Magaleko jolasak, beldurraren aurkako pilula
Haurrak 6-8 hilabete dituenetik 2-3 urte dituenera arte, helduaren altzoan egiten diren jolasek haurren premia oinarrizkoenei erantzuten diete, atxikimendutik abiatzen dira, eta harremanetik eta elkarrekintzatik jolas egiten da, beldurrak gaindituz, Katty Homar psikomotrizistaren arabera.
Jolasa kontu serioa dela esan dugu lehenago ere. Haurtzaroak pertsonaren garapenerako garrantzi itzela du, neurri handi batean, jolasak pertsonaren garapenerako inportantzi handia duelako. Jolasak egiten du pertsona nor, eta jolasetan izarretako bat magaleko jolasa da: beldurrak gainditzen laguntzen dio haurrari.
Aro digitalean atzendu antzean daude magaleko jolasak, baina haurren premia oinarrizkoenei erantzuten dien neurrian, eutsi beharrekoak eta biziberritu beharrekoak dira Katty Homar psikomostrizistaren aburuz. “Dena hain digitala izatean, kezka sortzen zaigu haurrari esperimentaziorako espaziorik uzten ote diogun. Gauza askotan aurrera egin dugu, baina beste batzuetan… Irudipena dut gauza guztiak sinplifikatuta ematen dizkiegula umeei, eta horrek ez die inolako mesederik egiten”.
Harremanak dakar jolasa
Jolasa hain da garrantzitsua oinarrian harremana dagoelako, Katty Homarren arabera, helduaren eta haurraren arteko lehen harremanean dago jolasaren iturburua. Haurra helduaren altzoan delarik, gertutasun horretantxe hasten da jolasa: “[Donald] Winnicottek zioen bezala, haurra bera bakarrik ezin da existitu. Izan ere, haurra heldugabe jaiotzen da eta, beraz, sorreratik haurrak babesa emango dion euskarri bat behar du. Hasieran, premia horiek elikadura, higienea, loa… bezalako behar fisikoekin bermatzen dira, baina horrekin batera haurrak afektua behar du. Helduaren eta haurraren arteko hartu-eman horretan jartzen dira esperimentazioaren eta ikerketaren zimenduak, eta horrekin batera, baita jolasarenak ere”.
Bere kabuz sostengatzen doan heinean, bere kasa jolasean hasten da haurra. “Lehenik bere gorputzarekin jolasten du —esan gabe doa haurra helduaren besoetan ez badago, hobekien lurrean dagoela, jolasean—. Pixkanaka, eskuak, oinak, ahoa… bere gorputzaren parte direla jabetzen da, eta gauzak ahora eramaten hasten da, edota ahoaren mugimenduekin jolasten, haurrak lehenik ahoarekin jolasten baitu. Horren ondotik, erritmoarekin eta errepikapenarekin zerikusia duten jolasak hasten dira agertzen, eta hor helduaren figura sartzen da jokoan.” Magaleko jolasak dira horiek, poesia, musika eta gorputz-ukimendua eta mugimendua elkartzean sortzen den pilula magikoa da.
Pilula magikoa dela diogu, magaleko jolasa balio handiko jolasa delako Homarrentzat: Haurrari beldurrak gainditzen laguntzen dio. Haurrak 6-8 hilabete dituenetik hasi eta 2-3 urte dituenera arte egin ohi du helduaren altzoan jolas. Garai horretan haurraren beldurra galerarekin lotua egon ohi da, erreferentziazko heldua, ama, aita… galtzeari beldur dio haur txikiak, haatik, heldua jolasean inplikatzen bada, bere gorputzarekin haurrarekin jolas egiten badu, seguru sentitzen da txikia helduaren ondoan. “Magaleko jolasek, haurrari berraseguratzeko prozesua egiten laguntzen diote, hau da, jolasaren bidez, bizitzako ezintasunen aurrean ziurtasuna bilatzen. Haurtzaroa ez da beti gozoa, eta sarri haurrek larritasuna sentitzen dute, euren burua etengabe aldatzen ari den ingurune batera egokitu behar dutelako eta ezagutzen duten hori baztertu behar dutelako ezezaguna den horretarantz joateko”.
Helduengandik banatzen laguntzen diete harreman-jolasek edo magaleko jolas horiek, bada. Haurrak alde egiten du helduaren altzotik, baina, era berean, helduak atzetik jarrai diezaion nahi du. Beraz, umea helduarengandik bereizten da, baina aldi berean helduarekin egon nahi du. Gorputzaren jolasak emozioekin zer-nolako garrantzia duen nabarmentzen du Homarrek: “Sarri txikitatik haurrei ekintza mentalagoak eginarazten saiatzen gara. Baina 0-3 adin tartean haurrek gorpu-tzarekin jolastu behar dute, horixe izango baita beldurrak gainditzen lagunduko diona, eta helduarengandik banatzea eta autonomia lortzea ahalbidetuko diona”.
Babes emozionalaz gain, kontaktuzko jolas hauek komunikazioan eta hizkuntzaren garapenean laguntza handia dakarte, eta kultura transmititzeko bitarteko dira. Homarrek ohartarazten du, ordea, jolasak moldatzeak lehentasuna duela hitzez hitz transmititzearen aurretik: “Kultura transmititzeko bitarteko dira. Baina, magaleko jolasak inondik inora ere ez dira buruz ikasi beharreko partitura eta hitzak, baizik eta jolas bakoitza haurraren eta helduaren elkarrekintzaren bitartez eraikitzen den zerbait da. Biren arteko jolasa denez, bi aldeak inplikatzea eskatzen dute magaleko jolasek”. Bi gorputzen arteko jolas horrek, elkarrizketa toniko horrek, balio handia du plazerean oinarri-tzen delako. “Haurrari plazer hori bizitzeak bestearengandik desberdin sentitzen laguntzen dio, norbera izaten”.
Gorputzaren protagonismoa, plazer partekatua eta abestia dira magaleko jolasen ezaugarriak. Melodiaren aldetik, erritmoa eta errepikapena dira magaleko jolasen arrakastarako bi gako; melodia sinpleak — sarri bi notarekin soilik osatuak— memorizazioa eta ikaskuntza errazten ditu, eta erritmoak nahiz errepikapenak haurrari berraseguratzen laguntzen diote. Testuari dagokionez, hasiera batean, letrek ez dute garrantzi handirik izaten, sarri, esanahirik ere ez dute izaten, garrantzitsuena da abesten duenaren eta entzuten duenaren artean sortzen den egiturazko erlazioa.
Zein da helduaren rola magaleko jolasean? Lehenik eta behin, gozatzea: “Haurraren eta helduaren artean eraikitzen diren harreman horietan heldua zein haurra jolasteko prest egon behar dira, besteari entzun behar diote, jolasean txandakatzen eta elkarrekin aritzen jakin behar dute, eta hori guztia plazerarengatik”. Ondoren, helduaren egitekoa, Homarren arabera, haurraren parte-hartzea bultzatzea da, helduak haurrari “eginarazten” dizkion ekintzak, elkarrekintza bihur daitezen. “Helduak eta haurrak batera parte hartzen dute magaleko jolasetan, erritmoaren eta armoniaren bitartez. Gainera, helduari alaitasunez jardutea eskatzen zaio, eta beste ezeren gainetik, pazientzia izatea, bereziki haurrak jolasa behin eta berriz errepikatzeko eskatzen duenean”.
Zein da haurraren egitekoa magaleko jolasean? Lehenik eta behin, gozatzea. Ondoren, “haurrari arreta jartzeko, erritmora egokitzeko, eta haur-eskoletan, ume asko daudenez, bere txanda itxaroteko eskatzen zaio. Hala, helduaren eta haurraren artean benetako elkarrizketa sortzen da, eta elkarrizketa horixe izango da elkarren arteko hartu-emanean errespeturako oinarria”.
Kukukako jolasa
Kukukako jolasean hasi aurretik haurra kontziente izan behar da helduarengandik bereizten ari dela. Galeraren beldur hori gainditzen laguntzen du kukukako jolasak, erreferentziazko heldua irudikatzera bultzatzen baitu haurra.
Haurrak bere aurpegia eskuekin estaltzen duenean, berak ezer ikusten ez badu, uste du heldua ez dagoela hor. Horrexegatik, batzuetan haurrak tranpak egiten ditu eta ez ditu begiak ixten. Baina hori oso garrantzitsua da. Izan ere, begiak ixten baditu heldua bistatik galtzen du. Eta heldu hori gogoratzeko nahikoa irudi ez baditu barneratuta, heldu hori berarentzat jada ez dago hor. Heldua ikusi behar du, nahiz eta zatitxoka izan, gero heldu hori berreraikitzeko, bere gogoan irudikatzeko.
Gerora, jolas horrek eboluzionatu egiten du eta haurra tela gardenak edo erdi-gardenak erabiltzen hasten da ezkutatzeko, Eta denborarekin jolas hori ezkutaketako jolasa bilakatzen da.