HAURRAREN GARAPENAREN ANTOLATZAILEAK. Atxikimendua, esplorazioa, komunikazioa, postura-segurtasuna eta ordena sinbolikoa

2018-03-13

Haurraren garapena haren barnean gertatzen diren transformazio multzo gisa definitzen du “Garapenaren Antolatzaileak” izeneko teoriak. Transformazio horien bidez, umeak hainbat konpetentzia eskuratzen dituela dio, hala, gero eta autonomia handiagoa eskuratuz joan dadin. Teoria horrek haurraren garapenaren oinarri diren bost antolatzailez hitz egiten du: atxikimendua, komunikazioa, esplorazioa, postura-segurtasuna eta ordena sinbolikoa. Horren guztiaren inguruan hitz egin zuten Myrtha Chokler psikomotrizistak eta Itziar Arregi eta Eider Salegi HUHEZIko irakasle eta ikerlariek, Hik Hasik joan den udazkenean 0-3 adin bitarteko hezitzaileei zuzenduta antolatu zituen jardunaldietan. Han jorratutakoa jaso da erreportaje honetan. 

 
 
HAURRAREN  GARAPENAREN  ANTOLATZAILEAK. Atxikimendua, esplorazioa, komunikazioa,  postura-segurtasuna eta ordena sinbolikoa

Maiz hitz egiten da haurraren garapenaz; baina zeri buruz ari gara hitz hori darabilgunean? Eta nola antzeman ume bat bilakatzen ari ote den eta aurrera ote doan? Zein dira haurra garatzen ari dela adierazten duten seinaleak? Nola joaten da ume bat bere burua antolatzen eta autonomiarako bidea egiten? 

Hori guztia esplikatzeko, bada bide luzea egin duen teoria bat: garapenaren antolatzaileen teoria, hain zuzen, beste hainbat teoriatatik eta praktikatatik edanez sortua, eta hamaika pentsalariren ekarpenak jaso dituena. Teoria horrek haurraren garapenaren oinarri diren bost antolatzailez hitz egiten du: atxikimendua, komunikazioa, esplorazioa, postura-segurtasuna, eta ordena sinbolikoa. Haurraren garapena haren barnean gertatzen diren transformazioen multzo bat dela dio, eta, transformazio horien bidez, umeak hainbat konpetentzia eskuratzen dituela, subjektu hori gero eta autonomia handiagoa eskuratuz joan dadin. 

Gai horren gainean hitz egin zuten Myrtha Chokler psikomotrizista argentinarrak eta Itziar Arregi eta Eider Salegi  HUHEZIko irakasle eta ikertzaileek, Hik Hasik joan den udazkenean 0-3 adin bitarteko hezitzaileei zuzenduta antolatu zituen jardunaldietan. Modu teorikoan mintzatu zen lehena, Kurt Lewin-i erreferentzia eginez, eta zenbait gauza ulertzeko teoria on bat baino ezer praktikoagorik ez dagoela argudiatuta. Arregik eta Salegik, berriz, modu praktikoagoan jardun zuten, garapenaren antolatzaileen inguruko teoria eta eduki guztiak Euskal Herriko haur-eskoletako eguneroko praktikara ekarriz, eta gelako jardunean zein forma eta itxura hartzen duten ikusiz. 

 

Barne-transformazio konplexuak, garapenaren oinarri

Zuzenean garapenaren antolatzaileez solasean hasi aurretik, haurtzaroaren funtsaz hitz egin zuen Choklerrek. Helduaren eta haurraren arteko harreman sendoa azpimarratu zuen. Psikomotrizistaren esanetan, haurrarekin dagoen helduaren egiteko nagusia ume horri sostengua ematea, babesa eskaintzea eta lagun egitea da; berarekin egotea, alegia,  goxotasuna eta afektua adieraziz, horretarako kontaktu fisikoa erabiliz edota erabili gabe; “Segurtasun emozionalaz eta afektiboaz ari naiz, presentzia indartsu horretaz, umea ukitu gabe ere transmititu daitekeen horretaz”. Oinarrizkoa da hori ulertzea, adituaren aburuz, funtsean, garapenaren antolatzaileen teoriak oso prozesu konplexua hartzen duelako bere baitan, eta hemen eta orain egiten denak, umeekin etxeetan zein haur-eskoletan edota kalean helduak uneoro duen jokabideak, alegia, zerikusi zuzena duelako haur horren geroan. 

Haurraren barnean gertatzen diren transformazio konplexuekin lotzen du garapena Choklerrek, eta dio umeak konpetentziak eskura ditzan beharrezkoak direla barne-eraldaketa horiek. Zer dira, baina, konpetentziak? Choklerrentzat, gaitasunak baino zerbait gehiago dira: “Zerbaitetan konpetentea izateak esan nahi du aukeratzen jakitea, bereizteko gai izatea, ulertzeko eta aurreikusteko gauza izatea; eta, batez ere, zerbait egin edo ez egin erabakitzeko kapaz izatea, bai eta noiz egin, nola egin, noiz arte egin… erabakitzeko gauza izatea ere”. Beraz, psikomotrizistak dioenez, konpetentzia kontzeptuari hertsiki loturik ageri da beste kontzeptu bat ere: subjektua, hain zuzen. Izan ere, garapenaren antolatzaileen teoriak premisa jakin bati erantzuten dio: haurra subjektu aktiboa da jaiotzatik. Haurra ez da etorkizunean izango den norbait, baizik eta, jaiotze hutsagatik, bada nor; ekintza-subjektua da, eta ez erreakzio-subjektua soilik. Gainera, Choklerrek azpimarratzen duenez, mundura sortzen den unetik, umeak autonomiarako joera osoa dakar, sorburuan muturreko dependentzia edukitzeak ez baitu esan nahi absolutuki mendekoa denik: “Autonomia gutxi izateak ez du esan nahi batere autonomiarik ez duenik. Ezer ez da ezerezetik sortzen, eta horrek esan nahi du haurrak berez dakartzala autonomiaren ernamuinak, eta jaiotzen den unetik beretik antzematen direla autonomia horren pujak. Hori bai, helduek eta inguruneko baldintzek autonomia horren garapena bultza dezakete, edota oztopatu. Umeak pixkanaka autonomia handiagoa eskura dezan, baldintza zehatz batzuk behar ditu, eta horiek dira garapenaren antolatzaileen teoriak lantzen dituenak”. 

Autonomiarantz egiten den bide hori pertsona izateko prozesu gisa definitzen du Choklerrek; heltzen joateko egiten diren eraldaketen multzoa litzateke, eta oinarri hori 0-3 adin-tartean ezartzen da. Aro horretan eratzen eta finkatzen baita pertsonaren nortasunaren funtsa. Hala dio adituak: “Gero, bere nortasuna garatuz joango da bizitzan zehar, baina adin-tarte horretan eraiki duen horretan oinarrituta. Norbera izatearen sentimenduaren muina lehen urteetako esperientzia horien gainean egituratzen baita”. Hark dionez, nortasun edo norberaren identitate horren egituraketaren adierazle nagusia NIaren agerpena izan ohi da, norbera besteengandik bereizteko ahalmena, alegia. Prozesu hori nola egiten du, baina, haurrak? Bide horretan, zer bizipen izaten ditu? Zer esperientzia? Nola barneratzen du ingurukoa? Zein dira horretarako gakoak? “NIaren kontzientziak itxiera ematen dio norberaren batasunari, unitate oso gisa ikusten baitu haurrak bere burua. Bera den hori NI gisa izendatzeko gaitasunaz ari naiz. Eta, ZUk NI esaten duzunean, ZUtaz ari zarela ohartzeaz, eta ez Nitaz; eta, aldiz, ZUk ZU esaten duzunean, NItaz ari zarela”. Jean Piagetek dioen moduan, prozesu horrek sekulako integrazioa eta itzulgarritasuna eskatzen ditu, psikomotrizistaren hitzetan: “NIaren kontzientziak proiektatzeko gaitasuna eskatzen du; hau da, haurrak barruan duen hori kanpora ateratzen du. Baina zerbait proiektatu eta kanpora atera ahal izateko, barruan eduki behar du aurrez, eraren batera edo bestera konfiguratuta. Aldiz, haurrak bere buruaz hirugarren pertsonan hitz egiten duenean, alegia, ‘Paulok nahi du’ esanez berak nahi duen zerbaiti egiten badio erreferentzia, esan nahi du haren NI horri nolabaiteko erreferentzia anbiguo bat egiten diola, oraindik erabat konfiguratu gabe daukalako”.

Baina, Choklerrek ohartarazi duenez, pertsona-izaeraren sendotasunaren kontzientzia hori, NIaren jabekuntza hori, alegia, ez da egun batetik bestera egiten, ez eta hilabete batetik bestera ere; aitzitik, oso prozesu luze baten emaitza da. “Artean bi urterekin edota bi urte eta erdirekin, bere burua bilatuko du ispiluan, eta jakingo du bera dela han islatuta ikusten duena; baina, aldi berean, duda egingo du, eta ispiluan ikusten duen ume hori ukitzera joango da”. Izan ere, haurrak prozesu luze bat egiten du, bere buruan duen segurtasun hori finkatu arte. Horren beste erakusle bat izan daitezke mozorroak jantzi eta kendu umeak egiten dituen saiakerak ere, Choklerrek adierazten duenez. “Arropa bat janzten du, edota txapel bat… Proban jartzen du bere burua, ikusteko zenbat aldatzen den, zenbateraino jarraitzen duen NI izaten, nahiz eta mozorroa jarrita bere itxura aldatu. Esan nahi dudana da norberarekiko segurtasun hori ez datorrela emana, baizik eta haurrak aldi oro ezbaian jartzen duen zerbait dela, etengabe probatzen duen zerbait. Haurrak une oro bilatzen du bere buruarekiko segurtasun hori sendotzea”.

Prozesu horretan, heldua da haurrari segurtasun emozionala eta erreferentzia-puntuak eskaintzen dizkiona. Horren adierazle izan daiteke bere NIaren eraikuntzan lorpenak egiten eta erronkak gainditzen doan umeak helduari begiratzeko duen modua; ez dio begiratzen haren onarpena bilatzeko edota txalo jo diezaion, segurtasuna ematen dion heldu horrekin bere lorpena eta gainditu duen erronka horrek eragin dion poza partekatu nahi dituelako baizik”. Hortaz, Choklerrek azaldutakoaren ildotik, haurtzaroaren ezaugarri nagusia da psikismoa, eta NIa eta nortasuna eratzen eta egituratzen dira. 

 

Plano praktikoan zein teorikoan, bietan eragiten

Atxikimendua, esplorazioa, komunikazioa, postura-segurtasuna eta ordena sinbolikoa. Horiexek dira haurraren garapenaren bost antolatzaileak. Berorien inguruan teoria oso bat egituratu den arren, antolatzaile horiek zein diren jakite hutsak ere lagundu dezake eguneroko praktikan. Izan ere, Choklerrek dioenez, garapenaren antolatzaileek bi planotan eragiten dute, praktikoan zein teorikoan, hau da, errealean nahiz intelektualean. “Beraz, nik haurraren garapena erraztu nahi badut, eta umeari hazten lagundu nahi badiot, arreta jartzeko moduko eredu bat eskaintzen dit garapenaren antolatzaileen teoriak, umeari aurrera egiteko balio dioten elementu horiek zein diren adierazten baitit une bakoitzean; eta, horren arabera, aukera ematen dit esku hartzeko estrategiak diseinatzeko”. 

Garapenaren antolatzaileetako bat ordena sinbolikoa da. Horrek esan nahi du gizarte bakoitzeko kulturak bere irudikapen sozialak, sinesmenak, mitoak, ideologiak, jakintzak, balioak… dituela, eta horiek guztiek eragin zuzena dutela haurrarengan. Adibide bat jartzen du Choklerrek: “Esate baterako, haurra jaio den errealitate horretan, zer esanahi dute maskulinoak eta femeninoak? Zer dago baimenduta, eta zer, debekatuta? Edo nola eramaten dira haurrak? Bizkarrean? Organ? Zapian bilduta? Lotuta edukitzen dira? Haurrek parte hartzeko aukerarik badute?”. Psikomotrizistak dioenez, jaio den kulturak forma ematen dio haurrari, eta osatu egiten du, ume horrek kultura hori barneratu egiten duelako, eta haren barne-egituraren parte izatera igarotzen delako. 

Atxikimendua da garapenaren beste antolatzaile bat. John Bowlby-rena da atxikimenduaren teoria, baina berau Konrad Lorenz-en aurkikuntza batean oinarritu zen. Hark probatu zuen haurrengan badela elikatua izatea baino gauza garrantzitsuago bat: segurtasuna, hain zuzen; eta segurtasuna zuzenean lotzen zaie kontaktuari eta azalari. Jabetu ziren jatea eta elikadura-beharrak aseta izatea baino garrantzitsuagoa dela umearentzat helduarekin afek-
tuzko harremana edukitzea. Choklerrek adierazten duenez, haur jaioberriak baditu hainbat premia, eta helduaren egitekoa izango da horiek asetzea: “Haurrari jaten eman behar zaio; garbitu egin behar da, eta jantzi… Baina ez hori bakarrik; beste ezeren gainetik, haurrari segurtasun afektiboa eman behar zaio, horixe delako umearen premia oinarrizkoena”. Adituak eransten duenez, haurrak nahiko segurtasun emozional eta afektibo ez badauka, ez da mundura irekiko, eta beldurra sentituko du errealitate ezezagunen aurrean. Aldiz, nahiko segurtasun badu, esperientzia berrietarako gogoa izango du, eta plazerez biziko ditu esperientzia horiek.

Helduak une oro, eguneko 24 orduetan, haurrarekin duen kalitatezko harremanaren bidez lortzen da segurtasun afektiboa —jaten ematen zaionean, loarazten denean, pixoihala aldatzen zaionean, garbitzen denean…—. Choklerren iritziz, haurraren garapen osasuntsurako funtsezko baldintza da haurrak helduaren atxikimendu segurua eraikitzea. Honela dio: “Egiaz, robot batek eman ahal izango lioke haurrari jaten, jantzi ahal izango luke, edota pixoihala aldatu ahal izango lioke; baina, egiaz, egoera berri bakoitzean behar du segurtasun afektibo hori, errealitatearekin egiten duen kontaktu bakoitzean, ezagutu nahi duen gauza berri baten aurrean dagoen bakoitzean. Haurrak sekulako grina sentitzen duelako ezagutzeko, eta, ondo bidean, irekita egongo delako esperientzia berrietara. Baina, grina horrekin batera, beldurra ere sentitzen du haurrak. Eta beldurra jakin-mina baino handiagoa bada, itxi egiten da haurra, alde egiten du, bere barnean gordetzen da…”.

Haurrak, jaio orduko, elkarbizitzarako espazio bat eraiki-tzen du helduarekin. Hasieran, fusio-espazioa izango da, hau da, haurrak ez du beraren eta helduaren artean bereiz-ketarik egingo. Baina, pixkanaka, segurtasun afektibo eta emozionalari esker eta bizitzen doan esperientziei esker, helduarengandik bereizten hasiko da. Horixe da, hain zuzen, heltze- edo garatze-prozesua, Choklerrek azaltzen duenez. “Haurra bera da heltzeko gaitasuna duena. Lehenik helduarengandik urrutiratzen dena, eta ondoren itzultzen dena; urrutiratu eta itzuli, behin eta berriz. Espazio hori, edo urrutiratze horretan sortzen den hutsunea, aurrez barneratu dituen irudiekin eta errepresentazioekin betetzen du, eta bestearen sostenguak ematen dion plazerarekin. Horrexegatik dauka helduarengandik aldentzeko gaitasuna. Haurrak kanpoan zerbait eraiki dezan, aurrez barruan eraikita eduki behar du”. 

Hortaz, helduarengandik banatzeko eta urrutiratzeko prozesu horretan, beharrezkoa da aurrez haurrak heldu hori eta haren arrastoak barneratu izana. Haurra gai den neurrian zaintzako uneak helduaren eta haurraren artean partekatzen badira −janzteko unea, jatekoa edo pixoihala aldatzekoa−, haren parte-hartzea bilatzen bada, haurra ekintza horiek barneratzen joango da pixkanaka, eta, denborarekin, berak bakarrik egin nahi izango ditu. “Jarduera horietan haurrak plazera sentitzen badu, berriz ere egoera hori bizi nahi izango du; bestearekin partekatu nahi izango du, eta plazera ematen dioten jarduera horien sekuentzia nolakoa den ikusi nahi izango du. Hala, helduak haurrarekin duen kontaktu horretan uzten dituen arrastoen bidez, gutxika, barnean sartuko du heldu hori. Eta horrek bi rol jokatzea ahalbidetuko dio: zamarraren mahuka besoan sartu dion helduarena, eta helduak hori egin dezan besoa luzatu duen haurrarena. Ondorioz, ekintza hori berak bakarrik egin ahal izango du denborarekin; autonomoa izatearen plazera bizi ahal izango du, eta ekintza hori berak bakarrik egiteko eskatuko du, ‘nik bakarrik’ esanez”. Izan ere, autonomoa izateak heldua barnean sartzea esan nahi du, hau da, sostengua eta segurtasuna eskaini dizkion beste hori norberaren baitan integratzea. Hau da, kontua ez da kanpo-gaitasun bat ikastea (janzten ikastea, adibidez), baizik eta bestea —haurra jantzi duen heldua— barnean sartzea.

 

Hastapenean, komunikazioa gorputzezkoa da

Jaiotzen den unean bertan jasotzen ditu umeak helduaren begirada, irribarrea, azalaren kontaktua... Eta horixe da umeak bestearekiko daukan lehen esperientzia. Nahiz eta hasieran norberaren eta bestearen arteko muga oso lausoa izan, denborarekin, antolatzen joango da bestearekin batera izateko modu hori. Eta hortxe agertzen da komunikazioa, garapenaren hirugarren antolatzailea. Choklerrek oroitarazten duenez, hastapenean, komunikazioa gorputzezkoa da, eta gorputzaren tonuak eta emozioak hartzen dute garrantzia: “Henry Wallonek ondo zioenez, tonua eta emozioa txanpon beraren bi alderdiak dira. Tentsioa, lasaitasuna, plazera, sosegua... hori guztia transmititzen da tonuaren bidez; helduaren adierazpide bat da tonua. Umeak, aldiz, ez du ezer adierazten; umeak emozioa bizi egiten du. Eta heldua izaten da umearen tonu muskular horri, edo begi ireki horiei, edo alerta-egoera horri hitza jartzen diona. Beste era batera esanda: helduak kodifikatzen du umeak bizi duena eta sentitzen duena”. Baina, Choklerrek ohartarazten duenez, umeari begiratuko dion heldurik ez badago, umearen seinale horiek kodifikatuko dituen eta zentzua emango dien heldurik ez bada, haurrak oso modu lausoan biziko ditu bere mugimenduak, bere emozioak, bere plazera eta desplazera, bere beldurra... 

Beraz, haurraren eta helduaren arteko komunikazioan, hasieran, gorputzaren bidezko kontaktua da adierazpide nagusia, hor bizi direlako emozioak, eta horren bidez transmititzen direlako lasaitasuna, sosegua, plazera... edota ezinegona, estresa, beldurra... Choklerrek dio emozioak kutsatu egiten direla elkarren arteko lotura, ukipen edo kontaktu horren bidez: “Emozioak erantsi egiten dira; tonikoki irradiatzen dira, eta horixe dago bestearekiko harremanaren oinarrian. Bestearekin dugun kontaktuari esker, beste horren antzeko sentipen toniko-emozionala bizitzen dugu gizakiok, eta horixe da bestearekin fusionatzen gaituena ere. Hau da, helduak bere sentipen toniko-emozionalak haurrari pasatuko dizkio, eta, hala, bataren emozioak jarraipena emango dio bestearen emozioari”. Kontua da, ordea, kontaktu edo lotura horretan bata heldua dela, eta bestea, berriz, haurra, eta, beraz, biek ez dutela rol bera jokatzen harreman horretan. Choklerren arabera, helduaren eta haurraren arteko alde horrek laguntzen du komunikazioa eraikitzen. “Eta helduarekiko kontaktu hori aberatsagoa edo pobreagoa izan daiteke, eta, atxikimendua bezalaxe, une oroko egoeraren, izatearen eta ekintzen bidez eraikitzen da”.

Adibide bat jartzen du psikomotrizistak: “Demagun heldu bat makurtu egiten dela, besoak eta hankak irekita umeari begira jartzen dela, irribarre egiten diola... Hitzik esan gabe ere, haurrari etortzeko ari zaio esaten, gorputzaren bidez. Baina, aldi berean, umeari espazio eta denbora bat irekitzen dio, heldua adierazten ari zaion hori uler dezan eta erabaki dezan etorri nahi duen edo ez. Beraz, kasu horretan, haurra subjektu gisa hautematen da, etorri nahi duen edo ez aukeratzeko gai den subjektu gisa. Etortzen ez bada, helduak argumentatu egin beharko du, eta etor dadin zergatik nahi duen adierazi beharko dio. Adibidez: ‘Orain, jan egin behar dugu’. Horren aurrean ere, haurrak baietz edo ezetz erantzun ahal izango du, eta helduak argumentatzen jarraitu beharko du. Izan ere, komunika-tzeak negoziatzea, besteak nahi duenari ere leku egitea, haurrari adierazteko espazio bat ematea... esan nahi du, eta baita haren ezezkoari espazio bat ematea ere”. Choklerren iritziz, haurra nortasuna duen subjektu gisa ariko ginateke hartzen kasu horretan, eskatzen, pentsatzen, hautatzen, komunikatzen dakien subjektu gisa. Aldiz, kasu beraren aurrean, haurrari begiratu ere egin gabe, eskuetan hartu eta jatera eramanez gero, elikatu behar den objektu gisara tratatuko litzateke haurra. 

Komunikazioa hasieran gorputzezkoa bada ere, haurra hazten eta heldua bere barnean sartzen doan heinean, keinu bidezko komunikazioa barneratzen joaten da, eta komunikazio-sistema sinbolikoa deritzona sortzen da hortik, linguistikoa, kasurako. Zer da, bada, hitz egitea? Hala dio Choklerrek: “Hitz egiteak esan nahi du behar beste segurtasun edukitzea barruko zerbaiti irteten uzteko, jakinik zerbait horrek bestea ukituko duela, eta eragin egingo diola”. Eta, beraz, zer litzateke entzutea? “Behar besteko segurtasuna sentitzea bestearen aurrean irekitzeko, jakinik hark guregan zerbait mugi dezakeela, hunkitu egin gaitzakeela, eta era batera edo bestera eragin egingo digula”. Definizioa antzekoa litzateke, idaztearen eta irakurtzearen kasuetan ere. Azken batean, Choklerrek dioenez, hitz egitea, entzutea, idaztea eta irakurtzea erlazio-ekintzak dira; bestearekin lotzen edo konektatzen gaituzten ekintzak dira, erabat subjektiboak.  

 

Ingurunea ezagutzeko, barne-motibazioa akuilu

Esplorazioa da haurraren beste alderdi bat; garapenaren antolatzaileetariko bat da hori ere. Esploratzea ez da soilik ikertzea, esperimentatzea, barneratzea... Choklerrek esplikatutakoari jarraiki, buru-eragiketa sendoak egitea eskatzen dio haurrari esplorazioak, ezagutzeko, ulertzeko eta ikasi ahal izateko. “Esate baterako, haur bat oinetako bat janzten hasten denean, lehenik eta behin, segurtasuna behar du mugimenduetan; gero, hanka bat altxatu behar du, eta oinetakoa janzten hasi. Baina esplorazio- eta ikerketa-prozesu oso bat egiten du bere barrenean: oinetakoa nola jarri, hanka zein posturatan luzatu, lehenik zer sartu... Estrategien multzo bat jartzen du martxan haurrak oinetako bat jantzi ahal izateko; problemaren ebazpen osoa egin behar du, bere buruan lehenengo, eta, ondoren, kanpoan. Oinetakoa janzten badu, akaso, txalo egingo diogu, edota ‘zeinen ondo, lortu duzu!’ esango diogu. Baina lortzen ez badu? Kasu horretan ere, esplorazioa, ikerketa, esperimentazioa, ezagutza, aktibazioa... bide ezin hobeak izango dira. Eta hori ere oso kontuan izan behar dugu helduok”.

Komunikazioa bezalaxe, esplorazioa ere haurraren barnetik irteten den zerbait da. Barne-bulkada bat du haurrak, ezezaguna ezagutzera bultzatzen duena, eta barne-motibazio batek eraginda hasten da esploratzen. “Haurrari ikertzeko grina ez zaio pizten nik pailazoz mozorrotuta animatzaile-lanak egiten dizkiodalako edota koloretako ez dakit zer jostailu eskuartean jarri diodalako; aitzitik, inguruko errealitatea ezagutzeko barne-premia senti-tzen du haurrak, eta, horretarako, beharrezko estrategiak jarriko ditu martxan”. Izan ere, psikomotrizistak gaineratzen duenez, haurrek ez daukate soilik zerbait biguna, gogorra, gorria, laranja... dela jakin beharra; zerbait horren zergatia ulertzeko premia ere badute, eta, gainera, oso argi adierazten dute sentitzen duten hori. “Beste ezeren gainetik, umeek mundua nolakoa den eta mundu horretan zer gertatzen den konprenitu nahi dute, eta, horretarako, beharrezkoak diren mekanismoak jartzen dituzte martxan”. 

Bosgarren eta azken garapenaren antolatzailea postura-segurtasuna da, zuzenean motrizitatearekin loturik dagoen antolatzailea. Choklerrek azaltzen duenez, umearen barneko oreka-sentsazioarekin dauka zerikusia, eta baita autorregulazioarekin ere. Emmi Piklerrek aurkitu zuen programa genetiko fisiologikoaren garapenean du oinarria. Horren arabera, haur guztiek programa jakin bat igarotzen dute, posizio horizontaletatik bertikaletara igarotzeko, nahiz eta kanpotik inork ezer ez irakatsi. Programa hori haurraren heltze-mailan eta oreka-legeetan dago oinarrituta.

Finean, garapenaren antolatzaileak ezagutzeak eta nola funtzionatzen duten eta nola bilakatzen diren jakiteak haurra bere testuinguruan ulertzeko eta aukera profesional bat egiteko balio dezake: “Zein da aurrean daukagun subjektua? Zer konpetentzia ditu? Zer interes, desira, beldur, estrategia kognitibo, jokabide sozial… ditu? Ezinbestekoa da horietan arreta jartzea, haurrari falta zaion horretan tematzeko arriskua daukagulako bestela: ‘oraindik ez dabil oinez’, ‘oraindik ez daki irakurtzen’… Bata zein bestea umearen aurrean desberdin kokatzera garamatzaten jokamoldeak dira, eta begirada horren arabera aukeratuko dugu gure eredu pedagogikoa ere. Umearen gabezietan eta oraindik egiteko gauza ez den horretan oinarritzen bagara, baliteke gure eredu pedagogikoa trakziozkoa izatea, umea guk egoki ikusten dugun horretara bideratzea, alegia, aginduz, edo arrastaka, edo era batera edo bestera seduzituz. Horren atzean dagoen pentsamoldea zera da: ‘Haurrak nik esandakoa egin behar du, nik badakidalako berak zer behar duen, eta ez dakiola bururatu beste ezer egitea’. Aldiz, guk defendatzen dugun eredu pedagogikoa lorezainarena da, metafora gisa ulertuta: ereindako hazi hori eder eta oparo hazten ikustea desio duen lorezainaz ari gara. Lorezain horrek lurra aukeratzen du, hazia ereingo duen lekua, une egokia, eta hazia nahiz hortik eratorritako landarea zaindu egiten ditu, ureztatu, ongarritu; eguzkitan jartzen du, haizetik babesten du, hitz egiten dio, eta abestu… Landareak hostoetatik tira eginez hazten ez diren moduan, haurrak ere ez dira buruetatik tira eginda hazten eta hezten”.