Prest al daude haur eta nerabeak munduko hiririk handienean nabigatzeko?
Heziketaren parte, egunerokoan beharrezkoak dituzten bizikidetza arauak nahiz trebetasunak irakasten dizkiete haurrei guraso nahiz hezitzaileek. Baina aurrez aurrekoan, ‘errealitatean’, baliagarriak zaizkien ikasgai horiek, motz gelditzen dira Internet Hiria bisitatzen duten orduko. 8-9 urterako hasi ohi dira haurrak 4 milioi pertsona biltzen dituen eremu horretan ezezagunekin hartu-ematen, normalean bakarka, eta sarri beraien intimitatea partekatuz. Ez dituzte bertako arauak ezagutzen, eta ez dute erremintarik ingurune arrotz horretan segurtasunez mugitzeko. Beharrezkoa da, beraz, ‘hiritartasun digitalean’ ere heztea.
Heziketaren parte da haurrei bizikidetza arauak irakastea, eta guraso nahiz hezitzaileek hamaika mezu ematen dizkiete haurrei egunean zehar helburu horrekin. Ondokoak ez iraintzen irakatsiko diete, elkar jotzea ez dela arazoak konpontzeko bide, edota parkean bakarrik gelditu den haurra beraien lagun taldera gonbidatzeko proposatuko diote seme edo alabari. Finean, gizalegea edo hiritartasuna deituriko balioa transmititzen saiatuko dira. Horrekin batera, beraien ingurunean modu seguruan nola mugi daitezkeen azalduko diete haurrei pixkanaka-pixkanaka: kalea zebra-bidetik gurutzatu behar dela autoak saihesteko eta bi aldeetara begiratu aurrez, semaforo gorriak errespetatu behar dituztela, ez dutela joan behar ezezagunekin… Alegia, hiri eta herrietan haurrak beren kabuz ibiltzeko gai izan daitezen oinarrizko arau batzuk azaltzen saiatuko dira. Azken batean, komunitateko kide, hiritar izateko heziketa jasoko dute haurrek gurasoen eta hezitzaileen aldetik.
Baina, sarri gurasoen kontroletik kanpo, isilpean, sasi ezkutuan, haur horiek laster hasiko dira munduko hiririk handienera bakarrik bidaia-tzen. Eta guraso eta hezitzaileek halako gogoz emandako hiritartasun ikasgai horietako asko ez zaizkie baliagarriak gertatuko bertan. Egoera ezezagunekin aurkituko dira, pertsona ezezagunekin interakzioan arituko dira 8-9 urte egiterako, bakarka, eta ingurune arrotz horretan mugitzeko beharrezko argibiderik ez dute izango. Internet Hiria deiturikoan eguneroko ogia da hori. 4 milioi biztanle, edo erabiltzaile ditu, Errusiak eta Txinak elkartuta dituztenak baino gehiago. Eta haur eta nerabeak dira erabiltzaile horietako asko; edo bai, behintzat, Internet Hiriari ordu gehien eskaintzen dizkiotenetarikoak. Horregatik, gero eta beharrezkoagoa deritzote adituek haur eta nerabeak hiritartasun digitala delakoan ere heztea, zementu eta porlanezko hirietan ez ezik, hiri ukiezin eta mugagabe horietan mugitzeko –edo, zehatzago esan, nabigatzeko– trebetasunak eta baliabideak izan ditzaten, eta bertako arauak ezagutu ditzaten. Hain zuzen, hori izan zuen mintzagai Urko Fernandez Pantallas Amigas ekimeneko kideak UEUk azaroan Azpeitian antolaturiko Bullyingaren mugak gainditzen jardunaldian emaniko hitzaldian. “Haur eta nerabeengan Interneten erabilera seguru eta osasuntsua bultza-tzea” izan da elkarte horren “helburu bakarra” azken 13 urteetan. “Osasun soziala ere garrantzitsua da, bullying eta ciberbullyingak erakutsi diguten bezala. Azken 9 urteetan esaten ari gara hiritartasun digital aktibo eta arduratsua lortu behar dugula gizartean, baina bereziki haur eta nerabeengan, eta horretarako tresnak eman behar dizkiegu”, dio Fernandezek.
Minutu bat Interneten
Youtube-n hamaika bideo daude erakusten digutenak Internet Hiri horretan zer egiten duten nabiga-tzaile nagusiek –hau da, haur eta nerabeek– minutu bakar batean: 2016an, Youtube-n 2,8 milioi bideo ikusten ziren, WhatsApp-en 20,8 milioi mezu bidaltzen ziren, Instagram-en 38,2 milioi post jartzen ziren, Facebook-en 701,4 milioi login… Datu horiek berez dira esanguratsuak, baina txiki gelditzen dira urtebete soilik igarota Internet Hirian nabigazioa nola hazi den ikusita: 2017an Youtube-n 4,1 milioi bideo ikusten ziren minutu bakarrean, urtebete lehenagoko kopuruaren bikoitza; WhatsApp-en 29 milioi mezu bidaltzen ziren; Instagram-en 46,2 milioi post jartzen ziren, Facebook-en 900 milioi login… Datuen igoera horren atzean, Fernandezen ustez, Internet Hirira sartzen den haur eta nerabe kopurua dago: “Egia da merkatuak zabaldu egiten direla eta Facebook gisako enpresak Afrikan edo Indian sartzen hasi direla, baina baita ere egia da geroz eta haur gazteagoak harrapatzen dituztela”.
Izan ere, egun haurrak 8-9 urte ingururekin hasten dira erabiltzen Instagram bezalako sare sozialak. Segur aski adin horretako haur batek ez du telefono mugikorrik izango, gurasoek gazteegia dela iritzita, baina oso ohikoa da adin horretan tableta izatea, edo behintzat etxeko tableta erabiltzeko aukera ematea haurrari. Eta, tableta, Internet Hiri horretarako sarbide zuzena izango da 8-9 urteko haurrarentzat. “Agian tabletak izango du bideoak egiteko aplikazioa eta polita irudituko zaie gurasoei beren seme edo alabak hori erabiltzea; edo Musically erabiltzea, abesteko aplikazioa baita eta hori gizartean onartu egiten da eta superpolit gisa hartzen den gauza bat da. Baina Musically sare sozial bat da, ez da karaokea egiteko aplikazio bat bakarrik. Duetoak egin daitezke beste norbaitekin, bideoak egiten dira…”; alegia, interakzioa dago ezezagunekin.
Beraz, aurrez aurrekoan egiten utziko ez lioketena egiteko baimena du haur horrek sare sozial horretan. “Gainera, Musicallyk ere baditu bere intentzio eta manipulatzeko tresnak: zer musika mota proposatzen ditu abesteko? Gomendatuko diogu gure 8 urteko seme edo alabari reggetton abesteko eta normalizatzeko? Izan ere, ikusi dugu normalizatzen denak ondoren beste prozesu bat ekartzen duela. Bada, 8 urteko bezeroak harrapatzen dituzte tresna horiek guztiek”. Fernandezen esanetan “hau da sortu dugun testuingurua, eta hor gertatzen dira sexting, ciberbullying eta bestelako fenomenoak. Guk ez badugu Internet kontrolatzen, Internetek kontrolatzen gaitu, tresna horiek guztiak oso onak direlako gu manipulatzeko”.
Galtzearen beldurra, jakitearen droga
Horren harira, Fernandezek gogora ekarri zituen Evan Spiegel-ek, Snapchat-en asmatzaile eta Facebook-eko lehendakari izanak esandakoak; alegia, Facebook, bere filosofia eta bere tresnak, jendearen energia eta atentzio guztia harrapatzeko teknika psikologikoekin sortu zirela. “Beraien interesa da gu harrapatuta egotea, beti pendiente, gure bizitza soziala tresna horren barruan egitea, eta gure informazioa eskuratzea. Hori lortzen dute badakitelako guk behar batzuk ditugula pertsona bezala: lagunekin egotea, onartuak izatea, lagunen berri jakitea…”
Pertsonen behar sozial horietan oinarrituta, denborapasa behar zuena adiktibo egiten asmatu dute Facebook familiako aplikazioek, hala nola Instagram-ek, WhatsApp-ek edo Youtube-k; eta, hala, fear of missing up delakoa agertu da, hau da, zerbait galtzeko beldurra. Helduak, norbere burua kontrolatzeko mekanismoak ustez garatuta izanda ere, maiz erortzen dira “notifikazioen droga” horretan, eta zer esanik ez autokontrol mekanismo horiek erabat garatu gabe dituzten haur eta nerabeak. Facebook eta enparauek asmatu dute haur eta nerabeentzat ezinbesteko bilakatzen lagun batek jarri duen argazkiari komentario bat egin beharra, Internet Hiriko bizitza sozial horretako kide sentitzeko eta lagun talde birtualetik kanpo ez gelditzeko. “Eta beti gertatzen da zerbait, beti galduko dugu zerbait baldin eta ez baditugu 24 ordu pasatzen horri begira, eta horrek izugarrizko estresa sortzen du haur eta gazteen artean. Izugarrizko presioa jasaten dute”.
Gainera, haur eta nerabe horiek hein handi batean partekatu duten argazki edo komentario batek jaso dituen erantzunetan edo “atsegin dut” kopuruan oinarritzen dute beraien auto-estimua. “Ez badituzte like asko, hasiko dira beren buruari galdetzen ea zer egin duten gaizki, agian ez dutela arropa egokiena aukeratu, edo postura, edo ordua... Nerabe asko dinamika horretan daude etengabe, eta oso zaila da ateratzea, sare sozialek oso tresna egokiak erabiltzen dituztelako dinamika horretan harrapatzeko”.
Alde horretatik, Fernandezen ustez Instagram izan daiteke haur eta nerabeentzako sare-sozialik arriskutsuenetariko bat, postureo asko dagoelako eta instagrammer deiturikoek (sare sozial horietan erreferentzia bihurtu diren pertsonak, tendentzia markatzen dutenak, eta sarri ogibide bihurtu dutenak beren bizitza puskak partekatzea) bizitza perfektuak transmititzea dutelako helburu. Nahiz eta jakina izan instagrammer horiek orduak pasa ditzaketela prestatzen ustez ohean modu informalean eginiko gosari perfektu horren argazkia, agerikoa izan arren ez dela askorik aldentzen moda aldizkari bateko argazki idealizatu batetik, haur eta nerabe askorentzat erreferentzia erreala bilakatzen da instagramer horren bizitza, imitatu beharreko zerbait; eta, beren bizitza ideal horretatik zenbat eta urrunago, orduan eta handiagoa izango da beraien porrot sentsazioa. Auto-estimuan, emozioetan duen eragina ikusita, depresioetan duen eragina ikusita, Instagram oso-oso gogorra da haur eta nerabeentzat. Erreminta, trebetasun eta heldutasun oso altua eskatzen du bertako erregelak, dinamikak eta modak jarraitzeko”.
Aldiz, lau sare sozial ezagunenen artean (Youtube, Instagram, Twitter, Facebook), nerabe eta haurrentzat egokiena Youtube izan daitekeela dio Fernandezek: “Nahiz eta lo ordu asko kendu, autoirudiarekin edo bullyingarekin loturiko datu hobeak ematen ditu”. Hala ere, Youtubek ere badituela bere arriskuak ohartarazten du. Izan ere, jarraitzaileen artean haur eta nerabe kopuru handia duten youtuber askok halanolako balioak transmititzen dituzte; segur aski, guraso eta hezitzaileak “bizitza errealean” irakasten saiatzen direnen antagonikoak.
Anonimotasunaren itzalak
Interneten beste arrisku bat aipatu zuen Fernandezek: desinhibizio efektua. Anonimotasunetik jarduteko aukera ematen du sareak, eta, beraz, aurrez aurrekoan egingo ez lituzketenak egiteko gai sentitzen dira zenbait Internet Hirian. Efektu hori argi-ilunez betea dago; zenbait gauzatarako positiboa izan daiteke, aurrez aurrekoan ligatzeko lotsatiak direnentzat agian, baina, era berean, desinhibizio horrek jazarpena “erraztu” egiten du. Gainera, erasotzaileak ez du ikusten bere begiekin eraso horrek biktimarengan sortu duen kaltea, nolabaiteko distantzia emozionala hartzen du eta agian konturatu ere ez da egiten bere ekintzak bestearengan sortutako kalteaz.
Bestalde, anonimotasunak halako inpunitate sentsazioa sortzen du, eta aurrez aurre egiteko gai izango ez litzatekeena egiteko ausardia izan dezake erasotzaileak. Antzeko zerbait gertatzen da erasoaren lekuko direnekin ere: ez da gauza bera pertsona bat zuzenean nola jotzen edo iraintzen duten ikustea edo etxeko sofan eserita mugikorretik ikustea eraso hori bera. Lehen kasuan interpelatuago senti daitezke parte hartzera eta erasotua babestea, eta bigarren egoerak erraztu egiten du erasotuarekiko distantzia hartzeko aukera. Beraz, hezitzaileen aldetik jasotako hiritartasun edo gizalege heziketa horrek aurrez aurrekoan izan dezakeen efektua lausotu egiten da haur eta nerabeak Internet Hirian daudenean. Egoera horrek, aurrekoek bezala, agerian uzten du heziketa digitalean jendarte gisa ditugun hutsuneak, eta zenbateraino den beharrezkoa horretan indarrak jartzea.
Debate ‘inkoherentetik’ heziketara
Arrisku horiek guztiak ikusirik, sare sozialik gabeko bizitza eta erlazionatzeko moduak ezagutu dituzten guraso eta hezitzaileen artean, tentazioa egon daiteke soluzio gisa ikusteko haur eta nerabeak mugikor eta antzerako gailu digital guztietatik aldentzea. Alegia, zigor edo prebentzio neurri bezala, nerabeei mugikorra kentzea, edo Interneterako sarbiderik gabe uztea. Eta hori errealitatearen aurka borroka antzua egitea litzateke, egungo haur eta nerabeak ingurune digital horretan sortu eta hazi baitira: eguneroko ogi dituzte gailu digitalak eta Internet Hiria, beraien bizitzaren parte dira. Are gehiago, eremu digitala txartzat hartzeko tentazioa izan dezaketen guraso eta hezitzaile horien bizitzaren parte dira. Horregatik, “eztabaida inkoherentea” utzi eta “benetako eztabaida” sortzeko beharra nabarmentzen du Fernandezek.
“Telefono mugikorrek aldatu egin dituzte erregela guztiak gure gizartean eta batez ere bizitza sozialean, eta hori guztia urte gutxian gertatu da. Aldaketa azkarra izan da eta ikusten da sakoneko hausnarketa, elkarrizketa falta dela. Hau edo hori egitea edukazio txarrekoa al da? Normala al da hura? Aztertu behar ditugu erabilera zehatz bat testuinguru jakin batean egitearen abantailak eta desabantailak. Helduok, mundua ulertzeko geure modutik, hau edo hura ezin dela egin esango dugu, lehen ez zelako egiten. Baina tendentziek esaten digute geroz eta aplikazio eta zerbitzu gehiago izango direla gure bizitzetan. Orduan, oso desorekatua dago debatea, ez dauka zentzurik.”
Gainera, haur eta nerabeak berehala ohartzen dira gailu eta ingurune digitalen aurka helduek igortzen dituzten mezu askoren inkoherentziaz: “Umeek diote, ‘ezin dut erabili tableta eskolan, baina gero helduek denerako behar dute mugikorra eta tableta. Zergatik da hain txarra, eta gero helduak gidatzean mugikorrari begira doaz? Edo WhatsApp-aren txirrina entzun orduko begiratu behar dute mugikorra, azken mezua irakurtzeko? Nola da posible bi mezu jasotzea tresna bakarraren inguruan? Azkenean tresna ez da ona edo txarra, baizik eta zer egiten dugun berarekin. Debatea ez da heldu oraindik puntu koherente batera, gauzak sinplifikatzen ari gara. Falta zaigu atzean dagoena aztertzea.”
Beraz, gailu eta aplikazioak gure bizitzen parte bilakatu direla onartu eta, jendarte gisa, guraso edo hezitzaile bezala, haur eta nerabeei horiek zentzuz erabiltzeko benetako heziketa digitala emateko gai izan behar genuke, Fernandezen iritziko, eta, beraz, lehenengo eta behin erresistentziak gainditu, arazoaren muina aztertu eta ingurune digitalean “nabigatzeko” arau sozialak definitzeko eztabaidari heldu behar zaio. “Mundua aldatu egin da teknologiarekin, arau asko aldatu ditu, baina gure beharrak ez dira desberdinak, ezta haur eta nerabeenak ere. Azken finean ezagunak izatea, onartuak izatea, lagunak izatea, mundua ezagutzea… behar dute. Behar berdinak dituzte, baina testuingurua erabat aldakorra da, eta kudeatzeko zailagoa”.
Heziketa digitala sortzen
Mundu aldakor horretan mugitzen ikasteko, hau da, “hiritartasun digital osasuntsua eta positiboa sustatzeko” lanean ari dira Fernandez eta kideak Pantallas Amigas ekimenaren bidez, eta, besteak beste, guraso eta irakasleentzat gidak sortu dituzte, “Interneteko fenomenoak ulertzeko eta zer nolako neurriak har daitezkeen azaltzeko”. Ikasgelan bertan lantzeko hainbat programa ere sortu dute, beti ere ikasleei eurei emanez ahotsa eta protagonismoa. Hiritartasun digitalaren heziketa horren baitan, besteak beste ikasleak pribatutasunaren kulturan sentsibilizatu nahi dituzte, hezi eta irakatsi ez dela onuragarri beraien bizitza biluztea sare sozialetan. Horrekin batera, Internet Hiriko bizikidetza zaintzearen garrantzian hezten saiatzen dira: “Natura zaintzeak onurak dakartzala eta ez zaintzeak kaltea dakarrela ikasi duten bezala, ikasi behar dute Interneten ere bizikidetza zaindu behar dugula eta paper aktiboa hartu behar dutela horretan. Aktiboki zaindu behar dugula bizikidetza digitala ere, erantzukizun partekatua dela hori, eta konpromisoa hartu behar dutela horretan”.
Izan ere, haur eta nerabeei paper aktiboa ematea da helburuetako bat, eta aktibotasun horren parte, Internet Hirian parte hartzeko eskubidea ere aitortu behar zaielakoan daude: “28 urte bete dira Haurren Eskubideen Deklarazioa onartu zenetik, eta Interneten ere eskubide horiek existitzen direla aldarrikatu behar dugu, babestuak egon behar direla. Era berean, deklarazio horrek haurren ahotsa ere entzun behar dela dio. Beraz, entzun behar diegu diotenean ‘zergatik ezin dut eduki Instagram kontu bat 14 urte bete arte?’. Maiz beren onurarako hainbat erabaki hartzen dugu, baina beraiei entzun gabe. Normalean babesa eta debekua sustatzen dugu, baina gakoa da Internet Hiriko arriskuei beraien kabuz aurre egiteko prestatu behar ditugula. Azken finean, bizitza digitalerako trebetasunak landu behar ditugu”.