Pardela ez da kentzen, haurrak utziko du

2017-01-10

Pixoihala kentzea haurraren garapen-prozesuan urrats garrantzitsua da, baina ez da erraza. Gaitasuna eta gogoa behar ditu umeak; gaitasuna esfinterrak kontrolatzeko, aurre hartzeko eta eusteko; eta gogoa, aski erosoa zaion egoera bat utzi eta komun ezezagun batean txiza edo kaka egiteko laguntza eskatzeko.

 
 
Pardela ez da kentzen, haurrak utziko du

Nork abiatzen du pardela uzteko prozesua, helduak ala haurrak? Umea erdigunean jartzen duten pedagogia eta filosofiek, hala nola Emmi Piklerrek edo Maria Montessorik, haurrari aitortzen diote bere bizi-prozesuen, eta beraz, pardela uzteko prozesuaren protagonismoa. Baina presak eta presioek, errealitateak eta eskolan hasteak edo 3 urteko gelan hasteak, edo gelako beste guztiek utzia izateak abiatzen dute, sarri, prozesua. Eta pardela uzteko prozesua beharko lukeena, pardela kentzekoa izan ohi da.

Pardela uzteko haurrak gogoa eta gaitasuna izan behar ditu. Haurraren garapen-prozesuan urrats garrantzitsu bat da esfinterrak kontrolatzea, baina ez da urrats erraza. Aski erosoa zaion egoera bat baztertu eta komun ezezagunetan, jolasa gelditurik, irakasleari lagun-tza eskatuta txiza edo kaka egiteko determinazioa hartzen du pardela uzten hasten den haurrak; eta gaitasuna ere garatu behar du esfinterrak kontrolatu ahal izateko. “Hara! Txizagurea daukat!, eutsi egin behar diot, jolasa utzi eta irakasleari esan behar diot komunera lagun nazan”. “Pardela uztea, esfinterrak kontrolatzea, ez da ikasten den zerbait, garatzen den gaitasun bat baizik”, Judith Kelemen Budapesteko Loczy institutuko hezitzailearen hitzak dira, Emmi Pikler pediatra handiaren kide eta ikaslearen hitzak. Pardela uzteko unea haurraren garapenean zeinen garrantzitsua den erakusten dute Kelemenen hitzek.

Beraz, zein litzateke helduaren rola pardela uzteko prozesuan? Bada, filosofia-ildo hauen arabera, behatzailearena batetik: helduak adi egon behar du haurra noiz dagoen prest pardela uzten hasteko, garbi izan behar du aski heldutasun baduela, segurtasunez mugitzen dela; eta erraztaile edo bideratzailearena bestetik; Montessorik sinesten zuen eta erakutsi zuen haurrek ingurune egokituarekin, eta helduaren errespetuzko esku-hartze egokiarekin euren kabuz berenganatzen dituztela eguneroko bizitzako egitekoak. Beraz, Montessoriren filosofia orokorra ekarriz esfinterren kontrolaren gaira, komunera bere kabuz iristeko modua erraztu behar dio helduak haurrari, batetik, eta, bestetik, une horren intimitatea eta denbora errespetatu behar ditu. Kelemenek dio haurraren garapen prozesua errespetatu nahi duen helduak burutik kendu beharko lukeela “pardela lehenbailehen” kentzeko ideia, “benetan garrantzitsua dena haurraren garapena eta gogoa kontuan izanik gaitasun hori lortzea da, ondorio fisiko-psikikoak saihestuz”.

Noiz hasten da prozesua? Izan ere, pixoihala kentzeko unea ez da egun batetik bestera iristen: prozesu bat da. Piklerrek dio pardela uzten esfinterrak kontrolatzeko gaitasuna osoki erdietsi aurretik hasten dela haurra, hezitzailea edo gurasoa kakaz eta txizaz haurrarekin “taburik gabe” hizketan hasten direnean, hain justu: pardela bustia daukala azaltzen dionean, gurasoek ere kaka egiten dutela adierazten diotenean etabar. Beraz, guraso eta hezitzaileen egitekoa izango da haurra bere gorputzaren funtzioen gaineko kontzientzia hartzen hasten denean gertaera horri hitzak jartzea: “Zer daukazu, txizagurea? Ipurdian indarra egiteko gogoa sentitzen duzu, kakagurea daukazu?”. Kontzientzia hartzeak, haatik, ez du esan nahi pardela kentzeko unea denik, kontzientzia hartzeko unea dela baino.

Prozesua, alabaina, ez da ziurrenik lineala izango. Urrats bat aurrera egiteko, batzuetan bi atzera egingo ditu, haurrak edo geldialdiak egingo ditu. Pixontzian txiza egiten hasia zen haurrak, agian egun batetik bestera, uko egingo dio berriro han egiteari; edo behin gauez busti den haurrak egunez ere pardela jartzeko eskatuko du. Horrelakoetan, “konfiantza eta pazientzia” antzeko dosietan eskatu zituen Emmi Pikler pediatrak. Pardela uztea haurraren prozesua da, ez helduarena. Esfinterren kontrola haurraren bizi-prozesuarekin armonian garatu nahi bada, haurra izango da pardela utziko duena, eta ez da heldua izango kenduko diona, izan espektatiba sozialengatik —eskolan hasteko unea, 3 urteko gelan hastekoa, beste guztiek utzia dute...— izan haurrarengan egindako proiekzioengatik —dagoeneko handi ikusten dut, beste alor ba-tzuetan autonomo da...—.

Baina batzuetan errealitatea bestelakoa da. Presak eta presioak ditu helduak haurrari pardela kentzeko. Haatik, haurra prest egon aurretik pardela kentzeak ez dio bere garapenari mesederik egingo, eta ondorioak izan ditzake. Piklerrek ohartarazten zuen, batetik, edozelako erregresioa dutenean —gurasoa lanean hastean, eskolan hastean, beldurren bat sortzean, neba-arrebaren bat jaiotzean, etabar— esfinterren kontrola galtzea ekar dezake prozesuaz egoki jabetu ez den haurra, edo idorreri funtzionala eduki dezake, haurrak kaka egiteko gogoa erreprimitzen du, eta ondorioz lehor eta gogor, minbera egiten du kaka.

Prozesua lagundu dezake helduak, pixoihalaren aldaketan haurra inplikatuz: haurrak berak aukeratu eta ekar dezake pardela; zikina tiraderara bota... Kasu batzuetan, urtebete- urte eta erdi ingururekin haur batzuk pardela jantzi nahi ezta hasten dira. Kasu horietan pardela haurra zutik dagoela aldatzea izan ohi da irtenbide lagungarri bat, eta aldatzeko unean hitzak jartzeaz gain —”txiza egin duzu eta pardela betea duzunez aldatu egin behar dugu”— ispiluaren aurrean aldatzen bazaio, haurra gertatzen ari denaren jabe egiten lagunduko dio helduak. Hurrengo urratsean, esfinterrak kontrolatzeko gaitasuna eta nahia erakusten duenean, komuna haurrarentzat egokitzeak umeak prozesu honetan autonomia hartzen lagunduko du. Eskola askotan komun txikiak dituzte haurren tamainarako, eta etxean, pixontzi eroso batek, komunera bere kabuz igotzeko eskailera batek eta komunaren gainazala txikiagotuko duen gailu batek lagunduko dio haurrari bere kabuz egiten.

Haurra bere prozesuaren jabe egiten ez du lagunduko sarien eta zigorren metodoak. Haurraren garapeneko beste alor batzuetan bezala, haurraren iniziatiba, autonomia, intimitatea eta denborak errespetatu nahi badira esfinterren kontrolean ere ez da gomendagarria helduak sariak eta zigorrak erabiltzea haurrak pixontzian kaka egiten duelako, edo gainean txiza egin eta busti delako. Metodo konduktistek, eskuarki, une jakin batean funtziona badezakete ere ez dute haurraren iniziatiba eta autonomia laguntzen, eta haurraren denborekin bat egiten ez badute, ez dute laguntzen esfinterren kontrolaren gaineko kontzientzia hartzen ere.