberdina bizi den dagoeneko hemen!”, eta gero ikusiko dugu jende horretako zati bat zure herriko eskolaumeekin eskolan daudela, “joño! eskolan ere badaude! eta auzoan, eta eskaileran!”. Horrela koexistentziara pasako gara. Eta koexistentzia ez-gatazkatsu batera pasatzea aurrerapauso ikaragarria da. Gero etor daiteke konbibentzia, eta horretarako era guztietako programak egon beharko dira, eta normaltasuna egongo da.

Zuk taberna batean honako egoera hau ikus dezakezu: lau poteatzaile immigrazioaz gaizki esaka ari dira, eta ordaintzerakoan konturatzen dira zerbitzaria, entzuten egon dena, immigraria dela, eta esaten diote automatikoki, “e, baina esan dugunak ez dauka zerikusirik zurekin, zu adiskidea zara!”. Immigrazioaz gaizki hitz egiten da, baina immigrariaz ez da gaizki hitz egiten. Beldurra ematen du immigrazioak, fenomenoak bere osotasunean, baina immigrariak banan-banan ez. Esaten dira honelakoak: “immigrariak etorri dira dena eramaten, baina nik etxean daukadan neska ikaragarri maja da, eta langilea eta fina, pertsona ona. Zelan babesten duen ama”. Immigrazioa mikrora ekartzen ahuldu egiten da beldurra, eta ondu egiten da makroan txarto ikusten dugun fenomenoa.

Hobe beharrez, zurrumurruak gainditzeko eta immigrazioaren iritzi ona zabaltzeko helburuz, edulkoratu egiten dugu immigrazioaren errealitatea?

Bai, batzuetan edulkoratu egiten dugu errealitatea, eta esaten dugu, “ez da hainbesterako”. Eta ez da horrela: bada bada, eta ez bada, ez da. Zuk ere sinesgarria izan behar duzu besteen aurreiritziak apurtu gura badituzu. Inportanteena da errealitatearen ahal den eta ikuspegirik neurtuena, zientifikoena eta errealitatera egokituena ematea, jakinda datuekin eta sentsibilizazio-kanpaina orokorrekin ez garela helduko uste horiek apurtzera. Prozesuaren hasierako fasean gaudenez, sentsibilizazio oso orokorra egiten dugu, eta ziurrenik publikoaren arabera berezitu egin beharko genuke. Zer gertatzen da? guk gure burua progretzat daukagula, eta uste dugu egian gaudela, eta egian gaudenez arrazoia daukagula eta arrazoia daukagun neurrian besteek sinetsi egin behar digutela, eta besteek pentsatzen dute gu gilipollas batzuk garela.

Guk pentsatzen dugu asmo on eta helburu onetara bideratutako programak, nahiak, desioak eta proiektuak planteatzen ari garenez jendea konbentzituko dugula, baina jendeak esaten du, “Niri horrek zer?”. Uste dugu arrazoiarekin alda dezakegula errealitatea, eta arrazoia edukitzea balitz kontua, aspalditik paradisu batean biziko ginateke, baina jende bati berdin dio gure arrazoiak.

Koexistentzia eta elkarbizitzari dagokionez, eskolan koexistentziarekin konformatu behar gara?

Bai. Hasieran bai. Gainontzeko bertako ikasleek duten koexistentzia lortu behar dugu bertako eta immigrarien seme-alaben harremanean, ez gehiago ez gutxiago. Eskola, beste hainbat eremu bezala, gudaleku bat izaten da, eta eskola batean egon litezke taldeak eta azpitaldeak, patioa izan liteke portaera ekologikoaren leku edo sabana bezain basatia, edo Port Aventura bezain erakargarria. Ulertu behar duguna da ez dugula ezer berezirik egin behar egoera (teorian) berezi batentzako. Irakasleak—hezkuntza-sistemak— lehenengo egoera normaldu egin behar du, hau da, eskolara etorri zaizkio ikasle berri batzuk. Egoera horretan, nik uste dut funtzionatu behar duela nolabaiteko babesak, enpatiak, baina era berean indiferentziak. Oso inportantea da indiferentziaren printzipioa. Tolerantzia askotan indiferentzian oinarritzen da, ez maitasunean, ez afektibitatean. Guri zer gustatzen zaigu Donostiara joaten garenean? anonimo izatea. Immigraria askotan ezin da anonimoa izan. Zergatik ez diogu ematen aukera indiferentea izan dadin?

Baina horrek arrisku bat dakar berekin, indiferentzian uzten badugu, atzean utz dezakegu ikasle hori.

Ez, ez, ez naiz ari horretaz. Indiferentziak esango luke, “hau beltza baino ez da”, “hau latinoamerikarren semea baino ez da”. Iritsi beharko ginateke imigrariak beharrean pertsonak ikustera, hori litzateke konbibentzia supremoa, baina indiferentzia da esatea, “begira, nik zu bezalakoa izan nahi dut”. Immigrariari honakoa esan ohi diogu: “ez zuk afrikarra izan behar duzu eta berreskuratu behar duzu Afrikako kultura, ze benetakotasuna hor dago...” eta berak esaten dizu, “ez, ez, nik zure modukoa izan nahi dut”. Permititu egin behar diogu. Ezin dugu immigrazioa, ez gela barruan ez gelatik kanpo, parke tematiko batean bilakatu, ze askotan hori egiten dugu.

Zein da ikasle immigraria eskolan sartzeko bidea?

Astiro-astiro joatea. Irakasle batek -hezkuntza-sistemak-, lehenik, fijatu behar du ea pertsona hori defizit ba-tzuekin etorri den, eta defizit horiek zelan konpentsatu, batez ere klasekideen erritmoan ibiltzeko. Hori egin beharko du lehenik. Eta bigarrenik, adi egon beharko du ea diskriminaziorik pairatzen ari den ala ez bere ezaugarriengatik. Baina, batez ere, beste ikasle baten moduan tratatu behar du, berdin-berdin. Eta hori astiro-astiro egingo dugu, eta ea suertea daukagun. Ze ikasleak 8 urte dituztenean adiskide baldin badira, baina 18 dituztenean ez baldin badira, hor problema bat daukagu, ez baita hibridazioa ematen ari. Espero dezagun hibridazio hori asitro-astiro eman dadila. Ez dago errezetarik.

Errezetarik ez, baina eskolan esku-hartze programak daude, eta beharrezko izango dira, ezta? Hamar ikasle immigraritik bederatzi matrikulazio-epetik kanpo datoz, hori bideratzeko nolako programa behar da?

Matrikulazio-epetik kanpo eta eskolako hizkuntza ezagutu gabe etortzeak, arazoak dakartza, hori argi izan behar dugu. Baina aipatzen dituzun programak izan daitezela inplizituagoak esplizituagoak baino, hau da joan daitezela inkorporatuta lortu behar diren helburuak ahal den eta modu tuneatuenean, modurik ikusezinenean, lortzeko; bestela nabarmenki esplizitatzen badugu, markatzen ari gara egoera. Emakume modura gizonezkoena izan den lizentziatura bat egitean gura duzuna da besteak bezala tratatua izatea, ez hobeto ez txarrago, bada guretzat balio izan duten neurri, errezeta, kezka eta desadostasun berberak trasladatu beharko genituzke immigraziora.

Irakasleak, oro har, gizarteko beste eremu batzuetako profesionalek baino harreman handiagoa dute immigrazioarekin. Sentsibilitate berezia behar ote dute gaiarekiko, baliabide eta programa zehatzetatik haragoko sentsibilizazio-fisolofiko bat, kasu?

Momentu honetan klase analisiak egiteko eskasia dagoela ikusten dut, Marxismoa analisitik aspaldi bota dugu, eta badirudi hemen muntatu dezakegula paradisua, eta ez, paradisua ez da edonon muntatzen, hau da, segregazio eskolarra ez da muntatzen immigrazioa etorri denean. Praktika pedagogikoak praktika politikoak eta klase praktikak dira. Gurasoak, eredu bat aukeratzen dutenean, azken finean, euren seme-alabak nolakoak izatea nahi duten aukeratzen ari dira. Zentro bat aukeratzen duzunean eredua, kontestua, lagunak eta estatusa aukeratzen ari zara, gutxienez. Eta estatus hori lotuta egongo da zuk dituzun baliabide kulturalekin, ideologikoekin, ekonomikoekin edo identitarioekin.

Paradisua lortzen badugu hobeto, denak martxa berean joatea lortzen badugu hobeto, baina pentsatu behar dugu egoera ezberdinetatik abiatzen direnek halabeharrez igual bukatu behar dutela toki desberdinetan.

10 urterekin datorkizunean pertsona bat hizkuntza ez dakiena, satelite indibidual bat ez bada zeinak oso denbora laburrean lortzen duen taldeko punta izatea, logikoki, portzentajerik altuenak ez du lortuko hemen denbora daramatenen neurria, eta hori igual onartu egin behar da fenomeno modura. Prozesu sozialak eta materialak aztertu behar dira eta ezinezkoa dena ezinezkoa da askotan. Eta igual immigrazio-prozesu batean datozen neska-mutikoak, hemen atzeratuak geratzen direnak, belaunaldi sakrifikatu bat izan behar dira. Erkatu dezagun horiek noraino heltzen diren hemen eta noraino hel zitezkeen jatorrizko gizartean eta, igual, jatorrizko gizartean ere ez ziren urrunago helduko sistemak ez zielako ematen baldintzarik, edo aukerarik ez zutelako, edo lan egin behar zutelako umetatik. Ezin dugu eskema homogeneo bat bezala hartu. Saia gaitezen homogeneotasuna lortzen helmugan eta hor jar dezagun ahal den eta berdintasun-maila handiena lortzearen helburua, baina pentsatu behar dugu traiektoriak desberdinak izango direla. Eta fase batean, neurri batean, onartu behar dugu desberdintasun sozial gradu bat. Ze seguruenik neska-mutiko horien gurasoek onarturik daukate eurek sakrifikatuak direla, eta sakrifikatzen direla euren seme-alabengatik. Immigrari guztiek, pertsona guztien moduan, helburu bat dute: euren seme-alabak hobeto bizi daitezela. Materia humanoa berdin da ze koloretakoa den eta nongoa den: bakoitzak nahi duena da bere hurrengoak modu duin batean bizi daitezela. Hala nahi izan dute bertako baserritarrek, Espainiatik etorritakoek eta orain munduko toki guztietatik datozenek.

Nik uste dut ahal den eta homogeneotasun handiena lortzea ipini behar dugula helburu modura, baina onartu egin behar dugu, eta ez porrot modura, prozesura hizkuntza barik, edo oinarrizko hezkuntza-defizit batekin integratu direnak helmugara iristen direnean desberdintasun batzuk izango dituztela. Hori grabea litzateke kolektiboaren ezaugarri bat bilakatuko balitz hemen instalatuta daudenean, bertan jaio direnean eta hala ere desberdintasunak daudenean beti helmugan, nolabaiteko sabai gaindiezin batzuk daudelako. Hori da problematikoa. Ijitoen kasua, esate baterako: zoritxarrez uste dut ijitoen kasuan eta magrebtarren kasuan arazoa dagoela, emakumeak haustura bat egiten du talde kulturarekin edo bestela, zoritxarrez, magrebtar eta ijito emakumeak oso mendeko egoeretan egongo dira beti, eta gizonak, analfabetoak. Hori ezin dugu permititu gizarte modura.

Gaur egun etxetik dakargun egoera sozioekonomikoak baldintzatzen du eskolaren amaieran izango dugun emaitza. Gaur arte denbora luzean eskolak aukera berdintasuna ematen die jatorrian ez zeukaten umeei, baina gaur egun, dagoeneko, ez da horrela.

Pobrezia eta pobreziaren eskema soziokulturala transmititu egiten da generazioz generazio, eta pobreziatik irteteko eskema soziokulturala ere bai. Orain arte ez zen horrela gertatzen, eskola agente berdintzaile klabea izan da hezkuntzan, kontua da gaur egun berriro ere diferentzia handiagoa dela, berriro hasi baikara pobrezian erortzen eta desberdintasunak areagotzen doaz. Gizartearen eta instituzio politikoen lana da lehenengo baliabideak ipintzea mundu guztia heldu dadin nahi lukeen lekuraino, eta bidean desbideratzen hasten bada norbait, sistema saiatu behar da hori berriro bideratzen.

Egiteko pedagogiko bezala eskolari zer eska dakioke, migrazioen inguruko pedagogiari dagokionez? Eta zer baliabide eman behar zaizkio?

Batetik, magisterio-eskoletan egon beharko litzateke formazio bat aniztasunean eta aniztasunaren tratamenduan, eta aniztasunaren tratamendu legalean. Gauza asko galarazi nahi dira legez ezin direnak, esaterako, zapia.

Eta gero, aniztasunaren ulerkeran txosten oso inportante bat behar dugu, Quebecen egindako Bouchard Taylor txostenaren parekoa. Debate sozial inportantea planteatzen du txosten horrek, aniztasuna nola tratatu behar dugun estatu bat dagoenean eta gu gutxiengo nazional bat garenean, eta, era berean, etorkinak daudenean. Horrelako txosten batekin jakingo genuke zer den eskagarria, zeintzuk izango liratekeen limiteak, eta zeintzuk diren erantzun beharreko eskaerak.

Bigarrenik, argi edukirik euskarak ez duela edukiko etsairik gainontzeko hizkuntzetatik, baizik eta gaztelania eta ingelesetik etorriko zaiola mehatxua, eskaera dagoenean eta baldintza batzuetan, zenbait hizkuntzaren irakaskuntza planteatuko nuke.

Eta sartuko nuke, baita ere, jendea eskandalizatuko duen arren, erlijioaren gaia berriro eskolan, erreflexio modura, errespetuosoa izanda bakoitzaren sinesmenekin. Erlijioak hartzen duen dimentsioa ulertu behar dugu, ezin dugu munduan erlijiorik ez balego bezala bizi, distantzia hori Europako anomalia bat besterik ez da.

Eta ez nintzateke hainbeste larrituko eskoletan dauden etorkin-kopuruez. Ez nuke kopuru bat gaindituta problema kontsideratuko etorkinen presentzia, ze ez dugu problema kontsideratzen beste eskola batzuetan dauden pobre kopurua, eta saiatzen gara horiei ahal diren baliabide onenak ematen. Ni kezkatzen nau desagertzear zeuden A ereduko kolegio batzuetan, non irakasleak erreta dauden, immigrariak almazen modura sartzeak: hori porroterako bidea zabaltzea da. Auzo immigrari batean immigrariak egoteak, ordea, ez nau kezkatzen. Sartu eskola horietan baliabide gehiago, eta proiektu pedagogiko bat duen jendea. Arazoa da eredu horrek legearekin egiten duela topo. Eta nik hor boluntaridade handiagoa eskatuko nuke, irakasle batzuek gura badute proiektu baten izenean nonbaitera joan, gauzak egiteko aukera izan dezatela.