Historikoki, erditzea, gero eta zailago
Rosa eta Ana Izizek aurrehistoriatik hasita emakumeak nola erditu diren jaso dute Historia de las mujeres en Euskal Herria liburuko lehen kapituluan: “Duela milioi erdi urteko erditzea ez zen gaur egunekoa bezain mingarria”.
Historiaren hastapenetatik gaur arte, ez gara berdin erditu. Lucy, duela lau milioi urteko lehen gizakia kontsideratzen den emakumearen ama ez zen gaur bertan Euskal Herrian erditu den emakume bat bezala erditu; antzera bai, baina desberdintasun handiekin. Hasteko, desberdintasun fisiko nabarmenekin, pleistozenotik gaur arte, neandertalak, homo sapiensak eta ondoren Neolitoko andreak, Erroma, Grezia eta Egiptoko inperioen garaiko emakumeak, Erdi Arokoak eta ezta XX. mende hasierakoak eta gaur egunekoak ere, ez dira berdin erditzen; antzera bai, baina desberdintasun handiekin.
Historiaren sokan duela hamarkada bat edo bi mataza berri bat txirikordatu eta erditzeen humanizazioan norabide berri bat hartu badu ere erditzearen historiak, umeak munduratzea garai batzuetan besteetan baino mingarriagoa izan da, garai batzuetan besteetan baino ezkutuagoan egin da, garai batzuetan besteetan baino bakartuago egin da… Erditzeak badu historia. Eta Historian erditzeak izan du lekurik. Hau da, garaian garaiko erabaki politikoek, ekonomikoek, ideologikoek eta erlijiosoek eragin dute emakumeek haurrak mundura ekartzeko moduan; baina eragin du, baita ere biologiak, eragin duenez, baita ere, giza eboluzioak… Rosa eta Ana Izizek erditzeen antzinateko historia jaso dute Historia de las mujeres en Euskal Herria liburuan (Txalaparta). Pleistozeno erdiraino (duela 500.000 urte) joan dira historialariak erditzeak nolakoak izan ziren aztertzeko, eta garaian garaiko irudi eta errepresentazioak jaso dituzte liburuan. Lucyren garaietatik hona, aldaketa fisiko eta biologikoei erreparatu diete, baina baita erditzearen ekintzan eragin duten faktore politikoei ere.
Erditzeak mingarriagoak dira gaur egun Atapuercako gizakien garaian baino. Horixe ondorioztatu dute Iziz ahizpek. Atapuercako aztarnetatik ikertu ahal izan denez, lehenik eta behin, haurdunaldian eta edoskitzaroan emakumeek gaur baino bi aldiz kaloria gehiago behar izaten zituzten haurndunaldia onik burutuko bazen, eta bestetik, Heidelbergensis gizakiaren arbasoaren erditzeak gaur egungo emakumeenak baino errazagoak ziren, “min gutxiagokoak” ziren, orduko emakumeen ezaugarri biologikoengatik batetik, baina baita haurren garezurraren ezaugarriengatik ere: emakumeen aldakak zabalak ziren eta haurren garezurrak txikiak (emakumeen aldakarik ez da agertu, baina gizonena oso zabala da –eta antropologoek diote andreena are zabalagoa izan zitekeela-eta umeen burua bost zentimetro ingurukoa zela pentsatzen da), beraz, erditzeak errazago izateko faktoreak zeuden aurrehistorian, erditze kanaletik zailtasun txikiarekin igaroko baitziren umekiak. “Gure espeziea zutik ibiltzen hasi zenean gertatu zen emakumeen pelbisaren arkitekturaren aldaketa. Coxiseko hezurraren artikulazioak bizkarrezurrerantz eta femurrerantz gerturatu ziren, eta ondorioz, erditze kanalaren perimetroa txikitu egin zen, erditzean zailtasunak eraginez. Bagina, metamorfosi honen ondoren, aurrerantz zuzendurik gelditu zen, uteroarekin angelu zuzen bat osatuz, haurra ibilbide oker bat egitera behartuko duena jaioko bada, eta zailtasunak areagotuz”.
Baina aldaketa fisiko eta biologikoez gain, Iziz ahizpek nabarmetzen duten eran, aldaketa kulturalek ere zaildu egin dute historikoki erditzea. Erditzea horizontaltzea, hau da, ohe batean etzanda erdi- tzea, jaiotzea zailtzea izan da, kasu honetan erditzearen arkitektura aldatzea ekarri baitu: “Emakumeak zutik, eserita edo pikotxean erditzen ziren, erditzea erraztuko zuen eta min gutxiago eragingo zuen postura natural eta logikoago batean. Mundu osoan zehar eta garai guztietan, nola historiaurrekoetan hala historiakoetan, jainkoak eta emakumeak biluzik postura horietan erditzen erakusten dituzte aztarna arkeologikoek. Hainbat kultura eta lurralde desberdinetan ikus daiteke, emakumeak gogokoen dituen posturak edo senak eskatzen dituenak hartu izan dituela eta hartzen dituela erditzean, sarri aldatuz postura hori, erditzea azkartzea eraginez”. Gaur, ordea, salbuespena dira ohatilan erditzen ez diren andreak Euskal Herrian.
Juzku ideologikoek ere izan dute ondoriorik erditzearen historian, emakumeak erditzeko modua aldatzea eragin baitute garaian-garaian hartu izan diren erabaki ideologiko batzuek. Eliza izan da Mendebaldeko kulturetan erditzean eragin duen agente politiko garrantzitsuena, Iziz ahizpen arabera: ospe txarra jarri zion emakumea erditzeko prozesuari. “Erditzearen ekintza, Itun Zaharrean, zikina kontsideratzen da, eta Levitico 12-ak dio erditu berri den emakumeari garbiketa-erritua egin behar zaiola, zikin horrek ez ditzan taldeko gainontzeko kideak kutsatu. Jainkotasunari eskaintza bat egin beharko dio berriro ere garbia dela aitor dakion. Hori dela-eta, jaiotzea zerbait zikina bihurtzen da, ustela eta okerra, Ama Jainkoa gurtzen zuten historiaurreko gizartean eta kulturan zuen esanahiaren guztiz kontrakoa hartuz”.
Erditzearen inguruko juzku ideologikoek jaiotzearen inguruko erabaki politiko zehatz batzuk ekarri dituzte historian zehar, esate baterako, erditzeetan ez zen gizonezkorik izan berandu arte. Erdi Aro berantiarra arte eta Inkisizioak sorgintzat hartu zituen emaginak akabatu arte, ginekologia eta obstetrizia emakumeen esku egon zen, batetik garaiko gizonezko medikuek erditzear zeuden emakumeak artatzea arte minortzat kontsideratzen zutelako, baina baita moral kristauak emakumeak gizonezkoen aurrean —espezialistak izanagatik ere— biluzik jartzea galarazten zuelako. Batagatik zein besteagatik, erditzea intimitatean egiten zen, emakumeen artean, ba-tzuetan emagin, bizargin eta garaiko zirujauen laguntzarekin. Eta zenbait kasutan sinbolismo handiz atonduriko ekintza izaten zen erditzekoa, harri bitxiak jartzen ziren emakumearen gorputzean eta baita oilo bizi bat ere, erditzea azkarra eta ona izan zedin, Iziz ahizpen arabera.
Garai haietan erditzeak arrisku handia zekarkien emakumeei, batetik jaiotzean bertan gertatzen ziren edo egiten ziren zaurien eta hemorragien ondorioz emakume askok bizia gal-tzen zutelako, batik bat lehen haurraren erditzean, eta bestetik, higiene faltak eragindako infekzioek eta erditze osteko sukarrek ere emakume asko hil zituztelako, hainbeste ze Izizen dokumentazioaren arabera, erditze osteko sukarrak izan ziren Erdi Aroko emakumeen heriotz eragile lehenak.
Medikuntzak aurrera egin bazuen ere, emagin-medikuak espezializatu baziren ere eta kirurgia esku hartzen hasi bazen ere, XIX. mendea arte ez zen lortu emakume erditu berrien heriotza-tasa jaistea. Eta behin amen hilkortasun-tasa jaistea erdietsi zenean, XX. mendean haurren hilkortasuna jaistea izan zen helburua. Baina, Iziz ahizpek nabarmentzen duten eran, medikuntza modernoak eragin makurra ere izan du erditzeen historian, gaur arte ez bada, atzo arte bederen ikusi izan den eran: “Errenazimendu garaiko medikuntza moderno sortu berriak [XV eta XVI. mendeetan] erditzea gaixotasun bilakatu zuen progresiboki eta erdi-urren dagoen emakumea gaixo ahul bilakatu zuen, postura horizontalean egon behar zuena bere etxeko ohean. Mugienzitasun eta ahuldade psikofisiko hori opresioa helburu zuten beste errealitate sexual, sozial, erlijioso eta ekonomiko batzuetan oinarritzen zen”. Erditze horizontala, Iziz ahizpen arabera, ginekologoen praktika erraztera datorren postura izateaz gain, emakumeak ekintza sexualean hartu behar duen posturarekin eta gaixotasunarekin lotua dago.
Abortua eta antisorgailuak
Historian zehar haurdunaldia etetearen eta antikontzeptiboen inguruan izan diren sinesmen eta dokumentuak ere bildu dituzte Rosa eta Ana Izizek liburuan. Historikoki abortua legez zigortua egoteaz aparte, homizidiotzat hartua izan da, baina emakumeek garai historiko guztietan abortatu izan dute. Batzuetan uste izan da eguneroko hainbat ekintzek —laxanteak hartzeak, korrika egiteak, jauzi egiteak, sexu asko egiteak edo sangriak hartzeak— abortua ekar zezaketela. Dokumentatua dago, halaber, hainbat osagai natural erabiltzen zituztela fetua galtzeko, oreganoa, txortaloa, anisa edo mihilua, adibidez. Antikontzeptiboei dagokienez, hainbat metodo harrigarri jasotzen ditu liburuak, besteak beste, erle bat edo orein baten bihotza jatea, beste emakume baten hileroko odolarekin bustitzea edo koitoaren garaian mandoaren larruazala edo azabatxea edukitzea.