Montse Fabres: "Egiten uzten badiogu, ate asko irekitzen dizkiogu haurrari"
Errespetuan eta konfiantzan oinarritutako zaintza defendatzen du irakasleak, Emmi Piklerren irakaspenei jarraiki. Izan ere, egiten zaion zaintzaren arabera ezagutuko du umeak bere burua, jabetuko da inguruaz, jakingo du nor den, eraikiko ditu harremanak...
Krak egin zion zerbaitek bere barnean Montse Fabres hezitzaileari Emmi Pikler pediatraren teoria eta Pikler-Loczy institutuko jarduna ezagutu zituenean. Haurrak begiratzeko modua eta haiekin erlazionatzeko era zeharo aldatu zitzaizkion: “Haurra subjektu aktibo gisa hartzen hasi ginen, gaitasunak dituen pertsona gisa, eta horrek umearekin egoteko beste modu bat ekarri zigun”. Erretiroa hartuta, 0 eta 3 urte arteko haurren zaintzan izandako esperientzia zabaletik mintzo da, eta baita beste hezitzaileen formatzaile gisa metatu duen jakintzatik ere. Hik Hasik 0-3 adin tarteko hezitzaileentzat antolatzen duen bi urteko formazioko saio bat ematen izan da Donostian, eta hori baliatuz egin dio Hazi Hezi-k elkarrizketa.
Haurrak ulertzeko moduan eta haurren zaintza-lanaren inguruan duzun ikuspegian zer-nolako eragina izan du Emmi Piklerren pedagogiak?
Pedagogia aktiboaren ideia da Piklerrengandik jaso dudan printzipioetako bat. Alegia, jaiotzen denetik haurra subjektu aktiboa dela ulertzea, eta beraz, mundura sortzen den unetik haurrak aktibitatea berezkoa duela onartzea.
Kontuan izan behar dugu Piklerrek sortu zuena ez dela eredu bat, erreferentzia bat baizik. Haurrarekin harremana egiteko beste modu bat ematen digu, gauzak egiteko beste era bat, hurkoa kontuan hartzen duena. Umearen errespetua da ardatz nagusia. Eta errespetu hori haurraren adierazpen guztiak kontuan hartzetik abiatzen da. Beraz, niretzat balio handia dute Piklerren pentsamenduaren oinarrian dauden bi zutabeek: konfiantzak eta errespetuak.
Piklerrek ondare izugarria utzi digu zaintzaren inguruan egin duen ekarpenarekin ere. Errespetuan eta konfiantzan oinarrituz egindako kalitatezko zaintzaz hitz egiten zuen hark. Eta iruditzen zait, gaur egun, besteak zaintzen jakiteko behar handia dugula. Amaitzeko, Piklerrek esan ohi zuen eran, aipatu nahiko nuke haurrak aktiboki parte hartzen duela bere garapenean, baina garapen hori egoki eman dadin ezinbestekoa dela umea ondo sentitzea. Beraz, haurtzaroan, izan etxean nahiz haur-eskolan, azken xedea haurraren ongizatea da. Ondo dagoen haur bat harmonian garatu ahalko baita. Eta haur horrek aukera guztiak izango baititu inolako zailtasunik gabe mundura irekitzeko.
Haurra kalitatez zaintzeko, umea errespetatzea da gakoetako bat. Hazieraz eta heziketaz ari garenean behin eta berriz erabiltzen dugun hitza da, baina zer esan nahi du, benetan, haurra errespetatzeak?
Umearen jardunaren gaineko errespetua erabat lotuta dago haren mugimendua errespetatzearekin, alegia, umeak nahi duen eran mugitzearekin. Oinarrizko printzipioa da hori. Errespetuaren abiapuntua haurraren mugimendu autonomo askean dagoela iruditzen zait. Jaiotzen garenetik ekintzarako gogoa daukagu, jarduteak plazera ematen digu eta plazer hori mozten badugu, ikasten jarraitzeko eta geure garapenerako baliagarri izango zaizkigun esperientziak metatzeko aukera mozten dugu. Haurrari bere iniziatibaz zerbait esperimentatzeak plazera ematen dio (adibidez, lurrean arrastaka doala pilota eskuetan hartzeak) eta plazerak, bere gorputzarekin eta ingurunearekin harremanean, esperimentazio horretan jarraitzeko gogoa (esate baterako, pilota hori bota eta atzera ere eskuetan hartzeak).
Berak eraiki dituen ekintza-proiektuak aurrera eramaten dituenean haurrak behatzen ikasten du, bere gorputza erabiltzen, bere mugak ezagutzen, jakintzak eraldatzen, eta bere ekintzen emaitza aurreikusten. Haurrari ate asko irekitzen dizkiogu egiten uzten badiogu, bere kabuz probatzeko aukera ematen badiogu, ekimena izatea baimentzen badiogu… guk inolako esku-hartzerik izan gabe.
Zer-nolako jarrera eskatzen dio helduari errespetuzko haziera horrek?
Begirada aldatzea gakoa da. Errespetuzko jarrera baldin badaukagu, umea gure kide aktibo gisa ikusten dugu; ez izaki pasibo gisa. Eta horrek haurra beste era batera tratatzera garamatza, ez delako soilik erreakziozko subjektu, baizik eta ekintzazko subjektu gisa ikusten dugulako. Eta, hain juxtu ere, zio horretan dago nik hastapenean haurrekin lan egiteko nuen moduaren eta gaur egun dudanaren arteko diferentzia nagusia.
Ni lanean hasi nintzenean, hezitzaileok egiten genuen dena umearen ordez. Horrek esan nahi du ez genuela umearengan konfiantzarik. Uste genuen umeak ikas zezan, guk egin behar genuela haren ordez, eta guk erakutsi behar geniola dena; bestela ez zuela ikasiko. Aldiz, haurra subjektu aktibo gisa hartzen hasi ginenean, harreman erabat desberdina eraikitzen hasi ginen haurrarekin. Beste era batera entzuten genuen haurra: gaitasunak dituen pertsona gisa, hain zuzen.
Subjektu aktibo gisa hartzea da haurra errespetatzeko moduetako bat. Hori erakusten duen adibiderik jar dezakezu?
Haurra subjektu aktibo gisa hautematea oso garrantzitsua da haren ekintza autonomoa ulertzeko. Esate baterako, haur bat eserita jartzen badugu, artean eserita egoteko gai ez denean, postura horretan blokeatuta geratuko da, eta ezingo du beste posiziorik hartu. Ondorioz, ezina sentituko du eta ondoeza. Orain arte, horrelako kasuetan, hau da, haurra posizio batean mugitu ezinik eta ondoezik ikusi dugunean, umea hartu eta beste toki batean eta beste posizio batean kokatu dugu. Horrelako jokabideekin, ordea, umea objektu bat bailitzan ari gara tratatzen eta beraz, haurrari ez diogu uzten bere kabuz ezer ikasten.
Horregatik da niretzat garrantzitsua haurra subjektu aktibo gisa ikustea eta ekintza autonomoaren ideia aintzat hartzea: haurrak bere burua esperimentatuz eta ingurunea ikertuz eskuratzen duen ezagutzaz ari garelako. Umeak denbora baino lehen zerbait egin dezan nahi badugu, horrek lehenik eta behin frustrazioa eragiten dio umeari, helduak nahi duen horretara ezin delako iritsi eta haren espektatiba ezin duelako bete. Kasu horretan, litekeena da haurrak ez-gaitasun sentsazioa barneratzea.
Errespetua aipatu duzu eta errespetuari oso lotuta dago konfiantza. Nola eraikitzen da helduaren eta haurraren artean konfiantzazko harremana?
Haurrarekiko harremanean lehen helburua da haurra seguru sentitzea, horrek esan nahi du haurrak ziurtasuna emango dion heldu bat izan behar duela aldamenean. Eta heldu hori izango da haurraren beharrei erantzungo diena. Zentzu horretan giza harreman egonkorren oinarrian konfiantza dago. Eta helduaren eta haurraren arteko harremanaz ari garenean bi aldetarako konfiantzaz hitz egin behar dugu: helduok haurrengan konfiantza izan behar dugu eta haurrek helduengan konfiantza izan behar dute. Konfiantza bikoitza deritzogu horri, eta konfiantza bikoitz hori da segurtasunerako eta lotura afektiborako oinarria.
Adibide bat jartzearren, haurraren gaitasunetan helduak duen konfiantzaz mintza naiteke. Esate baterako, lurrean arrastaka dabilen haur baten kasuan, nik heldu bezala, kaskezurrean oso sartua izan dezaket haur horri gauzak erakustea nire betebeharra dela, eta ondorioz erronkak jar diezazkioket, ez naizelako konturatzen erronka horiek haurrak berak bere buruari jartzen dizkiola. Izan ere, ingurunea desafioz beterik dago haur txiki batentzat. Hala ere, nik erronka berriak proposatzen dizkiot, eta adibidez, ume bat mugitzen hasten da, arrastaka, pixkanaka… baina oso motel doanez, nik bere gustuko diren zenbait objektu jartzen dizkiot han urrutixeago, haraino iristea lor dezan. Umeak objektu horiek ikusten ditu, baina denbora bat pasatzen da eta ez da ausartzen objektu horiek hartzera. Orduan, nik helduaren arrazoitik zera pentsatzen dut: “Ufff, ariketa hau zailegia da haur honentzat”, eta denbora baino lehen esku hartzen dut eta objektuak urreratzen dizkiot. Baina gerta liteke haur horrek une horretan objektu horietan interesik ez izatea, beste zerbaiterako gogoa edukitzea, edota une horretan ekintza bat hasteko prestatzen aritzea. Eta baliteke bera egiteko prestatzen ari den ekintza hori bat ez etortzea nik jarri diodan jomugarekin. Izan ere, nik jarritako erronka hori helduaren helburu bat da, eta ez haurrarena.
Horrelako egoera baten aurrean zer egin ohi du helduak? Bi gauza egin ditzake: edo umea ipurditik bultzaka objektura gerturatzen du edota objektua urreratzen dio haurrari. Eta zer dago horren guztiaren atzean? Argi ikusten da helduak ez duela inolako konfiantzarik izan haurrarengan. Eta are okerragoa dena, berarengan konfiantzarik izan ez duenez haur hori ezgaitu dezake. Izan ere, haren gaitasunei balioa eman beharrean, haurrak sentitzen du helduak aurrean jarri dion xedea ezin duela bete. Sentipen horrek, eragin kaltegarriak izan ditzake eta haurrak bere ekimenez gauzak egiteari utz diezaioke, ezgauza sentitzen delako. Horrexegatik diot oso garrantzitsua dela haurrarengan konfiantza edukitzea eta egiten uztea. Eta helduak haurrarengan konfiantza duen heinean, eta umeari hutsik egiten ez dion heinean irabaziko du haren konfiantza.
Harreman seguru eta egonkor bat haurrarentzat ezinbestekoa bada garapen egoki baterako, testuinguru horretan zer garrantzia hartzen du zaintzak?
Zaintza-momentuetan —jaten ematea, garbitzea, loaraztea…— haurraren premia jakin bati erantzuten diogu. Eta nire ustez, zaintza-une horiek momentu magikoak dira haurrarekin konektatzeko. Une horietan, bai etxeetan bai haur-eskoletan, %100 haur horrekin egon behar dugu, gorputz eta buru. Harremanerako espazio ezin hobeak dira zaintza-une horiek. Izan ere, kontua ez da soilik haur bati jaten ematen diogula edo pixoihala aldatzen diogula eta hala bere behar fisiologiko bati erantzuten diogula, baizik eta ekintza horren bidez umeari bere buruaren gaineko kontzientzia ari gatzaizkio transmititzen eta transmisio hori positiboa, erdipurdikoa edo negatiboa izan daiteke. Haurrak afektua jaso dezake, baina baita gutxiespena, arbuioa, indiferentzia… ere.
Hortaz, zaintzaren bidez hartzen du haurrak bere buruaren kontzientzia?
Bai, hala da. Haurra bere burua ezagutuz doa bera ukitu duten moduaren arabera eta ingurunearekin izan duen erlazioaren arabera. Izan ere, bestearekin harremana dugun heinean hartzen dugu geure buruaren kontzientzia. Hortaz, besteak segun eta zer-nolako seinaleak igortzen dizkigun, era batera edo bestera hautemango dugu geure burua.
Haurrak munduarekin duen lehen harremana amaren azalaren bidezkoa da. Alegia, helduarekin duen kontaktuaren arabera munduratzen da. Eta kontaktu hori atsegina edo desatsegina izan daiteke. Eta sentsazio horien arabera eraikiko du bere burua eta tratatuko ditu gerora besteak. Alegia, bera ondo tratatu badute, litekeena da berak ere gerora ondo tratatzea besteak. Era berean, haurra ondo sentitzen bada eta plazera jasotzen badu, bere burua ontzat hartuko du, zerbait ona merezi duen norbait bezala, eta bera ondo trata dezatela eskatuko du.
Azken batean, kalitatezko zaintza ematea klabea da beste era bateko gizartea eraiki dezagun. Haurrak indarkeriarik gabeko tratua jasotzen badu soilik eman ahalko du gerora berak ere indarkeriarik gabeko tratua. Nire ustez, zaintza mota honek erakusten du gauzak beste era batera egin daitezkeela eta mundu humanoago bat eraiki dezakegula.
Zaintza, beraz, kalitatezkoa edo kalitaterik gabekoa izan daiteke.
Kalitatezko zaintzak esan nahi du helduak kontuan izaten duela nola egiten duen harremana haurrarekin. Zaintza-uneetan helduak hartzen duen jarrerarekin du zerikusia. Eta horren barruan Pikler-Loczy-tik hartutako lau oinarri izango nituzke kontuan: ekintza autonomoa, harremanak, kontzientzia hartzea, eta umea ondo sentitzea. Eta umea ondo senti dadin eta bizi kalitatea izan dezan, bere erritmoak errespetatu behar dira, bere loa, bere jateko gogoa… Eta era berean, garrantzitsua da haurra dagoen espazio horretako partaide egitea. Haurrak ongizatea izan dezan bere mugimendua ere errespetatu egin behar da. Nire ustez, sehaskan edota kotxe karroan denbora asko igarotzen duen haur batek, edota berak erabaki ez duen posizio batean denbora askoz edukitzen den ume batek ez dauka bizitza kalitaterik.
Kalitatezko zaintza egiteko, ingurunea segurua eta aberatsa izan behar du. Objektu justuekin, ez gutxiegi eta ez gehiegi. Eta niretzat ongizaterako garrantzitsua da aire librearekin kontaktua edukitzea ere. Kanpoaldea ere barrualdea bezalaxe ingurune bizigarria delako.
Azken batean, zaintzak balioa ematen dio pertsonari. Zaintza jasotzen duen pertsonak sentitzen duena da badagoela norbait bera axola zaiona, beraz arduratzen dena, bera pentsamenduan duena… Pertsona guztiok dugun premia da zainduak izatea, baina umeek zaintza berezia behar dute, maila fisiologikoan ere zaindu behar direlako. Hortaz, zaintza horiek kalitatezkoak edo kalitaterik gabekoak izan daitezke. Kalitatezko zaintzaz hitz egin dugu, baina zaintza hori kalitatezkoa ez balitz “indarkeria leun” deiturikoan sartuko ginateke. Adibidez, haurra garbitu behar badut eta berari ezer esan gabe, hankak hartzen badizkiot eta ur hotzetan sartzen badizkiot, “estalitako indarkeria” deritzoguna egiten ari naiz. Hori kalitatezko zaintzaren ikuspegitik “indarkeria leuna” da, umeak ondoeza sentitzen duelako: norbaitek hartu egiten du, hankak estutzen dizkio, ez dio ezer esaten, ur hotzetan sartzen du… kasu horretan objektu hutsa da haurra eta hor ez dago helduaren eta umearen arteko komunikaziorik, haurraren akziorik eta parte-hartzerik.
Zaintza-uneak prestatzeak, beti egiteko antzeko moduak erabiltzeak, umeari egiten ari gatzaizkionari hitza jartzeak... zer-nolako garrantzia dute kalitatezko zaintza baterako?
Zaintza-uneetan —umea aldatzerakoan, jaten ematerakoan, lotarakoan…— prestaketa bat baldin badago, eta beti egiteko modu bera, haurrak sekulako ziurtasuna sentituko du, eta posible izango da momentu hori plazer partekatuko une bilakatzea. Zentzu horretan, erritualak errepikatzea bezain inportantea izango da hurrena datorrenaren berri edo egingo dugunaren berri haurrari ematea.
Kontuan izanik zaintza-une horiek haurrari bere burua ezagutzen, inguruaz jabetzen, sentitzen, nor den jakiten… laguntzen diotela, garrantzitsua da haurrarekin egiten ditugun ekintzei hitza jartzea. Horrela jakingo baitu zer ari zaion gertatzen, zer egiten ari gatzaizkion, zer egingo zaion gero, nor arduratzen den beraz… Horrek guztiak haurrari segurtasuna eta konfiantza ematen dio.
Adibidez, janzteko momentuan, nire ustez oso garrantzitsua da haurrari kooperatzen uztea, eta bere kolaborazioa eskatzea, baina horretara behartu gabe. Haurrak parte hartzeko aukera izan dezan inportantea da egitera goazena hitzen bidez aurreratzea. Hala, umeak segurtasuna sentituko du eta gauza bakoitzak zer esan nahi duen antzematen hasiko da, eta pixkanaka barneratuko du berak ere ekintza horretan kolabora dezakeela eta beraz ez du erresistentziarik jarriko. Hori izango da zer eskatzen ari gatzaizkion ulertzen hasten deneko unea.
Apurka, bera zaintzen ari den helduaren lagun sentituko da haurra. Eta horrekin batera, konturatuko da berak ere helduarengan eragina izan dezakeela, dena ez datorrela helduarengandik emana, baizik eta berak ere ekintza bat hasi ahalko duela. Umeak egiten duen ekintza lengoaia gisa uler daiteke, horrela komunikatu ahalko baita helduarekin. Adibidez, umea konturatzen da, bera janzten ari direnean mugitzen hasten bada, helduak umeari kasu egiten diola eta bere jarduteko modua aldatu egiten duela. Alegia, umea jabetzen da heldua ohartu dela haurra zerbait eskatzen ari zaiola. Hortaz, jada pareko harreman batez ari gara hizketan, harreman simetriko batez, batera dauden bi pertsonez.
Garrantzitsua da momentu horietan umearen aktibitatea errespetatzea ere. Alegia, ez genuke umearen ekintza eten behar. Esate baterako, umeari pixoihala aldatzen ari gatzaizkionean haurra mugi dadin uztea oso konplexua da, baina nik nahi dut bera libreki espresatzea. Izan ere, nik geldi egotera behartzen badut pixoihala aldatu behar diodalako, ez dut bere gorputzeko ekintzaren parte bat errespetatzen. Beraz, pixoihala aldatuko diot, ahal dudan heinean, bere ekimena eten gabe. Izan ere, zaintza-uneetan umeak hasten dituen jarduera horiek klabeak dira umeak bere autonomiarako bidea egin dezan, momentu horiek helduarekin kolaboratzeko eta bere iniziatibaz parte hartzeko aukera ematen baitiote.
Autonomiarako bidean, umeari egiteko gai den hori errekonozitu egin behar zaiola aipatu duzu, baina exijentzian erori gabe. Askotan, ordea, “badakizu bakarrik egiten” esan eta ez ote dugu umea bakarrik uzten?
Batzuetan uste dugu umea gauza baterako gai dela, ekintza hori egiten hasia delako —zamarra bakarrik janzten, oinetakoak lotzen…—; akaso, ikaskuntzaren hasieran egon daiteke, baina oraindik ondo barneratu gabe izan dezake. Kasu horietan ezin dugu exijentziekin hasi, baizik eta aitortu egin behar diogu zein fasetan dagoen une horretan. Eman dezagun haur bat oinetakoak janzten ikasten ari dela, eta guk esaten diogula: “Benga, egin bakarrik, badakizu eta”. Esaldi horren atzean exijentzia zantzu bat dago, eta hain zuzen ere, horrek umea aurrera egitera bultzatu beharrean, kontrakoa eragin dezake. Baliteke oinetakoak janzten ikasteko grina piztu beharrean, oinetakoak bakarrik janzten ikasten jarraitzeari uko egitea. Jarduera bat ikasten hasita egon arren, oraindik umeak ondo barneratu gabe izan dezakeelako eta laguntza premian aurki daitekeelako. Kasu horietan, guk “bakarrik egin dezakezu” esaten badiogu, autonomiarako urratsetan lagundu beharrean, umea bakarrik uzten ari gara. Haurrak ondoeza senti dezake oraindik egiteko gai ez den zerbait exijitzen ari gatzaizkiolako. Aldiz, haurraren iniziatibak antzeman eta haurrari horien berri ematen badiogu, haurra aitortua sentituko da egiten hasia den horretan, eta aurrera egin nahiko du, berak bakarrik egitea lortu arte.
Izan ere sekulako diferentzia dago plazerarekin konkistatzen den autonomiaren eta abandonatuta sentitzen den ume baten autonomiaren artean. Bigarren horri Myrtha Choklerrek autonomia faltsua deitzen dio. Eta autonomia mota hori helduaren betebeharrak errazteko asmatu dugun autonomia bat da. Baina hori ez da autonomia; hori bakardadea da.
Familietan presaka bizi gara. Goizetan, adibidez, gurasoek lanera joan behar izaten dute, haurrak eskolara... Akaso, dagoeneko haurra bakarrik janzteko gai da denbora emanez gero... Baina baliteke gurasoek denbora hori ez izatea eta presaka haurra jantzi eta gosaria ahora ematea. Nola gestiona daitezke momentu horiek? Kasu horietan ere “indarkeria leuna” al dago?
Etxeetan baino ezkutuko indarkeria handiagoa ikusten dut haur-eskoletan, ratioak direla eta katean lan egin behar denean —orain denak bazkaltzera, orain denak komunera…—, betebeharretan zentratzen gara eta haurra ahanzten dugu. Familien kasuan, iruditzen zait haurra familia horretako kide dela eta familia horretako baldin-tzetan bizi beharko duela. Esango nuke, gehienetan, indarkeria baino gehiago ezjakintasuna eta presioa dagoela. Baina, akaso, informazioa edukiz gero, zenbait gauza beste era batera egiteko aukera izango lukete familiek. Bere kasa jantzi daiteke haurra, adibidez, gu beste zerbaitetan ari garen bitartean. Eta esan egingo diogu: “Ni honetan ari naiz, eta badakit zu horretan ari zarela. Segi lasai ari zaren horretan, ni hemen nago eta hemendik ikusten zaitut eta zerbait behar baduzu, esan”. Hartara, haurrari ardura bat ematen diozu eta zuk beste ardura bat hartzen duzu. Baina zu zara zaintzen duen heldua eta haurra zure begiradapean dago eta ez duzu bakarrik uzten.
Niretzat ideia klabe bat dago: haurrei gauzak esplikatu egin behar zaizkiela, hala haurrek jakingo baitute guk zer nahi dugun, edo haiek zer egiteko gai direla uste dugun. Eta burutik kendu behar dugu ideia bat: haurra izaki osatugabea dela eta gure egitekoa dela hura osatzea. Haurra pertsona osoa da, baina gure gizartean benetan ez dugu ezagutzen haurra zer den, baizik eta tradizioz haur txikia zer den jaso dugunaren ezagutza soilik daukagu.
Eta non dago muga kalitatezko zaintza eman nahiz autonomiarako bidean heztearen eta gehiegizko permisibitatea edukitzearen artean? Ez ote da sarri zuk deskribatzen duzun zaintza mota hori haurra “gehiegi mimatzearekin” eta “gaizki heztearekin” nahasten?
Haurra “gaizki heztea” izango litzateke haurrari gizartean bizitzeko baliabiderik ez ematea. “Gaizki heztea” litzateke, adibidez, jatetxe batean umeak mahaian dauden gauzak lurrera bota nahi dituelako hori egitea, eta gure justifikazioa izatea umeak gauzak lurrera botatzeko premia duela. Gu ez gara bakarrik bizi, gizartean bizi gara eta baita haurrak ere. Beraz, ni jatetxe batean mahaiko gauzak lurrera botatzen aritzeak ondo sentiarazi nazake, baina akaso aldamenekoak ez. Beraz, haurrari erakutsi behar diogu beste pertsona batzuekin gaudenean portatzeko modu batzuk daudela. Horixe da heziketa.
Beste adibide bat jarriko dut: tabernako lurra zikina badago eta umeari arrastaka ibiltzen uzten badiot, ez naiz ari gure gizartean higieneaz ulertzen duguna haurrari transmititzen. Nik utziko nioke umeari lurrean arrastaka ibiltzen, baina ez tabernako lur zikinaren gainean, baizik eta toki seguru batean. Baina aldi berean, umeari lurrean ibiltzen uzten ez badiot bere ekintza bat mozten ari naiz eta bere premia bat erreprimitzen. Hortaz, zer egin horrelako kasu batean? Lehen aukera da, horrelako espazioetara ez joatea badakidalako umeari beti askatasunean mugitzen utzi nahi diodala, eta beraz, lurrean lasai arrastaka ibil daitekeen tokietara joatea; beste aukera bat da, umeari lasai lurrean ibiltzen uztea, baina kasu horretan, gure gizartean higienea zer den eta bere osasuna nola zaindu behar duen ez natzaio transmititzen ariko; eta azkenik, erdibideko aukera bat ere balegoke: haurrari, magalean edo mahaian berarentzat egokia izango den eta aktibo egoten utziko dion zerbait eskaintzea. Baina inoiz ez nuke lotuta edo mugitu ezinik edukiko.
Eta beste aldean legoke, gainbabesa. Izan ere, gaur egun gauza guztiek beldurra ematen digute: “Ez egin hau, hori zikina da, beste hura kaka da…”
Nik uste dut gainbabes horrek umea ezgaitu egiten duela, ez diolako uzten egin dezakeen ezer egiten. Umeari bere kabuz ezer egiten uzten ez bazaio, eta dena egina ematen bazaio, ume horrek ez du bere burua ezagutuko, ez du jakingo nor den… ez zaiolako ezer egiten utzi. Ez zaio espaziorik uzten bera izateko. Eta azkenean litekeena izango da ume hori oso mendekoa izatea.
Eta non dago zaintza on baten eta haurrari autonomia kentzearen arteko muga?
Nire ustez inportanteena umeari begiratzea da. Zuk zaintza ematen diozu, baina bera da bidea egiten doana. Zuk jarraitu egiten diozu, baina egiten dituen aurrerapen guztien norabidea berak markatzen du. Haur guztiak ezagutzeko eta egiteko gogoarekin jaiotzen dira, guztiak sortzen dira mundura kuriositatearekin… baina gero, bestelako gauza batzuk gertatzen dira, bidea okertzen dutenak. Hortaz, nik haurra zainduko dut ahalik eta errespetu handienarekin, baina urratsak egiten eta bidea konkistatzen doana bera da. Haurrak sentitu behar du zu bere aldamenean zaudela, lagun egiten diozula, baina ez diozula ezertan oztoporik jartzen.