Bi haur, une paregabeak eta eten bat
* Familian gozatzeko proposamenak Ainhoa Agirreazaldegi bertsolariaren eskutik
Guraso izatera goazenean, gure haurrarekin izango dugun harremana irudikatzeko tentazioa saihestea zaila da. Ariketa arriskutsu horretan, behin baino gehiagotan izan nuen nik ipuinak, antzerkia, kantak, kontzertuak, filmak… alabarekin konpartitzeko ilusioa.
Lau urte ditu Maddik. Eta gogoan dut, bi urte zituela jaso nuen ezusteko ederra. Ordurako jartzen genituen diskoak etxean eta, dena esan behar bada, batez ere autoan. Pirritx, Porrotx eta Marimototsenak gehienetan. Musika bai, jarraitzen zuen, baina letrak zailtxoak zitzaizkion oraindik. Bi urte betetzear zela, egun batean otu zitzaidan haur-eskolan galdetzea, ea zein abesti abesten zituzten haurrekin. Txikia izanik diskoa aipatu zidaten, bertako kantak maiz abesten zituztela. Ez nuen ezagutzen. Erosi nuen, bada, diskoa, eta hara non nire sorpresa, gure alabak diskoko kanta ia guztiak zekizkien buruz!!! Ezin duzue imajinatu aurrerantzean ze plazer sentitu nuen, diskoa jarri eta bat-batean elkarrekin hogei kantatik gora kanta genitzakeela ikusi nuenean. Izugarrizko emozioa sentitu nuen. Eta aldiro emozionatu naiz, ikastolatik nik espero gabeko kantaren bat ikasita ekarri duenean, Mikel Laboaren Txoriak txori, edo Imanol Urbietaren hainbat kanta, esaterako.
Esan bezala, txikitatik izan ditu Maddik lagun Pirritx, Porrotx eta Marimototsen diskoak. Horiek ez dira inorentzat nobedade, baina, guraso gisa, aitor dezadan harrituta utzi nauela azken urteetako diskoen kalitateak. Denen artean hiru apartatuko ditut: Euskadiko Orkestra Sinfonikoarekin grabatu zuten Sentitu, Pentsatu, Ekin!, Albaola Itsas Kultur Faktoriaren lana abiapuntu hartuta sortu zuten Txo, Mikmak txikia eta Joxean Ormazabalen letrekin ateratako Euri tanta banintz. Zoragarriak hirurak.
Eta diskoen artean, beste bat ere bereizi nahi dut guztien artetik: Gaueko Entziklopedia Koxkorra. Kataluniako “2princesesbarbudes” taldeak ondu eta, gaueko kontuak hizpide dituzten abestiak biltzen ditu diskoak. Pilarik gabeko jostailu-tresnekin egiten dute musika. Pop estetika minimalista eta poesia letra burutsuak dituzten kantak interpretatzen dituzte. “Enciclopèdia baixeta de la nit” katalanezko diskoaren euskararako egokitzapena da, eta Ainhoa Aranbururen itzulpen zoragarriak ditu, besteak beste. Hainbat kontzertu eman zituzten iaz Euskal Herrian (diskoko kantak ezagutuz gero, ikaragarri gozatzen dute haurrek kontzertuan). Eta txoritxo batek esan dit bigarren diskoaren euskarazko bertsioa prestatzen ari direla, eta pentsatzen dut diskoarekin batera kontzertuak ere etorriko direla…
Bi urtetik aurrera ireki zitzaizkigun antzerkirako ateak, eta lau lan aipatuko ditut denen artean: Glu Gluren Ahatetxo Itsusia, inplizituki genero arauak zoragarriki hautsi eta nire gusturako proposamen berritzaile asko dituen obra; Logela Multimediaren Barbantxo, antzerkia eta teknologia berriak oso modu ederrean uztartzen dituena; eta Dejabu Panpin Laborategiaren Idazlea zu zara (Joseba Sarrionandiaren izen bereko liburuko pasarteak dira) eta Azken Portua (abenturaz betetako ikuskizun ederra).
Eta ipuinak, noski. Asko dira aipagarriak, haurrentzako ipuin zoragarriak baitaude egun merkatuan. Merkatu izugarri horretan, bi argitaletxeren pistak jarraitzea izan da pauso ziur samarra emateko nire modua: Ttarttalo eta Pamiela/Kalandraka argitaletxeetako lanak garantia dira niretzat. Gure etxean eta inguruko beste familia batzuetan arrakasta handia izan duten zenbait ipuin aipatuko ditut. Askoz gehiago ere badira, baina hauetako bakoitzak gozatu ederra eman digu, eta une barregarri edo goxo edo ahaztezin mordoa sortu, guraso/seme-alaba harreman horretan: Ttarttalo etxeko Nor da indartsuena, Ama medusa, Ipuinen haria eta Familia giroan (jolas egiteko liburua), eta Pamiela/Kalandrakako Gaueko sukaldean (Fantasia liburua, haurrak erabat harrapatzen ditu), Nola dastatu ilargia, Urdin Txiki eta Hori Txiki, Ama, Bonobo betaurrekodunen egiazko historia, Erein argitaletxeko Elmer, Cenlit etxeko Hiru minutu… Eta, azkenik, ez dut aipatu gabe utzi nahi Elkar argitaletxeko “Dona, dona” saila, bereziki hitzen hoskidetasunean eta hizkuntzarekin jolastea oinarri duten zenbait lan biltzen baititu: J.M Olaizolaren Axa, mixa, lizarra; Askoren artean idatzitako Begira, begira, tradizioaren leihotik…
Bestalde, oso ikasgai nabarmena proposatzen duten ipuinen zaleak ez dira izaten, normalean, haurrak. Edonola ere, uste dut ez direla gauza bera irakaspenak nagusi dituzten liburuak eta korapilo bat aska-tzen laguntzen dutenak. Sabela nahasten eta eztarria ixten duen gairik bada etxean (izan gurasoen artean, izan haurren artean), oso lagungarriak dira ipuinak korapilo horiek askatzen laguntzeko. Bide horretan ezin aipatu gabe utzi Betiko (Ttarttalo) –heriotza bat gainditzeko faseez hitz egiten du, oso mezu baikorra emanez–; Goikoak eta Behekoak (Pamiela) –`besteak´ eta `gu´, elkarrekiko errezeloak eta antzekotasunak–; Arrosa eta leuna (Pamiela/kalandraka) –generoaren araberako zatiketak ditu gai–; eta El niño y la bestia (Picarona) –gurasoak, banatzen direnean, ahul geratzen dira, nahi baino gehiagotan zakar portatzen, eta maitasun handiaren premian sentitzen. Ipuin honek haur bat eta bere ama-piztiaren arteko harremanaz hitz egiten du, eta hunkigarria da oso–.
Ipuinekin amaitzeko, ezin aipatu gabe utzi haurrentzako ipuin kontalariak. Zarautzen zorteko gaude, hilean behin izaten baitugu bertako liburutegian Miriam Mendoza ipuin-kontalaria. Berarekin deskubritu dut ipuina bera bezain garrantzitsua –edo are garrantzitsuagoa– dela ipuinak kontatzeko modua. Gertatu izan zait (ipuin mutuekin oso argi ikusten da hori) berak kontatu duen ipuinen bat ni etxean kontatzen hasi eta ohartzea kontalariak berak osatzen duela ipuina nagusiki. Berak adinako zukua atera nahi ipuin bati, eta ezin asmatu. Hortxe, dakienaren abildadea.
Eta aipamenekin amaitzeko, bisitatzeko eta bertako lagunen kontuak entzuteko hiru leku eder aipatuko ditut: Pasaian dagoen Albaola Itsas Kultur Faktoria (garai bateko euskal itsas teknologia berreskuratzea du ardatz); Leitzan dagoen Peruharri museoa, harriaren historia eta honen bidez euskal herriko kultura modu xamurrean lantzen dituena; eta Noainen dagoen Zentzumenen Parkea, bisitatzeko leku paregabea benetan.
Lau urte hauetan izan dugu eten handi samar bat, hala ere. Duela hamabost hilabete jaio zen Maddiren neba, Ekhi. Gauza asko alda daitezke seme-alaba zaharrenaren bizitzan, bigarrena jaiotzen denean. Gurean, asko aldatu den eta bereziki mina eman didan zerbait hauxe izan da: lehen konpartitzen genituen ipuin, kanta, antzerki eta bestelakoak bat-batean ikaragarri urritu direla. Halabeharrez. Haur jaio berriak patxada ez beste guztia ekarri zigulako. Nahi baino gehiagotan egokitzen garelako guraso bakarra bi haurrekin. Eta abesti berriak ikastea eta ipuin berriei dagokien tartea ematea une batzuetan dezente zaildu zaigu. Zenbait guraso deseatzen egoten dira haur helduenaren eta gazteenaren bio-erritmoak batera-tzeko (loa, jana…), egunerokoa errazte aldera. Bada, ni, deseatzen nago Ekhik beste bospasei hilabete betetzeko: bi haurrekin antzerkira joan ahal izateko, kanta berriak ikasten jarraitzeko, biei ipuinak lasai kontatzeko (gazteenak ipuin-kontaketa behin eta berriro eten gabe)… Kultur-erritmoak bateratzeko, alegia. Bateratzeko, baino, berriro ere haurrekin kulturaz normaltasunez gozatzeko.
Eta, barru-barruan, beste desio txiki bat ere badut, haurdun nengoenean irudikatzea bera ere ezinezkoa zitzaidana: laster, kultur-proposamenak, beraiek egingo dizkidate niri…