Edur Epelde Pagola: “Zaintza indarkeria anitzei aurre hartzeko botika da"

2018-01-15

Jendartearen aldaketa ezinbesteko zeregina dela sinetsirik, osatze prozesuek alderdi kolektiboa ere beharrezkoa dutela aldarrikatzen du bilgune feministako kideak.

 
 
Edur Epelde Pagola: “Zaintza indarkeria anitzei aurre  hartzeko botika da"

 

Labur-labur azaltzeko, zertaz ari zarete osatze feminista diozuenean? 

Zapalkuntza anitzek eragindako barne zauriak, kolektiboki osatzeaz, elkarren minen errekonozimendu eta sendatze bideak sortzeaz. Aldarrikapen feministak maila arrazionalean lantzetik gure gorputzen ezagutza, onarpena eta zaintzara pasatzeaz baita ere.  

Ez gara ongi sentitzen, eta geure kasa bilatzen dugu erremedioa, medikua, belar-denda... bide partikularretatik jo gabe, taldean nola osa gaitezke?

Osatzeko, hau da, azken batean gure gogo-gorputzetan orekan sentitzeko bide guztiak dira beharrezkoak eta osagarriak. Dioguna da osatze prozesuek alderdi kolektibo bat ere beharrezkoa dutela, barne eraldaketaz gain jendartearen aldaketa ezinbesteko zeregina baitugu. Horrez gain, egun, askotan osatze prozesuetan aditu eta gaixoen arteko botere harremana sortzen da. Botere harreman hau hautsi eta norbera bere pentsamendu, emozio eta ekintzen jabe egitea aldarrikatzen dugu. Noski laguntzarekin eta jakintzak konpartituz. 

Osatu beharraren prebentzioa, ez ote litzateke, akaso, elkar zaintzea?

Badaude gure gorputzen memorietan zauri, ondoez eta min aunitz. Hauek xamurtasunez jaso eta gure bizi historiei esanahi berriak ematen asmatu behar dugu, biktima izaeratik, zailtasun egoerei biziraun eta hauetatik indartsu atera garen subjektu gisa ikusi gure gogo-gorputzak. Gaixotasunak nahiz ondoez sintomak bidelagunak ditugu, kontzienteki jabetzen ez garen informazioa ematen digute, askotan ez baikara jabetzen zein eragin duten guregan kapitalismoak, hau da lan kargak eta estresak, kontsumoak sortzen duen antsietateak, patriarkatuak uzten dituen botere harremanek, edota naturaren gainean egun sortzen ari garen inpaktu anitzek. Sistemaren antolaketa konkretu honek, neoliberalismoak gorputz eta pentsamendu gaixoak behar ditu. Ez da erraza honetatik osorik eta gaixotu gabe ateratzea. Eta noski zaintza, gure gogo-gorputzetatik hasita, indarkeria anitzei aurre hartzeko botika ezinbestekoa da.

Zaintzea izan daiteke ekintza politikoa?

Zaintzea politikoa da. Pertsonala politikoa den heinean. Zaintza-sistema nola antolatu arduradun politikoen erabakia da. Egun gobernu eta botere guneetatik erabaki irmoa dago hartuta. Emakumeak eta familiak izango dira zaintza-beharren arduradunak eta musu-truk egiten dugu. Diru trukean lan egiten duten zaintza-langileak, berriz, prekarietatean biziko dira, hemen kokatuko genuke etxeko langileen egoera lotsagarria. Bereziki barneko etxe-langileak, intimitaterik gabe, 24 orduz lanean ari diren emakume atzerritarren esklabutza egoera. Hauek ez dute gaixotzeko eskubiderik ere. 

Gaur egun, familia dugu askotan gelditzen zaigun sostengu bakar, eta hori emakumearentzat azkenean izugarrizko zama bihurtzen da. Nola saihets genezake hainbeste emakumeren gain gelditzen den zama hori?

Emakumeen artean urte luze hauetan sortu ditugun konplizitateak, zaintzak eta elkartasuna erdigunean jarri nahi ditugu. Zaintza-eredu berriak sortu, gure gogo-gorputzetatik abiatzen dena, besteak zaintzeko gure burua ere zaindu behar baitugu. Oreka egin behar dugu bakoitzaren bizitzetan eremu publiko, pribatu eta intimoaren artean. Zaintza zama moduan ikustetik, elkar konektatzen, osatzen eta babesten gaituen sare moduan ulertzera. Ez dago beste biderik, gure artean babestu, goxatu, maitatu eta disfrutatzea baino. Zoriontsu izateko eskubidea dugu eta hau garbi izateak aldaketa dakar.