“Ez da jotzen” esatetik, enpatia bilatzeko ariketara

2017-09-01

Nola jokatu haurrak jotzen duenean, eta nola, haurrari jotzen diotenean? Nerea Mendizabal psikopedagogoak “ez da jotzen” ohiko mezutik haragoko alternatibak luzatzen ditu, elkarrizketatik abiaturik, haurrarekiko babesa eta enpatia bilatzea proposatzen du.

 
 
“Ez da jotzen” esatetik, enpatia bilatzeko ariketara

“Ez da jotzen!”, esaten diogu haurrari kideak jostailua kendu dionean bultza egin badio. “Ez da jotzen!”, oihu egiten diogu amorruz beterik dagoen haurrari kide bati ostikoa eman badio. “Ez da jotzen!”, oihu egiten diogu haurrari beste baten erasoari aurre egiteko zaplaztekoa eman badio. “Ez da jotzen!”, esaten dugu, baina haurrak jo egiten du. Defenditzeko, amorrua duelako, bere espazioa, bere nia, bere jostailuak defenditu nahi dituelako, edo dena delakoagatik haserre dagoelako… Eta jasotzen duen haurrari, gaur batek eta bihar beste batek jo egiten dion haurrari, “ba zuk ere jo!” esaten diogu. Eta oraindik badira, “ez da jotzen!” oihu egiten diotelarik haurrari ipurdikoa, zaplaztekoa edo belarrondokoa ematen dioten gurasoak.

Oro har, guraso eta hezitzaileok ez dakigu nola kudeatu jotzearen gaia. “Ez da jotzen!”, esatea ez da aski. Bere burua, bere jostailua, bere espazioa defendatzeko jo duen haurrari ere, “ez da jotzen”, esan behar diogu? Eta jotzen ez duen haurrari, “ba zuk ere jo!”, esan behar diogu?

Abiapuntua: Helduok ere min egiten dugu

Nerea Mendizabal psikopedagogoa Komunikazio Ez Bortitzean aditua da, eta jotzearen gaiaz asko hausnartu du. Gaira hurbiltzeko,“ez da jotzen!” esaten dugunean horren atzean zer dagoen argitu nahi du lehenik Mendizabalek. “Min egiteaz hitz egin behar dugu, ez dugu nahi minik egitea eta ez dugu nahi minik hartzea. ‘Ez da jotzen!’ esaten dugunean, intentzio onenarekin balore garrantzitsu batzuk eskaini nahi dizkiogu haurrari (errespetua, tratu ona, haserrea kudeatzeko beste tresna batzuk, enpatia, erlazionatzeko gaitasunak...)”. Funtsean tratu onez ari gara, beraz, ez dugu nahi haurrak min egitea, baina min egiteaz ari garelarik, Mendizabalentzat garrantzitsua da jabetzea helduak ere min egiten diola haurrari —seme-alabei nahiz ikasleei— edo beste helduei, sekula fisikoki joko ez badie ere: “Niretzat garrantzitsua da jabetzea guk ere, heldu bezala, baditugula egoerak (haserre gaudenean, de-sesperaturik, inpotentzia sentitzen dugunean, kokoteraino gaudenean, ezin iritsirik gabiltzanean, egun txarra izan dugunean, nekaturik gaudenean...) non erreakzio txar bat dugun gure seme-alabekiko eta garrasi egiten diegun, eta min egiten dugun. Beraz, haurrek jotzen dutenean nola jokatu behar dugun hausnartzeko, lehendabizi pentsa dezagun zer gertatu zaigun guri horrela jokatu dugunean. Eta bigarrenik, pentsa dezagun nola nahiko genukeen besteek gurekin jokatzea guk mina eragin dugunean”.

- Bi helduren arteko egoera irudikatzea proposatzen du Mendizabalek:

“Egonezin bat neukan, ezin iritsirik nenbilen, eta haurra mintzeko moduan garrasi egin dut. Gustatuko litzaidake egoera horretan beste modu batean jokatu izan banu, baina hala irten dit. Nire oihuaren aurrean beste heldu batek epaituko banindu, oihu egingo balit, kritika egingo balit (‘Nerea, zertan ari zara? Ondo al zaude burutik? Ez zara konturatzen garrasi egiten badiozu, min egiten diozula? Zer nahi duzu, bizitza osorako traumatizatzea umea? Zuri garrasi egin diezazuten gustatzen al zaizu? Ba orduan ez egin besteei’), nola sentituko nintzateke?

•Hasteko, errudun sentiaraziko ninduke.

•Bigarrenik, arrazoi duela jakinik ere, ezin dudala ikusiko nuke, ezintasuna dudala edo ezin izan dudala beste modu batera jokatu, eta intseguritatea eragingo lidake.

•Hirugarrenik, posible da bestearen kontra jartzea ‘erraza da zuk niri hori esatea, baina ni nago egun osoa umeekin, gainezka...’. Egoera horretan, helduak min egiteko moduko garrasi bat egin duenean, ondoko helduak nola jokatzea gustatuko litzaidake?

•Babestua sentitu nahiko nuke.

•Ulermena jaso nahiko nuke (egoera zaila zela, gauzak konplikatu zaizkidala), une zehatz bateko kontua dela ulertuko duen heldua nahiko nuke.

•Ez epaitzea nahiko nuke, egoera konkretu bateko ekintzagatik guraso ona edo txarra naizen ez epaitzea gustatuko litzaidake.

•Beste modu batera jokatzeko tresnak bilatzen laguntzea nahiko nuke”.

Horra beraz, jo duen haur baten aurrean egoera aztertzeko eta buelta emateko Nerea Mendizabalek “ez da jotzen!” horretatik harago proposa-tzen dituen lau gako:

1-Babesa eman jo duen haurrari.

2-Ulermena eskaini, jotzearekin asetu nahi izan duena ulertuz.

3-Ez epaitu, haurra jokaera desatsegin hori baino zerbait gehiago da.

4-Beste modu batean jokatzeko tresnak bilatzen lagundu.

“Helduari lagunduko dion horrek guztiak mesede egingo dio haurrari, has gaitezen hortik”, proposatzen du Mendizabalek. Nire seme-alabak norbait jotzen edo iraintzen ari badira, ulermena, onarpena, balorazioa, errekonozimendua, laguntza eta babesa tresna hobeak izango dira, “zuri gustatzen al zaizu besteek jotzea?” edo “horrela segitzen baduzu, etxera joango gara!” gisako esaldiak baino. Baina psikopedagogoak zerrendatu dituen horiek dira, ohituraz automatikoki ateratzen direnak: “Baliabide horiek eskura ditugunak dira, ezjakintasunetik ateratzen zaiguna, baina haurrari lagundu nahi badiogu, goazen bere jokaera baino harago ezagutzen laguntzera, ondoren jotze horrek besteengan zer eragin daukan ikusten lagundu nahi baldin badiot eta hurrengo baterako beste modu batean erreakzionatzeko tresnak bilatzen lagundu nahiko badiot.”

Jotzea gestionatzeko paradigma aldatzetik hasi behar da, Mendizabalen aburuz. “Ez da jotzen!” esaldi itxi horretatik elkarrizketara irekitzea proposatzen du.

- Hona ohiko egoera batean Mendizabalek nola erabiliko lukeen elkarrizketa:

“Haur batek bere kamioi berria ekarri du parkera, eta lagun bat etorri da eta kendu egin dio; nire haurrak beste lagunari jo egin dio orduan. Nik, gurasoak, ikusi dudana izan da nire haurrak beste bati jo egin diola. Une horretan “ez da jotzen” esaldia aditzea oso injustua da nire haurrarentzat, hasteko jakin bai baitaki ez dela jotzen —helduak badakien bezala ez dela garrasi egin behar—. Helduak gertatu den guztia ikusi ez badu egoera deskribatuz egin dezake sarrera: “jo egin badiozu zerbait esan nahi izan duzu horrekin, eta imajinatzen dut hemen zerbait badagoela zuri gustatu ez zaizuna?”. Modu horretan helduak ate bat irekiko dio haurrari azal dezan zergatik erreakzionatu duen era horretan:

—“Jostailua nirea zen, eta etorri da eta kendu egin dit, gainera ez da gaurkoa lehen aldia, beti gauza bera egiten dit”.

—“Zure jostailua zen, eta asko haserretu zaitu besteak eskuetatik kendu izanak, zuk ziurtatu nahi duzu zure jostailua zeini utzi eta zeini ez, eta gustatuko litzaizuke gutxienez galdetzea ea uzten al zenion edo ez. Gainera, ez bada lehen aldia, orduan haserrea handiagoa zaizu... eta pertsona horri esan nahi diozu kokoteraino zaudela eta ez duzula nahi gauzak horrela kentzea, hori da kontua? Eta momentu honetan ez duzu aurkitu beste modurik pertsona horri adierazteko kokoteraino zaudela?”

Elkarrizketa horren bidez, hainbat gako ukitu ditu gurasoak:

•Helduak gertaera ulertzen lagundu dio haurrari, deskribapenaren bitartez: batetik, besteak kamioia kendu izana txarretsi du gure haurrak, ziurtatu nahi duelako berak erabakiko duela jostailua zeini utzi eta zeini ez eta gutxienez galdetzea gustatuko litzaioke…

•Helduak jotzera eraman duen emozioa identifikatzen lagundu dio: haserrea

•Jotzearekin zer adierazi nahi izan duen ulertzen lagundu dio: kontsiderazioa, bere erabakien autonomia, bere gauzak zaindu eta babestea...

•Ulermena adierazi dio, egoera errepikakorra izateak haserrea zeinen handia egin duen ulertzen duela adierazi dio helduak.

•Hitzaren tresna eskaini dio (jotzea zer behar asetzeko erabili duen argitzen lagunduz): “Pertsona horri esan nahi diozu kokoteraino zaudela eta ez duzula nahi gauzak horrela kentzea?”

•Onarpena erakutsi dio: jarrera puntual horrek, epairik gabe, ez duela bere ontasuna eta zintzotasuna zalantzan jartzen adierazi dio, “une honetan ez duzu aurkitu beste modurik”...

•Horrez gain, eta onarpenarekin jarraituz, adieraz diezaioke helduak atsegin duela haurrak beste lagunaren jarrera gustuko ez duela adierazi izana, edo bere gauzak berreskuratzeko bilatu izana modu bat, nahiz eta adierazterakoan inporta zaiola inork minik hartu gabe ibiltzea.

•Bestearekiko enpatia bilatzen ahaleginduko da heldua.

•Adinaren eta egoeraren arabera, Mendizabalek proposatzen du elkarrizketaren bidez seme-alabari proposatzea jotzetik aparteko beste bide batzuk bilatzeko, laguna ohar dadin ez zaiola gustatu jostailua kentzea, edo adinaren eta egoeraren arabera, helduak berak laguntzea proposatzen du psikopedagogoak.

—“Seguru asko, jo diozun lagun horri ere gustatuko litzaioke beste modu batera esan izan bazenio, minik egin gabe; zer iruditzen zaizu bilatzen badugu modu bat lagun horri esateko zure jostailua hartu izana ez zaizula gustatu? Zer iruditzen zaizu? Igual joan gaitezke beregana eta zerk molestatu zaituen esan, zer den berriro gertatzea nahi ez duzuna, animatzen zara? Horrela, gainera, jakingo dugu laguna nola dagoen, galdetuko diogu nola sentitzen den”.

Elkarrizketaren helburu garrantzitsuena haurrari bere erreakzioaren nondik norakoak ezagutzen laguntzeko tresnak ematea da eta bere burua ezagutzen laguntzeko baliabideak eskaintzea. “Noski, nik nahi dut berriro ez jotzea, baina hori baino garrantzitsuago da haurrak bere burua ezagutzea jotzen bukatzen badu zerk bultzatzen duen jotzera eta baliabide berriekin janztea, begirada goxoz eta mimoz”. Elkarrizketa honen helburua haurrak gehiago ez jotzean jartzen badugu ez da seguru erdietsiko denik helburua. “Hori guztia eginda beharbada ez dugu saihestuko berriro jotzea, baina ezta zigortuta edo etxera eramanda ere”.

Jotzea seinale bat da

Jotzen duen haurrak “bere beharren bat asetu gabe dagoela adierazten du”, Mendizabalen arabera. Baina argitzen du behar bat ase gabe eduki- tzeak ez duela zertan esan nahi umea gaizki dagoenik. “Kotxe bati gasolina falta baldin bazaio, botoi gorria piztuko da, hori izango da seinalea, baina botoi gorria pizteak ez du esan nahi kotxea ez dagoela ondo, baizik eta momentu honetan gasolina falta zaiola, eta hori bota- tzea besterik ez duela behar. Momentu batean izan daiteke nekaturik dagoela haurra edo arreta behar duela, deskarga bat behar du... batzuetan ez dugu harago jo behar”.

Baina beste batzuetan bai, jotzea ez denean hain puntuala, edo haur batek maiztasunez jotzen badu, testuinguru desberdinetan edo jarrera bezala jotzen komunikatzen bada haur bat, seinale nabarmen bat izango da haur horrek asetu gabe dituen beharrek atentzio bereziagoa behar dutela. “Maiz jotzen denean ere sakonean beharren bat dago, egia da behar hori beharbada intentsitate handikoa dela, deposito bat baino gehiago izan ditzake hutsik... baina prozedura eta gizakion funtzionamendua berdina litzateke”.

Bada, seinaleari kasu egin behar zaio, horra Mendizabalen gomendioa. “Haur txikiaren negarraren atzean zer dagoen ikertzen duen gurasoak bezala, jotzen duen haur baten gurasoek jotze horren atzean zer dagoen ikertu beharko lukete, eta konpontzen lagundu”. Gurasoek mekanikoarena egin dezaketela dio Mendizabalek, eta galduta daudenean laguntza ere eskatu dezaketela, jotzen duen haurrak bere kabuz egoerari buelta ematea zailago izango baitu. “Seinale horien aurrean ez badugu zerbait egiten, jokaera horrek segitzeko arriskua dauka, helduok egunero garrasika bagabiltza, egoera bere kabuz aldatuko ez den bezela”.

Nire haurrari jo egiten diote

Eta orain, jar dezagun fokua beste aldean: gure seme-alaba jasotzen duena denean, gure haurrari jotzen diotenean, nola jokatu? Jotzen duen haurrari ez jotzeko esaten zaio, eta aldiz, jasotzen duenari, “bueltan jotzeko”. Mendizabalen arabera, “dilema handi batean” kokatzen ditugu haurrak: “Ziurtatu nahi dugu gure haurrak bere burua defendatuko duela, baina haur batek bueltan jotzen ez duenean, defenditu ez denean, edo laguntza eskatu ez duenean, zerbaitengatik izango da. Beraz, haur horri bueltan jotzeko eskatzen badiot, egin ezin duen zerbait eskatzen ari natzaio, ahalko balu nik ezer esan gabe bere kabuz egingo lukeelako; gainera, haur horrek badaki jotzen duten haurrei zer gertatzen zaien, bronka, zigorrak, begirada zatarragoak jasotzen dituztela, beraz, nola jarriko dute jo nahi ez duten haurrek euren burua arriskuan?”.

Gurasoari barrenean min egiten dio bere haurrari jotzen diotela ikusteak. “Ez da erraza, gauza asko mugitzen zaizkio gurasoari”. Gertaera muturrera iritsi aurretik, gertaera baliatzea gomendatzen du Mendizabalek. “Egoera horrek agerian uzten du nire haurrak, berari eraso egiten diotenean, eraso hori jasan egiten duela, hori horrela izan dadin baimentzen du, ez du asmatzen zer egin hori aldatzeko... nire haurra egoera horren aurrean datu asko ari zait ematen, egoera hori egongo ez balitz deskubrituko ez nukeena bere ezaugarri bezala. Orduan, aukera polita da haurrari ere aspektu horietan gara-tzen laguntzeko”.

Fokua gure haurrarengan jartzea proposatzen du Mendizabalek, eta ez jotzen ari den haurrarengan. Eta akonpainatu: lehenengoa, gure haurra babestea izango da. “Niri haurra etortzen bazait esanaz jo egin diotela, edo iraindu egin dutela, lehenengo gauza da babestea eta konteni-tzea, espazio bat ematea ulertzeko zer suposatzen dion horrek berari (beharrezkoa bada helduaren esku hartzearekin). Enpatia dosi handi bat behar du. Haurrak barrenean duen hori guztia askatzeko beharra dauka, epaitua izateko beldurrik gabe”.

Sarritan jotzen diotela ikusiz gero, bere burua defendatzeko gai ez dela ikusiz gero, edo aurrera egitera ez bada ausartzen, elkarrizketa enpatiko bat zabalduko luke psikopedagogoak:

—“Zuri ez zaizu gustatzen zerbait egitean lagunek jotzea; eta gainera ikusten ari zara, azken aldian behin eta berriro jotzen dizutela eta horrek mintzen zaitu?”, “zuk seguru egon nahi duzu, lagun artean gustura eta lasai egongo zarela eta momentuz ez da horrela...? Beharbada gelditu nahi duzu, baina ez dakizu nola, zure erara saiatu zara eta berdin jarraitzen du? Orduan, igual galduta zaude, inpotentzia handiarekin, eta laguntza behar duzu? Badakizu zerk lagunduko lizukeen? Nahi duzu helduak esku hartzea edo norbaitek laguntzea beste zer modutara esan diezaiokezun pertsona horiei ez duzula horrelako jarrerarik onartuko?” .

•Pertsonatik pertsonarako dialogo bat irekitzeak —beti ere haurraren adinaren arabera—, haurrari benetan zer gertatzen zaion ikusteko aukera emango digu.

•Haurrak hitza jarri ahalko baitio gertatzen zaionari: Ez da defenda-tzen ez dakielako nola, beldur da segun nola defendatzen den gauzak gehiago konplikatuko zaizkiola —“nik ez diot jo nahi ze bueltan handiagoa emango dit berak...”—, edo saiatu da defendatzen baina ez dio funtzionatu; edo laguntza eskatu du, edo ez dio irakasleari esan nahi txibato bat izan nahi ez duelako....

•Haurra eta heldua irtenbideak bilatzen elkarrekin saia daitezen proposatzen du Mendizabalek, eta horretarako, adin batetik aurrera, rol playing-a izan liteke bide bat. “Lagunek tonto esaten badizute, edo jo-tzen badizute, zein da zure burua defendatzeko bide bat? Adibidez, modu agresiboan egingo dugu erantzuna. Edo modu iheskorrean, batek bestea jo eta horrek burumakur alde egiten du; edo SOS irtenbidea, laguntza eskatuko du jaso duenak; edo jaso duenak adieraz dezala zer nahi duen; ‘nahikoa da! Ez jo gehiago’ irudikatu haurrarekin norbere burua defendatzeko eta erasoari aurre egiteko modu desberdinak”. Modu desberdinak daude, eta ea haurrak non ikusten duen bere burua erosoen.

Begiradaren garrantzia

Jotzen duen haurra gaizto, agresibo, oldarkor... gisa ez etiketatzeko gomendioa egiten duen bezalaxe, jo dioten edo jotzen dioten haur hori ere ahultzat ez ikusteko gomendatzen die guraso eta hezitzaileei Mendizabalek. “Gurasoek ume ahultzat ikusten ohi dituzte erantzuten ez duten haurrak, intseguruagoak, lotsatiagoak, kokilduagoak eta guk horrela ikusten ditugun momentutik, beraiek horrelakoak direla ari dira sinesten”.

Etiketak beharrean, haurrari ispilu bat jartzea aholkatzen du psikopedagogoak, helduak haurra bere osotasunean ikusten ez badu, haurrak ere ez baitu bere osotasuna ezagutuko: “Egoera batzuetan isiltzea erabakitzen duzu horrek momentuz gehiago zaintzen zaituelako, izan daiteke harreman hori ez korapila-tzeko, edo irakaslearen aurrean irudi ona mantentzeko... Eta beste egoera batzuetan ikusten zaitut nola defendatzen zaren indartsu, tinko eta determinazio handiarekin zuretzat inportanteak diren gauzak zainduz”.