Imanol Urbieta, pedagogo sortzaile
*Kontxi Aizarna eta Josu Txapartegi irakasleen eskutik
Pedagogo sortzaileak izeneko monografikoa eguneratzen dihardu Hik Hasi egitasmo pedagogikoak, eta datorren ikasturtean emango du argitara edizio berritua. Hainbat pedagogo liburuxkan txertatu aurretik, ordea, hik hasi aldizkarian argitaratuko du haien inguruko informazioa, adituen eta arituen eskutik. Imanol Urbietaren inguruko ekarpen hauxe da zerrenda horretan zazpigarrena.
Hasieran, haurrak oso urrun nabaritzen nituen. Hori ikusita aldatu nuen estiloa, garbi neukan egokitu egin behar nuela. Beharretik ikasten joan nintzen, haurrengana gerturatu, eta ibilian-ibilian ikasi dut”. Imanol Urbietak bere bizipenen bidez aurkitu zituen haur bat eta haren izaera definitzen dituzten elementu garrantzitsuenak:
Mugimendua, haurraren beharrik naturalena. Erritmoaren bidez gaitasunak lantzeko proposamenak egin zituen bizitza osoan. Haurraren adierazmena kokatzen zuen lehen lerroan. “Balio erritmikoa gehiago landu beharko genuke eskolan” zioen. Metronomoaren agintekeria ere salatu zuen behin baino gehiagotan, eta, koadratura erritmiko matematikoari baino gehiago, bihotzari erreparatzeko aholkatzen zuen. Haur bakoitzak bere erritmoa duela zioen. Bide horretan, euskararen erritmoa errespetatzeko planteamendura iritsi zen, euskara armoniatsu eta erritmiko baten atzetik. Euskara-maila horren jabetza duen haurra prestatuta dago herritarrekin harreman sendo bat lortzeko etorkizunean. Euskararen musikaltasunari ere arreta osoa eskaini zion.
Gorputza, haurraren tresna berezkoena. Haurraren gorputzetik abiatzen da Urbietak pedagogiari eskaini nahi izan dion ekarpenik sakonena. Haurraren gorputzak bere baitan gordetzen ditu garatzeko behar dituen sekretu guztiak; horregatik, gorputz horren atal guztiak lantzen saiatzeko proposamena egin zuen. Gorputz-keinuen munduan bizi da haurra lehenengo urteetan. Gorputzaren adierazkortasuna oztopatu edo eragotzi egiten dela salatu zuen Imanolek. Gorputzaren heziketak izan behar du hezitzailearen zeregin nagusietako bat. Dantzak edo elkarrekin eskua emanez sortzen diren mugimenduek bideratzen dute haurra beste haurrekin erlazioa ezartzera. Haurrari egokitutako dantza eta gorputz-mugimendu ugari sortu zituen.
Jolaserako grina. Urbietak garrantzi handia eman zion haurraren oinarrizko elementu honi. Hortxe kokatzen zuen adierazkortasunaren hezkuntza. Bere pedagogia-lanen elementu nagusi bihurtu zen; haurrarekin komunikatzeko giltza nagusi.
Ahotsa eta kanturako atsegintasuna. Fonemen musikaltasuna lantzea proposatuz, errezitazio adierazkorren bidez... Kontzeptu baten esanahiari baino gehiago, soinuaren musikaltasunari erreparatuz, fonazio egokia landuz. Harmoniaren mundua aprobetxatuz taldearen kidetasuna pizteko. Urbietak ez zituen oso gogoko erritmo-egiturarik edo melodiarik gabeko abestiak, ez zituen haurrentzat egokiak jotzen. Batez ere, musika haur guztien eskubidea zela aldarrikatu nahi izan zuen. Esaten zuen kantuan hasteko ez dela ezer apartekorik behar.
Haurraren jakin-mina, fantasia eta irudimena, dena jakin nahia, guztia galdera bihurtzeko dohaina. Hortaz baliatzen zen Urbieta haurrarekin komunikatzeko. Begirada bakar batekin interpretatzen zuen haurraren nahia eta beharra nondik nora zihoan. Hor oinarritzen zuen haurraren progresioaren maila, eta berebiziko poza sortzen zion horrek. Urbietak balio handia ematen zien haur batek hobetzeko, aurreratzeko, fintzeko eta sakontzeko dituen ahalmenei, eta hortaz jabetuta, positibotasunean oinarrituta bideratzen zuen bere jardun pedagogikoa.
Hasierako galdera
Haur bat indibidualtasun eta autonomia propioan heztea komeni da, edo hobeto da haurraren sozializazioari ematea garrantzi oso eta ia bakarra?
Gaur egun, hainbat eskola-eredutan, norberaren eta niaren garapenari eskaintzen bazaio ere ia garrantzi osoa (“zuk zurea zaindu behar duzu beste edozeren gainetik”), Urbietaren garaiko berrikuntza pedagogikoek alderantzizkoa erakusten zuten, alegia, batez ere haurren sozializazioa zaindu behar zela txikitatik, eta elkarrekin eta guztia partekatuz hezi behar zirela haurrak.
Bi helmugak –nia eta komunitatea– tentsioan mantentzearen aldeko hautua egin zuen Urbietak. Ez zuen galdu nahi haur bakoitzaren dohain, gaitasun edo ahalmen bat bera ere, eta bana-banako heziketa eta norbanakoaren garapenean sustraitua planteatu zuen, baina, aldi berean, haur bakoitza herritartasunean eta komunitatearekiko kidetasunean hezi nahi zuen sozializazioaren bidetik ahalegin handienak eskatuz baita ere, hauxe esanez: haur bakoitzak izan dezala bere nortasuna ongi errotua eta finkatua, baina haur bakoitza bere inguruarekin eta komunitatearekin bat eginda senti dadila; ikasi dezala bere onena bere buruari eskaintzen, baina baita inguruari ere.
Ikuspuntu bikoitz hori izan daiteke gaurko munduari Euskal Herritik egin geniezaiokeen ekarpen pedagogiko interesgarri bat, nortasun handiko gizakiak ereitea eskatzen baitu datorren munduak eta, aldi berean, munduko bizidunak ahal den ongien eta bakean bizitzeko helburuekin saiatzea, bakoitzaren onena horretara bideratuz, haurraren dimentsio soziala sakonduz, baina jatorriz norberari dagokion nortasun propioari uko egin gabe. Dantza da adibide on bat: haurrak badaki bere bizipoza indartzen ari den neurrian inguruaren zoriona bideratzen ari dela. Eta alderantziz.
Pedagogia praktikoa
Oso praktikoa izan zen bere lan guztian Imanol Urbieta. “Edozein amak gurekin egin zuena egin dut” esaten zuen.
Haurren heziketan aritzeko erabakia hartu zuenean, egoera zaila aurkitu zuen: gainditu ezineko beldurrak, autoritarismoak, euskara eta euskal kultura amildegian barrena...
Horri aurre egiteko apustua egin zuen bere bizitza osoan Imanol Urbietak.
Aurrean zeukan haurra haur konkretu bat zen: gerra galdu zuen belaunaldiaren biloba, obedientziazko harremanetan ohitua, erlijioa guztiaren erreferentzia bihurtuta...
Haurrekin lan egitean, Urbietak bere haurtzarorako bidaia egin zuen, bere bizipen zoriontsuenak gogoratuz eta haur izateak dakarren guztia bere lanera erakarriz.
Horregatik erabili zituen bizitza osoan fantasia eta irudimena, eta bere lan pedagogiko guztian praktikan jarri zituen. Pedagogia irudimentsua eta sortzailea defendatu zuen.
Bere txikitako bizipenek konbentzitu zuten ezinbestekoa zela haurraren errespetuan jardutea, gizartearen barruan elementu ahulenetakoa baitzen hori. Urbietak eskatzen du irakaslea bera hurbiltzea haurrarengana, ez alderantziz. Irakaslea sartzen da haurraren mundura. Eta, hurbil-keta horretan, haur osoa hartzen du Urbietak, ez haurraren ahalmen bat, gaitasun bat edo zaletasun bat. Haurra bere osotasunean begiztatzea eta era horretan tratatzea izango da Urbietaren jardun pedagogikoaren oinarria. Haurraren gaitasun guztiak lantzearen aldeko hautua, alegia. Eta, horrekin batera, haurren iritziak ere errespetatzeko jarrera.
Hor jaiotzen da espezialistitis dei geniezaiokeen gaitzarekiko azaltzen zuen mesfidantza. Berak nahiago zituen hezitzaile orokorrak, eta haurra bere osotasunean heztea izatea helburua, maistra-maisuak berak ere hezitzaile osoa behar zuelako izan. Eskola-ordutan haurraren arduraduna, noski, baina hori baino gehiago ere bai: gurasoen ordezkaritzat eta herriaren ordezkaritzat hartzen zuen Urbietak hezitzaile baten papera.
Gelako hitz-jario aspertuaz amaitzeko bidean, bertsolaritzaren bidea lehenesten zuen: hitz neurtuak, hitz interesgarriak, sentimenduei atxikiak, inguruan gertatzen diren gertakariez josiak, ahal bada doinuetan emanak, haurren begiak biribil bihurtzen dituzten esaldiak... Bide horretatik joatea aholkatzen zien irakasle gazteei, haurren pasibotasuna ekiditeko bidean.
Pedagogia kritikoa
Gizartean eta inguruan sumatzen zuen euskal kulturaren desegitea eta hainbat pedagogiaren atzerakoitasuna berdin sumatzen zituen Urbietak hezkuntza-munduan ere. Begien aurrean zituen haur haiek biharko egunean kultura-industriak zabaldutako produktuen dastatzaile pasibo bihurtzerik ez zuen nahi.
Eskema zaharkituak han-hemenka, berritasunekiko jarrera itxia, diziplinan eta mendekotasunean oinarritutako ideologia. Betidanik ezarrita zetorrenetik aldaketa gutxi nahi zuen pentsamoldea. Gorputz-adierazpena, musikoterapia eta horrelako programei mesfidati begiratzen zien ingurua. Sormenaren mundua askatasunez lantzeko erreparoak sumatzen zituen, baina berak bazekien haurren eskubidea zela gaitasun guztiak jorratzea, eta bazekien, baita ere, aurrean ikusten hasia zen mundua sormenarena eta aldaketarena izango zela hein handi batean. Konturatu zen aldika sortzen zitzaizkion arazoak hezkuntza-sistematik bertatik sortzen zitzaizkiola. Sistemak edo botereak haurra berak nahi duen moduan hezi nahi duela, ez askatasunean. Ezinezkoa dela sistemarentzat haurren iritziak errespetatzea. “Arriskutsua da sistemarentzat haur berriztatua eta kontzientea sortzea, haur otzanak hezi nahi ditu”, pentsatzen zuen.
Noren zerbitzura gaude? Zer eskola nahi dugu? Zer jendarte motari erantzun nahi diogu? Zer eratakoa da suspertu nahi dugun kultura? Galdera horiek oso kontuan izan zituen bizitza osoan, hezkuntza irekia planteatuz eta jatorrizko euskal balioetan oinarrituz, haurraren gaitasun guztiak garatu nahian, sistematik edo merkatutik zetozen eskakizunei bakarrik erreparatu gabe. Eskolaren berrikun-tzak ematen zion bultzada handiena.
Beste alde batetik, hasiera haietan ez zuen bere burua prestatuta ikusten bere asmoak aurrera ateratzeko, eta hainbat egile irakurriz aberastu zuen bere burua. Garaiko dogma pedagogiko batzuk alboratzera eta bere barnetik konbentzimendu batera iristera eraman zuen horrek: haurrari so eginez, ondorioztatu zuen jolasa zela haurraren berezko adierazpidea. Jolasa zela tresna ezin egokiagoa haur baten garapen orokorra plantea-tzeko orduan.
Printzipio hori finkatu ondoren, aurrera egin zuen Urbietak, iturri horretatik ondorio guztiak atera nahian. Noraino, eta babarrunfonoak, potodunbak eta futafufonoak fu eta fu astintzeraino, soinu haiek jaioarazi nahi zuen pedagogia-berrikuntzaren irudia aurreratzen baitzioten. Ohar bat egiten zuen Imanol Urbietak jolasei buruz: pixkanaka jolasak konpartimentuetan zatitzen ari garela esaten zuen, jolasaren mundua estutzen, laburtzen, murrizten... “Jolasak maite dituzten irakasleak nahi ditugu” esaldia jartzen zuen haurren ahotan.
Urbietak ez zuen inoiz honelako esaldirik esango: “materialik ez dago” edo “material gutxi dago gelan”. Kartoia, soka, egur batzuk, zinta batzuk... aski ziren ekintza berriak planteatzeko. Gorputzaren mila postura eta keinuk, edozein doinuk, hitzen soinuak, intonazioek... denek balio zuten haurraren sentimenduak eta sentsazioak martxan jartzeko. Dendetan erositako materialak erabili ordez, inguruak eskaintzen dituen gauzekin aski zuen bere asmoak aurreratzeko.
Irakaskuntzak sarritan berarekin dakarren errutinaren aurka gogor ekiteko asmoa izan zuen bizitza guztian. Gaur hala eta bihar beste era batera, haurrei ezustekoak emanez. Ez zituen maite asko luzatzen ziren ariketak, ez eta gelan errutinaz musika etengabe jartzea ere. Konbinazioen eta tartekatzeen aldekoa zen, haurraren asperduraren lehen keinua sumatzen zuenerako hasten zen eskema berri bat antolatzen.
Bere jarrera kritikoaren azken adibide bat eskolako noten aurrekoa da. Oso zorrotza zen gaztetxoen ahalegina, inplikazioa eta ardura eskatzean, baina nahiago izaten zuen noten bidez baino aitortza publikoaren bidez edo hitz baikorren bidez saritzea ahalegina. Noten beharrik ez zuen ikasle bakoitzaren maila ondo ezagutzeko. “Maisu nintzela, nik ez nuen inor gaitzesten, ez nuen inor kalifikatzen”... atipikoa zen.
Euskaraz eta munduari begira
osa-tzen den pedagogia
Urbietak gauzak garbi zeuzkan alor honetan. Euskara zen bere lan-tresna. Ondo zekien beste hizkuntza indartsu bati ateak irekitzen zaizkionean hura joaten dela nagusitzen.
Euskararen musikaltasuna ongi zaintzeko eskatzen zuen. Haurrari doinuekin hitz egitea, bla bla bla monotono aspergarrietatik urrun. Euskara artifizialak baztertu nahi zituen haurrekin sortzen zituen harremanetan. Euskara giro afektibo batean kokatu nahi zuen. “Gaurko haurrek ez dute graziarik txiste bat kontatzeko ere” esaten zuen.
Obligazioetan eta beharrizanetan oinarritu beharrean, nahiago zuen pedagogia aberats baten alde egin, eta musikaz baliatu zen horretarako bere bizitza osoan. Doinuz, erritmoz eta azentuz bustitako euskara maite zuen. “Konturatu nintzen musikak aukera berezia eskaintzen duela euskara lantzeko” zioen. “Onomatopeiaz eta soinu magikoz betetako hizkuntza zela euskara.” Potelen zeli kaiku zahar edo perolin perolan txoriak txin-txin txan-txan esaldiek esanahi izugarria baitzuten haur txiki baten belarrietan. “Oraintxe dugu hizkuntzari berezko jantziaren grazia itzultzeko garaia” idatzi zuen.
Euskara horrek ematen zion bidea munduaren aniztasuna eta aberastasuna haurren begietara ekartzeko. Munduarekiko begiradak zuzentzen zuen Urbietaren euskal pedagogia. Hauxe idatzi zuen: “Nirea zurea da, zurea nirea da, eta biona guztiona da”. Guztiona: hitz horretan dago Urbietaren unibertsalismoaren enborra. Haurra bere herrian sendo ikusi nahi zuen, eta, aldi berean, haurrak bere ekarpena mundu osora zabaltzeko modukoa izan behar zuela jakitea nahi zuen. Kantianoa eta modernoa, zentzu horretan: “Haurrekin kanta-tzen dugun kanta bakoitzean mundu osoa dago barneratuta”. Asmatu zituen kantak partikularrak bezain unibertsalak bihurtu zituen Urbietak. Euskaldun haurrari ongi egokituak eta, aldi berean, munduko edozein haurrek –itzulita– gustura abesteko modukoak.
Pedagogia autonomoa eta
parte-hartzailea
Autonomia dago Imanol Urbietaren pedagogiaren oinarrian. Pedagogo bakoitzaren nortasun propioa. Metodologia guztia ere aplikazio horretan finkatzen zen: “Adibide batzuk jarriko ditut, baina hezitzaileak bere estilo propioa landu behar du lehenbailehen eta ausardiaz”; hori zen bere aholku errepikatuena.
Gaurko lan pedagogikoa errezetetan eta ohituretan oinarritzen da hein batean, baina berak tinko heldu zion hezitzaile bakoitzak bere bide propioa eraiki behar zuelako ideiari. Inguruarekin, gurasoekin eta lankideekin bat eginez, baina bere askatasun propio eta berezituari eutsiz. Horrela, pedagogia mota partekatua eta askatasunean oinarritua egitearen aldeko hautua egin zuen. Horixe da Urbietaren ideia pedagogiko sakonenetako bat: haur bakoitzaren nortasun propioa sendo lantzearekin batera, taldetasunaren emaitza ongi zaintzea. Nortasun indibidual sendo bat eta taldearekiko konpromiso osoa izatea. Biak aldarrikatu zituen Urbietak eginkizun pedagogikoaren oinarri gisa. Pedagogia parte-hartzailea eta lankidetzazkoa.
Horrez gain, haurraren garapenaren etapak ez erretzea aholkatzen zuen. Askotan errepikatzen zuen haurra hasierako urteetan pertzepziotik bizi dela, eta ez dugula presarik izan behar kontzeptuen eta abstrakzioen munduari ahalik eta lasterren lotzeko. Irakasleari esaten zion konprenitzen zuela irakaslea arrotz sentitzea batez ere keinuz, zertzeladaz, mimikaz adierazten den haurraren aurrean, helduok gure mundu abstraktuan lasai bizi baikara.
Belaunaldi berrien hezitzailea
“Apasionado constructor de niños” deitu zion Oteizak. Urbietak zerbait ongi egiten baldin bazekien, haurrekin komunikatzea zen hori. Dohain berezi bat zuen horretarako. Haurrekiko komunikazio erraz horrek abantaila handiak ditu heziketa-lanetan, haurrak komunikazioa beharrezkoa baitu. Eta komunikatzea bere modura, berak nahi duenean eta nahi duen bezala, bere erritmoan... Urbietak bazekien sekretu guztia hortxe zegoela, haur bakoitza nolakoa den asma-tzean, bere nortasunarekin bat eginez aurrera egiten laguntzean.
Horregatik, haur guztiekin batera lan egitea atsegin zuen. Urbietak ederki zekien batzuk abilagoak zirela adinari begira, edo dohain bereziak zituztela batzuek eta besteek. Horregatik, ahalegin berezia egiten zuen guztiak errespetatzeko eta bakoitzaren ahalegina txalotzeko; eta, ahal zuen guztietan, haur batzuk besteen aurretik jartzea edo konparaziotan ibiltzea saihesten zuen. Ez zuen batere maite haur bat zokoratzea edo haien arteko lehiaketak bultzatzea. Galtzeari eta frustrazioari aurre egiteko formulak eskaintzen zituen.
Urrundu egiten zen haurrari dena eginda emateko joeretatik edo gauzak errazegi lortzeko inguruan sumatzen zituen jokaeretatik. Esfortzuaren eta lanaren balioa garbi adierazten zien haurrei. Ardurak hartzearen garrantziaz hitz egiten zien, eta bide horretatik planteatzen zituen jolasak eta gelako lanak ere.
Ausardiaz jokatu zuen Urbietak haurren aldeko lana aukeratu zuenean, bai eta haurrekin hara eta hona bidaiatuz, ikasgai onena gauzak bertatik bertara ezagutzea zela konbentzitu zenean.
Esan daiteke aitzindaria izan zela haurrari zuzendutako metodo pedagogikoetan; ederki barrundatu zituen hark orain normalak ikusten ditugun eskolako antzerkiak, txotxongiloak, aho-korapiloak, poesiak, pailazokeriak... Pertsona libreak sortzea jarri zuen helburu.
Pedagogia integratzailea
Euskara zuen ardatz Imanol Urbietak. Baina ez zuen haur bat bera ere horregatik baztertuko. Euskalduna ez zen haurrarentzat ere asmatuko zituen beste baliabide batzuk, haurra lehenbailehen taldekide senti zedin. Keinu-hizkuntza unibertsala erabiliko zuen horrelakoetan haurrarengana hurbiltzeko. Haur euskaldunari abantaila kultural guztiak ematen saiatu zen, bere herrian inongo arazorik gabe bere euskalduntasunean bizitzeko prestatuz.
Euskara ama-hizkuntza ez zutenenganako jarrera abegi onekoa zuen berdin-berdin. “Keinua adierazpide unibertsala da, hotsek ederki janzten badute keinu hori... ondorengo hitza zein hizkuntzatan ematen den erlatiboa da, eta horrela askoz errazago lortuko ditugu helburuak.” Etorkina den haurra hotsez eta keinuz prestatu dugunean, hitza jasotzeko lan erdia egina daukagu. Gure herrian gure arteko beste bat bihurtzeko bidea erraztu dugu, horrekin batera gure kulturaren alderdi goxoenak eta interesgarrienak eskaintzen dizkiogunean.
Euskara ikasteko beharra modu sotilean baina sendo adieraziko zion berarengana zetorren guraso bati; hori zuen eskaera bakarra. Beste guztirako, gizakiok partekatzen ditugun balioetan oinarrituta egiten zuen bere heziketa-lana: jendarteratzea, funtzio sinbolikoa lantzea, adierazpen plastikoa, jolas-motrizitatea, abstrakziorako gaitasuna...
Boskimano batek ulertzeko moduko esketx laburrak egitea proposatzen zuen: keinuen edo onomatopeien grazia landuz, euskaldunak, erdaldunak, eskimalak edo zonbi batek, denek ulertuko duten kode zabal batean saiatuz txikitatik, mintzaira unibertsal batean. Gero etorriko da hitza, zenbaitetan baztertzailea bihur daitekeena.
Hor ere egin zuen bere ekarpena: “Hizkuntza kantuz eta ipuinez irakastea komeni da”. Ekidin hitz-jario aspergarriak, erabili jolasa etengabe komunikazioa errazteko. “Zoazen lekura zoazela, musikarekin bazoaz, ateak irekiko zaizkizu” esaten zuen, beste kulturekin topatzeko bidean musikaren ekarpen integratzailea azpimarratuz.
Pedagogia musikala
Musikari garrantzi handia eman zion, eta alderdi hori serioski balioetsi zuen bere lanean. “Ni ez naiz musikaria” esanagatik ere, musikaren bidez haurrarekin lortzen zuen loturarekin txundituta zegoen, hor sortzen zen hizkuntza komunarekin harriturik. Musika, pedagogia eta psikologia loturik tratatzea atsegin zuen Imanolek. Dena elkarrekin ikusten zuen: kantuaren hitza, arnasketen erritmoa, ahoskatze garbiak, melodiaren gaitasuna, musikaren eta euskararen arteko harremana, onomatopeiak... Musika-ikurren ikasketa hutsean gelditzea ez zuen maite; jolaserako, antzerkirako, dantzarako edo ipuinetarako erabiltzea zuen atsegin. Eta ugaritzen ari ziren musika-espezialistak ere bide horretan animatu nahi zituen. “Ez dut musikaren ‘irakaskuntza’ gaitzesten, baina garrantzitsuagoa da adin horretako haurra musika egiteko eta musikaz gozatzeko gaitzea” esaten zuen. Musika-hizkuntza ikasteko ere proposamen (Xirula Mirula) propioa egin zuen.
Haurraren zerbitzura jarri zuen musika, ez alderantziz. Musika bitarteko gisa, sekula ez helburu gisa. Musikari onak ateratzea ez zen bere pedagogiaren helburua. Musika haur guztien zerbitzura ipintzea bai, ordea. Haur guztiak kontsideratzen zituen gai musika egiteko eta harekin gozatzeko. Eta sinesten zuen musikak haurrari eskolako eta inguruko bizitzan txertatzen lagunduko ziola. Haurraren bihotza erritmoz eta musikaz emandako hitzezko adierazpenek mugitzen zutela zioen.
Entzumena, erritmoa, ahotsa eta musika-tresnak; horrela bereizten zuen bere egiteko era musikala. Eta zati guztiak osotasunean bildu nahi zituen, mosaiko baten antzera: “Irakaslea kantuan, gero ipuina kontatzen, haur baten zapatak lotzen, beste baten zinta korapilatzen, orain pailazokeriatan, geroxeago mago edo terapeuta moduan haur bat lasaitzen, lurrean etzanda, gitarra joz, beti irudimena landuz, hori da bidea” zioen Imanolek.
Ezaguna da haurrentzako kantagin-tza berritzeko eta eguneratzeko egin zuen ahalegina. Ikusten zuen antzinako kanta haien egitura musikala eta hitzak ere gorde behar zirela, baina altxorra era berriekin aberastea komeni zela; horrela, doinu eta hitz berriak zientoka asmatu zituen. Kontua zen haurren interesekin lotzea, bat egitea, haurrekin konektatzea. Horrela formulatzen zuen bere kezka: “Musikarien artean, artea gehiegi landu da eta pertsona, berriz, oso gutxi”.
Geografia edo Ingurunea erakusteko orduan ere ipuinen eta kantuen bitartez lortzen zituen emaitza onenak. Atsegin bihurtzen zituen horrela ikasgaiak. Eta musikaz lagunduta ikasten dena luzaroan gelditzen da burmuinean itsatsita.
Pedagogia herrikoia
Zerbait maite bazuen Imanol Urbietak, hauxe zen: haurra gelatik atera eta herrira eramatea, herriko giroan sartzea, haurra txikitatik herritartzea, bazter berriak erakustea. Herriko festak eta ohiturak baliatuz, musika eta dantzen bidez, poz handiz elkar-tzen zituen herriko haurrak, gazteak, helduak eta aitona-amonak. Gabonak, Santa Ageda, inauteriak, sanjoanak, antzerkiak, kantu-emanaldiak, denak ziren aproposak haurra kalean protagonista bilakatzeko.
Batez ere kantagintzaren bidez bilatzen zuen haurraren herritartzea, haurra gai baita doinu batez lagunduta sentimenduak jendearen aurrean adierazteko. Horrekin lotuta, arreta berezia eskatzen zien irakasleei beren ahotsa zaintzeko, ahoskera fintzeko, fonazioa eta adierazkortasun-maila lantzeko... hortik ikasten baitu haurrak, mimetismoz eta imitazioz. Inhibizioak saihestuz, ausardiaz baina kontu handiarekin hitz eginez edo abestuz, ez zakar, beldurrik gabe, ez tonu altuegi edo baxuegietan, baizik eta haurraren eztarrira eta belarrira moldatuz.
Heziketa-lanerako, kalearen garrantzia txikitatik ikasitako ikasgaia zen berarentzat: inguruko mendiak eta errekak, itsasoa eta hondartza, kaleko txakurrak edo herriko plaza haurraren habitat naturaltzat aldarrikatzen zituen. Ederki zekien sentimendu herrikoi hori zela haurraren etorkizunerako lagungarririk eta altxorrik onena. Herrigintza hori lehen lerroan zeukan bere ikuspegi pedagogikoan. Horixe nahi zuen berak, haurrak jendearen txaloak sentitzea, jendearen bihotz-berotasuna jasotzea... Hori estimatzen zuen, herritarren arteko komunikazio hori. Erlazio horretan, haurraren baitan sortzen den mundu afektibo-sinbolikoaren garrantziaz jabetuta eraiki zuen bere jardun pedagogikoa. Haurra protagonista sentitzea zen helburua.
Bihotzeko pedagogia
“Ezin ditut haurrak beldurtuta edo deseroso ikusi”, esaten zuen. Zalan-tzarik gabe aitortzen zuen Urbietak haurra maitatzea beharrezkoa dela. Irakasleak edo hezitzaileak haurra maitatu egin behar duela uste zuen. Maitasun horri askatasuna eransten zion bere pedagogian. Eta arriskuak hartuz egiten zuen hori, haurraren bidaiak eta ekintzak antolatuz. Kritika batzuk ere erakarri zizkion horrek. Halere, arrisku neurtuetan jokatzea atsegin zuen, bide berrien bila, irtenbideen atzetik... Jakina, estilo berritzaile hark disgustu bat baino gehiago ekarri zizkion bere bizitzan.
Indibidualistatzat jotzen zuten, eta tankerako beste kritika batzuk ere jasan zituen. Baina bere ekimen berritzaile guztiak ekipo berri eta ilusionatuekin eramaten zituen aurrera, bakoitzak bere tokia aurkitu zezan ahaleginduz. Izaera berritzaile horrek batzuetan talka egiten du egunerokotasunean patxada geldoan murgilduta daudenekin. Baina Urbietak lortutako emaitzek erakusten dute pedagogo berritzaileak ere ezinbestekoak direla hezkuntzaren munduan.
Musikaren arloan egin zuen aukera izan daiteke bihotzeko pedagogoa zenaren adierazpen garbia: solfeoa edo musikaren mundura esnatzea? Esnatze horren alde egin zuen bizitza osoan, musika egiteko eta musikarekin gozatzeko bidetik eramanez haurra. Musika era ofizial eta eskolatu batean tratatzea ez zuen gehiegi maite. Bazekien haurra musika senti-tzeko dohainez hornituta dagoela, haren sentikortasuna eta emozionatzeko ahalmenak arlo horretan ongi lantzen direla. Azken batean, musika arte bat izanik, ekimen immaterial bat, sentitzeko eta bizitzeko zerbait da. Gero etorriko dira musika idatziak, solfeoak eta bestelakoak.
Gaitz berriak eskolan ere
Ezagutu zituen Imanol Urbietak gaur egun hain arruntak bihurtu zaizkigun eskolako gaitzak. Gaur izen asko hartzen dituzten disfuntzio horiek urduritasun kontzeptuarekin adierazten zituen orduan Urbietak. Zehatzago ere izendatu zituen horietako batzuk: estresak, oldarkortasunak, gogogabetasunak... Gaztetxoen pasotismoa ere aztertu zuen. Edo haur bat gelan zokoratzeak ekartzen dituen ondorioak.
Ikus-entzunezko gailuen edo teknologia berrien indarraz eta abiadaz kontziente zen. Abiada ikaragarri batean sartua ikusten zuen haurra. Haurrak bakartzen ikusten zituen, bakantzen, gurasoak bere gauzetan eta haurra inguruan bai, baina haiekin ez... Antzinako denbora geldoagoak eta lasaiagoak amaitu ziren. Bizitza guztiko bizipenak haurtzaroan erre nahiko bagenitu bezala. Drogen beharra edota yoga eta kontzentrazio-saioak ere bide horretatik ulertzen zituen.
Urbietak proposatu zuen erlaxaziozko uneak sortzea ikastetxeetan. Lasaitzeko egoerak ugaritzea heziketa-orduetan. Bide horretan formulatu zituen hainbat proposamen egingarri.
Horrekin batera, bere pedagogiaren oinarrian haurrarekiko errespetua zegoen, haurraren erritmoarekiko begirunea, jolasaren plazera, haurrarekiko hurbilketa, haurra inguruarekin lotzeko saioa, eredu elitisten baztertzea, lehiakortasuna ez baina konpetentzia eta jakintza bultzatzeko eskema, haur bakoitzari inportantea dela sentiaraztea... Horrek guztiak sortzen duen pedagogiak gaitz moderno horien sarrera asko zailduko zuela pentsatzen zuen.
Irakasle-eredu berri bat
Irakasleez ere zerbait esaten ahalegindu zen. Zerbait saihestu behar badu benetan haurren pedagogoa izan nahi duen batek, askotan ezagutu dugun funtzionario estilo hori litzateke. Haurraren zerbitzura jarri behar du hezitzaileak, haurrari egokitu behar zaio, haurraren munduan sartu behar du. Eta handik aterako ditu ondorio garrantzitsuenak. Hauxe da ondorio horietako bat: irakaslea ere haur bihurtu beharko da bere lanean, pailazoarena eginez, astoa imitatuz, kukurrukuak botaz, elefantearen pauso mantsoak eginez, kilkerraren kantua errepikatuz..., hau da, bere barruko haurra atereaz.
Hezitzaile-lanaren garrantziaz kontzientzia osoa hartu behar du irakasleak. Ausarta izan behar du aldi berean, bide berriak arakatuz eta errutinatik ihes eginez egunero-egunero. Sortzailea da, zentzu horretan. Haurraren emozioak, sentimenduak eta motibazioak piztu eta giroa eta interesa berotu behar ditu gelan. Jolastia eta arduratsua izan behar du. Gidaria, euskarria, animatzailea eta haurrak askatasunean heziko dituena. Arauak malgutasunez interpretatuz. Itxaroten ere jakin behar du hezitzaileak. Eta errealitatea ondo irakurtzen irakatsi behar dio haurrari.
Taldean jokatzea, herriko pertsona diferentez inguratuz lan egitea izan zen bere ametsa. Euskal Herriarekiko mantendu zuen konpromisoak bul-tzatu zuen lan egiteko eredu komunitario hori lehenestera. Taldean ekin baina ez taldekerian, konpromisoak hartuz beti haurraren zerbitzuan. Irakasle baten eginkizuna horrela ikusten zuen Urbietak.