Gozoak gazitzen duenean bidea

2018-05-11

Haurdunaldian zehar emakumeen % 10ak, gutxi gorabehera, diabetesa garatzen du. Gehienetan erditu ostean desagertu arren, ordu arteko hilabeteetan bere burua zaindu beharko du haurdunak. Zeregin horretan laguntzen eta aholkatzen ditu Josu Perez mediku endokrinoak Mendaroko ospitaleko kontsultatik.

 
 
Gozoak gazitzen duenean bidea

 

Haurdunaldiko gaixotasunik ohikoena da diabetesa. Imaginario idealizatuaren arabera gozoena behar lukeen garaia, hain justu gozoak gazitzen du dezentetan. Izan ere, haurdun dauden emakumeen % 10ak, gutxi gorabehera, garatzen du diabetesa. Gozoa asimilatzeko gaitasuna galtzen dute emakume horiek, eta, ondorioz, beraien odoleko azukre edo glukosa mailak gora egiten du.

Horrek ondorioak dakartza bai emakumearentzat bai barruan daraman haurrarentzat. Izan ere, fetoa asko hazten da, fetoaren makrosoma deritzona gertatzen da, eta ondorioz, arrisku gehiago dago erditzean emakumeak traumatismo obstetrikoa jasateko edo zesarea bat egin behar izateko. Haurraren kasuan, berriz, aukera gehiago izango ditu etorkizunean obesitatea, hipertentsioa eta 2 tipoko diabetesa garatzeko. Horregatik, ondorio horiek guztiak saihesteko, gaur egun indar handia jartzen da diabetesaren detekzioan eta tratamenduan; prebentzio lanean, alegia. “Beti existitu izan da haurdunaldiko diabetesa. Lehen esaten zenean ‘ni 6 kilorekin jaio nintzen, a ze morroskoa’, bada, segur aski bere amak diabetesa izango zuen. Baina lehen ez zen bilatzen, eta bilatzen ez dena ez da aurkitzen”, dio Mendaroko ospitalean mediku endokrino lanetan aritzen den Josu Perezek. 

 

Nork jasan dezake?

Gaur egun hainbeste entzuten bada haurdunaldiko diabetesa, ez da soilik egun bilatu egiten delako, ordea. Gaixotasunaren intzidentzia altuan eragina izan dezake faktore soziologiko batek ere: haurrak izateko adina atzeratu izana. Izan ere, haurdunak 25 urte baino gehiago izatea “arrisku faktore” gisa hartzen da, eta “35 urtetik aurrera diabetesa garatzen duten emakumeen ehunekoa nabarmen igotzen da”. Adinaz gain, dena dela, badaude diabetesa izateko joera areagotzen duten beste aldagai batzuk: 2 tipoko diabetesa duen senideren bat izatea; obesitatea izatea; eta obario polikistikoak izatea. Horretaz gain, etnia edo arraza jakin batzutako emakumeek, asiatikoek, indoamerikarrek edo afroamerikarrek kasu, joera handiagoa dute kaukasioek baino. 

 

Diagnostikoa, prebentziorako giltza

Diabetesa garaiz detektatu eta amaren nahiz haurraren osasuna bermatuko duten neurriak hartzeko, haurdunaldiaren bigarren hiruhilekoan O’Sullivan deritzon proba egiten zaio emakumeari. 50 gramo glukosa uretan disolbatuta edan behar ditu. Handik ordubetera odola ateratzen diote, emakume horrek glukosa asimilatzeko duen gaitasuna neurtzeko. Odolean duen gluzemia maila 140mg/dL edo altuagoa bada, haurdunaldiko diabetesa izateko aukera duela ebazten dute osasun-sistemako parametroek, eta, beraz, bigarren diagnostiko-proba egin beharko du. 

Bigarren proba horretan, 100 gramo glukosa emango zaio. “Hori edan aurretik odol analisia egiten da, eta edan ondoren baita ordubetera, bi ordutara eta hiru ordutara ere. Emaitzetan, lau determinazio horietatik bi ezarritako margenetatik kanpora badaude, haurdunaldiko diabetesa diagnostikatzen zaio emakume horri”. 

 

Dieta, ariketa eta neurketak

Eta behin diagnostikoa eginda, tratamendua martxan jartzen da. Protokoloa ez da berdina Osakidetzako erietxe guztietan. Mendaroko kasuan, Diabetesean Hezitzaile izendaturiko erizain bat dute, eta berak izango du lehen kontaktua diabetesa diagnostikatu zaion emakumearekin. Honek emango die jarraituko beharreko tratamenduaren berri, batik bat dieta osasuntsuan, azukrearen kontrolean eta ariketa fisikoan oinarritzen dena.

Izan ere, haurdunaldian ez da gomendagarria intentsitate handiko ariketa fisikoa, baina ezta bizitza sedentarioan erortzea ere, are gutxiago diabetesa izanez gero. “Egunean zehar banatutako 10-15 minutuko paseotxoak egitea komeni zaio”. Dietari dagokionez, “patroi mediterraneoa jarraitu behar da. Hau da, oliba olioa izatea grasa nagusia eta batez ere azukreen eta karbohidratoen kontsumoa neurtzea; alegia, pasta, patata, lekaleak, arroza eta frutaren kontsumoa. Hala ere, egunean 3-4 fruta pieza jan daitezke, beti ere jatordu berean bi pieza ez badira hartzen. Karbohidratoak, bestalde, komeni da fibra altukoak izatea, ahal bada integralak, batez ere azukre finduak eta irin txuriak saihestuz. Eta noski, produktu industrial azukredunak mugatu edo kendu behar dira”.

Bestalde, azukre gorakada handirik ez gertatzeko, egunean bospasei jatordu egitea gomendatzen dute. “Hobe da maiz jatea, kantitateak neurturik”. Bestalde, Diabetesean Hezitzaile den erizainak irakatsiko dio emakumeari azukrea noiz eta nola neurtu behar duen. Jatordu bakoitzaren ostean egin beharko du neurketa, horretarako ematen dioten gailu batekin, eta apuntatu zein den azukrearen maila.

Ondoren, ospitalean hilean behin edo bi astetik behin endokrinoarekin kontsulta izango du, eta horrek baloratuko ditu apuntatu dituen indize horiek. Diabetesa duten emakumeen % 85ak dieta zainduz eta ariketa fisikoa eginez indize egokietan mantentzea lortuko du. Kasuen % 15ean, gutxi gorabehera, indizeak altuegiak izango dira eta emakumeak intsulina hartu beharko du. Egindako neurketen arabera ikusiko du endokrinoak ea azukre gorakada horiek jatordu zehatz baten ondoren agertzen diren edo orokorragoak diren. Jatordu jakin bati lotuak badaude, intsulina azkarra deitzen dena hartu beharko du jatordu horretan: “2 orduko iraupena du eta jatorduak eragindako hipergluzemia puntua konpentsatzeko balio du”. Azukre maila altua orokorragoa bada, intsulina motela deiturikoa gomendatuko zaio: “Jatorduekin lotu gabe, baraurik gaudenean ere azukre maila kontrolatzeko erabiltzen da. 24 orduko iraupena du, egunean behin zaztatuta nahikoa da”.

 

Erditzean arreta

Haurdunaldian diabetesa tratatu eta kontrolatu duten emakume ia guztiek ez dute arazorik izango erditzean, Perezen esanetan; “arazoak izaten dira kontrolik egiten ez denean”. Dena dela, endrokrinoak protokolo bat zehazten du ginekologoarentzat, erditzean aintzat har dezan. Bertan zehazten dute, adibidez, “azukrea altu egongo balitz erditzean zehar zein suero edo zein intsulina erabili beharko lituzkeen”.

Erditu ostean, ospitaleko gelan bertan kontrol bat egingo zaio emakumeari, eta “kasuen % 99an ez da arazorik izaten eta ez dute tratamendurik behar izatean”. Izan ere, “erditu ostean, plazenta desagertuta, diabetesa ere desagertu egiten da orokorrean. Izan ere, plazenta da erresistentzia insulinikoa sortzen duen elementu garrantzitsuena”. Dena dela, erditu eta hilabete eta erdira azken kontsulta bat izaten dute endokrinoarekin, eta ohikoena da diabetesa gainditutzat ematea.

Hala ere, azken kontsulta horretan, Perezek etorkizunean ere zaintzen jarraitzeko gomendioa egin ohi die: “Etorkizunean gehiago zaindu beharko dute beraien pisua, zeren eta helduetan agertzen den 2 tipoko diabetesa izateko aukera gehiago izango dute. Pisua obesitate parametroetatik kanpo mantendu behar dute, ariketa egin, dieta zaindu… ohitura osasungarriak izan. Hori da ematen diedan azken gomendioa”.