PHILIP BRUCHNER: “Haurra naturan ongi sentitzen da, espazio egokia delako berarentzat, eta plazerez ikasten du"

2017-07-28

Alemaniako aire zabaleko eskolen eredua jarraituz, baso-eskola bat sortu zuen madrilen, cercedan, eta egun nonahi gisa horretako eskolak sortzeko formazioa ematen die guraso eta hezitzaileei kutxaren ekogunean. Philip bruchnerrek argi dauka, naturak guztioi egiten digu on: “naturan zu zeu izan zaitezke”.

 
 
PHILIP  BRUCHNER: “Haurra naturan ongi  sentitzen da, espazio  egokia delako berarentzat, eta plazerez ikasten du"

Naturak eskaintzen dituen baliabideak erabiltzen dituzte testu-liburu gisa Cerceda baso-eskolan. Horri errespetuzko pedagogia aktiboen filosofia erantsita, haurrari askatasuna eta limite seguruak eskainiz, hezkuntza-eredu bat zabaltzen ari da Philip Bruchner. “Ez dago munduan beste eredurik inputa hain txikia izanik, outputa hain handia duenik”.

Natura eskola bilakatu duzue. Basoan ikasten dute Cerceda baso-eskolako haurrek, testu-libururik gabe, harri artean, zuhaitzen magalean jolas librean... Non du jatorria Europan egonkortua dagoen hezkuntza-eredu honek?

Nondik hasi? Ea, naturatik gatoz, basotik gatoz, menditik... naturarenak gara, azken batean, urte askoan naturaren parte izan gara, eta oraindik ere hala gara. Beraz, betidanik ikasi du gizakiak naturatik, betidanik egin da jakintzaren transmisioa naturan, Harri Arotik. Gizakia harriekin eta makilekin hazi da. Eta, gaur egun ere, horretxek deitzen die arreta handiena haurrei, makilek eta harriek. Naturan animaliatxoak aurki ditzakete, belarrak, landareak... baina harriak eta makilak dira haien arreta eurenganatzen dutenak, eta hortik harreman bat sortzen da materialarekin berarekin, ia maitemindu egiten da haurra harriekin eta makilekin. Nik uste dut gizakia bere eboluzioan makilarekin hazi delako gertatzen dela hori.

Beraz, hezkuntza-eredu honen jatorria geneetan dugula esatera hausnartuko nintzateke, gure DNAn dago natura. Horregatik iruditzen zait haurrak hain eroso sentitzen direla basoan, eta horregatik iruditzen zait eredu honek arrakasta duela. Gure biologiaren eboluzioa estuki lotua dago naturarekin, eta horregatik izan behar du haurrek ez dutela beste inolako ingurunerekin hain erraz eta hain ongi konektatzen naturarekin bezala. Horregatik uste dut hain arrakastatsua dela eredu hau. Eta guk garatu dugun baso-eskola honetan haurrari askatasun handiagoa utzi diogu, bere baliabideak gara ditzan, espazioak ireki ditugu baina baita geure buruak ere.

Orain, instituzio bezala, basoa eskola bezala, eta zehazki bosquescuela–basoeskola-ren eredu homologatu honen jatorrira joan behar badugu, haurrentzako aire zabaleko eskola hauen jatorria Alemanian dago, 90etan eredu honen boom bat bizi izan genuen Alemanian. Zaila da gaur egun Alemanian gisa honetako zenbat eskola dauden esatea, ez baitago datu-baserik, baina Haur Hezkuntzako bigarren zikloan (3-6 urte) 2.000 inguru homologaturik daudela esaten da. Horietako gehienak itunpekoak dira, baina asko publikoak dira. Haur Hezkuntzako lehen zikloko aire zabaleko eskolei dagokienez, berriz, herri bakoitzean bat dagoela esan liteke. 90etan, gisa honetako eskolak zabaltzeaz gain, liburu, ikerketa eta argitalpenak ere abiada handian zabaldu ziren, eta beraz mugimendu oso garrantzitsu bilakatu zen.

Beste herrialde askotan, Austrian, Suitzan, Suedian, Danimarkan... milaka eskola daude basoan, mundu osoan daude aire libreko eskolak. 20ko hamarkadan ere, adibidez Katalunian, zabaldu zen pedagogia berriaren uholdeak harreman estua izan zuen naturarekin, nahiz eta atzean beste filosofia bat egon.

Madrilera iritsi nintzen gaztelania jakin gabe. Basoak ikusten nituen eta haurrak ikusten nituen, baina baso-eskolarik ikusten ez nuenez sortzeko beharra sentitu nuen, eta eredu hau zabaltzeko premia.

Basoan eskolak ematera irtetean, espazioak irekitzeaz gain buruak ireki dituzuela diozu. Euren seme-alabak basoan heztera animatzeko, edo ikastetxe itxia utzi eta basoan lan egitera animatzeko, zer txip izan behar dugu?

Normalki baso-eskolara iristen diren familiek eta hezitzaileek txipa, dagoeneko, aldaturik dakarte, eurek bizi izan dituzten esperientziengatik, izan haurtzaroan, izan guraso bezala edo izan irakasle bezala. Eskola arruntetan zerbaitek huts egiten duela sentitzen dute, inguruneak ez ziela eskaintzen eurek —edo euren seme-alabek nahiz ikasleek— hazteko eta garatzeko behar zutena. Eta ostera, naturarekin dituzten oroitzapenak oso atseginak izan ohi dira, eta ikusten dute haurrak naturan dabiltzanean gauzek erraz egiten dutela aurrera. Oro har, guztiok ditugu esperientzia positiboak naturan. Beraz, alde batetik hutsune bat dago sistema arruntean, eta bestetik, naturarekin loturiko oroitzapen positiboak ditugu. Bien artetik irteten da basoan hezteko bide hau.

Zure ikuspuntutik, zer da eskola arruntean huts egiten duena?

Eskola-sistema tradizional askotan ingurunea ez dago haurren beharretara egokitua, haurrak psikomotrizitate-mailan, jakinmin mailan, eta bulkadei erantzuteko emozio-mailan dituzten premiez ari naiz hizketan. Haurrak dira eskolako ingurunera egokitu beharra dutenak, eta hor gatazkak sortzen dira, egonezinak, mugitu beharra, haurren interes propioak, erritmo desberdinak... Nire ikuspuntutik, alderantziz izan behar luke: ingurunea egokitu beharko litzateke haurraren beharreratara. Eta esperientziak erakutsi dit: haurra naturan ongi sentitzen da, espazio egokia delako berarentzat, eta plazerez ikasten du.

Naturan heztearen abantaila handienetako bat hauxe da: basoa egokitua dagoela haurren beharretara, beraz irten gaitezen basora, joan gaitezen mendira, ez dugu besterik egin behar. Haur bat mendira eramaten duzu eta eroso sentituko da. Bere interesen eta beharren erritmora mugituko delako, arreta deitzen dion horretara. Eta sakon-sakonean, haurra basoan eroso sentituko da natura barneraturik daukagulako, gure eboluzioa basoari oso lotua baitago, esan dugun bezala. Eroso sentitzeaz gain seguru egon dadin, helduak lagun egin behar dio, muga batzuk eta arau batzuk beharrezko dira basoan ere, lehenik eta behin haurren hobe beharrerako.

Natura garela diozu, baina ez dugu belarrik zapaltzen apenas... Gaur eguneko gizartea ez ote dago inoiz baino urrutiago naturatik?

Nik esango nuke oraindik ere oso gertu gaudela. Natura gara, naturaren parte gara, hori da nire ikuspuntua. Naturaren parte bat gara, eta gure biologiaren garapenean natura dago, gure memoria genetikoan natura dago. Oso gertu gaude. Egin behar dugun gauza bakarra mendira joatea da, eta jende askok oso gertu dauka mendia. Ikastetxe askok ondoan daukate mendia. Patiora irteten dira eta hortxe dute mendia, kontua da harresi handi batek banatzen dituela, beraz ate bat irekitzea besterik ez da falta.

Kontsumo gizarte honek, alabaina, bestelako balioak, bestelako ekintzak, bestelako espaziok sustatzen ditu, zentro komertzial handiak, esate baterako, eta basoa, mendia, natura oro har, arriskutsu eta guzti sentitzen dugu. Basoak beldurra ematen digu, haurrak galduko diren beldurra, mina hartuko dutena... Arrisku horiek benetakoak dira edo handietsi egiten ditugu?

Basoak baditu arriskuak, bai, eta horregatik beharrezkoa da jendea informatzea eta jendeak kontzientzia hartzea. Baina gauza bat esango dizut, landa-eremuan istripu larri gutxiago gertatzen dira hirian, espazio itxietan baino. Neuk ikusi dut, eta hamaika estudio irakurri ditut ondorio berarekin. Irudipena dugu kanpoan egotea arriskutsuagoa dela, baina ez da hala; barruan egotea arriskutsuagoa da, istripu gehiago eta larriagoak gertatzen dira. Mendian egonda badaude arrisku-egoerak, barruko gela batean baino arrisku handiagoko egoerak daude, baina egoera arriskutsu horietan istripu gutxiago gertatzen dira. Zergatik? Haurrek euren burua erregulatzen dutelako. Normalki naturan aurkitzen dituzun arriskuak, gehienak behintzat, agerikoak eta aurreikusteko modukoak izan ohi dira. Zuhaitz batera igotzen ari den haurrak ikusten du heldu duen adar bat arraro antzekoa dela, ukitzean desberdina dela, beraz pentsatuko du agian ustelduta egongo dela, eta badaki ez diola adar horri heldu behar. Haurrak bere burua erregulatzeko gaitasuna dauka, eta naturan guztiz aktibatzen da gaitasun hau. Helduok bezala, haurrek nabari- tzen dute arriskua egon daitekeela, eta zuhurrak izaten ikasten dute, arretaz jokatu behar dela arriskua dagoenean. Gero, adibidez, zikuta bezalako landare bat baldin badaukazu, oso toxikoa dena eta hazi batzuk heriotza ekartzeko nahikoa direnean, bada ez dituzu haurrak leku horretara eramango! Horretarako gaude helduak formatuta. Basora joan aurretik gauzak prestatu behar ditugu —horretarako dira baso-eskolan egiten ditugun formazioak, baina baita gure bizitzan egiten dugun formazio etengabea eta bizitzen dugun ikaskuntza guztia ere—, basoan egon daitezkeen landare toxikoak edo animalia arriskutsuak ezagutu behar ditugu... Baina oroz gain, intuizioa behar da, zentzumenekin jokatuz erraz ikus eta aurreikus ditzakegu arriskuak.

Naturak haurrari mesede handia egiten diola diozu...

Naturan haurrak ongi sentitzen direla esan dugu. Adibidez, psikomotrizitate aldetik, ikaragarrizko baliabideak eskaintzen ditu basoak, lasterka egiteko, oinez ibiltzeko, txilipurdika, jauzika, eskalatzeko... Haurrek mugitzeko behar handia dute, eta aire librean inon baino aukera handiagoak dituzte horretarako. Aire librean ibiltzeak zentzumen guztiak aktibatzen ere laguntzen du, usaimena, entzumena, ukimena, oreka... guztiak! Eta horrek ikasketa-prozesuan, konpetentziak eurenganatzeko garaian, idazketa-irakurketan, kalkuluan, kontzentrazioan... mesede egiten du.

Baina azken batean, garrantzitsuena da basoa benetakoa dela, eta han haurrek bizi dituzten esperientziak errealak direla. Mundua, ingurunea bizitzen eta ezagutzen ari dira haurrak basoan, esperientzia errealak bizi dituzte, eta horrek jakinmina areagotzen du, beraz ikasteko motibazioa pizten du, geure barnetik sortzen den jakinmina baita ikasteko motorerik eraginkorrena.

Argitu nahi nuke basoan ikasteak aukera hauek guztiak bultzatzen dituela, baina eskola arruntetan ikasten duten haurrek ere badutela aukera hau, mendira irtetea aski dutela, hezitzaileekin ez bada gurasoekin basora irtetea: naturak beti egingo digu mesede.

Onura horien artean naturak autoestimua indartzen duela dio baso-eskolako proietu pedagogikoak. Adibide zehatzetara etorririk, nola laguntzen dio basoak haurraren autoestimuari?

Basoak autoestimua, autonomia... barnera begirako gaitasunetan bezala kanpora begirakoetan, hau da, gaitasun sozialetan eta beste hamaika gaitasunetan laguntzen du. Hitzetatik adibideetara etorririk, azalduko dizut naturak bi norabidetan laguntzen duela haurraren autoestimua garatzen baso-eskolaren proiektuan.

Batetik, basoa bera hezitzailea da. Basoak autoestimua sustatzen du. Natura izaki bizidunez osatua dago, landareek, zuhaitzek bizitza propioa dute, eta haurrak eta helduak izaki horiekin harremanetan gaude. Eta zer da izaki horien gauzarik positiboena? Ez gaituztela epaitzen, gurekiko erabat neutralak direla. Elkarri eragiten diogu, baina gu garen bezala izaten uzten digute, epaitu gabe. Naturan zu zaren bezalakoa izan zaitezke, zu izan zaitezke.

Beste alde batetik, baso-eskolaren ereduan haurrei lagun egiten diegun helduok —eta eredu hori lantzen dute, baita ere, Europa iparraldean— haurra den bezalakoa onartzen eta errespetatzen dugu, errespetua adierazten diogu gure hitzen eta ekintzen bidez, eta ez ditugu haurrak epaitzen. Haur bat zuhaitz batera igotzen bada, eta dei egiten badigu, “begira, Philip! Zuhaitzera igo naiz, begira, begira!”, guk arretaz aditzen dugu esaten diguna, eta zer da kasu honetan eskatzen diguna? Berari begiratzeko. Hortaz, zer egingo dugu? Begiratu egingo diogu. Ez digu eskatzen, zeinen ondo egin duen esateko, “bikain, txapeldun, oso ondo, goraino igo zara!”... Begiratzeko soilik eskatzen digu. Guk erabiltzen dugun hizkuntza eta elkarrekintza entzutean oinarritzen dira, haurrak benetan eskatzen digun hori ulertzen, eta horri erantzuten saiatzen gara, epaiketetan sartu gabe, “dorpe antzean ibili zara!”... Errespetuzko hizkuntza deskriptibo eta enpatikoa erabiltzen dugu, eta horrek autoestimuari mesede egiten dio. Hizkuntza horrekin, eta haurrak ez epaitzearekin, haurra era askean hazi dadin ahalbidetzen dugu, bere ingurune sozialak eta baita hezi-tzaileek ere, bere izatea onartzen dutela erakusten diote.

Autoestimua laguntzen duen beste faktore garrantzitsu bat jolas librea da. Eta hori espazio guztietan —patioan, gela barruan, etxean....— egin daiteke, eta naturan, aire librean, zer esanik ez! Baso-eskolaren proiektu pedagogikoan zutabe garrantzitsuenetako bat da jolas librea. Haurrek zertan, zer materialekin, zeinekin, non ibiliko diren erabakitzeko aukera dute jolas librean, jolasaren zentzua ere erabakitzen dute. Haurrak bere irizpideen arabera aukeratzen du bere ekintza. Eta gero lehengora goaz, ez diogu esaten, “zeinen ondo Maria, loreak aukeratu dituzu beste behin, artista bat zara!”. Haurra bizitzen ari den sentsazio eder horren isla itzultzen saiatzen gara gure begiradarekin, baina ez goaz harago. Era horretan, Maria ikusia sentitzen da, eta gainera ikusten du guztiz onartzen duela irakasleak, epaitu gabe, etiketatu gabe. Era berean, haurrek sentitzen dute eurek bizi duten emozio bera bizi dutela euren hezitzaileek, bat egiten dutela beraiekin. Orduan libre izaten hasten dira, eta euren autoestimua hazten da, haurrak baldintzarik gabe onartzen baititugu. Autoestimua loratu eta garatu daitekeen lurra ereiten dugu.

Ez epaitzea, hizkuntza enpatikoa, errespetuzko begirada... zuk diozun horrek zerikusi handia du errespetuzko pedagogia aktiboekin, hau da, kontua ez da “goazen basora”, baizik eta atzetik haurrarekiko begirada eta jarrera bat barneratua duzue.

Bai, haurrarekiko begirada errespetuzko bat dago atzean beti, komunikazioan eta elkarrekintzan ere ikusten dena, eta eskola-egunaren diseinuan ere isla daukana, noski. Errespetuzko begirada bat da, haurraren beharrak aintzat hartu nahi ditugulako. Eskolan egunean egingo dituzten 7-8 orduetan ere jarrera horixe daukagu, horregatik ordutegi horretan gutxienez bi ordu jolas librean aritzen dira, hezkuntza-proiektuaren muina hori da, eta mundu guztiarekin hitz egin dugu, administrazioarekin, gurasoekin, catering-ekoekin bi ordu horiek mendian jolas librean egin ditzaten haurrek —mendian diot, ez hiriko parke batean—.

Haurrarekiko errespetuzko jarrera barneraturik dagukagu baso-eskolako hezitzaileok, eta oso serio hartzen dugu. Hezitzaileon ardura da haurren ongizatea zaintzea, eta ongizatea euren beharrak aseta egotetik sortzen da, horretarako etengabe erabakiak hartu behar ditugu helduok, nolako eskola-eguna diseinatu, noiz irten, nora, euria edo eguzkia egiten badu txabolan gelditu edo gertuagoko mendiren batera joan... edo hondartzara, bide zabalago edo estuagoa hartu... Hamaika erabaki hartu behar ditugu egunero, baina beti haurraren ongizatea zainduz, zeren eta ongizatea funtsezkoa da ikaskuntzan, haurra ongi baldin badago soilik –eta ongi diodanean emozionalki ere ongi esan nahi dut, ez triste, ez haserre, ez jeloskor...–barnera ditzake edukiak eta jar dezake arreta ikaskuntzan, orduan soilik entzun zaitzake eta interaktua dezake zurekin.

Haur jaioberriaren beharrak asetzeko zer egiten du helduak? Negar egiten duenean zer gertatzen zaion jakin nahi du gurasoak, ikertu egiten du behar hori asetzeko... bada horixe da baso-eskolako hezitzaileon jarrera. Denbora guztian haurren ongizatea bermatzeko ikertzaileak gara, baina geure premia propioak ahaztu gabe. Geure beharrak ezagutu eta asetzean —haur guztiak ondo egon arren, ni hotzak baldin banago, ez nago eroso— haurrek ere ikasten dute euren beharrak, beste kideenak eta heduonak errespetatzen, eta horrek guztion arteko lotura estutzen du, eta guk autoritatea elkarrekintza horretan sortzen den interakziotik ulertzen dugu. Elkarri komunikatzen diogu nola sentitzen garen, elkarri aditzen diogu.

Baso-eskolaren proiektuan ezaugarri pedagogiko garrantzitsu bat da hau, baina ez da aire libreko hezkuntza-proiektu guztien filosofia horrelakoa. Guretzat zutabe garrantzitsua da haurrekiko jarrera errespetuzkoa eta ikertzailea izatea, ikaskuntza eta ongizatea zaintzeko.

Autoestimuaz hitz egin dugu lehen, autonomia da beste hitz gako bat baso-eskolaren proiektuan. Baina adibide zehatzetara etorrita, naturak zein zentzutan egiten dio mesede haurraren autonomiari?

Has gaitezen autonomia nola ulertzen dugun azaltzetik. Pertsonak, gai den horretan, ekintza zehatz bat bere kabuz edo ahalik eta laguntza txikienarekin gauzatzeko aukera izatea da autonomia, bere ahalmen osoaren jabe sentitzea, eta horretantxe laguntzen du naturak.

Haurrek eurek aukeratzen dute zer ikertu, zeren inguruan pentsatu, zer material hartu, zer ez hartu, zer landu... edo zer egin, korrika egin, edo eserita gelditu, zuhaitz batera igo, zein zuhai- tzetara... eta horrek guztiak autonomia sustatzen du. Mendian oinez goazela, hamaika egoera zehatz izango ditugu haurrari autonomia-maila bat eskatzen diotenak, esate baterako, malkar bat igo behar badugu, bi aldaparen aurrean hezitzaile gisa erabaki dezakezu pistatik jarraitzea, beste bidea zailegia dela iritzita, baina haurrek ziur zuk ezer esan aurretik bide zailena aukeratu dutela. Hor esan dezakezu, “ez igo, arriskutsua da eta eror zaitezke”. Edo itxoin dezakezu, eta behatu haurra noraino igo daitekeen arriskurik gabe... Askotan hezitzaileontzat zailena isilik gelditzea da eta itxoitea, ikustea ea haurra gai den edo ez den, sustraiei edo adarrei helduz igotzeko gai den ala ez ikustea, ea erronkari aurre egiten dion edo ezin duen eta frustratu egiten den —frustrazioa ere ikasteko bide bat da—. Haurrari bere kabuz ekiten uzten badiogu —guk % 99an segurtasuna kontrola dezakegun eremu batean— ahal den askatasun handiena uzten badiogu, baina inolaz ere abandonatu gabe, haurrak autonomia handia hartzen du. Plano orokorrean hezitzaileak egoera kontrolatzen du, baina plano zehatzean haurrak askatasun handiena dauka. Hortxe autonomia sustatzea.

Baso-eskolara etorrita, baditugu arauak, noski, eta horietako bat da hezitzaileak ez duela sekula haur bat zuhaitz batera igoko, mesedez eskatu arren. Saia dadila haurra, eta ahal badu igoko da —horrek bere autonomia sustatuko du, eta lortzen badu, bere buruarengan konfiantza eta autoestimua—. Helduok isiltzen ikasi behar dugu, “ze ondo, ze eskalatzaile ona zaren!”, diogunean ez diogu ez bere autoestimuari ez bere autonomiari laguntzen, bere ekintzarekin aski izango baita horretarako, dopamina izango du saririk onena. Orain, jaisteko laguntza eskatzen badigu, orduan bai, orduan laguntzen diogu, badaezpada ere, jaistea igotzea baino askoz zailagoa baita. Normalki, ordea, igotzeko gai badira, zuhaitzetik jaisteko ere izango dira.

Haurren premiak asetzeari garrantzi handia ematen diozue batetik, bestetik, naturak berak haurren ongizatea bultzatzen duela erakutsi duzu... Hori horrela izanik, euren arteko gatazketan antzematen da alderik?

Ongi sentitzen garenean, gure beharrak aseta daudenean, normalean, gatazka gutxiago sortzen ditugu, hori horrela da leku guztietan. Gainera, basoan material infinituak ditugu, eta horrek ere gatazkak ez sortzen laguntzen du.

Baso-eskolan bizi izan diren haurrak Lehen Hezkuntzara igarotzen direnean euren arteko gatazkak modu baketsuagoan konpontzen dituztela erakutsi dute ikerketek. Basoan hezkuntza-ingurunea haurrentzat hain egokia denez, zuzenean gatazka gutxiago sortzen dira, haurrak pozik egoten baitira, eta sortzen diren gatazka gutxi horietan bitartekaritza egiteko eta behar denean konpontzen laguntzeko argiago egon ohi dira irakasleak, gatazka gutxiago gertatzen baitira.

Horrez gain, baso-eskolan arau gutxi baino oso argiak daude —naturak berak ezartzen dituenak, adibidez, ezin dira korronte handiko uretan sartu, ezin dira urki batera igo, oso hauskorra baita...— eta haurrek oso ondo barneratzen eta betetzen dituzte, eta ikerketek diotenaren arabera, ondoren Lehen Hezkuntzan hobeto betetzen dituzte arauak.

Nolakoa da Cercedako baso-eskola zentroan egun bat?

Baso-eskolako ereduak egitura definitua dauka, haurren eta helduen beharrak asetzeko. 8:30etatik aurrera haurrak iristen hasten dira, 9:15ak arte. 40-45 minutuz gurasoak eskolan egon daitezke, haurrekin eta hezitzaileekin, beste gurasoekin... momentu hori gurasoak eta haurrak konfiantzaz ase- tzeko momentua izaten da, gurasoak lasai joaten dira eta haurrek hori nabaritu egiten dute. Horrela gurasoen eta hezitzaileen konfiantza-premia ase-tzen dugu. Ondoren, goizeko freskura baliatuz, eskola hasten dugu, elkarrekin egiten dugun lehen ekintza; input gutxi dugu artean, eta oso erne gaude. Eskola hezitzaileak zuzendutako ekintza partekatu bat izaten da, txabolatik gertu egiten dugu, ingurune natural batean, zelaian —hamar metroko diametroa harriz inguratua dugu—, artadian... curriculum ofizialean oinarritutako ekintzak izan ohi dira, idazketa-irakurketaren hastapenarekin lotura izan dezake, geometria egin dezakegu makilekin, matematikak, logika-ariketak, seriazioak koloretako loreekin... era horretan lantzen ditugu eduki curricularrak, kantuekin eta mugimenduzko ariketekin (harrapaketa, ezkutaketa...) tartekatuz. Elkarrekin egiten ditugun ekintza hauetan hezitzailearen eta haurraren arteko lotura sortzen da, gurasoak utzirik premia batzuk ditu haurrak eta horiek aintzat hartu behar ditu hezitzaileak. Talde hezitzaileak urrezko aukera du une horietan lotura emozional eta kognitiboak sortzekoa, eurek zuzendu eta haur guztiek parte hartzen duten ekintzen bidez. Hau goizez egiten dugu, harbera daude, eta arreta handia jartzen dute. Baso-eskolan 3 urtetik 6 urte bitarteko haur guztiak elkarrekin daude, txikienek handiagoengandik, baina handienek txikiagoengandik ere asko ikasten dute horrela.

10etan eskola-ordua amaitzen da, haurrek ezin baitute denbora luzean arreta irakasleak proposatutako gai batean jarrita eduki, eta ezinegona nabaritu egiten da. Beraz, beste leku batera joaten gara. Baso-eskolan ikasgela aldatzeko aukera itzela daukagu, mendia bezain handia da aukera! Txabolatik motxilak hartu eta mendira abiatzen gara. Eskola-orduaren ondoren guztiok —baita hezitzaileok ere— mendian barrena ibilaldi bat egin eta gauza berriak deskubritzeko beharra daukagu, haize pixka bat hartzekoa hainbeste arau bete, eta berriro bakoitza berera jartzeko gogoa daukagu... bata zuhaitz bati begira gelditzen da, bestea belar artean hazten ari den landare bati so, hareazko harri bat hartzen du besteak... bakoitzak bere munduan baina guztiok elkarrekin, paseo bat ematen dugu. Eskola-ordu egituratu baten ondoren, ibilaldia ez da egituratua izaten. Ordu erdiren ondoren, gosea sartzen zaigu eta gurasoek jarritakoa jaten dugu. Berriro ere komunioa sortzeko momentu egituratua izaten da, abesti batekin hasi eta amaitzen duguna. Hamaiketakoaren ondoren, jolas librearen tartea hasten da, bi ordukoa. Eguzkia atera bada krema eman, euria ari badu arrantzalearen buzoa jantzi eta jolasera, ingurune naturala ikertzera, mugitzera, roletan jolastera... Gero, energia eta arreta jaisten ari zaiela ikusten dugunean —orduan gerta daiteke gatazkaren bat, asperdura edo borrokaren bat sor litekeen unea— ipuin bat konta-tzen diegu —hezitzaileak momentuan inprobisatua— zirkuluan, berriro ekintza egituratu batean. Saiatzen gara haurren kontzentrazioa gorena izaten, orduan gertatzen baita, neurozientziaren arabera, benetako ikaskuntza maila neuronalean. Ipuin inprobisatuak kontzentrazio-maila handiena sortzen du, liburutik irakurritako ipuinak baino ekarpen handiagoa egiten duela ikusi dugu, eta jolas librean, berriz, haurrak flow-an sartzen dira, kontzentrazio-maila gorenean, horretarako beste behin ere, ongizate fisiko eta emozionalari dagozkion premiak aseta egon behar dira, eta hori zaintzea da irakaslearen egitekoa.

Ondoren txabolara itzultzen gara, bazkaltzera. Guraso batzuek ordu horretan jasotzen dituzte euren seme-alabak, beste haur batzuk siestan edo atsedenean gelditzen dira, eta arratsaldean jolas librea eta klasea izaten ditugu berriz, 16:00-16:30ak aldera arte.

Cercedan Haur Hezkuntzako bigarren zikloko haurrak, 3 urtetik 6 urtera bitartekoak hartzen dituzue. Alemanian Haur Hezkuntzako lehen zikloko eskolak ere badaude... Zergatik ezin da eredu hau Lehen Hezkuntzan eta hortik aurrera ezarri?

Inolako arazorik gabe ezar liteke hau Lehen Hezkuntzan.

Orduan, zergatik ez da egiten?

Pedagogiari dagokionez, ez daukat zalantzarik egin litekeela. Homologazioari dagokionez eta zuzenbidearen ikuspegitik, Espainian ez dago esperientziarik, beraz, esperientzia berriren bati ekitea beharrezkoa da. Baso-eskolatik ikerketa bide bat ireki dugu Madrilgo Complutenseko unibertsitatearekin Lehen Hezkuntzan baso eskolaren ikuspegitik lan egiteko zer nolako tresnak eta ekintzak beharko liratekeen curriculumak ezartzen dituen edukiak basoan garatzeko. Alemanian ere proiektu gutxi dago. Hemen baso-eskola bat sortzeko garaian bertako araudia jarraituz egitea hobetsi dugu, eta ez atzerrikoa, nire kasuan Alemaniakoa, behin bost urteko lanaren ondoren homologazioa eskatu ahal izateko. Baso-eskolak daukan alderdi ona ordea, finantziazioari dagokiona da, aire librean eskola bat sortzeko inbertsio ekonomiko txikia egin behar baita, ikasgela eraikia baitago, mendia, basoa. Eta jasoko duguna ikaragarria izango da.

Zuek egunero irteten zarete mendira, baina errealitatea da haur gehienak bestelako ikastetxeetan daudela, ikasgela itxietan eta naturarekin harreman txikia dutela eskola-orduetan. Ikastetxe arruntek zer egin dezakete haurrek naturarekin harreman handiagoa izan dezaten?

Alemanian bertan, baina baita Suitzan edo Austrian ere, esperientzia ugari daude aukera hau ez dutenak, baina, hala ere, mendian denbora egiten dutenak. Gainera, batzuetan ezin dituzu gurasoak konbentzitu edo administrazioak trabak jartzen dizkizu... bada egunero ezin bada, has gaitezen astean behin irteten —bilaka ditzagun ostiralak basoegun, adibidez—, edo gutxienez hilean behin, edo astebete ekainean... Aukerak bilatzea da kontua.

Beste alde batetik, eskola-eraikinak eta euren inguruneak berdeago bilakatu beharko genituzke, haurrek naturaz gozatzeko aukera handiagoa izan dezaten hausnarketa egin behar dugu.Menditik bereizten gaituen horma bota behar dugu? Pasabiderik ez dago? Ondoan dugun mendiaren jabeari galdetuko diogu ea uzten digun haurrekin hara joaten? Edo, sinpleki, patioan zuhaitzak baldin baditugu, atera egingo gara, atera, atera han klase bat ematera. Egunero kanpoan has dezakegu eguna, edo soilik eguraldi ona egiten duen egunetan; agian ausart gaitezke euri-egunetarako aproposa den arroparekin kit bat eskatzera gurasoei...

Ikasgela berdeagoak behar ditugu. Baina naturaren onena da guztiok erabil dezakegula, basoa hortxe baitago, prest. Hitz egin behar da gurasoekin, eta arriskuez ere bai, eta bereziki onurez, nahiz eta abantailak gurasoek eurek sumatuko dituzten euren haurrengan. Irakasleekin hitz egin behar da, taldean joan behar baita mendira –gutxienez bi irakasle beti-. Baina hori antolaketa kontua da. Ez dago munduan beste eredurik inputa hain txikia izanik —gastuari begira, zer esanik ez— outputa hain handia duenik. Hori izan zen 90etako hamarkadan Alemanian hainbeste udalek baso-eskolak bultzatzeko beste arrazoietako bat.