Motibazioa

2017-01-09

* Angel Oiarbideren eskutik

Motibazio falta gaitasun ezarekin nahastu izan zutenetako bat naiz ni ere.

Ikasketetarako nork “balio” eta nork ez, katalogatzen ziren garaiak ez dira horren aspaldikoak. Arrazoi guziaren jabe ziren irakasleak, pulpitoan bailitzan, nor gai eta nor ez epaitzen ziren garaiak hortxe izan ditugu. Ikasleak krisiak suposatzen duen bidegurutzera eraman arte. 

Baina krisiak bidegurutze izanik, aukera ere bihurtu daitezke. Pausoak eman, ikusi eta sentitu ahala, guztiok “balio” dugula, jabetzeko ibilbidea egin daiteke. “Onak”? Guztiak garela onak zerbaitetan konturatu arte. Baina zertan? Norbera zertan den “ona” edo abila jakitean dago erronka. 

 
 
Motibazioa

Distirarik atera gabeko zenbat diamante izan ditugu inguruan? Txarrak zertan ziren jakin ederki bazekitenak, baina aldiz onak zertan ziren ez zekitenak? Norberaren gaitasunez eta indarguneez jakitun izan gabe, “porrotaren” motxilaren karga bizitzaren ibilbide luzean zehar eramandakoak.

Hezkuntza gizartea eraldatzeko oinarri? Edo aldiz, hezkuntza egokitu behar du gizartera?

Zer doa lehenago, hezkuntza-sistema edo gizartea? Bietatik nork egin beharko luke tira?

Eta bestetik, hezkuntza ikaslearengana egokitu, edo eta ikaslea egokitu behar da hezkuntza-sistemara?

Gure buruengan sinistea da gakoetako bat. Baina lehendabizi gure buruak ezagutu behar ditugu. Gure indarguneak zeintzuk diren. Zerk motibatzen gaituen. Eta hemen dauka nire ustez, hezkuntzak erronka bikaina. Norbanakoaren motibazio eta indarguneak azaleratzekoa.

Nire ustez, hezkuntza sortu nahi dugun gizartearen giltzarri izan behar du. Baina, batzuetan merkatuaren giltzarri ez ote den susmoa daukat. Merkatuak hezkuntza-sisteman eragiten duela nabarmena da. Baina agian gehitxo izango litzateke, merkatuaren araberako hezkuntza egiten dela esatea. Horrek bere alde on eta ez horren onak ditu. Bi dimentsio ezberdin moduan: epe motzeko eta luzerako begiradaren moduan.

Dena horren aldakorra, baina batez ere aldaketak horren azkar datozen garai hauetan, norbanakoaren baitan dauden balore askoren artean, honokoak azaleratzen saiatu beharko luke hezkuntzak:

-Sormena. Sorkuntzarako gaitasuna.

-Ikuspegi ireki eta zabala: ezarritako eskema mentalak gainditzeko eta berriak eraikitzeko gaitasuna.

-Elkarlana, kooperazioa edo auzolana.

-Solidaritatea.

-Parte hartzea eta erabakiak hartzeko ohitura. Ardura.

-Hanka sartzeko eskubidea: hanka sartzea, akatsak egitea, konfundi-tzea,... Porrota baino, esperientzia eta ikasgai moduan bizitzea. Hanka sartzeari bildurrik eduki gabe.

-Egokitzeko gaitasuna eta malgutasuna: egokitzeko gaitasuna eta malgutasuna dira gizakiak aurrera egin eta bizirauteko izan duen tresna garrantzitsuenetarikoa. Estatikoa, zurruna,... hauskorrak dira. Egokitzeko gaitasuna da bizitzan etor daitezkeen ezustekoen aurrean izan dezakegun aktiborik garrantzitsuenetarikoa.

Egokitzapena beraz... Umeek lehenengoz eskolara hasitakoan, etxetik irten eta lehendabiziko orduak eskolan pasatzera igarotzen direnean egokitzapen fase bat behar dute. Haurrak sistemara egokitzen hasten dira. Posible ote da norbanakoarengana, norbanakoaren gaitasunetara egoki-tzen den hezkuntza-sistema? Dena delako alorrean, norbanakoaren onena ateratzeko gai den hezkuntza-sistema?

Ikasle guziak motibatzera iritsi daitekeen hezkuntza-sistemarik badago?

Bere hezkuntza-sistema, norabide horretan bideratzeko HAUTUA egiten duen herriak, diamante baten gisara, gizarte horren brillurik dizdiratsuena ateratzeko HELMUGA dauka.