Saltxitxak ekarri zuen kontziliazioa
Islandia eta Norvegia dira berdintasun- eta kontziliazio-tasa onenak dituzten herrialdeak mundu-mailako rankingen arabera. Alabaina, kontziliazioa ez zaie zerutik erori. Protestei esker, legezko neurriekin eta aiten inplikazioarekin lortu dituzte gurasotasuna garatzeko baldintza hobeak. Haatik, ez da paradisurik, Europa iparraldeko bi herrialdeetan ere bada zer hobeturik.
Islandiak ez dauka ejertzitorik, eta ezta polizia armaturik ere. Eta horrek zer zerikusi duen kontziliazioarekin? Bada Islandian ez daukatela protesta egiteko beldurrik. Eta Islandiako Genero Berdintasunerako Zentroko aholkulari Tryggvi Hallgrimssonek Donostian urri bukaeran egin zen Berdintasuna eta Kontziliazioa kongresuan adierazi zuenez, protestek ekarri dute kontziliazioa Islandiara: “Ez daukagu protesta egiteko beldurrik; parlamentuaren aurrean jogurtak eta platanoak bota ditzakegu poliziak armaz erantzuteko beldurrik gabe. Eta protestei esker, oinarriaren presioari esker, eraiki da Islandian eredu sozial berdinzale bat”.
Ez du esan nahi ejertzitoak desegin arte itxoin behar denik kontziliazioa besarkatzeko, baina Tryggvi Hallgrimssonek adierazi nahi izan zuena da Islandian kontziliazioa eraiki egin dela, exijitu egin dela, oinarriak presio egin duela, emakumeek planto egin zutela, “kalean lortu da kontziliazioa bultzatzea”. Gaur egun mundu-mailako rankingetan (Global Gender Gap Report, World Economic Forum eta beste hainbat rankingetan) lehen postuan da Islandia —Norvegiak jarraitzen dio—, eta abiapuntua 1975ean emakumeek egin zuten protestan dago. “1975eko urriaren 24an Islandiako emakumeak gelditu egin ziren, jai egun bat hartu zuten lanera joan ordez, kaleetara irten eta manifestatzeko; agerian jarri nahi izan zuten emakumeek, ordaindutako lanaren eta ordaindu gabekoaren bitartez, egiten duten ekarpen sozial eta ekonomikoaren garrantzi itzela. Protestak Islandiako ekonomia osoa geldiarazi zuen, eta etxeetara gau bateko iraultza ekarri zuen: Islandiako hamar andretatik 9 Reykjavikeko kaleetan ziren, protestan, beraz, gizonek etxetik kanpoko lanez gain etxekoak egin behar izan zituzten, besteak beste, afaria jarri behar izan zuten. Islandia osoko dendetan saltxitxak agortu egin ziren, gizonek orduko hartan ez baitzekiten askoz gehiago sukaldatzen”. Horrenbestez, hurrengo urtean Parlamentuak onartuko zuen Berdintasun Legearen ernamuina izan zen protesta hura “Saltxitxaren eguna” bezala gogoratzen da. “Hala, etxeetako eta lantokietako genero-rolen ikuspegian eragin handia izango zuen mugimendu bat jarri zen martxan”. Saltxitxaren egunak, bada, eraman du Islandia genero berdintasun eta kontziliazio-mailarik handiena markatzera mundu-mailako ranking-etan.
Protestek legea ekarri zuten. Protestek sentsibilizazioa ekarri zuten, eta inplikazioa. Protestek baliabideak ekarri zituzten. Hiru eremu horiek —legeak, aiten eta enplegu-emaileen sentsibilizazioak eta inplikazioak (legez beharturiko inplikazioa) eta zerbitzu publikoak— dira, Tryggvi Hallgrimssonen arabera, kontziliazioan aurrera egiten lagundu duten faktoreak Islandian. Eta hiru eremu horietan aurrera egiteko lau agente sozialek parte hartu dute: gobernuak, legislazioak, enpresa-munduak eta gurasoek. Islandiako berdintasun eta kontziliazio neurriak eredugarri dira, batetik, haurren ongizatea erdigunean jartzen dutelako —adibidez, bi gurasoak ondoan edukitzeko duten eskubidea legez jasoa dago— eta bestetik, emakumeen parte-hartzea beste herrialdeetan baino nabarmenagoa delako lan merkatuan eta politikan —Europako lehen emakumezko presidentea Vigdis Finnbogadottir islandiarra izan zen eta gaur egun Islandiako ministroen % 44 emakumezkoak dira, eta alkatetzan ere erdia dira—.
1976ko Berdintasun legeak, eta urterik urte egin zaizkion xedapenek, kontziliazio-maila altua ekarri dute Islandiara. Neurri hauek ez daude emakumeengan zentraturik; berdintasuna eta kontziliazioa bilatuko badira, Tryggvi Hallgrimssonen arabera, ezinbestekoa da gizonak zaintza-lanetan inplikatzera behartuko dituzten neurriak legez ezar-tzea, familiako zaintza lan guztiak emakumeen bizkar gera ez daitezen erregulatzeko. Neurri garrantzi-tsuenetako bat aitatasun-baimena zabaltzea izan zen: haurra jaiotzean amek hiru hilabeteko baimena dute, eta aitek beste horrenbestekoa; horrez gain, bikotekideetako batek hartzeko beste hiru hilabete dituzte diruz ordainduta —baimenak irauten duen bitartean soldataren % 80a jasotzen dute gurasoek—. Islandia izan da mundu mailan lehena gurasotasun-baimena ematean genero bereizkeriarik egin ez duena. Neurri horrekin, gaur egun, Islandiako aiten % 90 euren seme-alaben zaintzaz arduratzen dira jaiotza ostean. Baimen hori, alabaina, zatika har dezakete, hilabetez lan egin eta beste hilabetez etxean egon... edo nahieran. Lege honek gainera, haurrek euren bizitzako hastapenetan bi gurasoak ondoan edukitzeko duten eskubidea bermatu nahi du, Hallgrimssonen arabera.
Kontziliazioari mesede egin dion beste neurri bat aitari ardurak ematearena izan da: haur-eskolek lehenik aitari deitu behar diote legez seme-alabari zerbait gertatzen baldin bazaio. “Keinu txiki bat da, baina izugarrizko eragin praktikoa izan du —adierazi zuen Hallgrimssonek—. Gizonak kontziente izan behar dira euren seme-alaben zaintzan ardurak eta betebeharrak dituztela, eta horrez gain, keinu honekin aita horien lan-emaileei ere adierazi nahi zaie euren enplegatuek zaintza-ardurak dituztela”.
Aiten sentsibilizazioa eta inplikazioa da Islandiako Berdintasun legearen eraginguneetako bat, eta bestea, enpresak. 25 langiletik gorako enpresa guztiak legez behartuta daude berdintasun plan propioa edukitzera, emakumeak edozelako arrazoirengatik diskriminatuak izatea saihesteko. Plan horrek bereziki lau eremutan eragin behar du: 1) emakume eta gizonen arteko soldata-berdintasuna bilatzen; 2) emakumeen garapen profesionala bermatzen; 3) jazarpen eta diskriminazio sexuala saihesten; eta 4) kontziliazioa lortzen. Hallgrimssonek adierazi zuenez, enplegu emaileak legez behartuta daude, batetik, gizon eta emakumeek lana eta etxeko lanak uztar ditzaten neurriak hartzera eta bestetik, seme-alaben zaintza emakumeak diskriminatzeko aitzakia gisa ez erabiltzera”.
Berdintasuna eta kontziliazioa garatzen joateko legezko neurriak hartzearekin batera, Islandian bi gai horien inguruko sentsibilizazio-lan handia egin da 40 urteotan gizarte mailan. Hallgrimssonek adierazi zuenez, pentsamenduak aldatzeko zeregina du, oraindik ere, bere sailak. “Gizonezkoekin asko dago egiteko oraindik. Emakumeek baino lan gutxiago egiten dute eta gehiago kexatzen dira. Gizonen jarrera aldatu behar dugu, aitatasun aktiboak bultzatu behar ditugu, bai, baina emakume askoren pentsamendua ere aldatu egin behar dugu. Zalantza egiten dugu, adibidez, etxeak hain garbi edukitzea ezinbestekoa ote den. Etxeak dira genero-berdintasunaren gudaleku garrantzitsu. Ez da soilik aitek gehiago egin behar dutela, agian emakumeek gutxiago egin behar dute.” Orobat, gizarte osoari begira, Islandian oraindik indarrean omen dauden genero-idealak apurtzeko helburua dute sentsibilizazio-kanpainek: “Ama zintzoa eta aita hornitzailearen mitoak hautsi behar ditugu”.
Eta legeari eta sentsibilizazioari laguntzeko, baliabideak ematen dizkie administrazioak familiei: doako haur eskolak eta diru-laguntza politika oparoak dituzte.
Azken buruko, legeekin, sentsibilizazioarekin eta zerbitzu-baliabideekin, oro bat kontziliazioarekin bizi-kalitatea hobetzea lortu nahi dute Islandian. Baina zoriontasunean eragitea ez da neurriok guztiok hartzeko arrazoi bakarra. Atzean, bada arrazoi estrategikorik ere, erabaki argiki politikoa baita kontziliazio-neurriak aurrera eramatea —eta baita ez eramatea ere, noski-. “Islandiak apustu bat egin du —adierazi zuen Genero Berdintasunerako zentroko arduradunak—: Inbertsio bat egin dugu: epe laburrean kostu ekonomiko garrantzitsua duen apustua da, baina epe luzera efektu ekonomiko positiboa izango du, ugalketa faktore klabea baita garapen ekonomikorako, eta hor kontziliazioa giltzarri da”. Historian lehen aldiz ugalketa-tasak behera egin du Islandian, ama bakoitzak 1,8 haur du batez besteko, azken hamarkadetan baino 0,4 puntu gutxiago. Hala ere, oraindik, Europako ugalkortasun-tasa handienetakoa du Islandiak.
Baina Islandia ez da paradisua. Lan merkatuan dute ahulgune nagusia: segregazioa gertatzen da, emakumeak zaintza-lanekin loturiko esparruetan nabarmen gehiago dira; gizonak goi karguetan gehiago dira, eta lanaldiari dagokionez, emakumeen % 66 daude lanaldi osoan, eta aldiz, gizonezkoen % 87. “Horrek soldaten arteko desberdinkeria nabarmena dakar, eta pentsioetan ere eragina du”. Une honetan emakumeek soldatetan pairatzen duten desberdinkeria da Gobernuak duen erronka nagusietako bat, batez beste emakumeek gizonek baino % 20 gutxiago kobratzen dutela estimatzen baita. Beste puntu beltz bat lanasteari dagokiona da. Asteko 44 orduz egiten dute lan, eta soziologoak adierazi zuenez ohikoa da 50 egitea ere. “Horrek arazo bat sortzen du kontziliaziorako, bistan denez. Lanaste laburragoak egiteko erronka dugu aurrean”. Erronkari erantzuteko lantalde bat dauka Genero Berdintasunerako Zentroak, eta beste bat, une honetan diskriminazio-bide txiki bat den atea ixteko lanetan ari da. Izan ere, erditze-ostean emakumeek bi astez lanera inkorporatzea galarazita dute, eta gizonak ere epe berdinean ez inkorporatzea bermatu nahi du Hallgrimssonen zentroak, enplegu-emaileek gizon eta emakumeekin berdin joka dezaten.
Ondorio batekin amaitu zuen bere aurkezpena Hallgrimssonek. “Arlo askotan lan egin behar dugu. Eta protesta egin behar dugu. Protesta, Gobernuek ez baitute beti entzun nahi. Protesta egin behar da Gobernua bere lozorrotik aterako badugu. Oinarrietatik egin behar da presio, beldurrik izan gabe”.
Norvegian umetatik parekide
Norvegiako emakumeen % 80k etxetik kanpo lan egiten dute. Enpresa handietako administrazio kontseiluetako postuen % 44 emakumeek betetzen dituzte. Eta, hala ere, Europako jaiotze-tasa altuenetakoa duen herrialdea da (1,95 emakumeko). Nola? Berdintasun eta kontziliazio-neurriei esker. Eta neurri horiek nola hartu dira? Islandian bezala, 70eko hamarkadatik gaur arte, gizarte, lan eta merkatu politiketan eta familietan, modu transbertsalean eraginez, legez arautuz eta baliabideak —zerbitzuak eta diru-laguntzak— eskainiz.
Norvegian berdintasun-saila Haur eta Gazteria eta familia Zuzendaritzatik kudeatzen da, eta Gobernu mailako organo honek generoaren araberako desberdinkeriaz gain, LGTB kolektiboarena, dibertsitate funtzionalak dituzten pertsonen diskriminazioa edota gutxiengo etnikoen diskriminazioa ere borrokatzen ditu. Zuzendaritza horretako Berdintasun departamenduko aholkularia etorri zen Donostiara, Petter Dotterud Anthun.“Genero Berdintasuna ez da esparru isolatu bat, sistema guztian eragin behar da. Eremu askotan egin behar da lan berdintasunaren alde eta era ezberdinetako diskriminazioaren aurka, eta legez arautu behar da, baina era berean, baliabideak eskaini behar dira”.
Borroka-eremuetako bat hezkuntza da. Gizon eta emakumeen arteko parekidetasuna, hezkidetza, estereotipoak eta rolak... hezkuntzan erronka ugari ditu Norvegiak: “Neutroa bultzatzen dugu, eta, ondorioz, hezkuntza-ereduak neutroa izan behar du, ikasle guztiek, bere jatorri, etnia, edo genero-diskriminazio eta bullying-arazoak saihestuz eta prebenituz, aukera berdintasunean hezkuntza jasotzeko eskubidea dute”. Txikitatik, Haur Hezkuntzatik DBHra Genero Berdintasuna balio gisa lantzen da Norvegiako eskoletan, irakaslegoak berdintasuna sustatzeko formazio berezia jaso baitu. Horrek helduaroan, gurasotasunean eta zaintzan dagoeneko isla izan du, adituaren arabera.
Lan pedagogikoa, alabaina, ez da neska-mutiletara mugatzen. Aitengan ere zentraturik dago sentsibilizazio-lana. Gizonek zaintza-lanerako duten obligazioa eta eskubidea bermatzea da Dotteruden sailaren lanetako bat. “Enpresa-munduan parekidetasuna nahi dugu, baina zaintza-arloan ere bai, eta horretarako beharrezkoa da aiten inplikazioa bultzatzea eta bermatzea”. Berdintasuna bilatzeko, baimen-karta zabala dauka Norvegiak. Deigarriena gurasotasun-baimenak dira (49 astez ehuneko ehuna kobratuz etxean gelditzeko aukera dute gurasoek edo 59 aste % 80a kobratuz. Baimeneko 14 aste aitarenak dira eta transferiezinak —gizonezkoen %68k osorik hartzen dute baimena—). Baina haurdunalditik hasten da baimen karta: emakumea aktibo mantentzeko erraztasunak eskaintzen zaizkio, mediku bisitak egiteko, baina behin lan egiteko moduan aurkitzen ez denean diruz ordaindutako baimena har dezake; seme-alaben gaixoaldietarako baimenak dituzte (gurasoek 20 egun har ditzakete urtean euren seme-alabak gaixo daudenean), eta haur-eskola publiko eta pribatuetarako laguntza zabalak dituzte eta baita etxean hazteko ere (5.000 euro gehienez urteko eta haurreko, 3 urte bete arte; zentro bateko plazak balioko lukeen adina).
Norvegiako kontziliazio-politika orokorrek emakume eta gizonen eskubideak eta berdintasuna dituzte helburu nagusi, baina atzean kalkulu ekonomikoa dago. “Norvegiako ekonomia indartsua da petrolioari eta gasari esker, eta emakumeen kopuru handia behar dugu lan merkatuan. Beraz, eragiketa erraza da, emakumeen sarrera erraztu behar da. Emakumeak goi mailako hezkuntzan gehiengoa badira —% 60 inguru— galera handia litzateke Norvegiako ekonomiarentzat horiek guztiak lan merkatutik kanpo uztea”. Bada, emakumeak lan-munduan eroso murgiltzeko politikak dira, alde batetik, Norvegiak bideratu dituenak: kuotak, ordutegi malguak, baimenak, haur-eskola zerbitzu kalitatezko eta publikoa... Maila honetan, erakundeen, enpresen eta sindikatuen inplikazioa ezinbestekoa izan dela azaldu zuen Dotterudek.
Norvegian ere ez dago paradisurik, Dotterunen beraren hitzetan. Islandian bezala, segregazioa dago lan-munduan; lidergo gutxiago dute emakumeek eta aldiz jardunaldi murriztu gehiago, beraz, soldatak, batez beste, baxuagoak dira. Bada erronkarik, baina bada ekimen politiko eta sozialik.
Islandia eta Norvegiaren atzetik, Suedia, Lituania...
Islandia eta Norvegiaren atzetik Ipar Europako herrialdeak agertzen dira kontziliazio-maila altuena erakusten duten herrialdeen artean, munduko rankingetan. Gurasotasun-baimenek garrantzia dute rankig-etako posizionamenduarekin. Norvegiarekin batera, Suedian dituzte gurasotasun-baimen luzeenak. Suedian 16 hilabete (480 egun) dituzte amaren eta aitaren artean hartzeko, 390. egunera arte soldataren % 80 jasoz. Aldi bateko lan uzteari dagokionez ere, Suediako gurasoek dituzte baldintza onenak: langileek 68 astera arteko (480 egun) baimena jaso dezakete 390 egunetan soldataren % 80 jasoz.
Suediarekin batera, Finlandia eta Lituania izan ziren lana eta zaintza-lanak bateragarri egiteko neurriak ezarri zituzten lehen herrialdeak. Finlandian amaren 105 egunez eta aitaren 18 egunez gain, beste 158 baimen-egun ordaindu dituzte gurasoek partekatzeko.
Amatasun-baimenik luzeena Hungarian dute: 24 aste, soldata osoarekin. Errumanian 126na egun dituzte amek eta aitek.
Herrialde gehienetan aitatasun-baimenena gainditu gabeko irakasgaia da oraindik ere, eta ondorioz, kontziliazioa parekide izateko oztopoak dituzte. Errusia, Grezia, Danimarka eta Irlandan, esaterako, egun bateko baimena ere ez diote ematen amaren bikotekideari haur jaioberriak zaintzeko. Espainiako Estatuan 15 eguneko baimena dute eta amaren 16 asteetatik azken hamarrak har ditzakete. Frantzian egun bat gutxiago dute aitek.
Iparraldetik ekarri beharrekoak:
1. Baimenak. Gurasotasun-baimenak zabaltzea, pareka-tzea eta transferiezinak izatea zaintza-lana partekatzeko abiapuntu garrantzitsuenetakoa dela erakutsi dute iparraldeko ereduek. Iparraldeko eredu guztietan —Islandia, Norvegia, Suedia, Finlandia, Lituania...— estatuaren ardura da baimen horiek finantzatzea.
2. Zerbitzuak. Kalitatezko hezkuntza-zerbitzu publikoak emakume eta gizonen sarbidea orekatu du lan-munduan. Haur-eskolen kalitatearen aldeko apustua egin dute Islandian, Finlandian, Norvegian, Suedian...
3. Lanaldiak berraztertu. Lanaldi jarraiak batetik, etxetik lan egiteko aukerak, bigarrenik eta lanaldi malguak, hirugarrenik —lanaldiaren erdian haurren bila joateko baimena izateak— kontziliazioari mesede egin diote.
4. Aiten inplikazioa. Baimen-sistemari hertsiki lotua dago: aitak hasieran etxean badaude, zaintzan eta hazieran inplikatzen direla erakutsi dute Iparraldeko ereduetan.
5.Hezkuntzan eragin. Kulturalki eta hezkuntzan andreen estereotipoak —beti zaintzarekin lotua— eta gizonenak —etxetik kanpo lan egiten duenarena— saihesten dituzte liburu, testuliburu eta material bisualetan, erreferente anitzagoak eta errealagoak eskaintzeko bai neskei eta bai mutilei.
Emakumeek pentsamendua aldatu behar dute; gizonek, jarrera
Kontziliazioa gizarte gaia da, politikoa, baina baita pertsonala ere. Etxe bakoitzean lan egin behar da kontziliazioa erdiesteko. Maria Magantok koordinaturiko Concilia en tu vida liburuan argi adierazten du: gizonezkoek fitxa mugitu behar dute: “Gizonek, oro har, paradigma tradizionalari eusten diote: ardura gutxiago exijitzen zaizkie. Gizartearen ia gehiengoak generoen arteko berdintasuna defendatzen duen arren, errealitateak erakusten du emakumeek gizonen lan bikoitza egiten dutela; eta, gainera, amak, etxetik kanpo lan egin ala ez, seme-alaben zaintzaren arduraren % 90-100 daukatela”.
Magantok bi klabe ezartzen ditu kontziliatzeko eta genero roletan bereizi gabeko eredu parekideagoak ereiteko seme-alabengan. “Gizonek esku hartu behar dute; ardurak hartu behar dituzte, euren erantzukizuna bete behar dute, eta emakumeek pentsamendua aldatu behar dute. Emakume askok, ustez berdintasunarekin kontzientziatuak dauden askok, behin haurdun gelditzean euren burua etxeko lanen eta seme-alaben zaintzaren arduradun ikusten dute, edo euren bizitza profesionaleko proiektuari uko egiten. Pentsamendu aldaketa bat beharrezkoa da bizitza per-tsonala, lana eta familia kontziliatuko badira”.
Andreen kasuan, Magantok azpimarratzen du kontziliatu beharreko hiru zutabeetatik —bizitza pertsonala, lana eta familia— lehena ahaztu egiten zaiela. “Kontziliazioa kontzeptu gakoa da pertsonen garapen osoa lortu ahal izateko, baina ezin dugu bizitza pertsonala uztarketa horretatik kanpo utzi; zaindu beharreko esparrua da nortasun orekatu bat eduki nahi baldin badugu eta arreta handia eskaini beharreko alorra da, geure ongizatea bermatuko duena baita. Lanari eta familiari denbora eskaintzeaz gain, geure buruari denbora eskaintzea funtsezkoa da, eta guretzat garrantzitsuak diren alorrak eta pertsonalki on egiten digutenak jorratu behar ditugu”.
Gizonezkoei gehiago exijitu behar zaiela adierazten du Magantok. “Emakumeak lan munduan aspaldi sartu dira, baina gizonek ez dute etxeko lanen eta zaintzaren ardura hartzeko urratsa neurri berean egin. Horrek bikotean, ezinbestean, desoreka sortzen du”.
Parekidetasun ezaren datuak:
- % 92,36: Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan, 2015ean seme-alabak zaintzeko baimenak hartu zituztenen % 92,36 emakumezkoak izan dira. Bestelako mendekotasun-egoeran dauden senideak artatzeko baimenen kasuan, eskatzaileen % 80 emakumezkoak dira.
- 4 ordu 37 minutu: emakumezkoek etxeko lanei eta haurren zaintzari eskaintzen dieten denbora, batez beste eguneko. Gizonezkoek 2 ordu eta 34 minutu, batez beste.
- 21.342 milioi euro: Eustaten arabera, kopuru hori litzateke etxeko lanen balio eokonomikoa, Barne Produktu Gordinaren % 32,4 litzatekeena.
- 10.000 euro gehiago irabazten dituzte gizonek batez beste, urtean, emakumeek baino. Gizonezkoen urteko errenta-medioa 44.384 eurokoa da, eta emakumezkoen diru-sarrera, batez beste 33.430 eurokoa da, Eustaten arabera.