NERABEZAROA. Gela bat norberarena
Zein da gurasoen lekua seme-alaben nerabezaroan? Erantzun konplexua dauka Philippe Lemenu psikologo kliniko eta psikomotrizistak: “Gurasoek hor egon behar dute, baina hor egon gabe”. Ondoan, baina nerabearen espazioa –fisikoa, soziala, korporala– inbaditu gabe.
Espazioa behar du nerabe batek. Espazioa behar du bere lekua bilatzeko. Nor izateko. Bere espazioa behar du, espazio fisikoa, baina baita soziala, korporala eta mentala ere. Bere gorputz berria ezagutzeko, lagunartean berkokatzeko, identitatea eraikitzeko, autonomia hartzeko.
Philippe Lemenu psikologo kliniko eta psikomotrizista belgiarrak dio norberaren logelak sinbolizatzen duela nerabearen espazioa. “[Logela] beren tenplua da. Bere gorputz intimitatea, intimitate fisikoa eta psikikoa, bere gelara transferituko du”. Logela desordenatu batek nerabe baten barne kaosa azal dezake; logela beti erabat jasoak nerabeak perfekzioarekin izan dezakeen borroka isla dezake. “Guraso askori kosta egiten zaio onartzea nerabeak bere intimitaterako espazio babestu bat eduki behar duela. Dena kontrolatu nahi izaten dute, eta horrek lurraldearen bortxaketa dakar askotan, baimenik gabe hor sartzeak duen intzestu konnotazio osoarekin. Zeren, gela baldin bada nerabearen gorputzaren errepresentazioa, bere gelan baimenik gabe sartzea bortxaketa baten gisakoa da”.
Zein da, hortaz, gurasoen lekua seme-alaben nerabezaroan? Paradoxa bat da nerabezaroan aditua den psikologo kliniko eta psikomotrizistak nerabeen gurasoei eskatzen diena: “Gurasoek nerabezaroan hor egon behar dute (eta asko tematu nahi dut honetan, egon behar dute), baina benetan hor egon gabe”. Ondoan, baina inbaditu gabe. Distantzia nerabezaroan garrantzitsu bihurtzen den kontzeptua da Lemenurentzat: “Haurrak bere identitatea inguruarekin lotuz eraikitzen du, eta badakigu zer garrantzia duen inguru horrekin gorputz harremana izateak. Distantzia joko horrek guztiak, gerturatzeak eta urruntzeak, nerabezaroan garrantzia hartuko du. Garai horretan distantzia hartzea da nagusi”. Psikologo klinikoak dio nerabearentzat oso gertu egotea, orokorrean, jasangaitza dela, hurbiltzeak sexu konnotazio bat baitu gorputzak haur izateari utzi dion nerabearentzat. “Eta terriblea da, zeren gurasoek askotan laztanak egin nahi dizkiete eta utikan bidaltzen dituzte. Gurasoentzat oso konplexua da”.
Eta nerabeak bere gelako atea ixten du. Gurasoak bere espazioan sar ez daitezen. Espazioa ez inbaditzeak, alabaina, ez du esan nahi seme-alabekiko distantzia emozioanala jartzea, adituaren arabera. Askotan “utzi bakarrik!” dionak, benetan zer esan nahi duen interpretatu behar zaiola dio Lemenuk: “Esaldi horren atzeko mezua beste bat da: ‘Nitaz ardura zaitezen behar dut’. Isolamendu hori askotan dei bat da, bila joango gatzaizkiola ziurtatzeko beharra duelako”. Garai honetan, gurasoen egiteko garrantzitsuena nerabeari segurtasuna ematea dela dio psikomotrizistak: “’Hemen nago, nigan babes zaitezke’, hori da, batetik, gurasoak nerabeari eman dieziokeen mezurik garrantzitsuena, eta bestetik, marko eta mugak ezarriko dizkiola ziurtatzea”.
Gelak nerabeak behar dituen mugak sinbolizatzen ditu, beraz. Psikologoarentzat gurasoen egiteko garrantzitsuenetako bat marko eta muga garbi batzuk jartzea da, barne mugak eta kanpo mugak behar baititu haur izatetik heldu izaterako tran-tsizioan dagoen pertsonak: “Hasteko, barne mugak daude, nerabeak berak eraikitzen dituenak, gurasoekiko harremanaren bidez jaso edo integratu duen horren guztiaren arabera”. Arlo horretan gabeziak ikusten ditu adituak: “Nerabeari diskurtso paradoxikoak bidaltzen zaizkio, mezu inkoherenteekin eta erreferente finkorik eskaini gabe edo, are gehiago, batere erreferenterik gabe”. Beharrezkoa da, bestetik, kanpo mugak —kodeak, arauak, legeak— zein diren jakitea ere. “Nerabeak galdera bat egingo du beti: ‘Noraino irits naiteke nahi dudana lortzeko?’”. Eta hor sartzen dira borrokan gure mamuak, parez pare. Eta iruditzen zait egun, nerabeen zailtasunik handiena hor tiraka dauden mamu ahalguztidun horiei denei aurre egitea dela. Nire belaunaldikook ez dugu arreta handirik jarri haurrei mamu ahalguztidunak gainditzen irakasteko orduan. Nerabezaroa nire eta besteen arteko gatazka aroa da, eta etengabe ariko da frogan jartzen marko hori: muga horiek noraino diren trinko eta noraino heltzen diren ziurtatu nahian. Muga horiek berriz sentitu nahiko ditu, eta hor berraseguratze mekanismo batzuk jazoko dira”.
Espazioak eta distantziak nerabezaroan duten garrantzia uler-tzeak, euren seme-alaba ulertzea esan nahi du, psikologo klinikoaren arabera: “Gurasoei segurtasun falta handia sortzen die ulertzen ez dituzten jokabide batzuk ikusteak. Eta gurasoek hor zegoen haurra ikusi nahi izaten dute”. Logelako atea beti irekita uzten zuen haurra. “Nerabe horrengandik begirada kendu eta ‘ume hau jada ez da nirea, jada ez da nik neukan hura’ esateko modu bat da”. Batzuetan “ulergaitza, eramanezina eta aztoragarria” den etapa honen aurrean, hiru hitz proposatzen dizkie psikologo klinikoak: entzun, ulertu eta maite. “Inoiz ez dugu behar beste entzungo, eta garrantzitsua da sakonekoa entzutea, alegia, esaten duen horren atzean zer dagoen entzutea (gurasoei oso zail egiten zaie hori). Nerabeak ‘nire onetik ateratzen nauzu’ dioenean, gurasoak hori dei bat dela ulertu behar du, ‘zer maitasun didazun adieraztea behar dut’ esateko modu bat dela. Izan ere, nerabeak frogan jartzen baitu ea probokazio horiekin loturak hautsiko diren. Gurasoek etengabe adierazi behar dute, beraz, nerabe horri lotuta daudela. Entzun, ulertu eta maite”.
Ziurgabetasun-garaiak
Segurtasuna azpimarratu beharreko hitz giltzarria da psikologo klinikoarentzat. Inoiz baino ziurgabetasun handiagoa bizitzen ari baikara: gizartean ziurtasun eza handia da, “lehen aita kazetari bazen, zeu ere kazetari bihurtuko zinen, modu natural batean; bidea oso sinplea zen, eta era berean, oso estua, itxia, itogarria. Oraingo arazoa hauxe da: nerabeek badakitela zer ez duten izan nahi (beren gurasoen berdinak), baina ez dakitela zer izan nahi duten”. Horrek angustia sor dezake nerabearengan. “Ziurgabetasunaren ondorioz, nerabeek angustia handia dute bizitza aktibora, lan mundura salto egiteko, hainbat eragile medio: lana bilatzeko aukera gutxiago dago, eta bestalde, norberaren identitatea aurkitzea zailagoa da egun. Nerabe asko galdera handi baten aurrean daude: ‘Zer gertatuko da nire bizitzarekin?’”.
Isolamendua
Nerabe batek bere logelan ematen duen denborari erreparatu egin behar zaio, psikomotrizistaren arabera. “Aldi baterako erretiratzen bada bere gelara, ez dugu zertan larritu, hortxe eraikitzen baitu bere identitate berria.”Gorputza, sexua, ideiak, musika, zaletasunak probatzeko espazioa da logela. Baina zer gertatzen da nerabeak handik atera nahi ez duenean?
Etengabe jotzen badu gelara, tarte luzeak emanez, adi jarri behar du gurasoak, psikologo klinikoaren hi-tzetan: tristura psikiko sendo baten sintoma izan baitaiteke. “Eta hor oso garrantzitsua da esku-hartzea. Zeren sentsorialki isolatzen direnean, euren burbuilan itxiz, harremanari ihes egiten diotenean eta, gainera, hitza desagertzen hasten denean, jada alarma gorriak jo du”. Euren baitaratze horretan, fetuaren jarrerak ere har ditzakete (haurtzarora itzultzeko nahiaren testimonio argia, baina batez ere, gatazkarik ez dagoen arora itzultzeko nahia)”.
Isolamendu horri, gainera, sakelakoa edo ordenagailua eransten badizkiogu, eragiketaren emaitza aztoragarria izan daiteke. Ziberbullying kasuetan adituak diren ikerlariek ohartarazten dute ez dela osasungarria nerabe bat bere logelan isolatzea telefono batekin, edo Internet eskura duen ordenagailu batekin.