Bederatzi hilabetetarako irakurgaia

2018-01-18

Azken urteetan amatasunari buruzko liburu ugari ari dira argitaratzen ama diren idazleak, amatasunaren idealizazioa eta bakantasuna haustera datozen liburuak dira. 

 
 
Bederatzi  hilabetetarako irakurgaia

 

Haurdunaren sabela borobil-tzen doan neurrian, galderak ere handitzen hasi ohi dira: asterik aste nola ari da hazten umekia? Zenbat neurtzen du, zenbat pisatzen? Ze organo ditu dagoeneko osatuak? Nolakoa izango da? Hara, zergatik nago bat-batean hain triste? Eta orain hain pozik? Zer emozio da hau? Eta nolako ama izango naiz ni? Nolako aita? Asmatuko al dugu haurraren beharrei erantzuten? Eta gizarte presioei erantzuten? Edo gizarte presioei iskin egiten?

Ehunka liburu daude umekiaren hazkuntzari buruzko informazioarekin — Heidi Murkoff eta Sharon Mazeren What to Expect When You’re Expecting eta Anne Deansen Your Pregnancy Bible dira munduan salduenak—, euskaraz Jasone Osorok Txalapartarentzat idatzi zuen Bi marra arrosa-k jasotzen du prozesua, bere lehen haurdunaldiaren esperientziatik. Estitxu Fernandezen Gure erditzearen jabe-k berriz, erditzerako prestatzen laguntzen ditu gurasoak.

Baina bestelako galderei eran-tzuteko liburuak bakanak izan dira urteetan. Izan dibulgazio-lanak, literatura, autobiografia… duela gutxi arte amatasunaren nolakotasunez gutxi idazten zen, hemen eta munduan. Idazten zutenak, gainera, gizonezkoak ziren gehienetan eta fikziotik. Literatura moderno eta garaikidean atera diren amak beraz, gizonezkoen begietatik ikusiriko amak izan ohi dira, onberak, ahalguztidunak, ama sufrituak, ama langileak… baina amak bakarrik. Literaturak, oro har, amatasunaren irudi bat eta bakarra zabaldu du, irudi edulkoratua: ama on eta sakrifikatuarena.

Emakumeak amatasunari buruz idazten hasi dira azken hamarkadetan. Hemen eta munduan. Lehenik alabak eta gero amak. Horrek, gizonezkoek idatzitako literaturak ez bezala, amaren irudi anitzagoa ekarri du liburuetara, amari buruz ez eta amei buruz idazten baitute emakumezko idazleek. Amak bai, baina langileak, amoranteak, borrokalariak, langabeak, futbolariak, kazetariak, politikariak, azpiratuak, azpiratzaileak, beltzak, psikotikoak, onberak, etab. diren amei buruzko liburuak ugaldu egin dira. Amatasun-ereduak ugaldu egin dira. Eta egun literaturak amatasunaren hamaika irudi eskaintzen ditu, ez hain edulkoratuak. Bi liburu klasiko aipatzeko, alabak amei buruz idazten hasi zireneko lan esanguratsuetako bat da Simone de Beauvoirren Une morte tres douce gordina eta amak amatasunei buruz idazten hasi zirenekoa, berriz, Adrianne Richen Of woman born iradokitzailea, baten bat nabarmentzekotan. “Nolako ama izango naiz? Asmatuko al dut gizarte presioei erantzuten? Edo gizarte presioei ixkin egiten?” Eta tankerako galdera gehiago erantzuten ditu Richen liburu enblematikoak, ikuspegi feministatik eta autobiografikotik.

Euskal literaturari dagokionez, emakumezkoek idatziriko literaturak amatasunaren zer-nolako irudia osatzen du? Gema Lasartek egin du ikerketa: 1979-2009 urteen artean euskaraz emakumezkoek idatziriko nobelen artean % 90 amatasunari buruzkoa dira. Eta nobela horietan, gizonezkoek idatzitako liburuetan ez bezala, % 80k ikuspegi negatiboa ematen dute amatasunaz, Lasarteren arabera. 

Eider Rodriguez da ikuspegi negatiboa eman duen idazleetako bat —mugarri esanguratsuena, ordea, Arantxa Iturberen Ai Ama! izan zen, 1999koa—, eta bere kasua eta beste idazleena aztertuz Escritoras vascas e intimidad: la maternidad negativa como instrumento para acceder al sistema literario artikuluan, ezkortasun hori erreakzio gisa ateratzen dela ondorioztatzen du, Hazi Hezi-ren 16. zenbakian azaldu zuen bezala: “Ezer baino lehen esan behar dut amatasunaren inguruko diskurtso negatiboak behar direla; niretzako oso beharrezkoa eta oso aberasgarria da amatasunaren inguruko diskurtso negatiboak egotea. Ez zaidana hain interesgarria iruditzen da erreakzio moduan sortzea diskurtso hauek, edo diskurtso hauetan erortzea ez modu naturalean, baizik eta emakumezko idazle izanda seriotan hartzeko beharrezkoa den urrats gisa horrelako zerbait dagoelako establezituta. Eta niretzat, kezkagarriena da erreakzio bat izatea, ez dela aukera librea. Librea balitz bikain; baina ez zait iruditzen librea denik. Amatasunaren alde iluna bakarrik azaltzean bidesari bat ari gara ordaintzen literatur sistemaren erdigunean jartzeko”.

Rodriguezek ama abandonikoak, eroak, alabarekin konpetentzia itsua duten amak sortu ditu. Baina esan bezala, amatasunaren itzal iluna euskarazko liburu askotan ikus liteke, besteak beste honako hauetan: Lourdes Oñederraren Eta sugeak emakumeari esan zion liburu sarituan adibidez, protagonistaren balioa haurdun gelditu ez izanari lotzen zaio, Sonia Gonzalezen Ugerra eta Kedarra-n eta Aitziber Etxeberriaren Tango urdina-n ere amatasuna saihesten da, ia arbuiatzeraino. Uxue Alberdik eta Ixiar Rozasek amatasunaren inguruko gizarte presioak dituzte mintzagai —Alberdik Aulki jokoa-n eta Euli giro-n eta Rozasek Edo zu edo ni-n eta Jasone Osorok berak –Greta-n— eta Laura Mintegik Sisifo Maiteminez liburuan seme-alabak abandonatu dituzten amak erretratatzen dituzte. 

Bakanagoak izan arren, badira ikuspegi negatiboa soilik agertzen ez dituzten liburuak ere, horien artean daude Arantxa Urretabizkariaren Zergatik Panpox bide urratzailea, Miren Agur Meaberen Kristalezko begi bat autofikzionatua eta Karmele Jaioren Amaren eskuak berriagoa. Atzerriko literaturetan ere orain ari dira bide errealistago hau urratzen emakumezko idazleak, bi muturrak —irudi edulkoratua eta negatiboa— gainditu ostean.

Amak idazten hasi direnean, amatasunaren argi-ilunak papereratzen hasi dira, hau da amatasunaren anbiguotasuna eta malkarra liburuetara iristen ari da. Nazioartetik, euskaraz irakur daitekeen Elena Ferranteren trilogia aipa liteke garaikideenen artean, edo esanguratsua da, baita ere, zinemara eraman berri den Liones Shirverren We need to talk about Kevin eta klasikoagoen artean, Doris Lessingen The Fifth Child (1988) edota amatasun for-tzatuari buruzko Margaret Atwoo-den The Handmaid’s Tale (1985) aipatu litezke, baina adibideak hamaika dira. Dagoeneko amatasuna ez da emakumearen kondizio naturala, eta Annie Ernauxen Gertakizuna liburu motz baina sarkorrean kontatzen da nola eten kondizioa. Silvia Nanclaresek gaztelaniaz, berriz, beste tabu bat desestali berri du Quien quiere ser madre eleberri autofikzionatuan: ama izan nahi eta ezina. Liburu hauek amatasunaren idealizazioa haustera datoz, amatasunaren idealizazioa emakumea menderatzeko eta Rodriguezek dioen bezala, andrea bezatzeko erabil-tzen den trikimailua dela ikusarazten hasi da literatura garaikidea. 

Beste ekarpen bat aniztasuna izan da. Emakumeak amatasunaz idazten hastean, ama izateko modu anitzak agertzen ari dira. Maria Llopisek Txalaparta argitaletxearekin ateratako Maternidades subersivas da horietako lan esanguratsu bat. Eta dibulgazio eta saiakeraren arloan, bi antropologo euskaldunek gaztelaniaz ateratako liburuan galdera berri gehiago egiten dituzte amatasunen, amatasun-ereduen eta gizarte baldintzen inguruan: Elixabete Imazen Convertirse en madre eta Mari Luz Estebanen Crítica del pensamiento amoroso.

Haurdunaldiko bederatzi hilabeteetan badago beraz, etorriko denaren gainean zer irakurri.