Altxorrak partekatuz

2017-02-20

* Familian gozatzeko proposamenak Josu Waliño idazle eta PuntuEus Fundazioaren zuzendariaren eskutik 

Kontatzen didatenez lau urteko ume koxkorra nintzela etxekoak nazka-nazka eginda nituen. Ama eta arrebak ez nituen bakean uzten etxean genituen komiki eta ipuinak irakurtzeko eskatuz. Hainbesteraino gogaitu nituen etxekoak, azkenean gure amak bizilagunengana jo zuela laguntza eske. Zorionez, atez ate eskolako andereñoa genuen bizilagun, eta hark mesedea egin zigun etxeko guztioi: niri irakurtzen irakastea.

 
 
Altxorrak partekatuz

Ikasketa garai hura zorionekoa izan zen niretzat: irakurtzen ikasteaz gozatu nuen, eta hori gutxi balitz, amaieran opari bikoitza jaso nuen: irakurzaletasun oparoa batetik, eta oraindik gordetzen dudan altxorra bestetik, El pequeño Nicolas izeneko liburu ederra. Ez dakit zenbat aldiz irakurriko nuen harrez gero, eta zenbat gozatu dudan liburu horrekin. Mundu oso bat zabaldu zitzaidan ordutik aurrera, eta berehala lehengusuek pasatzen zizkidaten komiki zaharretan murgiltzeari ekin nion: TBO, Mortadelo y Filemón, Carpanta, Zipi y Zape, El guerrero del antifaz, El capitán trueno, Mafalda… eta garai hartako komiki klasikoen zerrenda luzea, gupidarik gabe irentsi nituenak liburuetara salto egin arte.

Lau urterekin hasi zen niretzat irakurketaren abentura, eta harrez gero ez du etenik izan. Aita izatearekin batera, abentura berria abiatu bainuen: hain maitea dudan zaletasuna semeekin partekatzeko aukera, eta horren bidez gogokoen ditudan liburu eta komikiak transmititu eta berriak ezagutzeko parada izatea.

Badira hamahiru urte gure seme zaharrena jaio zela, txikiak oraindik zazpi urte ditu. Biekin antzeko prozesua bizi izan dugu etxean, bakoitzarekin bere gogo eta erritmoen arabera, baina biekin irakurketa partekatuz, elkarrekin liburu eta komiki arteko uneak gozatuz.

Haurrak oso txikiak zirenetik irakurri ditugu ipuinak etxean, ohiko klasikoak hasieran, eta ez hain klasikoak geroago: Juan Kruz Igerabideren Jonasen liburuak, Bernardo Atxagaren Astakiloak edo Jonathan Emmett-en Aquí hay monstruos bezalako liburuak askotan irakurri ditugu. Liburuak irakurtzeko gogorik ez genuenean istorioak asmatzearen jolasa ere egin izan dugu: haurrak proposatzen zituen gaia eta per-tsonaia nagusiak, hortik aurrera elkarrekin josten genuen istorioa, ipuin zoroak asmatuz. Istorio guztiak ez daude liburuetan, eta haurrek maite dute haientzat ezagun diren pertsona eta tokiak ageri dituzten ipuinak entzutea.

Semeak haztearekin batera, ipuinetatik liburuetara joan gara urratsak ematen. Bat-Pat saguzarraren liburukiak izan dira gure etxean oso preziatuak eta elkarrekin irakurri ditugu, hasieran nik aho goraz eta haiek entzule, alderantziz ondoren, semeek irakurketaren bakardadea gozatzen ikasi duten arte. Etxeko txikia Bat-Pat-ekin dago oraindik, eta gauero irakurtzen ditugu haren abenturak. Zaharrak berriz aspaldi utzi zituen saguzarraren liburuak eta jada bide berriak zabaldu ditu: bakarrik irakurtzen hasi orduko, nire altxorrik preziatuena eskaini nion: Terín andereñoak duela 40 urte oparitu zidan El pequeño Nicolas liburua, eta espero nuen moduan nik adina gozatu zuen hura irakurtzen. Jarraian serieko gainerako liburuak ere irentsi zituen, baita filmak ikusi ere. Hortik aurrerako bidean liburu asko nire eskutik etorri zaizkio, etxeko liburutegian genituelako gehienak, esaterako, Harry Potter-en serie famatua, Sherlock Holmes-en liburuak edo Altxorraren Uhartea, Letagin zuri edota Tom Sawyer-en abenturak bezalako klasiko ahaztezinak. Baina liburu klasikoen artean, badago gure semea txunditzen duen egile bat, eta ni ere bai egia esan: Roald Dahl. Charlie eta txokolate fabrika, Sorginak, edo Matilda bezalako liburu bikainak ikaragarri gozatu ditu, eta nola ez, filmekin beste hainbeste gertatu zaio.

Klasikoak abiapuntu bikaina izan arren, etxeko liburutegiak bere mugak ditu eta bide berriak bilatu ditu semeak. Istorio berrien bila gaur egungo haur eta gazte literaturara egin du bidea, eta hor modako liburuak sartu zaizkigu etxean, liburu-denda guztietako eskaparateetan ikusi ohi direnak. Horien artean denetik egon da: oso modan egon baina gurean arrakastarik izan ez duten liburuak, eta baita semeak gogoz irakurri dituenak ere: Greg gizajoaren liburu-seriea, bere marrazki eta idazketa konbinazio bitxiarekin, edo David Williams-en La abuela gangster bezalako liburuak gustura irakurri ditu gaurkotasuneko umoreari esker.

Baina gurean liburu batek arrakasta izan badu Elkar-ek argitaratutako Eskubeltz taldearen abenturak da. Hans Jürgen Press alemanak idatzitako liburu hau ez da ohikoa, ez baita beste edozein libururen moduan irakurtzen: kapitulu bakoitzak orrialde bat hartzen du eta marrazki batez dago lagunduta. Kapituluan kontatzen den misterioaren argibidea marrazkian topatu beharko du irakurleak, eta hurrengo kapituluan ematen da soluzioa, horrela pixkanaka misteriozko abentura osatuz. Liburu honekin haurrek gozatzen dute irakurketaz eta honi lotutako bilaketa eta logika jokoaz. Zazpi urtetik hamabostera bitartean gomendatzeko moduko liburua da hau, bakarka zein lagun artean irakurtzekoa, irakurketa eta jolasa ederki konbinatzen dituena.

Baina literatura ez dute liburuek bakarrik osatzen, eta noski, komikiak irakurri ditugu, asko gainera. Hasieran aipatutako Mortadelo bezalako klasikoak dira gurean, baina baita bestelakoak ere. Gogoan dut seme zaharrenak lau urterekin esan zidala gelako lagun batzuk Spiderman-en komikiak irakurtzen hasiak zirela. Pentsatu nuen Spiderman-era iritsi aurretik bazegoela egin beharreko beste bide bat, adinari zegokiona, eta etxeko liburutegian gordetako altxorrak berreskuratuz Asterix-en abenturak irakurtzen hasi ginen. Hauek irakurri eta gozatuta pasa ginen beste klasiko batzuetara: Hergé-ren Tintinen abenturak, Goscinny-ren Lucky Luke eta Peyo belgiarraren Los Pitufos bezalako komiki dibertigarrietara. Eta behin komikien munduan lehen urratsak maisu handien eskutik eginak genituela, Spiderman, X-Men, eta Marvel-en bestelako superheroien unea iritsi zen, baita euskal komikiak ere, hala nola Dani Fanoren Kortsarioen ostatu bikaina, Donostian kokatutako euskal piraten abenturak.

Liburuak eta komikiak gogora ekarriz bete ditut orriak, eta ia tarterik ez zait gelditu musika, zinema, edo antzerkia bezalakoei esker partekatu ditugun uneak gogora ekartzeko. Baina ez nuke amaitu nahi etxeko guztiok gure bihotzean betirako gordeko dugun musika aipatu gabe: Imanol Urbietak utzitako disko sorta oparoa, Xirula Mirulak argitaratutako Xixupika edo Haur kantuen bilduma bezalako disko zoragarriak, hainbeste aldiz entzun eta abestu ditugun abestiez beteak. Euskal Herri osoaren haurtzaroaren soinu-banda pribilegiatua osatzen dute hauek.

Badugu zer entzun, badugu zer irakurri, gozatu, partekatu eta transmititu. Altxorrak horretarako dira.