Harremanetan zer ikusi, hura ikasi

2016-11-17

Nerabeen arteko harremanak helduon aldetik jasotzen dutenaren araberakoak dira, Asier Baglietto soziologoaren ustez. Beraz, jendartean ikusitakoaren, sistemak onartutakoaren isla dira gazteen arteko indarkeriazko tratuak.

 
 
Harremanetan zer ikusi, hura ikasi

Sexuen hezkuntza, parekidetasuna eta tratu onak susta-tzea ditu helburu Arremanitz kooperatibak sorturiko Harremonak egitasmoak. Proiektu horren zuzendaria da Asier Baglietto Urola bailaran, eta, udalek babestuta, bailarako ikastetxeetan nerabe eta gazteekin lanean ari dira, baita herriko eragileekin ere.

Nolakoak dira nerabeen arteko harremanak oro har?

Nerabeen arteko harremanak jasotzen dutenaren araberakoak dira. Beraz, arreta jarri behar genuke zer eskaintzen ari garen gure haur eta nerabeei. Bikote harremanetako indarkeriaren gaia, adibidez, orain bat-batean badirudi nerabeen kontu bilakatu dela, beraien arazoa dela. Baina azkenean beraien harremanak jaso dutenaren isla dira. Arreta jartzen badugu nolako bizimodua edukitzen ari diren gure nerabeak, ikusiko dugu inoiz baino arreta gutxiago jasotzen ari direla, familiak behin ere baino desegituratuago dauzkagu; behin ere baino denbora gehiago eskaintzen diogu produkzioari, lanari, eta behin ere baino denbora gutxiago familiari, haur eta nerabeei behar duten arreta, behar dituzten mugak, balioak, erreferenteak eskaintzeari. Batetik, babesa falta dute, eta, beste alde batetik, ardura. Badirudi nerabe baten eginkizun bakarra bere ikasketak aurrera ateratzea dela, eta hori beraien kontra datorren zerbait da. Izan ere, nerabe baten edo haur baten eginkizuna familiaren parte izatea da, familiaren ongizatean ere bere ekarpena egitea, bere ardura hartzea. Beraz, horren guztiaren emaitza dira nerabeak: inoiz baino babes eta ardura gutxiago dute, eta, era berean, kanpo erreferente gehiago. Gure gazteen erreferenteak telesaioetako pertsonaiak dira.

Jaso duten horrek zer ondorio ditu beraien harremanetan? Zein jarrera nagusitzen dira?

Jendartean dauden jarrera berberak, baina korrekziorik gabe. Helduen artean korrekzio handi bat existitzen da, eta, orduan, inor ez da lehiakorra, inork ez du indarkeria kanpora ateratzen, tratu txarrak ezkutuan egiten ditugu… Nerabeen artean, berriz, gauza hauek oso agerikoak dira, eta ez dute oraindik ikasi helduen hizkuntza korrekto hori. Beti egon diren bezala, orain ere nerabeen artean indarkeriazko tratuak badaude, eta lehiazko harremanak badaude, baina elkartasuna ere badago, eta elkarri babesa eta laguntza ematea ere bai. Beraz, ez da egokia sinplifikatzea. Nik uste nerabeen arteko harremanetan formak aldatu direla, beti egon den indarkeria hori, sistemak berezkoa duen indarkeria hori, beste modu batzuetara agertzen ari direla, izan ziberbullyingaren bitartez, bideokameraz grabatutako erasoen bidez… Beraz, buelta eman behar zaio eta ikusi zer eskaintzen ari garen, eta ez hainbeste beraiek nolakoak diren. Eta zertan datzan indarkeriak, zer dela-eta jotzen duten beraiek indarkeriara... Galdera horietan topatuko ditugu erantzunak, zeren eta galdera horiek helduongan jarriko dute bueltan erantzukizuna.

Badirudi orain bullying kasuak ugaritzen ari direla, edo gazteen arteko bikote harremanetan indarkeria areagotzen ari dela… baina horrela al da? Agian horien detekzioa da areagotu dena...

Zaila da zehatz esatea ea gehiago diren edo gehiago ikusten diren; segur aski bietarik dago. Batetik, nabarmena da lehen arretarik jartzen ez zitzaion alderdi bati orain arreta jartzen ari gatzaizkiola; beraz, fokoa horretan gehiago jartzean, gehiago ikusten dugu. Baina, beste alde batetik, egia da datuek diotela indarkeria jasan eta eragin duten pertsonen artean nerabeen eta gazteen portzentajea oso altua dela. Orduan, esango genuke badagoela gazteen artean indarkeria hori txertatuta. Ikusi beharko litzateke noraino den indarkeria nerabezaroaren ezaugarri bat; azkenean, nik uste indarkeria horrek lotura handia duela taldeko parte izatearekin. Nola eraikitzen da taldeko izatearen identitate hori? Bazterketaren gainean, zoritxarrez. Berriro berdinera goaz: gaur egun jendarte honetan nola eraikitzen ditugu harremanak? Askotan bazterketaren bitartez, ni taldekoa naiz zu ez zaren heinean. Orain gutxi irakurtzen nuen: gizon askoren identitatea eraikitzen da norbait azpian edukitzearen gainean. Horrek isla dauka nerabeen harremanetan.

Prebentzio lana egitearen garrantzia aipatzen dute adituek, tratu onak sustatzearen inportantzia, eta zuen lana ere ildo horretatik doa. Baina aipatu dugu familietan arreta nahikorik ez zaiela eskaintzen nerabeei… egiten al da lanketarik gaiaren inguruan? Eta eskoletan?

Lehen erantzuna da baietz, egiten dela. Planak eta programak daude eta udaletatik baliabideak jartzen dira, eta zentzu horretan badago lanketa. Baina kezkatzen nau oso modu fokalizatuan egiten dela. Orain dela urte batzuk naturaren inguruko errespetuan jarri genuen arreta eta orduan Agenda 21 planak egiten genituen. Orain arazoa da emakumeen aurkako indarkeria, eta, orduan horren inguruko programak egiten ditugu. Baina bitartean sistemak zapaltzailea izaten jarraitzen du. Gure jendartean haurrak eta nerabeak oso gaizki tratatzen ditugu, oso gutxitan kontsideratzen ditugu pertsona oso, beraien bizitzari buruzko sena daukatenak, badakitenak zer behar duten eta zer nahi duten. Ez, derrigortu egiten ditugu egunero hainbat orduz nahi ez duten leku batean, nahi ez duten ikasketa batean, nahi ez duten modu batean egotera. Erabat normalizatua dago hori. Hitzezko tratu txarra ere oso normalizatua dago gure jendartean eta iruditzen zaigu erabat garrantzirik gabekoa dela. Baina hori da gazteek jasaten dutena sistematikoki familiaren nahiz eskolaren bitartez. Oso gutxitan esaten zaie “zuek erabaki zer behar duzuen”. Hori da beraiek erreproduzituko duten tratua. Nerabeen arteko indarkeria nagusia psikologikoa edo sinbolikoa da, indarkeria fisikoa baino gehiago.

Beraz, prebentzio lana badago, baina sistematik beraien lekua onartzen ez diegun bitartean, pertsona oso kontsideratzen ez ditugun bitartean, galdetzen ez diegun bitartean “zein dira zuen premiak?”... beraiek obeditzen ikasten dute, eta barneratzen duten mezua da “handiagoa naizenean txikiago bat mendean hartuko dut”. Orduan, programa eta planen bidez adabakiak jartzen ari gara, baina muinari oraindik ez diogu heldu. Era berean, adabaki horiek oso beharrezkoak dira. Eskerrak eskoletan ardura hartzen ari diren, eskerrak guraso asko ari diren beraien seme-alaben hazkuntzaz ardura hartzen!

Zer da zuek eskaini nahi duzuena, adabaki horiez harago?

Gazteekin tratu onen inguruan egiten dugun lanketari horri, eskoletan 0-12 edo 0-18 urte artean 15 ordu eskaintzen zaizkio. Beraz, aletxo bat besterik ez da gure lana. Nagusiki bi ardatzetan egiten dugu lan. Batetik, zapalkuntzen inguruan: genero rolak, gizontasuna lantzen dugu mutilekin, neskekin autodefentsa, jabekuntza, gorputz irudia… norbere kondizioari eragiten dioten gaiak, alegia. Eta, bestetik, lantzen dugu sexualitatea, eta guztia uztartzen duen tratu onen gaia. Guretzat inportantea da tratu onen ikuspegitik lantzea genero zapalkuntza edo sexualitatea: gizaki onak garela eta merezi dugula ondo tratatuak izatea, eta merezi dugula ardura hartzea gutaz eta gure ingurukoen bizimoduaz.

Bestalde, tratu onen harira, faltan botatzen dudan gako handi bat da sexu erasoekin lotuta fokoa zein gutxi jartzen den gizonetan. Ez da kasualitatea, erasotzaile guztiak gizonak dira. Noiz hasiko gara gizonak gure buruak begiratu eta kuestionatzen zer dela eta hainbeste gizonek hartzen duten eskubidea beste pertsona bat bortxatu, ukitu, iraindu ahal izateko? Hori falta da. Sintomari begiratzen badiogu, ez diogu oinarriari begiratzen. Sintoma da gazteak indarkeria zaleak direla, ezta? Goazen begiratzera zer dagoen sakonean, eta nola diren heziak mutil horiek, zein eredu dituzten eta zein falta zaizkien. Gaur egun ez daukate erreferente positiborik modu aktibo batean. Emakumeen aldetik badagoen bezala subjektu feminista bat, esparruak bereganatzen ari dena eta bere burua lantzen ari dena; gizonen aldetik falta da hori.

Harremanetan, emakumeekiko tratu onei dagokienez, berdintasuna urrutiko gai bezala ikusten dute, kosta egiten zaie beraien egunerokora ekartzea. Horren atzean daukagu sistema ideologiko oso bat oraindik ukitu gabea. Azkenean lehen esaten nuen sintomaren eta gaitzaren kontua da: sintoma indarkeria da, baina gaitza desberdintasuna da, oraindik ere gizon batek sentitzea eskubidea beste baten gorputza ukitzeko.

Guraso gisa, zer eskaini beraien artean tratuak onak izan daitezen?

Ematen diogunaren zati handi bat da gu garena, beraz, eman behar diegu bizitza on bat, inguru familiarrekiko tratu justu eta gozagarri bat. Gurasoak bere buruari entzun behar dio: zer behar dut nire haurrari arreta emateko? Lanetik lehenago atera eta paseo bat ematea, nire haserrea deskargatzea… Lehenengo, geure buruari eman behar diogu tratu ona. Bestalde, haurrak ez dira gureak, gure bizitzara etorri diren izakiak dira, eta inportantea da autonomia ematea, bere beharrak errekonozitzea, eta ahalik eta askeen izaten irakastea, genero rolak gaindituz.