ANTIBIOTIKOAK

2017-05-31

Erremedioa gaitz bihurtzeko arriskua

Sarriegi eta gehiegi erabiltzen dira antibiotikoak, bereziki haurrekin.
Horrek, botikaren albo kalteak —buruko minak, diarreak, infekzioak...—alferrik pasarazteaz gain, ondorio larri bat dakar: antibiotikoei gain
hartzen dieten bakterioak sortzen ari dira. Osasunaren Mundu
Erakundearen arabera, etorkizuneko gaixotasunen eragile nagusiak
antibiotikoei aurre egiten dieten bakterioak izango dira.

 
 
ANTIBIOTIKOAK

Osasunaren Munduko Erakundeak, antibiotikoei buruzko oharra eskegia du bere web orrialdean: “Antibiotikoekiko erresistentzia da gaur egun mundu-mailako osasunarentzat arrisku nagusietako bat”. Iazko azaroan egin zuen ohartarazpena, eta mundu osoko prentsak jaso zuen. OMErentzat, larria da arazoa: “Antibiotikoekiko erresistentzia modu arriskutsuan ari da hedatzen mundu-mailan. Egunik egun infek-zio bidezko ohiko gaitzak artatzeko geneukan gaitasuna arriskuan jartzen ari diren erresistentzia-mekanismoak agertzen eta zabaltzen ari dira planeta osoa. Berehalako neurriak hartu ezean, antibiotikoen osteko garaia etorriko da, non ohiko infekzio arruntak eta lesio arinak potentzialki hilgarri bilaka daitezkeen”.

Baina haurrak sukarra du, eta mukiak, eta eztula, eztul zakurra. Agian bularra hartua izango du. Eta hatza sarri, oso sarri darama belarrira. Agian, belarria ere hartua izango du. Eztarria ukitzen du. Faringitisa? Otitisa? Bronkitisa? Begiratu du pediatrak. Ez, gripea da, negua hasi zenetik gainetik kendu ezin duen gripea. Atsedena, likidoak eta parazetamola. “Baina halako koadro baten aurrean, ez ote luke medikuak antibiotikoa agindu behar, eritasuna azkarrago eta eraginkorrago gaindi-tzeko?”, pentsatuko du guraso batek baino gehiagok. Eta pediatra batek baino gehiagok agindu egingo luke antibiotikoa, agindu egiten du, agindu sintoma horien aurrean. Baina, ez luke behar: antibiotikoa bakterio batek eragindako infekzioei aurre egiteko botika baita. Haatik, Euskal Herrian antibiotikoa oker eta sarriegi erabiltzen da, berriki nazioarte-mailan egin duten ikerketa batek iradokitzen duenez.

The Journal of Pediatrics aldizkari espezializatuan agertu da Valentziako ikertalde batek nazioarte-mailan egin duen ikerketaren berri. OMEren ohartarazpenarekin bat egiten du artikuluak, antibiotikoen gehiegizko erabilerak eta erabilera okerrak botikaren albo kalteak —buruko eta tripako mina, diarrea, erreakzio alergikoak, infekzioak...— alferrik sufriarazteaz gain, antibiotikoa bera gaitz bihurtzea ekarri du: botikari erresistenteak diren bakterioak ari baitira sortzen.  Pneumonia, tuberkulosia, gonorrea eta beste hainbat gaitz, lehen antibiotiko arruntekin senda zitezkeenak, orain antibiotiko gogorragoekin, dosi gehiagorekin edo tratamendu luzeagoarekin sendatu behar izaten dira hainbat kasutan. Artikuluak zehazten du, alde batetik medikuak eurak izan direla gehiegizko erabilera eta erabilera okerra eragin dutenak —“lau kasutatik hirutan behar izan gabe aginduz”—, baina familiek ere gehiegi eskatzen dutela ohartarazten du.

“Medikuntza modernoa arriskuan”
Nazio Batuen Erakundeak ere hitz egin du gaiari buruz, eta norabide berean egin ere: “Neurriak hartu ezean, antimikrobianoak deskubritu aurreko garaira itzul gaitezke”.  Antibiotikorik gabe —edo bestela esanda, antibiotikoek gainditu edo akabatu ezin dituzten bakterioen arriskuarekin— ezinezko lirateke ospitaletako esku hartze eta ebakuntza asko, transplanteak, kirurgia konplexuak, kimioterapiak...

Pasa den udazkenean NBEko 193 herrialdeek adierazpen historiko bat sinatu zuten antibiotikoen erresistentziari neurriak jartzeko. NBEaren historian asanblada orokorrak osasunari loturiko gai bat jorratzen zuen laugarren aldia zuen: VIH, gaitz ez transmitigarriek eta ebolak soilik elkartu zuten aurrez NBE gisa horretako adierazpen batera. “Medikuntza modernoaren errealitatea arriskuan jartzen ari dira bakterio erresistenteak”, azaldu du. Bi urteko epean betetzeko funtsezko hiru konpromiso hartu dituzte sinatzaileek: 1) Farmako horren erabilera zaintzeko eta erregulatzeko sistema garatzea eta bultzatzea, bai gizakietan baina baita animalietan ere. 2) Produktu berrien garapena bultzatzea 3) Osasungintzako profesionalak batetik eta herritarrak bestetik, antibitiotikoen erabilera eta arriskuaren gainean formatzea.

Nola funtzionatzen dute
antibiotikoek?
Bakterioak eta birusak dira gaixotasunak ekartzen dituzten germen nagusiak, eta biek ala biek, sarri sintoma beretsuko gaixotasunak eragiten dituzte. Baina bi mikroorganismo horiek zabaltzeko eta gaixotasunak transmititzeko moduak diferenteak dira. Bakterioak zelula independente gisa bizi diren mikroorganismoak dira. Bakterioak leku guztietan daude, eta gehientsuenak ez dira kaltegarriak, batzuk, gainera osasuntsuak eta beharrezkoak dira, lactobacillus bakteroia, esate baterako, hesteetan bizi dena —bakterio-flora edo mikrobiota, beste bakterio patogenoetatik babesten gaituena, sistema immunologikoa erne mantentzen duena, eta liseriketa egiteko beharrezko dena—. Gure ingurunean dauden beste bakterio batzuk bai, horiek kaltegarriak dira, eta gure gorpu-tzean sartzen direnean eta hedatzen direnean  eta gure organismoaren ohiko funtzionamendua kaltetzen dutenean, gaixotu egiten gara. Kasu horietan, bai, antibiotikoak eraginkorrak dira bakterioaren kontra. Izatez, antibiotikoak bakterioetatik edo sintetizaturiko onddoetatik ekoitziriko konposatu kimikoak dira, eta penizilina da ezagunenetakoa. Antibiotiko horrek, adibidez, mikroorganismoak hil egiten ditu: inguratzen dituen zuntza suntsitu eta lehertu egiten dute mikroorganismo zelulabakar horiek.

Birusak morfologia, natura eta funtzionamendu ezberdina daukaten organismoak dira, eta, ez daude bizirik, zelula biziak inbaditzen dituztenean soilik erreproduzitzen dira. Gure sistema immunitarioa gauza da, bere kabuz, birus horietako ba-tzuei aurre egiteko organismoaren ohiko funtzionamendua kaltetu aurretik, eta beraz, gaixotu aurretik, eta beste birus batzuen kasuan (hotzeri edo burutik beherakoaren kasuan), gure gorputzean sartuagatik, bere prozesua egiten uztea komeni da. Antibiotikoek ez dute, beraz, birus horiei aurre egiteko balio.

Zergatik da kaltegarria antibiotikoak behar ez direnean hartzea?
Hotzeriaren kasuan edo birusek eragindako beste gaixotasun batzuen aurrean antibiotikoak hartzeak ez du, beraz, ezertarako balio, gure gorpu-tzean ez baitago erasan beharreko bakterio kaltegarririk. Baina bazeuden bakterio mesedegarriak, gure gorputza osasuntsu egon dadin eta ongi funtziona dezan beharrezko direnak, eta nahiz eta bakterio bakoitzaren eta egoera bakoitzaren arabera antibiotiko espezifiko bat ematea komeni den, bakterio mesedegarri horiek ere hil egin ditzake antibiotikoak, edo gutxienik kaltetu. Diarrea bat edo infekzio bat izan ohi dira gure gorputzean mesedegarri ziren bakterioak kaltetu direnaren erakusgarri.

Diarrea edo infekzioa bezalako albo kalteez gain, beste ondorio bat ere badu antibiotikoa gehiegi edo modu desegokian erabiltzeak: antibiotikoei aurre egiteko gai diren bakterioak edo mikrobioak sortzen ditu, bakterio-erresistente deitzen zaien hauek, hain justu. Lehen antibiotiko arrunt batekin hiltzen ziren bakterioak  mutatu eta orain erresitente bihurtu dira, eta antibiotiko gogorragoak edo dosi gehiago behar izaten dira germen horiek eragindako gaixotasunak gainditzeko. Antibiotikoak, halaber, kaltegarri gertatzen dira modu dese-gokian erabiltzen direnean: gaixotasunak eskatzen duen tratamendu osoa betetzen ez denean —lehenago utzita edo gehiegi hartuta—, esate baterako.

Haurren kasuan, gainera, areagotu egiten da kaltea, antibiotikoa gehiegi, behar ez denean edo modu desegokian erabiltzeak albo kalteak eta bereziki birusek eragindako infekzioak areagotzeko arriskua baitakar, eta horrek gorputza ahultzen du. Gainera, adituen arabera, haur-tzaro lehenean infekzioak eragiten dituzten bakterioak  erresistentzia garatzeko erraztasun handiagoa edukitzen dute. Horregatik, bai OMEk eta bai NBEk haurrei antibiotikoak ematean bereziki arduratsu jokatzeko aholkua egiten diete familiei eta medikuei.

Espainiako Estatuko haurrek Alemaniako haurrek halako bi antibiotiko hartzen dituzte urtean
The Journal of Pediatrics aldizkari espezializatuan argitaratu den nazioarte-mailako estudioak ohartarazten du herrialde batzuk gainditzen ari direla bakterio erresistenteen arazoa, antibiotikoen erabilera desegokia eta gehiegizkoa mugatzeko neurriak hartuz, baina beste herrialde batzuetan arazoa bukatu beharrean larritzen ari dela nabarmendu du ikertaldeak. Hego Euskal Herriko datuak bigarren multzo horretan kokatuko lirateke, Espainiako Estatuan, azken urteetan gora egin baitu antibiotikoen pres-
kripzio eta kontsumoak. Ikerketak dio gainera, zail izango dela indize hori jaistea, bi norabideetan urrun ikusten baitu gurpil zoroa etetea: “Medikuen kolektiboak gero eta gehiago errezetatzen du antibiotikoa, baina familiek ere gero eta gehiago eskatzen dute”. Horren eragile, gizarte mailan antibiotikoen inguruan dagoen ikuspegi okerra dela dio txostenak, “gehiengoak ez baitaki birusek eragindako infekzioak tratatzeko ez dutela balio”.

Espainiako Estatuko haurrek Alemaniako haurrek halako bi antibiotiko hartzen dituzte urtean, AEBetakoek baino %46 gehiago eta Norvegiakoek baino % 244 gehiago —3 urtetik beherako haurrek hiru aldiz antibiotiko gehiago hartzen dituzte Espainian Norvegiaren aldean—. Urtean 1,55 tratamendu hartzen dituzte antibiotikoekin. Lan horretarako AEBetako, Hego Koreako, Italiako, Alemaniako, Norvegiako eta Espainiako 11 milioi haurri errezetatu zaizkien antibiotikoak ikertu ditu taldeak, eta erabilera okerrena Hego Koreak, Italiak eta Espainiak egiten dutela adierazi du. Kontua ez baita bakterio bidezko infekzio-tasa handiagoa dutela herrialde batzuek besteek baino, kontua, ikerketaren arabera, “gehiegikeria preskripzio desegokiaren ondorioa” dela da.

Ikerketa horren arabera, Espainia da Errumania, Kroazia, Bulgaria eta Esloveniarekin batera, antibiotikoekiko erresistentzia erakusten duen mikrobio gehien dituen herrialdea Europan. Izan ere, antibiotikoekiko erresistentzia botika horien kon-tsumoaren pare doa, bada antibiotikoak gero eta okerrago eta gehiago agindu, erresistentzia areagotzea espero behar da, artikuluaren arabera. Lehendik ere, beste ikerketa batzuek ohartarazi diote Espainiako Osasun ministerioari haurrei agin-tzen zaizkien antibiotikoen erdia ez dela egiatan beharrezkoa.

Ikerketak beste ohar bat ere egin du: Gehiegizko erabilerak haurrengan hainbat gaitzekiko erresistentzia garatzeaz gain —orain arte garatu diren antibiotikoek gainditu ezin dituzten superbakterioak sortzeaz gain—,  obesitatea, gaitz atopikoak (dermatitisa eta asma) edota hesteetako hanturazko gaitzak areago-tzea ekar lezake.

Anbiotiko bati buruzko ohartarazpen berezia egiten du txostenak: azido klabulanikodun amoxizilina antibiotikoaren erabileraz, hain justu. Klabulanikoak toxizitate hepatiko-tasa bat baitauka, eta nahiz eta berez oso tasa baxua izan (10.000 kasutik batean espero da), antibiotiko horren preskripzioa 7-8 milioikoa baldin bada urtean, toxizitatea 500 kasutara hedatzen da. Azido hori amoxizilinari erresistentzia erakusten duten bakterioen kasuan soilik erabiltzeko indikatua dagoen arren, ikerketaren arabera botiketan saltzen diren antibiotikoen % 34 dira, eta beraz, ez letorke bat benetako erabilera justifikatuarekin. Haurren kasuan bereziki saihestu beharreko botika litzateke, eta Norvegian, esate baterako, konbinazio hori kasuen
% 0,1ean erabiltzen da.

Nazioarte mailako ikerketa, NBE eta OME bat datoz etorkizunean antibiotikoen gehiegizko erabileraren ondorioz garatzen ari den erresistentzia hau gaixotasun eta hilkortasun-tasa handiak ekartzeko arrisku dela esatean. Ikerketak kopuru bat ematen du: 2050ean jende gehiago hilko da superbakterioek eragindako gaixotasunen ondorioz minbiziaz baino (urtean hamar milioi hildako aurreikusten ditu, minbiziak eragiten dituen 8,2 milioiren aldean). Kontua, ordea, ez da alarma piztea, kontua, ikerketaren arabera, arduraz jokatzea da. Ikerketak mezu bat du medikuentzat, eta bereziki pediatrentzat: “burutsu eta neurritsu” errezetatzeko antibiotikoak. Eta beste bat familientzat: “Gurasoak ohitu behar dira ez bakarrik antibiotikoa ez eskatzera; baizik eta medikuak agintzen digunean zergatia galde-tzera”.

Hortaz, ondoeza, mukiak, eztula, sukarra, mina adierazten dituenean haurrak, lehenik geure buruari eta ondotik medikuari galdetu beharko genioke, birus batek ala bakterio batek eragindako gaixotasuna da? Beharrezkoa al da antibiotikoa?