“Gurasoek denbora gehiago igarotzen badute euren seme-alabekin, kontsumoa jaitsi egiten da”

2018-01-29

Duela 20 urte nerabe mozkorrez beteak zeuden Islandiako hiriburuko kaleak asteburuetan, nerabe eta gazteen arteko tabako, alkohol eta droga kontsumo handiena zuen Europan. Gaur, berriz, txikiena. Prebentzioa, familia, aisialdia eta finantziazioa izan dira indartu dituzten alderdiak.

 
 
“Gurasoek denbora  gehiago igarotzen badute euren seme-alabekin,  kontsumoa jaitsi egiten da”

 

Beste behin ere Europa iparraldetik dator albistea, baina oraingo honetan Islandiatik. Eta haur txikien hezkuntza-eredua ez eta nerabeena da emaitza bikainak eman dituena: duela 20 urte Reykjavik hiriburua gazte mozkorrez betea egoten zen asteburuetan, gaur gazteek alkohol eta droga gutxien kontsumitzen duten lurraldea da Islandia. Nola lortu dute aldaketa? Arazoa auzi politikotzat harturik, eta nerabe eta gazteei asebeteko dituen giroa eskainiz.

Arazo larria zuen Islandiak duela hogei urte. Nerabe eta gazteen arteko tabako, alkohol eta droga kontsumo handiena zuen Europan 310.000 biztanleko uharte honek.14 eta 16 urte bitarteko lau nerabetik batek egunero erretzen zuen tabakoa, eta azken hilabetean mozkortu izana onartzen zuen % 40k. Gaur berriz, modatik pasa izan balitz bezala, tabakoa, alkohola, cannabisa eta drogak, oro har, ez daude nerabe eta gazteen agendan. 14 eta 16 urte bitarteko nerabeen % 5ak soilik onartzen du azken hilabetean alkohola edan izana, % 3k tabakoa erre izana egunerokoan; % 7k haxixa kontsumitu izana. Europako batez bestekoa berriz oso goitik dago: % 47k edan du alkohola azken hilabetean;
% 13k erre du tabakoa egunerokoan eta % 7k, haxixa kontsumitu. 

1988an jarri zioten arazoari neurria. Youth in Iceland programa hezitzailea jarri zuten martxan, drogarik gabeko Islandia helburu. Jon Sigfusson izan da programaren arduraduna eta Euskal Herrian izan berri da Osakidetzak gonbidaturik, han harturiko neurriak eta garatutako programa azaltzera etorria eta euskal nerabe eta gazteen kontsumo ohiturak ezagutu eta proposamenak mahai gainean jartzera.

Sigfussonek dio Islandiako programaren arrakastaren gakoa oso logikoa dela, naifa izateraino. “Noski! Begibistakoa da hau guztia! Kontua, ordea, lehentasuna ematea da, bai familiek, bai Udalek eta baita herrialdeko agintariek ere! auzi familiar, sozial eta politikotzat hartu behar da gure gazteen oraina eta etorkizuna”.

Islandian tabako, alkohol, cannabis eta drogen kontsumo-ohitura aldatzeko hartu dituzten neurri esportagarriak honako hauek dira:

  • Lehenengo, ikerketa: Zertan eragin jakin ahal izateko, arazoaren tamaina zein zen ikertu zuten. 1988an hasi eta bi urtez behin herrialde osoko ikastetxe guztietako nerabeei euren aisialdi-eredu, familiako harreman, eskola-interes, gora-behera emozional eta kontsumo ohituren inguruko testa egin zieten. Emaitzen araberako interbentzioak diseinatu zituzten gero, tokian tokiko hezitzaile eta komunitateekin.
  • Prebentzioan eragin: Datuak ikusirik, ohartu ziren arrisku faktoreak eta faktore onuragarriak zeudela. Adibidez, ohartu ziren nerabe eta gaztetxoek lagunekin kalean ezer egin gabe zenbat eta denbora gehiago igaro, orduan eta kalamu gehiago erretzen zutela. Arrisku faktoreak apaldu eta prebentzio faktoreak indartzea izan zen programaren muina, eta emaitza onak izaten hasi ziren. Ordura arte, beste norabide batean ari ziren prebentzioa bideratu nahian: droga eta alkohol kontsumo ohiturak baztertzeko, beldurra zuten arma. “Beldurrak ez du balio —dio Sigfussonek—. Umeei edo gazteei emandako informazioak ez du balio. Haiek badakite droga kon-tsumoak zein ondorio dituen. Ez dira inozoak. Informazio hori ematean, zelanbait, esaten diegu: ‘Zu zara zure bizitzaren erantzule’. Baina adingabeak dira. Nola egingo dituzu erantzule? Erantzulea gizartea da”.
  • Nerabeek familian pasatzen duten denbora ugaritu eta hobetu: Ikerketa eta programa honen azter-tzaileek argi ikusi dute lagunek garrantzia dutela nerabeen kon-tsumo ohituretan; giroak edo ez-giroak ere bai, baina familiarekin pasatzen den denbora eta denbora horren nolakotasuna determina-tzailea dela konturatu dira, bi urtez behin eginiko testen emaitzak argi erakusten du: “Hasieran ez genekien zein zen arrazoia eta zein ondorioa. Alegia, ez genekien gurasoekin gutxi zeudelako edaten ote zuten nerabeek, edo edaten zutelako ote zeuden gutxiago gurasoekin”. Hor eragitea erabaki zuten. “Garbi ikusi genuen hasieratik gurasoak hezi behar genituela, informatu eta azaldu eurak direla substantzia arriskutsuen kontsumoan euren seme-alabarentzako prebentzio-faktore nagusia: hasteko, eredu izan behar dute gai hauetan ere, —konturatzen al gara zein txikitatik eta zenbat denbora egiten dugun haurrekin tabernetan edo alkohola kontsumitzen den tokietan?— eta horrez gain, seme-alabekin denbora pasa behar dute, babestu, zaindu eta kontrolatu behar dituzte”. Familiekin egiten duten lanean, autoritatearen ideia indartzea izan da beste gakoetako bat: “Euren arduraz kontziente izatea funtsezkoa da”. Bestela, kontrakoa gertatzen da, nerabeek eurek adierazten duten eran: “Familiaren afektua falta dutenean jotzen dute alkoholera. Hala aitortu digute”. Neurri zehatz bat proposatu zuten: egunean ordubete igaro seme-alabekin, ahalik eta kalitate gozoeneko ordubetea. “Gurasoek denbora gehiago igarotzen badute euren seme-alabekin, kontsumoa jaitsi egiten da”.
  • Komunitatea indartu: Islandiako prebentzio eta hezkuntza programak komunitatea izan du helburu, eta ez nerabeak norbanako bezala. Nerabe eta gazteen gehiegizko kontsumoaren erantzule, ikerketa honen arabera, ez dira adingabeak, gizartea bera baizik. “Gizartea da alkoholari eta tabakoari balioa ematen diona edo kentzen diona”.
  • Aisialdi osasuntsua indartu: hau da Islandiako arrakastaren beste gakoetako bat. Ekintzaz, eskaintzaz, aktibitatez bete dituzte orduak Islandiako administrazio desberdinek, hasi Udaletatik, eskualde eta herrialde mailako ekintzetara, kirola, antzerkia, zinema... patinajeko pistak daude nonahi, kon-tzertuak doan... “Nerabe eta gazte hauen arduradunak gu gara, helduok eta gure ardura da nerabeak ongi sentituko diren ingurune bat proposatzea, eta denbora ekintza positiboekin betetzeko aukera ematea. Horrek berekin ekarri du substantziak kontsumitzeko arriskua jaistea. Drogen beharrik ez izateko, giroa eskaini behar zaie gazteei”.

 

Lehentasun politikoa finantziazioan islatu da.

Islandiako hiriburuak, esate baterako, 120.000 biztanlerekin, aurrekontuaren % 7 gazteen elkarteetara bideratzen du. Adibidez, 100 milioi euro inbertitzen dira eskolaz kanpoko ekintzetan. Sig-fussonek dio denbora gehiegi libre izatea, noraezean ibiltzeko arriskua eta, era berean, substantzien kon-tsumoan erortzeko arriskua dela. “Esna dauden denboraren % 70 inguru libre izaten dute nerabeek; aisialdia da eurentzat. Baina gehienetan ez dute zer eginik. Eta hori arriskutsua da. Droga kontsumora jo dezakete”. Reykjavikeko Udalak, kasurako, jardueraz bete du hiria; tailerrez, kontzertuz eta halako ekintzaz. Eta izena ematen duen nerabe bakoitzaren familiari 420 euroko laguntza ematen diote. “Horri esker lortu dugu nerabe gehienek gutxienez astean lau ordu halako ekintzetan pasatzea. 14 eta 18 urte artekoetan, adibidez, % 70etik gora”.

Neurri hauek guztiek —eta gehiagok— tabako, alkohol, cannabis eta drogen kontsumoa jaitsi du nerabe eta gazteen artean, baina baita bestelako kontsumo eta adikzioena ere, apustuak, kontsumismoa, eta bestelako mendekotasunak.