“Idazten ikastea ikerketa-lana da”
Metodoak erabili ordez, idazten ikasiko badu, haurraren barne-prozesu naturala errespetatu behar dela dio Elena Laiz irakasleak: “Giro alfabetizatu batean, umea bera joango da idatz-sistemaren ezaugarriez jabetzen, igaro beharreko fase batetik bestera pasatuz; alferrik da behartzea eta kaltegarria presionatzea”.
Haurrak bere barne-prozesua egin behar du oinez ibiltzen hasteko, esfinterrak kontrolatzeko, lehen hitzak esateko… Bada, beste horrenbeste gertatzen da irakurketarekin eta idazketarekin ere: ume bakoitzak, pixkanaka, bere erritmoan egiten duen ikerketa-prozesua da.
Myriam Nemirovskyk, Ana Teberoskyk edota Emilia Ferreirok egin dituzten ikerketek zientifikoki erakutsi dute giro alfabetizatu batean bizi diren haur guztiek hainbat fase igarotzen dituztela idazten ikasteko, eta horiek errespetatzea funtsezkoa dela umearen ongizaterako. Irakurketaren lehen urratsen inguruko zenbait aurkikuntza egin badituzte ere, ikerketa nagusia idazketan dago oinarritua: Idatz-sistemaren ikaste-prozesuaren psikogenesia deritzote horri.
Umearen ikaste-prozesuaz hitz egiten du, beraz, psikogenesiak. Eta, hain zuzen ere, beste ezeren aurretik ideia horretan jartzen du arreta Elena Laiz Zizurkilgo irakasleak, “umeak berak ikasteaz ari baikara hizketan, eta ez irakasteaz”. Konstruktibismoa oinarri hartuta, urteak eman ditu eskola txikietan irakasle eta aholkulari lanetan, eta bereziki landu ditu irakurketa eta idazketa. Bere esanetan, idazketaren kodigoa ikasteko umeak egiten duen barne-prozesua ezagutzeak aldaketa oso bat dakar: “Konturatzen zara haurrari beste era batera begiratu behar diozula, beste begi batzuekin: umea pentsatzeko gai den pertsona argia dela, bizkorra, intuizioz betea, etengabe sekulako prozesu mentalak egiten dituena… Baina helduok askotan ez dakigunez nolako prozesuak egiten dituen haurrak bere barnean, gure ikuspegitik ikusten dugu, bere tokian jarri gabe. Guk irakurtzen eta idazten badakigunez, gure logikatik abiatzen gara umeekin jarduterakoan. Eta, askotan, oso modu artifizialean irakasten diegu irakurtzen eta idazten”.
Arreta haurrarengan jarri ordez, abiapuntua helduaren logikan eta irakastean jarri delako sortu dira irakurketa-idazketa metodoak: fonetikoa lehenik, silabikoa gero, globala hurrena, naturala ondoren… Eta Laizek ohartarazten duen moduan, zer dauka metodo orok? Metodoak berak agintzen duela, berak markatzen dituela eman beharreko pausoak. Eta, ondorioz, haurrak metodo horren baitan kokatu behar direla. “Horregatik, hasten gara esaten: ‘pentsa, jada hau jakin beharko luke eta oraindik ez daki’ edo ‘horrela idatzi beharko luke eta oraindik ez du behar bezala egiten’, edo ‘begira nola idazten duen… letrak jaten ditu’. Eta hori ez zait justua iruditzen, akats bihurtzen dugulako berez, momentu jakin batean, barne-prozesu horren isla dena. Idazten ikasteko barne-prozesua egiten ari bada haurra, momentu jakin baten isla izango da hori, eta ez besterik. Aldiz, umearen barne-prozesu naturala errespetatzen baldin badugu, umeak berak erakutsiko digu zer uste duen, zein hipotesi dituen, azken finean zein momentutan dagoen eta gure laguntza eta babesarekin berak egingo du bere bidea eta jarraituko du ikertzen”.
Marrazkiak eta testuak bereizi
Irakurtzen eta idazten ikasteko umeak egiten duen ibilbidea azaldu aurretik, “irakurtzeak” eta “idazteak” zer esan nahi duten argitzen du Laizek: “Irakurtzea idatzita dagoena interpretatzea da. Beraz, ‘badaki irakurtzen, baina ez du ulertzen’ bezalako esaldiek ez dute zentzurik. Ulertzen (edo nolabait interpreta-tzen) ez badu, ez daki irakurtzen. Baina, irakurri dezake nahiz eta oraindik ez jakin modu konbentzionalean egiten. Idaztea, berriz, ideiak erregistro idatzian azaltzea da. Hortaz, kopiatze hutsa ez da idaztea, baina haurrak idatzi dezake kodea oraindik erabat menderatu gabe”.
Definizio horiek kontuan izanik, erraza da jakitea umea noiz sartzen den idatz-sistemaren ikaste-prozesuan: marrazkiak eta testu idatzia bereizten dituenean, hain zuzen. Adibide bat jartzen du Laizek: “Demagun ipuin bat hartu eta azala erakusten diozula haurrari eta esaten diozula, ‘begira liburu honek lau anaiaren ipuina kontatzen du. Eta hemen, liburuaren azalean, nonbaiten, Lau Anaia jartzen du. Non uste duzu jartzen duela Lau Anaia?’. Umea lau anaia ageri diren marrazkira badoa, oraindik idatz-sistemaren ikaste-prozesuaren aurreko fasean dago, ez dituelako bereizten irudia eta testua; aldiz, Lau Anaia letretan jartzen duela esaten badu, orduan bai, orduan jada idatz-sistemaren ikaste-prozesuan sartuta dago”.
Behin prozesu horretan barneratzen denean, umeak hainbat fase igarotzen ditu modu konbentzionalean idaztera iritsi arte. Hasieran, inolako kontrolik gabe idazten du: “Ume bati esan diezaiokezu ‘txingurria’ idazteko, eta akaso sekulako idatzi luzea egingo du. Beste batek berriz, gauza bera eskatuta grafia bakarra erabiliko du. Baina bietako edozeini galdetuz gero zer idatzi duen: ‘txingurria’ erantzungo dute”.
Garapenean aurrera egin ahala, kontrolatzen hasten dira: “Konturatzen dira helduok nolabait idazten duguna kontrolatzen dugula eta bereizten ditugula hitzak, eta hitzek grafia kantitate jakin bat dutela.Umea ohartzen da, adibidez, hitz denek gutxienez hiru edo lau edo bost grafia eduki behar dituztela. Orduan, adibidez, nik SO idazten dut eta galdetzen diet haurrei: ‘Hemen zeozer jarriko ote du?’ Eta batek esango du: ‘Ez’. Eta nik: ‘Zergatik?’ Eta berak: ‘Oso gutxi direlako’. Eta S, bat erantsi (SOS) eta galdetuko dut: ‘Eta orain balio du irakurtzeko?’ Eta esango dizu: ‘bai orain bai’”.
Fase horretan, era berean, markak, sasiletrak eta azkenik letrak egiten hasten dira haurrak. “Prozesu hori dena oso azkarra da. Gure gizartea letraz beteta dagoenez, marka eta sasiletra horiek oso txikitan hasten dira egiten”.
Silaba bakoitzeko grafia bat
Prozesuan aurrera doazen heinean, haurrak konturatzen dira ordura arteko kontrol horrekin ez dela nahikoa, helduek beste era batera egiten dutela, eta hurrengo fasera igarotzen dira: hipotesi silabikoa eraikitzen dute, alegia, entzuten duten silaba bakoitzeko grafia bat idazten hasten dira. Hasieran, grafia hori soinuarekin loturarik gabea izan daiteke, baina berehala entzuten duten horrekin lotura duen grafia egitera igarotzen dira. Hortaz, “txakurra” idazteko batek XUR [X(txa)-U(ku)-R(rra)] jarriko du edo beste batek A-U-A.
Laizek ohartarazten duen moduan, hor salto ikaragarri bat gertatzen da: haurrak konturatzen direnean idazten denak zerikusia duela entzuten denarekin edo esaten denarekin. “Momentu horretan benetan ulertzen dute hizkuntza idatziaren kodea nola dagoen eratua”.
Hipotesi silabikoaren fasean sartzen dira haurrak idazketaren benetako jabekuntzan. Hori azaltzeko, Alaitz izeneko ume baten adibidea jartzen du Laizek: “Behin, oso urduri, bere izena idazten hasi zen arbelean, ordura arte eraiki zuen logikaren arabera, alegia, hipotesi silabikoa eginez. A-L-Z idazten zuen behin eta berriz, eta esaten zidan: ‘nire buruak hau horrela idazteko esaten dit, baina hau ez da nire izena, zer gertatzen da?’ Eta esan nion ‘Zu lasai egon, zeren zure izena, ondo dakizun moduan, ALAITZ idazten da, pixkanaka joango zara deskubritzen zer gertatzen den’. Noski, momentu horretan ‘gaizki idatzi duzu, letrak falta zaizkizu, ez dakizu…’ esaten badiozu, bere barne-prozesu guztia ari zatzaizkio zapuzten. Nik irakasle bezala, haur hori une horretan dagoela baldin badakit, asko zaindu behar dut fase hori. Horren inguruko jolas asko, ariketa asko, gogoeta asko egin behar ditut”.
Izan ere, bide horretan aurrera egin ahala, haurra konturatuko da entzuten dituen hots batzuk idazteko, alegia, silaba batzuk idazteko grafia bat baino gehiago behar dituela, “nahiz eta bat entzun akaso bi gauza edo hiru jarri beharko dituela. Une horretan buruak klik egiten dio umeari, eta jada atera da hipotesi silabikotik eta aurrera doa”. Hala, lehenengo idazketa silabiko alfabetikora igaroko da —silaba bakoitzeko hizki bat baino gehiago egiten hasiko da— eta hortik alfabetikora —fonema bakoitzeko hizki bat idatziko du—, pixkanaka ortografikora —idazkera formala, adibidez ‘h’-k kontuan hartuz— iritsi arte. “Baina umeak berak ohartu behar du horretaz. Barne-prozesu hori egin ez badu eta jabetu ez bada berak entzuten duenak batzuetan bi grafia dituela, beste batzuetan hiru… aferrik da kanpotik esplikatzea. Haurrak berak egin beharreko ikerketa da, gure laguntza eta babesarekin”.